Dialektologia

Euskalarien eta Euskaltzaindiaren aspaldiko ametsa da euskalkien mapa egitea, 1918an Julio Urkixok lehenengoz horren asmoa agertu zuenetik, eta 1921ean Resurreccion Maria Azkue euskaltzainburuak Akademiaren batzarrean Erizkizundi Irukoitza egiteko egitasmoa azaldu zuenetik.

Geroztik ere hainbat saio egin ziren, eta 1980an, Dialektologia batzordea eratu zenean, ez zen hutsetik hasi, hizkuntza atlasa egitea helburu nagusi hartuta.

Euskararen Herri Hizkeren Atlasa egitasmoa

Euskararen Herri Hizkeren Atlasak (EHHA) ahozko euskararen aldaerak mapetan jasotzea du helburu. Egitasmoa 1984an jarri zen abian, galdeketa puntuen sarea, galdesorta eta lan metodologia finkatu zirelarik. Galdesorta horrek hizkuntzaren datu guztiak biltzen ditu: lexikoa, fonetika, morfologia eta sintaxia. Datuak biltzeko Euskal Herri osoko 145 herri hautatu ziren: Araban herri 1, Bizkaian 36 eta Gipuzkoan ere 36, Nafarroako Foru Erkidegoan: 27 herri, Lapurdin 15, Nafarroa Beherean 18 eta Zuberoan 12.

1987an hasi zen Euskaltzaindia inkestak egiten eta 1992an amaitu. 1993an, inkestetan jasotako datuak informatizatzen hasi ziren.

Ikusi Euskararen Herri Hizkeren Atlasa egitasmoa

Zuzenean:

Ahozko tradizioa biltzeko egitasmoa

Egitasmo honen helburua ahoz transmitituriko edukiak gorde, sailkatu, era selektiboz transkribatu eta ondoko ikerkuntzetarako oinarritzat eskaintzea da. Hizkuntz Atlaseko ondarea hitzetan dago oinarritua gehienbat, gramatikan ere bai neurri batean, edo esparru tematikoetan. Horregatik, Ahozko Tradizioko Hizkeren Corpusa egitasmoan bestelako edukiak bilduko dira, hala nola lanbideak, ohiturak, ipuinak, pasadizoak, oroitzapen zaharrak, sineskerak, esaerak, jokoak, kantuak, e.a.

Ikusi Ahozko tradizioa biltzeko egitasmoa