Dokumentu Akzioak

Juan Pedro Urrutibeheity

2013/01/12

Chascomus, Argentina

Chascomusetik, "Zingirako Euskaldunak Euskal-Argentinar Etxeko Zuzendaritza Batzordeak bere dolumina nahi du adierazi Juan Pedro Urrutibeheity jaunaren heriotza dela-eta, euskal etxeko alkate izanikoa bera, baita elkarteko Zuzendaritzako kide ere, garatzen ziren ekimen guztietan laguntzaile eta sostengatzaile, bere emazte Graciela Pecotche-rekin batera.

Juan Pedro 'Vasco' Urrutibeheity larunbat goiz honetan, 2013ko urtarrilaren 12an hil da, eritasun labur baten ondotik, 71 urte zituela. La Platan jaioa, erretreta hartua zegoen eta euskal etxean etengabeko laguntzaile isila izana zen, emazte Gracielarekin batera. Erakundeko alkate 2010-2011ean, emaztea ere kargu hautetsi horretan aritua zen 2007-2008an. "Egiari zor, beti izan dugu laguntzaile, gure ekimenetan beti hor zen sostengua ematen", adierazi diote euskal etxetik EuskalKultura.com-i, gehituz "momentu latz hauetan bat egiten dugu(la) familiarekin, haren betiko atsedenaren alde otoitz eginez".

Bere gorpua bihar igandea, urtarrilaren 13a, erraustuko da Chascomuseko hilerrian goizeko 10etan, Casa Armendariz ehorztetxean elizkizun bat egin ondoren.

Argazkian, Juan Pedro Urrutibehety Euskal Etxeko alkate gisa Chascomusen 2011eko maiatzaren 14ean Gernikako Bonbardaketako hildakoen alde egindako ekitaldian, Gernikako Haritzaren kimuaren ondoan. Bere emazte Graciela Pecotcherekin dago, erdian bi banderadunak eta Zingirako Euskaldunak-eko Zuzendaritza Batzordeko kide bat. GB.

bisita