Hemen zaude: Hasiera Albisteak Argentinako eta Euskal Herriko dantzek bat egin zuten Ayacuchon Txahalaren 41. Festa Nazionalean

Argentinako eta Euskal Herriko dantzek bat egin zuten Ayacuchon Txahalaren 41. Festa Nazionalean

Tradizio handia dauka Buenos Aires probintzian Ayacuchoko Txahalaren Festak. Astebetez luzatzen den ekitaldi honek bi helburu ditu: alde batetik eta aspaldiko ohiturari jarraituz, animaliak xakitzea; bestetik, herriko elkarte eta artista anitzen partaidetza lagun, kultur jai handi bat proposatzea. Festaren baitan burutu zuten Euskal Odola Euskal Etxeko kideek euren lagun arteko topaketa. Sarmiento kaleko egoitzan Argentinako eta Euskal Herriko erritmoak nahastu ziren eta, herriko jai giroa euskal kutsuz bustiz, Pirinio magaletako dantzak oparitu zizkioten publikoari etxe anfitrioiko neskek.

Ayacucho, Argentina. Joan den ostiralean, martxoaren 8an, eta Txahalaren Festa Nazionalarekiko atxikimendua adierazteko, euren urteroko ‘Euskal Peña’ ospatu zuten Ayacuchoko Euskal Odola-ko lagunek. Aurreko edizioetan bezala, 2013 honetan ere lagun ugari bildu ziren euskal etxeko egoitzara musika eta dantza ikuskizunez gozatu eta 41. Festako erregina izateko aurkeztutako hautagaiak ikusteko.

Bi musikari taldek jo zuten euskal etxeko tauletan. Hasteko, Hugo Ariasek, Agustin Cadenasek, Rodolfo Garciak eta Agustin Bertolik osatutako ‘Los Chamameceros’ laukoteak errepertorio zabala eskaini zuen jendeak dantza egin zezan. Ondoren, eta arrakasta berarekin, Matias eta Nicolas Pessi anaiek ‘Hegoaldeko doinuak’ ekarri zituzten festara.

Ayacuchoko 41. Txahal Festa Nazionala 2013 01

[Ayacuchoko Txahalaren 41. Festa Nazionalean aurkeztuko diren erreginak izateko hautagaiak euskal etxean aurkeztu ziren lehenago (argazkiaEE)]

Jaiari amaiera emateko, euskal erritmo eta koloreek bete zuten aretoa. Belen Zabaleta zuzendari, euskal etxeko dantzariek Euskal Herriko dantzak erakutsi zizkieten bildutako lagunei. “Txahalaren 41. Festa Nazionala aste osoan luzatuko da eta amaieran euskaldunok ere egongo gara. Igandeko kabalkadan euskal karroza batekin hartuko dugu parte. Etxeko txikiak gurdiaren gainean ibiliko dira eta gure dantzariek, Tandilgo Gure Etxea-koekin batera, desfilea ederduko dute euren koreografiekin”, jakinarazi dio Euskal Odolako kide Maria Nilda Ilarregui-k EuskalKultura.com-i.

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)


bisita