www.armiarma.com
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gau-ostatua, eta beste
Juan Iruretagoiena
1921-1957, 2001

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Antzerki eta poemak, Iruretagoiena'tar Jon. Olerti Etxea, 2001.

 

 

  hurrengoa

GAU-OSTATUA

 

 

IRUDIGILEAK

 

ERRAMUN

OKERRA

JOSETXO

UDALBURUA (alkatea)

1'GO GIZONA

2' GIZONA

 

 

        Iruditegian, apaindurik gabeko bizilekua, gela antzeko sukaldea. Ikuslearen ezkerrera, zelai aldera irikitzen dan leioa, ta urrena suburu ta kezuloa. Eskubi aldera, gelarako atea. Ikuslearen aurrez aurre, atariko atea. Sukalde barruan mai, zizailu, jarleku ta aulkiak. Sukaldeko sutondoan argiontzi bat ingi gorriaz lasai-lasai biraturik eta gainean ikatza bakan xamar zabaldurik jarrita, sua ederki idurikatzen da. Udalburuakin datozten gizonak bikainak izan bitez.

 

 

I

 

JOXETXO leioan

 

JOXETXO: Auxen da au gau beltza! Ortze zabaleko ilargi margoiloak eztauka bestetako argi gorriskarik, eta ainbeste izarretatik, bat beraren dizdizik ezta ageri. Mendi ta zelai aldeak ixilpe gorrean daude. Ikuilora laisterka dijuan urrutiko aberen baten txintxarri ots nastu bat besterik ezta entzuten eta bera ere noizetik noizera bakarrik. Legorra bai dala bakartasuna! Au xomorro kezkatsua sortzen du bularpe onetan! Udaberrian egun abarra argiz apaindurik, baso, belardi ta mendi gailurrai, bere edertasunakaz musuka asten danean, orduan izaten da atsegingarria basarte auetan bizitzea, urruti, txit urruti gizaki-erritik, urre ta ia bertan zeru urdin ederretik! Baina negu beltza datorrenean ta gaurko gau ilun onetan bezela izartegia odei beltz beltzez josirik dagonean, izarren dizdiz politari gureganatzea galeraziaz... baina ez, ez; an zerbait badago, antxe laino tartean ia galduan izar txuriska bat ageri da. O nere izartxo maite-maite ori, nere etxe txiki txuria zure dirdirtxoakaz argitzen dezun izartxo zoragarri ori: Jaungoikoak orrelaxe urte askotan argi eder lagungarri ori eman daizula! (Entzulen aldera biurturik) Eta oraindik aitaren aztarnik ere ez. Goiz-goizetik aste guztirako erosketak egitera juan eta oraindik ageri ez. Eztet ba uste bidean ezbearrik gertatu lezaiokenik, onera arteko bidetxiorrak begi-itsuka etortzeko eran ezagutzen ditu-ta. Eztakit ba zergatikan gaur onenbeste berandutzen duan, eta geroago ta bildurrago nauka. Bestetan errira jeisten danean bere juan-etorriak egitera, ilunabarrerako beti zuzen osteratzen da; gaur berriz ilunabarra juan zan eta bai aspalditxo ere baina... Ene zeruko Jaun orrek, guzialduna zeran ezkero, arren nere aitari lagun egiozu. (Ate-ots aundia) Zarata al da? Aita dator! Ala ere! Eskerrak, ene Jaun orri. (Irikitzera dijua.).

OKERRA: (Barrenean) Azkar iriki!

JOXETXO: (Geldituaz) E! Zer da abots ori? Ezta ori nere aita!

OKERRA: (Berriro ots egiten du) Ez al dezu entzuten? Azkar irikitzeko!

JOXETXO: Mendian bidea galduta dabilen bat izan leike.

OKERRA: (Arrapastaka sartzen da) Arranopola! Lo altzaude?

 

 

II

 

JOXETXO ta OKERRA, jantzi pardela
bizkarrean eta eskuan artzai-makila duala

 

OKERRA: Ate ori itxi zazu azkar, ikaragarrizko izotza dago-ta. Bufff! Zertan zaude esna garai onetan? Zein bizi zerate emen? Zer izen du etxe onek? Zer dezu orren arpegi margoiloaz egoteko?

JOXETXO: Nola erantzun eztakit, ainbeste galdera egiten baitizkidazu. Ernai nago, aitaren zai nagolako; makina bat ordu badira errira jetxi zala ta oraindik ezta etxeratu.

OKERRA: Eta zure aita, auntzaia al da?

JOXETXO: Bai, jauna.

OKERRA: Emengo bide au, asko sarritua al da?

JOXETXO: Ez jauna, oso gutxi.

OKERRA: Ala ere, ainbestean nabil (Auek guztiak bildur larri itxuran egin bear dira)

JOXETXO: (Eroa dirudi!)

OKERRA: (Ia-ian eta naiko larri ibili naiz ba; baina leku onean sartu naizela uste det. Onera eztira etorriko, ezin liteke).

JOXETXO: (Zer ari da gero ori esaten?).

OKERRA: (Neuk ere eztakit nola-nola estutasun artatik atera nitzan).

JOXETXO: (Ateruntz aurreratuaz) Ene aita!

OKERRA: (Aidean bereganatuaz) Zertara zuaz?

JOXETXO: Ni... ni... ezertara ez; baina zuk inondik ere zerbait badezu, etzaude zeure onean. Bildur antzean zaude, baina eztakit zergatikan, nigatik beinepein eztala ongi dakizu-ta.

OKERRA: Ara, entzun ondo, ala onduena ere aterako zera-ta. Baldin aita etortzen bada, atea iriki; baina beste garau bateri ez. Entzun aldezu?

JOXETXO: Bildur altzera bada?

OKERRA: Bildurra ala nik? (Bere burua bildurkaitz egin nairik) Lotsarazi nai al nazu? Ez al dirazu ordean begietan eta izketan igartzen bildurrik eztaukatena? (Pardela lurrean uzten du ta Joxetxori eskutik eldu ta ikuslien ondora ekartzen du. Joxetxo bere aotik zintzilik jartzen da) Arratsalde batean zan, arratsaldea, bai ura sastarra, otsaileko arratsalde ilun-goibel batean; ni, bidazti gizajoa, nere atsekabeak bakarrik lagun nituala, aizmendi batean barruna banijoan, arkaitz ikaragarriz josirik eta leiza neurri guztiakaz zulaturik zegoan lekutik. Urruti samarrean aizeak zuaitz artean ateratzen zuan abarrotsa ta naigabezko oiuen antzeko burrunda besterik etzan entzuten. Al nuan bezin arin ibiliaz, ustegabeko leiza ta aitzulo galantak igarotzen nituan batean eta bestean, eta amaika aldiz esku-makilaren bearra izan nuan nere buruari zutik eusteko aizekada latz-gogorren aurrean. Nekaturik eta len baino abi gutxiogaz noala, orru izugarri bat entzuten det ber-bertan. Nunbaitean zauritutako basaurde aundi batena zan; tximistaka zuzen-zuzenean neregana zetorren, ni aurreneko ortzakadan amaika puska egiteko ustean. Eskutur mardul au ikusten al dezu? Burnizko zain oiek ba al dakuskizu? Ba nik alako estutasun artan eztakit zer egingo ez nuan. Eriozko amorro biziak nere beso mardul auek indartu zituan eta bere ao gorri-lerdetsu ura egun puska egiteko zorian jarri nituan. Alegin guztian tximista baino azkarrago bazetorren mutur ots bildurgarriagaz, begiak txingarturik eta pitza ta aparra bidean zeriola; ni ere makila eskuan nuala jarri nitzan bere zai oinak lurrean ondo zaildurik; ala urreratu zanean drauk bota zan neregana, ni auts biurtzeko ustean; nik ere zaitu nuan eta orduantxe eskumakilaren burnizko ertzagaz eman nion egundo alako zartada izugarria buru-buruan eta muinak ixuriaz zerraldo erori zan nere oinetan. Noizbait ikusi al dezu zein erraz uxokumea erortzen dan begi zolidun eiztari batek paunkadagaz zauritzen duanean? (lasai-lasai ziria sartuaz) Alaxe ba, berdin-berdin erori zan ankazgora, begi-ñiñiak zabalzabalik zituala, ta bere mingain odoldua nere oinen gainean gelditu zan. (Joxetxori begira egoten da piska batean, parre algarari eusten dio irriparrezka ta atzea emanaz, su ondora juaten da aulkian exeritzera. Ixilalditxoa).

JOXETXO: (Ezta gizon makala auxe).

OKERRA: (Bildurtia naizenik eztu orain esango) (Ixilalditxoa) Baina, zer gogorapenetan zaude orren ixilik? Mintzatzen aztu egin altzaizu?

JOXETXO: Eztakit zer detan, ain arrigarria da izan ere nere aitaren gaurko etorrera au! Egundaino beste orrenbeste eztu egin. Erbestearra altzera?

OKERRA: Bai, alaxe naiz, baina nunnai bizitzen naiz. Nundik natorren bakarrik jakiten det eta nora nuanik beinere ez.

JOXETXO: Eta bidean, gizasemerik ikusi al dezu?

OKERRA: Ezta inortxo ere.

JOXETXO: Eztakit ba zer izan dezaken onen berandu etortzeko.

OKERRA: Onen atzera ez al da egundo etortzen?

JOXETXO: Ezta bein bakarrik ere.

OKERRA: Eta, bildur altzera?

JOXETXO: Gaur bai beintzat.

OKERRA: Zeren bildur zera bada?

JOXETXO: Neuk ere eztakit, baina bildur naiz. Or beko erri koxkor orretara, aste guztirako salerosketak egitera juaten danean, beti goiz-goizetik jeisten da; gaur ere bestetan bezela irten da baina oraindik ezta etorri. Gainera egun auetan gogorapen saminen batzuekaz goibel-goibel eta buruausten zebilela somatu det. Neuk jakin detanez, len nere aita ez omen zan auntzaia ta aurrerantzean ere ez omen zan izango onenean, baina nere ama iltzanean bere burua zearo estutu omen zuen eta ango bizitzaz betiko gogaiturik onera etorri zan, baretasun eta eztialdi obean bizitzeagatik. Bere ames ederrenak aztutzeko, leku auxe izan da beretzat egokiena. Baina urte asko dira jazoera auek gertatu zirala, ni ume txikia artean nitzala.

OKERRA: Eta, aitak noiz edo noiz gertaera auekiko itzegin al dizu?

JOXETXO: Ez jauna, ezta aitatu ere. Gogorapen oien bidez aldi samin eta mingartsuak igarotzen ditu; baina beti bere baitan eramaten ditu.

OKERRA: Arrigarria da benetan orixe... Eztet lokatz gutxi-gutxi ere bildu soinean.

JOXETXO: Emen barrura sartu ta aldatu zaitez nai badezu.

OKERRA: Ori da, orixe egingo det.

JOXETXO: Pixka batean zaude, bereala argia piztuko dizut-eta. (Bildurra daukala igartzeko eran piztutzen du).

OKERRA: Arranoa! Ori da bildurra, ori!

JOXETXO: Aurreneko aldiz etxeratu gabe garai auetan! Tori! (Argia pizturik ematen dio. Okerra jantzi-pardela eskuan duala eskubi aldeko gelara sartzen da).

 

 

III

 

JOXETXO, ta gero ERRAMUN

 

JOXETXO: Gizon orrek ez nai arren, laisterbideruntz begiratzera irten egingo naiz. (Gelditurik) Baina oso zorrotz esan dit, aitari bakar-bakarrik atea irikitzeko. Zein besterik, ordean, garai onetan etorri leike onera? Dana dala, ni beinepein bideruntz begiratzera nua. (Atea irikitzera duala atearen danbadaka entzuten da).

ERRAMUN: (Barrenean) Iriki!

JOXETXO: (Alaikiro) Aita da; eskerrak, ene zeruko Jaun orri, nere eskari biotzekoari nai bezela erantzun diozulako. Banator aita, bereala nator.

ERRAMUN: Azkar iriki, otzak il bearrean nago ta (Joxetxok atea irikitzen du ta Erramun eskuan pardel bat janez betea duala sartzen da)

JOXETXO: Aita! Nola onen berandu?

ERRAMUN: Egundo ez bezin berandu, Josetxo. Izan ere bat ezpada bestea sortzen da beti, ustegabeko egonaldiak eragiteko ta.

JOXETXO: Bildur bat euki det, or bidean edo nunbaiten okerren bat, ezbearren bat gertatu ote zaiolakoan...!

ERRAMUN: Ez Joxetxo, ez kutunori; ezertxoren okerrik etzait gertatu. Asko bildurtu altzera?

JOXETXO: Ez aita, pixka bat. Gizon bat ere badegu gaur etxean.

ERRAMUN: Nor ote da gaur arratsean dagon egualdiaz gurera etortzeko gogoa izan duanori?

JOXETXO: Eztakit, baina bidea galduta dabilen bidaztiren bat dala uste det.

ERRAMUN: Orduan ezta ezer; orrela mendian dabiltzanak noiznai emen izaten dira. Eta, nun dago?

JOXETXO: Gela orretan, lokatzez beterik etorri da.

ERRAMUN: Eta, zertara sartu da?

JOXETXO: Jantzia aldatzera.

ERRAMUN: Ondo da; bixigarri pixkan bat eskeiniko zenion ba?

JOXETXO: Ezta ezertxo ere aita; baina barkatu. Aurrenean eskeintzeko asmoan asi naiz, baina larritasun bat bazeukan... eta gainera arpegi izutuago bategaz etorri da...!

ERRAMUN: Ala ere gaizki egin dezu Joxetxo; ongi dakizu, zure aita onera etortzen diranentzat orrelakoa eztala. Geu ere beartsuak gera, ezin ukatu, ta orregatik gutxi izaten da guk eskeinitakoa, baina ura bai gogoz eta maitasunez. Otzak kuxkurturik nago ta su ondora nua beroan sartzeko. Biretan ibiltzeko oso giro txarra dago. (Su ondoko aulkian exeritzen da).

JOXETXO: Zer berri erri aldetik, aita?

ERRAMUN: Errian? Zearo izuturik eta guztiak ernairik daude. Gaur goizean egun argitzean espetxezainak gutxiena uste zuten tartean lapur batek iges egin omen du giltzapetik eta erri orretako bideari ekin omen dio; pizti ederren bat badala uste det. Zaldunzaiak or dabiltza goiak eta beak joaz bere bila. Batzuek, mendi onetako bidean goruntza jo duala dasate... ee... (bat-batean zutik jartzen da, beldur antzean Okerra dagon gelara begiratuaz) Gizon bat esan al dezu? eta... ez, ez... Jaungoikoak nazala nik orrelako gogorapen okerrai jaramonik ez egiteko. (Ixilaldi luzetxoa. Gero bereketan ari balitz bezela) Ura gaua... ene... ura gau goibel eta zoritxarrez betea, nere itxaropen gozo ta atsegin guzti-guztien gau ondatzailea. Beti-betiko zauri samintsua iriki zenidan gau gorri zorigabea. Beti, bai, beti ni naizen artean nere gogoan egongo zera. Ain zuzen gaur dira amalau urte. Jauna! nola aztuko zait bada!

JOXETXO: (Naigabez) (Beti bere biotzeko ituntasuna ageri zaio bere arpegi margoiloan. Beti ixilikako zerbaitzuekaz ajeka ta egundo argiro ezer aitatu ere gabe). Aita! minez altzaude?

ERRAMUN: Zer bada, seme?

JOXETXO: Eztakit ba, ilun zaude-ta.

ERRAMUN: Zoriontsua benetan, naigabe ta samintasunen erru garratzak arpegi bigun-polit orretan oroipen itunik utzi eztizuten enetxo ori. Zer aurreratuko dezu ordean, nik auek zuri esanaz?

JOXETXO: Eztakit, aita; baina beti burua makurturik ikusten det, gogoratzen eta gogoratzen onezkero zuzendu ezin dan bezelako zerbait; nik eztiot igartzen zer dan, baina bai oso samintsua dala ta orregatik ez jakite onek, berorri dakinak baino geiago garrazten dit biotza. Naigabea askoren artean zabaldu ezkero, asko arintzen ornen da; beraz atsekabe samin ori bion artean eraman dezagun, Jaungoikoak pozez dagonakin pozteko ta errukarriakin kupiratzeko biotza eman ditan ezkero. Badakit, antzematen diot, nere amagatik dala, baina urte asko dira bera iltzala ta onezkero aztu ezpazaio ere beinepein, uste det beraren oroimen goibela eztala garraztasun oien zioa izango.

ERRAMUN: Aztu neri? Ez, seme, ez. Orrenbesteko zoritxarra inola ere ezin aztu.

JOXETXO: Badakit, aita; baina nik egi-egiaz somatzen det ixiltasun arrigarri orretan, zerbait oso negargarria badagola, nere orain arteko ziriketa ta jakinnai egarritsuak aitortuazi ezin izan duena. Zergatik ordea nauka orrela? Zer dala-ta eztit esan nai nere amaren izapenari dagokion zera ori, ixilpeko ori? Au nik esan arren, aita, baldin nere galdera auek ezbearrekoak badira, berorren ixiltasun minkaitz ori ongarritzat artuko det.

ERRAMUN: Zure itz auek, ene seme maitea, agertzen dute argi argi zure bular xamurrean biotz bat guzizkoa bizirik dagola. (Ixilalditxo baten ondorean). Bai, oraingoan bai jakin bear dezu, zure begiai orren gazterik negarra ez emateagatik gaur arte ixilik euki detana! Eta gaur betetzen dan ezkero zure ama zanaren, ene bildotx gaxoa! amalaugarren urtemuga negargarria, bere eriotzako gertaera guzti-guztiak aitortuko dizkitzut, emendik aurrera zuk ama zanaren izen laztana gogoratuaz Jaungoikoari opari ta otoitz bigunak maiz eskeini dizkazuntzat. Exeri zaitez, Joxetxo, atoz nere aldamenera; exeri ementxe, nere biotz ori. (Erramun jarleku batean exeritzen da, agertokiaren erdian, baita Joxetxo ere, aitaren oin ondoan aulkia jarririk eta eskuak aitaren belaun-gainetan ditula. Au guztia al dan xamurtasun eta biotz zauzkada beroenaz egin bear da. Bitarte onetan Okerrak irikitzen du atea).

 

 

IV

 

LENGOAK eta OKERRA atean

 

OKERRA: (Begiratuaz) Oil gizon bat! Auntzaia ote da? Nigatik ari ote dira? Baezpadan ere entzuten egongo naiz. (Bertan gelditzen da).

ERRAMUN: Egundaino etzaizkit aztutzen, ez ene maite, nere pozaren eta zure biotzeko ama gaxoaren eriotzako istilu gogor gorriak. Nola aztuko zait ba ene... nere bizitzako galerarik biziena ta larriena izan baitzan? Beti begien aurrean daukat arpegiz arpegi; berak laguntzen dit bizitza onetan, eta berak adoretzen nau; ta bere gogorapen estuak biotza zulatzen badit ere, zorigaiztokoa ni, bera aztuko banuke. Askotan, bai, oso askotan zure ezpain garbi-kutun oiek aitatzen dute zure amaren izen goxoa, eriotzako orduan zure musu argi-eder orretan azkeneko aldiz bere ezpain eztitsuak atsedentzeko pozkida uraxe ere izan etzuten, ama gaxoaren izena. Estualdi gorri, larri ta neurrigabea izantzan uraxe gogotik! Nola aztu ordea nere biotzaren asegarri gaxo ura! Askotan galdetu oi dirazu zuk, nolakoa zan... Zintzoa bai ura, Joxetxo, inon zintzorik bazan; guztiai on besterik egiten etzekian alakoa zan. Gazte-gaztetatik onean oitu zan eta orregatik beti garbia, xamurra ta alaia izantzan. Etzuan inorentzat egundaino bekotzik, eta beti bere arpegi ederrean margozturik zeukan baretasuna. Jetsi ta zuaz nai badezu len alkarrekin bizi ginan baserri artara, gure lengo morroiai galdetu zaiezu, nolakoa zan zure ama zana. Erdi negarrez eta ilun dauden eskaliai ere galdetu zaiezu. Ona zan gaxoa —erantzungo dizute azkar asko—, ona zan ezin geiago; lurbira guztian etzegoan arek aina nai ginunik; baina Jaungoikoak leku oberako aukeratua zeukan. Jaungoikoak etzuan egin Edurne zana gurekin luzaroan bizitzeko eta... badakizu... iltzan... zeinek zesakean! Gizon madarikatu eraile baten sastakapean, odolusturik gelditu zan gaxoa. (Okerra, ezin egonik batera ta bestera begira. Joxetxo bat-batean zutitzen da).

JOXETXO: Ene ba! Nere ama?

ERRAMUN: Bai, zure ama.

JOXETXO: Zein izantzan gaizto, biotzustel, madarikatu ura?

ERRAMUN: Etzan bere aztarnik inon arkitu. Alegina egin genduan bere bila, baino alperrik. (Joxetxo exeritzen da) Ilbeltzeko arrats ilun-ilun batean zan. Gaurko egunez gainera, amalau urte!

OKERRA: (Ikaraz) Ene Miren errugabea!

ERRAMUN: Baserria zegoan bezela zabal-zabalik utzita, erriruntz irten nitzan laisterka. Ama maitea oian zegoan makalik. Nolabait sendalaria bilatu nuan; baina ostera onuntzean netorrela, mendi oineko aldapan izerdi-patsetan nere zai zegoan morroi bat arkitu nuan. Arpegia goibel eta begiak malkoz usturik ikusi nizkonean, zearo izutu nitzan. Zerbait esan naian asi eta... belaunak dardarrean asi zitzaizkan, ukatu zioen... eta min eginda lurrera erori zan luze-luze.

OKERRA: (Len bezela) (Ai ene! Kezka oiek nere barrungo arrarenak berak dira!)

JOXETXO: Zer zuten ordea?

ERRAMUN: Zearo izuturik eta larritasunez lertu bearrean, Edurneri deadarka alegin guztian asi nitzan, ainbat laisterren beragana eldu naian, eta, ai batalare... ene! nere pozak betiko amaitu ziran! Azkeneko arnasetan zegoan! (Pitin batean ixilik dagoke atsekabez beterik). Andik pixka batera iltzan ama gaxoa. (Joxetxo negarrez asten da antsirik gabe). Ilunaren laguntzaz laisterbidetik etorrita, nunbaiteko gizon sapo-eraile bat sartu zan etxera ta gure kopetako izerdiagaz aurreratutako irabaziak lapurtzeagatik, galdu zuan nere osasuna, nere itxaropen ederra, nere... bizitzaren bizia.

OKERRA: (Ai ene bada!)

ERRAMUN: Alaxe, Joxetxo; ondo gogoan daukat oraindik. Burni-zorrotz odoldua an zegoan ama ilberriaren ondoan odol epelaren kea artean zuala. Orrelako azkena izan zuanean nere zori zalantzatsuak nere bizitzako une goibelak begian aurretik bat-batean igaro zitzaizkidan. Berealaxe burua artu ziran txorabioak eta bular-alboko minez erori nitzan zentzu gabe bere oe gainera, arrano bat tximistak itsututa erortzen dan bezelaxe. Otso gorri aren aztarnak bilatzen alegindu nitzan gero, baina alperrik... ordurako ilunpe beltzaren sabelean ezkutatu zan.

JOXETXO: Ainbeste morroien artean!

ERRAMUN: Zer? Arritu egiten altzaitu? Alaxe gertatu zan ba, bai, nere zorigaitzez! (Txunditasun eta biguntasunez) Oroimenki polit bat, gure alkarganako naitasunaren agerpidetzat soineko artean ibiltzen zuan beti, lepotik zintzilika. Uraxe ere lapurtu egin zion azkenean.

JOXETXO: O, zer izainak! Eta ni, nun negoan, aita?

ERRAMUN: Zu, enetxoori, oso txikia zinan artean. Zu orduan begi txiki ta muxu gorri-gorriaz seaskatxoan zeunden lo goxo-goxoan. Zorionekoa zinan zu orduan. Ezertxo ere ezpaitzenekian! Etxeari betiko laga nion, bertan neuzkanak salduta; ango bizikerak zearo gogaitu ninduen eta nere adiskideai azken agurra eginda, auntzaitzako lanari eldu nion; bidetxior malkar orren albuan nere etxetxo au egin nuan eta Jaungoikoaren itxaropenean eta zure maitetasun eztitsuaren laguntzarekin inorentzat asarrerik gabe ementxe biziko naiz nere azkenak arte. Auxen da, nere biotza, ixilik neukan edestia. Azkeneko aldiz esaten det. Berriro esaten ez nazu ikusiko, ez kutunorrek. Biotz errukitsua dezu; bere izenaren oroimen garbia euki zazu ba zeure gogoan. Ementxe nere bizitzako gorabera guztiak Jaungoikoari eskeiniaz, nere atsekabeen garraztasunak gogo onez eramaten ikasi det; jarrai egiozu bada, enetxoorrek, nik darakustzutan bideari. Ain alaia ta pozkidatsua da izan ere zeru ertzeko bizitza au!... Eta baldin egunen batean gure atsekabe ta samintasunen ereintzailea arkitzen badezu, azketsi zaiozu, maiteorrek, neuk oraintxe bete-betean eta biotz-biotzez barkatzen diotan bezelaxe. (Erramun jeikitzen da ta Joxetxori berarekin batean jeikitzen danean, bekokian musu ematen dio).

OKERRA: Bai zantar loitsu doilorra izan naizena. (Itz auek atsekabez ta damuturik esan bear dira. Okerra barruratzen da).

ERRAMUN: Nabaitzen al dezu orain zergatik orren berandu etxeratu naizen, Joxetxo?

JOXETXO: Bai, amarentzat otoi egiten egon dalako.

ERRAMUN: Orixen da, arrezkero nere gozamen laburren artean, atseginik xamurrena. Tira Joxetxo, berandu da, gaua aurrera dijua ta gure ostazale ori onenean lotan dagoke.

JOXETXO: Jantzia aldatzera bakarrik sartu da. Ain lokaztua izan ere zetorren!

ERRAMUN: Eta, baldin biar goiz-goizetik abitu bear baluke ta biarko bide oso luzeari berriro ekiteko oso nekaturik badago? Eztezagun esnatu, egualdi latz onegaz mendi auen barruna ibili bearraz naiko lan badauka-ta. Amaika aldiz ni ibili naiz, baina gogorra ta neketsua da benetan.

JOXETXO: Orduan bere gelara ez gera sartuko ta orrela berak gura duan arte lasai lo egingo du.

ERRAMUN: Bai orixe. Guk ementxe su ondoan jarririk ederki gaua igaroko degu. Tira, zure aulkia inguratu zazu su ondora. (Biak exeritzen dira) Ni gauak ernai igarotzen oitua nago. Ainbeste bider igaro ezkero, oitu bear alegia.

 

 

V

 

LENGOAK eta OKERRA
beste galtzak jantzita

 

OKERRA: Jaungoikoak dizutela gau on.

ERRAMUN: (Oso abegi onaz) Bai zuri ere. (Aita-semeak zutitzen dira) Ez altzera lotaratu?

OKERRA: (Mingoztasunez beterik). Ni lotaratu? Nola lo egin ordea? Begirik itxiko al nuke ba? Buru guztia kezkaz egosirik daukat, nere baitan neronen burua estutu ta estutu besterik egiten ez detala. Amesetako mamorroak bezela, kezka oiek beti erasotzen eta biraka dabilzkit, guztiak zirika ta algaraka gelditu gabe. (Aita-semeak arriturik daude) Eroaldian agertzen diran irudiak eztira; oraintxe ere badakuszkit eta bere bekotz asarreak, burua makur-makur eukitzera beartzen naute.

ERRAMUN: Baina gizona, zoraturik altzaude? Zer diozu ordea?

OKERRA: Erotuta ez; eroturik gaur artean egongo nitzan; nere ezaguerak, beranduegi bada ere, nabaitzen du orain artean itsuturik, zearo lausoturik bizi izan naizela... bai, orain ezagutzen det nabarmen bat, sapo, doilor, zantar bat izan naizela. (Samintasunez) Auntzaia...! Zerbait esan bear dizut! Zure aurrean auzpeztu nai det! Entzun nazazu, arren! Arren, zorigaizdun onen erruki izan zaitez! (Eskuakaz arpegia estaltzen du).

ERRAMUN: Joxetxo!

JOXETXO: Zer, aita?

ERRAMUN: Zuaz lotara gela orretara.

JOXETXO: Bai aita; eskua. (Aitak eskua luzatzen dio ta semeak bere eskubiko eskuagaz aitarenean gurutzea egin eta gero muin egiten dio ta gelaruntz dijua). Agur, Jaungoikoak diela gau on.

ERRAMUN: Baita zuri ere, Joxetxo. Amarentzat otoitz egitea ez aztu.

JOXETXO: Egingo det, aita.

 

 

VI

 

ERRAMUN eta OKERRA

 

ERRAMUN: (Ixilunetxo baten ondoren) Eskuartean zer dakartzun antzik eztizut ematen eta ezer aitatu baino len zein zeran jakin nai nuke, zure izaera onek arriturik nauka-ta.

OKERRA: A nere Jaunori! Nere sorbide itzal ilunaren argia arkitzeagatik, egi-egitan zeure aurrean nagon bezela, nere bizitzaren ari osoa emango nuke! Zein naizen? Neuk al dakit! Nun jaio nitzan? Ai jakingo banu! Zakarretara ta zikinartera botatako ia mendu gabeko azia erne ta azitzen dan bezelaxe ni ere azi nitzan. Baina zakar eta zikinkeri arteko landaretxoak nolabait zikinpetik bere burua txukun ateratzeko bidea egiten du, baina ni maxkar eta zikinez betea erne nitzan eta orrela-orrela azkenean etsi ta lasaikeri ta grina txarretara jo nuan. (Atsekabe minkaitzez) Zergatik gero gizadia arritzen da, lurbiran orrenbeste doilorkeri ikustean! Nere amaren musu ta laztanik ezpaitet gozartu! Zorionekoa amarekin Jaunaren aurrean otoi egiten ikasirik, bere maitegura sutsua gainezka bezela ikusi duana! Zorionekoa bai, eskale beartsua izan arren ere, bide on eta zuzenaren berri jakin eta berari jarraitzen diona! Nere estualdi artan eskurik etziran inortxok ere luzatu, ez nere nekeak laburtzeko, ezta nere naigabe saminak arintzeko ere. Ain zorigaitz estuan negoala, amaika negar eta atsekabe garratz eraman nuan, baina onetan-onetan biotza gogortu zitzaitan eta edozertarako ajolik gabea egin nitzan. Mendiko pizti gaizto, arrapatzaile, basatarren antzera asi nitzan, zerurik eta olakorik zanik ere egundo entzun gabe. Eta gizon suge, maltzur, doilorra izan nitzan. Zer egingo ba, ene Jaunori, besterik ezpaitziren erakutsi! Geroago etxe-sutzaile, lapur, eraile ta gaiztakeri guztietan buru izan nitzan. Zein naizen? Al dakit! Baldin ni ezer banaiz..., orixe, espetxetar bat! (presidiario)

ERRAMUN: (Txunditurik begiratzen dio) A! ...bai, bai, oraintxe korapilua askatzen det; zu, or bilatzen dabiltzan ori izango zera?

OKERRA: Bai, ala naiz. Baina, arren erruki nazazu! Arren ez nazazu salatu! Zenbat naigabe garratz giltzape zar artan eraman detan urte auetan bazeneki, ikaraturik geldituko zinake! Azkenean urolde asarreak orruka baztar guztiak jo ta menderatzen dituan bezelaxe, nik ere, gaur goizean giltzapeko kate zarrak etenik iges egin det. Mendian galduta otzez kuzkurturik eta beti atzera bildurrez begiraka nabilela, zure etxeraino nolabait eldu naiz, bizirik baino ildakoaren antz geiagoz. (Beroturik) Eztet neronen burua zukuturik utzi nai! Doilorra, likitsa, zimurra ta geiago ere izango naiz, baina ez koldar aula! Ori ez, auntzaia! Zure laguntza bearrean arkitzen naiz, auntzaia...! Kemendu nazazu! (Beroan) Gaua ementxe igaro nai nuke, zuen ardurapean; gaberako ostatua zor zait.

ERRAMUN: Eskubidea dezu, eskubide deuna. Gure ostazale, gure anaia zera; gurean zauden artean inoren bildurrik gabe zenegoke. Nere etxera datorrenak jakina dauka, nere eskuak beti zabalik dauzkala. Eztet bada zurekin beste ainbeste egingo, orren apalkiro eskatzen didazun ezkero?

OKERRA: Eskerrik asko, eskerrik asko nere auntzaiori!

ERRAMUN: Orain artean zoritxarrez josirik ibili zerala ongi dakust, baina alare dakusdanez biotz zuzen-zalea zera beinepein.

OKERRA: (Biotzaren sakonetik) Gaztetasun eder garbira biurtu al baninteke nere nai utsez bakarrik; nere bizkarreko urte auek gutxitu al banezazke berriro bizitzeko, egi-egitan dasatzut, auntzaia... (Arreneka belaun bat lurrean duala jartzen da) Baina nik esanbear bat daukat, erdi egosten eta usteldu bearrean naukana.

ERRAMUN: (Ulertu gabe) Ez bildurrik euki; nere etxean leku ezin obean zaude-ta.

OKERRA: (Bereketan txindurriturik) Baina au azka egon bearra, xomorro salatzaile onek! (Azkeneko itzakin batera atean bi danbadaka gogor eta ataritik egindako deia entzuten dira. Biak ikaraturik ateari begira gelditzen dira. Une artan bertan Joxetxo irtetzen da).

 

 

VII

 

LENGOAK eta JOXETXO

 

JOXETXO: Aita! Zuzendariak datoz!

UDALBURUA: (Barrenean) Bide zuzendariai!

JOXETXO: Ikusten al du?

ERRAMUN: (Okerrari) Zu ezkutatu zaite... Tira azkar! (Okerrak atera begira geldi-geldi irauten du.) Baina, zer egiten dezu or? (Berriro otsegiten dute) Ez al dezu ordea zuregana datozela ikusten? Ez al dezu deia entzuten?

OKERRA: Bai, entzuten det; baina ni emen bilatzen banaute biok eramango gaituzte. (Auek guztiak agerkera onen amaiera arte erdi abotsean eta erdi zoraturik) Ez, oraingoan eztezu zeurea egingo! Gainera, bazeneki zein naizen ni! Ez, ez, inola ere ez...! Banua! (Abituaz)

ERRAMUN: Ene...! Ez emendik! (Eutsitzen dio)

JOXETXO: Zer dabiltza ordea auek?

UDALBURUA: (Deika. Barrenean) Atea irauliko degula!

ERRAMUN: Lan ederra daukazute orregatik, gure etxean sartu nai badezute! (Okerrari) Onera etorri zera, laguntza eskean; eta, orain nik zuri estutasun onetan laguntza ukatu? Nun utzitzen dezu nere omen eta izena? Orain arteko zure bizikera txarra damutasunez beterik aitortu dezu, eta, orain berriro zeure burua oien eskuetan jartzeko zaude? Ez, orrelakorik eztu ikusiko Erramun auntzaiak! Zeure aurretik eraman bearko naute!

OKERRA: (Biotzildurik) Zu, espetxetar zantar au baino lenago? Ez, ori ez. Oraintxe ikusiko degu utzitzen dirazun ala ez. Tira, oroimenki oneri begira zaiozu...! (Bularretik oroimenkia ateratzen du. Erramun jo ta lo gelditzen da ura ikustean, bere burua eskuakaz sakatuaz eta itzik gabe. Une onetan gogor deika asten dira ta barrundik ots aundiak entzuten dira).

ERRAMUN: Ene ba! Zer... zeri begira nago?

JOXETXO: Baina, zer dabiltza ordea auek?

ERRAMUN: Ai ene ba! Egia ote da? Zu ordea eraile ura?

OKERRA: (Itun-itun) Neu izan nitzan!! (Negarrez. Larrialdi ta ixilunetxoa)

ERRAMUN: (Antsiaz) Ez, ezta ezergatikan ere, etzera aterako. Tira, sartu zaitez azkar... (Eskubi aldeko gelara eraman eta an itxita utzitzen du) Ni eroa naiz, zoraturik nago! Iriki zazu Joxetxo, garaia da-ta. (Begiak bat-batean legortzen ditu)

JOXETXO: Bai, aita, banua. (Atariko atea irikitzen du)

 

 

VIII

 

ERRAMUN, JOXETXO, UDALBURUA
eta BI GIZON SOKA LODI BANAKIN

 

ERRAMUN: Aurrera, gizonak.

UDALBURUA: Bada ordua, bada ordua.

ERRAMUN: Barkatu aldi luzetxoan itxonazi baditzutegu. Orrelaxe eukitzerik neuk ere ez nuan nai baino, dakizuten bezela, garai auek ere eztira egokienak orrela ibiltzeko ta orregatik onenbeste berandutu det. Joxetxo, jarleku batzuek ekarri itzazu.

UDALBURUA: Ez, eskarrik asko, eztegu nai.

ERRAMUN: Eta, zer gertatzen da ba, zuen baimena arturik, garai auetan zuek onera etortzeko?

UDALBURUA: Gizon zantar batek giltzapetik iges egin du ta oneruntz jo duala esan digute ta eguarditik onera bere bila gabiltza, orra.

ERRAMUN: Eta, ez al dezute arkitu?

UDALBURUA: Ez alegia, bere aztarnen atzetik gabiltza-ta. Norbaitek, argibide zuzen samarrak emanaz, esan digu gaur iluntzean, mendi onetan leiza zulo asko daudela ta onenean alakoren batean ezkutatuko zala ta Erramun auntzaiak ikusi izatea ere baleikela, ta orregatik itsu-itsuan etorri gera. Barkatu garai txarrean eldu bagera.

ERRAMUN: Eztizut nik barkatu bearrik, alkate jaunori; nik bear det, nik, zure eskutik barkamena, txango luzetxoan zai euki zaituztedalako. Gaur errian izan naiz eta berandu xamar etxeratu naiz; baina etxera arteko bide ta zugazpetan eztet inortxo ere ikusi. Errian alegia, baten batek espetxetik iges-egin duala edo olako zerbait entzun det, baina eznaiz batere jakiten leiatu. Baldin nere etxeko susmorik badezute, alde guztiak irikirik daude...

UDALBURUA: Baina zer diozu, gizonorrek? Olakorik ezta bururatu ere.

ERRAMUN: Orduan, zeuek gura dezutena egin ba. Tira Josetxo, ardo pixka bat atera zazu beroan sartzeko.

UDALBURUA: Ez, ez, eskarrik asko, auntzaia; eztegu ezer bear.

ERRAMUN: Tira, tira, udalburu jauna, zerbait artu, erria urruti samar dago-ta.

UDALBURUA: Etzaigu ajola; guazemazute, mutilak, (sokadun mutilai) lasai lo egitera biar goizetik berriro baztarrak aztertzeko, onezkero alperrik izango dek baino.

ERRAMUN: Zaila izango da onezkero, bai.

UDALBURUA: Agur ba Erramun; Jaungoikoak dizutela gau on.

ERRAMUN: Agur, bait zuei ere. (Udalburua bere lagunakin juaten da. Erramun pixka batean berai begira gelditzen da) Aldegin dute! (Eskubiko gelara juan eta Okerrari atea irikitzen dio).

 

 

IX

 

ERRAMUN, JOXETXO ta OKERRA

 

ERRAMUN: (Atetik bertatik) Gaizkaturik, libre zaude; onera irten zaite. (Okerra zearo biozberaturik ateratzen da ta bere burua Erramunen beso-gainean jartzen du berari besarkatuaz) Nere itza bete det!

OKERRA: Nere orain arteko zantarkeri beltzen gogorapenak nere biotzean nolako zauri samina iriki duten bazeneki! Ez, nere biotzaren estutasun eta egarbera minkatz au eztet ixildu ta estali nai... Ene zeruko jaunori, nere okerkeri zabar auek aztu itzazu! Arren obendari (pekatari) onen erruki izan ezazu!

ERRAMUN: (Jaurkiturik) Len damuturik ikusi zaitudalako, zu estutasun orretatik ateratzea izan da nere guramena. Zure okerkeriak zeure damutasunakin barkatzen zaizkitzu. Jesukristok bere azkeneko arnasetan guztioi azketsi zigun eta ori Jaungoiko guzialduna zalarik; eta nik eztizut bada azketsiko? Askatasuna berealaxe dezu zeurekin. Aberriaren muga or bertan dago, ta berealaxe zera beste aldetik.

OKERRA: Atzerriko lurrak urrean daudela?

ERRAMUN: Bai, bidetxior au galdu gabe zuaz aurrera (ezkerraldea erakutsiaz) ta aldapa ori jetxita aurki zera atzerriko lurretan.

OKERRA: (Joxetxok ekarri eta bere eskutatik Okerrak bere pardela artzen du. Gero atariko ate zabal-zabalik dagonetik) Azkenean nere arraren kezkak aienatu ta baretu dira. Agur betiko, ene auntzai maite zindoori; aurrerantzean atzerrian biziko naiz eta nere orain arteko gaiztakeri zoroen zigortzat erbestean ilko naiz. Eta nere egun zarkilen oroimenki au, nere bularrean beti ordutikan zintzilik erabili detan au (oroimenkia ateratzen du) zuk erabili bear dezu (Erramuni) zure da-ta. (Erramunek arin ta muin egiten dio) Nik ere nere estu-larrietan muin egiten nion! Zure bizitzan ikaragarrizko zauria iriki nuan: onezkero ezin leike itxi... neuk daukat nik naigaberik aundiena! Baina nere biotzean batere zindotasunik badago, bere bidez aitortzen dizut, egunero berarentzat otoi egingo detala. (Biotz-biotzez eta itun-itun) Bere irudi deuntsua neure obiraino beti gogoan eukiko det, orrela erailkeri gorri aren erru beltza saritzeko, ta nere bidea, zure biotz leial zindoa izango da, nere eriotzako azken arnasa arte! Agur.

ERRAMUN: Agur. (Ezker aldera juaten da. Biak berari begira gelditzen dira ta andik pixka batera Joxetxo eskuakaz arpegia estaldurik eta negarrez osteratzen da, ta aitak orduan Joxetxo besarkatu ta estutuaz esaten du) Ene Joxetxo! Zu beste pozik ezta neretzat ludi onetan gelditzen...!

 

ZAPIA

 

  hurrengoa