Plazaberrin harpidetu:

Sare sozialetan:

Twitter

Nina Pacari kitxuar epailea Euskaltzaindian

Euskaltzaindira maiz bisitari ospetsuak etortzen dira, baina ez dira ohikoak izaten, gaur, martxoak 12, izan dugunaren mailakoak. Nina Pacari andrea, Ekuadorko epailea da, nazioz eta hizkuntzaz kitxuarra, eta oso interesaturik dago Amerikako jatorrizko herrien kultura eta hizkuntzez. Euskal Elizbarrutietako Misioek gonbidaturik, gaur arratsean Bilbon Plaza Barrian 4, 1ºan hitzaldi bat emango du 19,30etan, “Sumak Kawsay, bizia izan dezagun” izenpean, Amerikako indigenen mundu-ikuskeratik bertako espiritu-balioak ezagutarazteko.

Bilbora egindako bisita honetan, Euskaltzaindia ere ezagutu nahi izan du, beraren helburuak, antolaketa, egiteko nagusiak eta baliabideak. Horretarako gaur, goizeko hamar eta erdietan Euskaltzaindira etorri eta Xabier Kintana, Akademiaren idazkariaren eskutik, gure hizkuntzaren egoitza erakutsi eta, laburki, gure hizkuntzaren erakunde nagusiaren historia eta aspaldian betetzen ari den zeregin garrantzitsuenak azaldu dizkio: ortografia arautu, hizkuntzaren batasuna, morfologia, gramatika eta hitz sorkuntza, lexikologia, hizkuntza-atlasa, corpusak, lexiko-behatokia, dialektologia eta herri-hizkerak etab.

2013-3-12 nina pacari txikia 052

Nina andreak interes berezia agertu du euskara gizarteko zeregin administratibo eta irakaskuntza mailakoez, eta galdera asko egin ditu, euskararen egoeraz eta hiztunen eskubideez.. Opari moduan, eskaini zaizkion liburuen artean, euskal pertsona izenak zein deiturak modu ofizialean administrazioan agertzeko, Euskaltzaindiak argitaraturiko bi liburu eskaini dizkio idazkariak, bere herrian antzeko zerbait egiteko orduan lagungarri gerta dakizkiekeelako. “Europako kolonialistek oraindik harro irakasten dute beren eskoletan beren kolonietako jendeei berek gure kontinentetik hara eramandako hizkuntza inperialak (espainola, ingelesa, portugesa, ...) irakatsi zietela, baina aldi berean, ezkutatu egiten dute horrek zer nolako kalteak eragin zituen han, bertako hizkuntzak eta kulturak galtzen ere lagunduz. Gu pozik geundeke, ahal dugun neurri apalean, geure etsenpluaz eta animuaz, beren jatorrizko hizkuntza nazionalak suspertzen, indartzen eta berreskuratzen lagundu ahal bagenie” esan die idazkariak.

Ekuadorren, gaztelaniaz gainera, hizkuntza asko mintzatzen dira, eta gaurko gobernuaren eraginez, haietako asko ofizialkideak dira beren eskualdeetan, kitxua batez ere.. Hizkuntza hori tipologiaz eranskaria da, eta bere deklinabide eta gramatikan euskararekin antz handia dauka.

 

Idatzi iruzkina


Segurtasun-kodea
Freskatu