Hemen zaude: Hasiera Albisteak Abian da Pello Mari Otañoren omenezko bertsopaper lehiaketa, Diasporarentzako atal bereziarekin

Abian da Pello Mari Otañoren omenezko bertsopaper lehiaketa, Diasporarentzako atal bereziarekin

Zizurkilgo Hernandorena Kultur Elkarteak “Pello Mari Otaño bertsopaper lehiaketa” antolatzea erabaki du, Argentinan hainbeste urtez bizi izan zen bertsolari handiaren oroimenean. Hain zuzen ere, antolatzaileek Diasporarentzako atal berezia sortu dute, Otañok Argentinako euskaldunekin izan zuen harremana gogoan, eta kontuan izanik "bera izan zela Ameriketan aritu zen lehen euskara-irakaslea". Hortaz gain, gazteentzako eta helduentzako beste bi atal ditu lehiaketak. Irabazleek 250 eta 500 euro jasoko dituzte.

Zizurkil, Gipuzkoa. Abian da Pello Mari Otaño Bertsopaper Lehiaketaren lehen edizioa, Zizurkilgo Hernandorena Kultur Elkarteak antolatuta. Lehiaketak "Otañoren memoriari eusteaz gain, Argentinako euskaldunekin nolabait lotzeko bidea jarri nahi du", azaldu diote antolakuntzako kideek EuskalKultura.com-i. "Han lagun handiak ditugu eta lehendik ere elkar-lankidetzan arituak gara, La Platako Unibertsitateko hainbatekin bereziki".

Itzal handia du Argentinan Pello Mari Otaño Barriolak, izan ere, bertsolaritzari egin zion ekarpenaz gain, ezin ahaztu Ameriketan aritu zen lehen euskara irakaslea izan zela. Otaño Zizurkilgo Errekalde baserrian jaio zen, 1857an, eta bertsolaritza giroan hazi zen. Urte luzez Argentinan ibilia, hantxe hil zen, Rosarion, 1910ean, bihotzekoak jota. Euskara irakasten ezezik, bertsolaritzan ere maixu izan zen Otaño. “Amuritza etorri arte, beharbada gehienik eragin duen maisua izan da Otaño bertsolaritzan”, Juan Mari Lekuonaren aburuz.

Lehiaketaren antolaketa

Lehiaketa hiru maila ditu:

-1. Gazteen maila: 18 urte artekoentzat (1995a baino geroago jaiotakoak)

-2. Diasporakoen maila: Euskal Herritik kanpo jaio eta bizi diren euskaldunentzat, Argentinakoentzat bereziki

-3. Helduen maila: 1995ean edo aurretik jaiotakoentzat

Gazte eta diasporakoen mailetan parte hartzaile bakoitzak nahi adina bertsopaper bidal ditzake. Bertsopaper bakoitzeko idatzi beharreko bertsoak gutxienez 6 eta gehienez 10 izango dira. Helduen mailan, parte hartzaile bakoitzak nahi adina bertsopaper bidal ditzake. Bertsopaper bakoitzeko idatzi beharreko bertsoak gutxienez 8 eta gehienez 12 izango dira. Maila guztietan gaia, neurria eta doinua libreak izango dira, bakoitzaren aukerakoak.

Apirilaren 10a baino lehen

Lanak e-postaz zein paperean bidal daitezke, honako bi helbide hauetara: pedromariotano@zizurkil.net edo Hernandorena Kultur Elkartea (Pello Mari Otaño bertsopaper lehiaketa) Iriarte etxea – Pello Mari Otaño plaza, 1 20159 - Zizurkil. Lanak 2013ko apirilaren 10aren aurretik bidaliko dira aipatu helbideetako batera.

Lanak izenordez bakarrik sinatuko dira. Izenorde horrek guztiz ezezaguna izan behar du eta bertso sortaren barruan jarriko da. Paperezko kasuan, bertso sorta hori eta izenordea gutun azal batean sartuko dira. Beste gutun azal batean xehetasun guztiak adieraziko ditu: egilearen izenordea eta izena, jaiotze-data, helbidea eta telefono-zenbakia. Azkenik, bi gutun azalak beste bakar batean sartu eta aipatutako helbidera bidaliko dira. E-postaren kasuan, berriz, bi artxibo erantsi beharko zaizkio igortzen den mezuari: bertso-sorta batetik eta gainontzeko xehetasunak bestetik.

Sariak

Gazte eta Diasporakoen kategoriatan irabazleak 250 euro jasoko ditu, eta bigarren saria eskuratzen duenak 100 euro. Helduen kategoriako irabazleak 500 euro hartuko ditu eta bigarren sailkatuak 250 euro. Saribanaketa ekitaldia maiatzaren 4ean izango da, Zizurkilen egingo den bertso-afariaren barruan. Irabazleek beraien bertsoak kantatzeko aukera izango dute afarian. Diasporako irabazleen kasuan, saria etxera bidaliko zaie.

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)


bisita