Dokumentu Akzioak

Nire talaiatik

Urte berriari ilusioz eta lanean ekiten, barnetegia eta danbor hotsak testuinguru

Sartuak gara urte berrian, ilusioz eta hamaika plan buruan biraka, EuskalKultura.com-i eutsi eta urrats berriak emateko. Hori da baikorra izateak dakarrena. Urtarrila hasita betiko legez ari gara lanean, gero gerokoak euskal esaldiak dioenari jarraiki. Urtero bezala sasoin honetan, Argentinan-eta, Ameriketako hego muturrean alegia, uda bizian daudenez, euskal etxeetako asko oporretan dira... ez guztiak, albisteen sailean aurretik iragarri eta gaur bertan argitaratu dugunez, egin berria baita, arrakastaz, Chascomusen Udaleku argentinarra, eta urtarrilero Necochean egiten duten Danborrada oihartzuntsua --barrunbatsua esan behar?--, berriz, aurten astebete aurreratu dute, pasatu berria den asteburura hain zuzen, hurrengo asteburuan Gizataldeen Azoka ospatu behar baitu hiriak, euskaldunak ere hor partaide. Bihar ematekotan gara munduko danborrada eta San Sebastian jaien berri.

Datorren asteburuan, bestalde, Donostian eta Diasporako beste mordoxka bat lekutan danborren hotsa nagusi den bitartean, Argentinako San Nicolas de los Arroyos herrian 'Munduan Euskaraz' programako ziklo berriko lehenengo barnetegia hasiko dute, bi asteko iraupenez, Hego Ameriketako zenbait herrialdetako lagunak (ikasle/irakasleak) bildurik. Nabarmentzekoa, HABEk hogeitik gora urtez bideratu duen ekimen honi esker, gaur egun bertan euskara irakasle direnak ez doazela Euskal Herritik: Diasporan jaiotakoak dira eta programa horren baitan hain zuzen ikasi dute euskaraz, EGA titulua lortu eta irakasle bilakatu arte.

 

2013/01/14

Azken agurra Kalifornian Jaime (Heguy) Brown-i eta gobernu berriaz

Aurrekoan aipatu genuen Jaime (Heguy) Brown neska gazte euskal-amerikarrararen heriotzaren berri. Joan den asteko astelehenean elizkizunak haren oroiz Los Banos bere sorterri kaliforniarrean egin zirelarik mundu bat jende eta mundu bat emozio bildu zuten. Jende askok, eta gazte askok egin zuten bat, urrutitik helduta ere, azken agurra emateko Jaime (irakurri Ieimi) lagunari. Familiak, euskal dantzariz jantzita joatea eskatu zien Estatu Batuetako hainbat lekutatik joateko asmoa agertu duten Jaime-ren lagunei, eta hala egin zuten euskaldun askok eta askok, Jaimek berak maite izango zukeen moduan.

Meza aita Lastiri pater euskal-kaliforniarrak eman zuen. Parte hartzaileen artean, herritar, auzoko, eskola-lagun eta lagun ez-euskaldunak asko, eta multzo handia nonahitik heldutako lagun euskaldunak ere. Esan bezala, asko zientoka eta milaka kilometro eginez bertaratuak. Meza euskal dantzaz, kantuz eta musikaz edertu zuten Jaimeren lagunek. Klikak ohoratu zuen Jaime, eta baita txistuak eta euskal dantzak ere, eta kantuak ere euskarazkoak hautatu zituzten gehienak aita Jean-Michel Lastirik eta familiak.

Chinoko Christian Jaureguy gazteak ohorezko agurra dantzatu zion zerraldoari, guztia eliz barnean. Zerraldoa bera dantzariek egindako arkupetik pasatu zen, Jaimek hain berea zeukan eta hainbeste maite zuen euskal musika bidelagun. Eta kiroldegian egin zen harrera-ekitaldia, hara bildu ziren lagun-dantzarien euskal jota-fandango eta arin-arin saiatu eta hunkituenen lekuko izan zen.

Neronek ez nuen bertaratzeko aukerarik izan, baina lagunek zehatz kontatu didate han bizitutakoa. Jendea, lekuak eta Jaime bera ongi ezagutzen ditudanez, aise kokatu ahal izan naiz bertan. Lagun horietako batek, John Ysursak, kronika bat idatzi du, ingelesez, eta NABOren webgunean ikus eta irakur daiteke, argazki adierazgarriz.

Gaurko zutabe honetan, bigarren gai bat aipatuko dut, gehienbat Diasporatik euskal politika distantziatik baina hartaz interesatuta segitzen dutenentzat. Jakina da, Urkullu lehendakari berriak, pasa den larunbatean zin egin zuela kargua Gernikan, eta izendatu ere izendatu dituela dagoeneko bere gobernuko sailburu izango direnak, zortzi, eta baita kolaboratzaile hurbil batzuk ere. Sailburuek, izan ere, gaur astelehen goizean bertan egingo dute kargua hartzeko zina. Lehenengo gobernu-bilera, berriz, bihar izango da.

Honekin, mugitzen hasia da dagoeneko gobernu berriaren martxa. Abiadura politean nahi genuke berritzen joatea berritu beharreko gainerako karguak, lehen bait lehen lanean has daitezen. Aurreko batean ematen nituen datak, hala egin nahi izanez gero, asko aurrera daitezke, eta berehala jakinarazo eta gertatzen diren Euskal Etxeen arloko izendapenak eta kargu-jabetze efektiboak .

Iruzkin hau idazterakoan ezagunak diren izenetan, Lehendakaritzako idazkari berria den Txus Peña, aurretik ere, Ibarretxerekin, kargu berean egondakoa aipa daiteke, eta Komunikazio alorrean Manu Castilla, EiTbtik heldua dena, eta Iñaki Bernardo, azken hau Bizkai Buru Batzarreko prentsaburu izatetik pasea eta Euskal Etxeeen alorra ezaguna duena, duela hogei bat urte berak baitzeraman, esaterako, kazetari legez, Euskal Etxeak aldizkariaren koordinazioaren ardura.

Gogora dezagun egun 'Kanpoan dauden Euskal Herritar eta Gizataldeentzako Zuzendaritza' Kanpo Harremanetarako Idazkaritzaren menpe dagoela, Lehendakaritza sailean, orain arteko organigraman bederen. Urkulluk eta bere ekipoak izendapen berriak egin arte, aurreko ekipokoek segituko dute jardunean.

Honi dagokionez, norbaitek galdetu du nolatan iragarri den datorren ostiralerako 2013ko Euskal Etxeen deialdi nagusiaren argitalpena EHAAn. Ohiko prozedura izan da azken urteetan honela egitea, denbora irabazte arren. Deialdia, beraz, baldintza eta diru-kopuru batzuetan egingo litzateke 21ean, baina geroztik ekipo berriak aldaketa edo moldaketarik nahiko balu, horiek ere argitaratzea baino ez legoke, deialdi osoa berriz ere egin behar izan gabe, eta prozesu osoa, beraz, gehiegi berandatu behar izan gabe, hori izaten baita urtero arazo, gauzak 'azkar' eginda ere deialdiaren emaitzak jakin orduko onenean udazkena izaten baita.

 

2012/12/17

Jaime (Heguy) Brown hil da Kalifornian 20 urteak betetzeke

Kaliforniatik etorri zaigu berri lazgarria: Jaime (Ieimi ahoskatu), datorren urtarrilaren 27an 20 urte betetzekoa zen Jaime Brown neskatila gaztea hil da, bi urtez minbiziaren kontrako burrukan ibili ondoren. Gaitza topatu ziotenean eman genuen orrialde hauetan kolpe haren berri. Orduan hasitako bidea amaitu da orain. Jaime neska ezaguna zen oso Los Banos eta San Frantziskoko euskal gazte-giroetan, eta baita oro har NABO eta Estatu Batuetakoetan ere, dantzari eta bere herriko eta San Frantziskoko euskal komunitateetako kide gisa partaide aktiboa baitzen, esaterako NABO Udalekun --haur partaide eta ondoren gazte laguntzaile gisa-- eta baita bere inguru kaliforniarreko eta NABO mailako gazte ekimenetan ere.

Bere heriotzaren berriak jende asko hunkitu du, lehenago bere gaitzaren berri izateak egin zuen bezalaxe. Ez da erraza izan berarentzat ezta familia eta lagunentzat ere. Azken boladan, ondoezak zegoela Stanfordera eraman zuten atzera, ospitalera, baina deus egin ahal ez zutelarik, etxeratua zen berriro ere. Elizkizunak datorren astelehenean izango dira eguerdiko 12etan bere jaioterrian, Los Banos-en, bertako eliza katolikoan, eta bertan izango dira Los Banoseko Euskal Etxeko kideak, San Frantzisko eta inguruko euskal etxeetakoak, eta oso inguru zabal batetik bertaratuko diren lagun asko --zahar eta gazte andana bilduko da zalantzarik gabe--, izan ere lagun asko zituen neskatoa baitzen Jaime (Jamie idazten zioten beste batzuk), eztia, partaidea, laguna, dantzaria, errotik euskaltzalea. Eta bizitzen hasi gabea ia.

Familiak, azken agurra egiteko, bere euskal jantzietan, dantzari jantzietan joatea eskatu die inguratzeko asmoa duten lagunei. Salt Lake City-ko Marcel Gaztambidek eta Chinoko Christian Jaureguy-k dantzatuko diote agurra, eta beste hainbatek bat egingo du eurekin, hantxe bertan fisikoki eta baita gogoz Estatu Batuetako eta Diasporako beste hamaika lekutatik eta Euskal Herritik beretik ere.

Familia eta lagun hurbilei gure doluminak. "Azken agurren garaia" kantatuko diogu geuk ere, Udalekun egiten genuen bezalatsu, suaren inguruan besoak harturik, begiak hunkituta.

[Gaurko egunerako beste iruzkin bat neukan prestatua, baina Udalekun ikasle eta euskalgintzan lankide izan genuen Jaimeren heriotzak gerorako utzi ditu besteak. Beste hainbat bezala, neure gogoa ere Los Banosen izango da astelehenean, bat eginez, euskal dantzariz jantzita, zinez hunkiturik dagoen euskal familia zabaleko kide. Ez adiorik Jaime]

-Jaimeren obituarioa, hemen

2012/12/06

San Martin, Sandy-ren NYeko euskal kaltetuak eta Eusko Jaurlaritza berria

Azaroak 11 egin zituen joan den igandean, eta Euskal Herriko bazter askotan San Martin eguna ospatu zuten, txerribodari eta txerria hiltzeari lotutako data, hainbat euskal herritan herriko festak, eta hainbat euskal herritarren eguna, Martin edo Mattin euskal izendegiko izen tradizionalenetarik baita. Diasporan ere ospatzen dute leku batzuetan. Gogora datozkit une honetan, Estatu Batuetan, Renoko Zazpiak Bat euskal etxea, eta urtero San Martin egunari lotuta egiten duten bilkura eta afaria; eta Madrilgo Euskal Etxean ere San Martin kari egin ohi duten babarrun jate eta elkarretaratzea, aurten ere joan den igandean egin zutena.

Aurreko asteetan, urriko azken egunetan, Paraguaiko eta Argentinako euskal asteak joan dira. Paraguaikoaz artikulua argitaratuko dugu datozen egunetan. Munduaren bestaldean, Kirmen Uribe idazle ondarroarra gustura ibili da Japonian, zenbait hitzaldi eta solasaldi ematen/konpartitzen eta 'Bilbao-New York-Bilbao' eleberriaren japonierazko edizioa aurkezten. Batzuek esango dute oraindik euskararekin ezin dela urrun iritsi. Berlinen ere egina dute euren Euskal Zinemaldia, arrakastaz, euskal zine kontuetan euskal etxeak ere zabaltzaile polita izaten ari baitira nazioartean, laburmetraien zein luzemetraien kasuan.

Bitartean gero eta lodiago dator EuskalKultura.com-en egunero argitaratzen dugun agenda, hamaika ekitaldi eta hitzordurekin han-hemenka munduko mutur batetik bestera. Eta soilik gertatzen direnen zati txikitxoa baino ez dugu argitaratzen, berez andana ederra baita munduan etengabe euskal gakoz gauzatzen diren deialdi eta ekimenak. Ekitaldion artean, datorren larunbatean New Yorkeko Euzko Etxeak bere egoitzarako egin duen deialdia azpimarratu nahi dut hemen, berezia: pintxo-afaria da, atzealdean Sandy urakanak New York astindu zuenean bertako euskaldunen artean kaltetuta suertatu zirenen aldeko hitzordu solidarioa, izan ere kalteak izan eta hainbat egun eta astez argindarrik gabe eta egoera txarrean gelditutakoen artean euskal etxeko bazkideak eta euskal komunitateko kideak ere egon baitira [eguneratua 2012-11-16an: ekitaldi hau atzeratu egin du Eusko Etxeak antolatzaile nagusiaren osasun arazo batzuk kari, barkamena eskatuz eragozpenengatik eta data berria finkatu bezain pronto aditzera emango duela esanez].

Bukatzeko, askok galdetu didazue Jaurlaritza berriaz, noiz, nola, nork eta euskal etxeei dagokienez espero daitekeen egutegiaz. Ez naiz neu kontu horietan aditua, baina galderei erantzunez esan dezaket epeak honela daudela eta honela ibil daitezkeela euskal etxeei dagokienez: Eusko Legebiltzarra datorren asteartean, azaroaren 20ean, osatuko da. Saio horretan eratuko da Legebiltzarreko mahaia eta hautatuko da ganberaburua. Ondotik, bigarren osoko bilkura baterako deia egingo da, hurrengo 20 egunen barruan, eta bigarren bilera horrek erabakiko du parlamentarien bateraezinezko egoerez. Ondotik etorriko da Lehendakaria hautatzeko deituko den bilkura. Beraz, espero da hilabete baten buruan, eguberriko egunen aurretik hautatzea Legebiltzarrak Lehendakari berria. Iñigo Urkullu jeltzalea izango da hori, eta seguruenik bakarrik alderdiko jeltzaleko lagun eta kideek osatuko dute bere gobernua, ez baitirudi koaliziriorik eta kanpoko sostengu iraunkorrik ere aurrera egiteko aukera daukatenik.

Honela gertatzen bada eta Lehendakaria urtea amaitu aurretik hautatzen badute, karguari zin egin --Gernikako Arbolaren aurrean, zutunik, Agirreren formula erabiliz, Urkuluuk berak adierazi duenez-- eta berehala osatu beharko luke gobernua. Sailburu izendatutakoek euren lantaldeak eratzen joango lirateke eta espero da hurrengo mailetako izendapenak hortik aurrera gertatzea eta gauza uratarrilean eta otsail-martxoan egokitzen joatea. Kanpoko Euskal Gizataldeen kasuan, arloko lehenengo izendapena Kanpo Harremanetarako idazkariarena da (egun jardunean Guillermo Echenique da eta aurrekoa Iñaki Aguirre izan zen) eta honek beharko du izendatu euskal etxeekiko harremanez arduratzen den Kanpoko Euskal Herritar eta Gizataldeentzako zuzendaria (egun jardunean Julian Celaya, eta lehenago Josu Legarreta izan zen). Izendapen hori, esan bezala, onenean urtarrilean gerta daiteke eta hortik aurrera epe bat behar zaio eman bulegoan sartu berriari bere eginbehar berriez eta aurrean daukan panoramaz jabetzeko. Bitartean, epe baterako aurrekontua luzatu ostean, gobernu berriaren lehenengo zeregina 2013ko aurrekontu berria egitea izango da, onenean martxoan aurkezteko. Horrek argazkituko du gauden egoera eta datorkigun urteko joko-zelaia zehaztuko.

2012/11/15

Hauteskundeen segidan, Paraguai eta Argentinako Euskal Asteak

Egiari zor, lerro hauek irakurtzen ari zarenean, lagun irakurle, gehiago jakingo duzu zuk Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeez neuk baino. Hauteskunde egunak bidaian harrapatu nau, Paraguaiko lurretarako bidaian, orain abiatzen ari den aste berrian --22an hasia den honetan-- Argentinako Euskal Aste Nazionala izateaz gain, Paraguai ere berea ari baita ospatzen, jarraian egiten duen bigarrena, eta hor egoteko ari bainaiz momentu honetan etxetik kanpo, hegazkinean.

Donostiako bulegotik esan didate honez gero, behin behineko emaitzak EAJ-PNV 27, EH Bildu 21, PSE-EE-PSOE 16, PP 10 eta UPyD 1 izan direla. Beraz, argi dirudi hurrengo lehendakaria, modu batera edo bestera, Iñigo Urkullu jeltzalea izango dela. 

Espero zen bezala, horrek aldaketa ekarriko du panorama politikoan, zeinu diferenteko Jaurlaritza bat ekarriz, abertzalea seguruenik --nahiz eta alderdien arteko negoziaketen zain egon behar--, horrek ere eragina izan dezakeelarik Euskal Etxeen eta Zortzigarren Probintzia deitua den horren gerorako urratsetan.

Bitartean, kasu handia edo txikia eginez Euskadin gertatzen denari, joan den larunbatean, urriaren 20ean, egutegi propioari segitu diote esaterako Paraguain, lehenengo harria ezarri baitute --balizko harria-- Asunciondik ortubetera, Misiones probintzian dagoen San Juan Bautista herrian euskal etxe bat sortzeari. Ekitaldia, bertako agintariek erabat babestuta egin zen, eta euskal partaidetza aldetik, bertako euskal arbasodunez gain, Asunciondik Jasone Euskal Etxeko agintariak eta 15 bat kide bertaratu ziren --horretarako propio errentatutako beste hainbeste eserlekuko omnibusean-- Hector Izaguirre lehendakaria buru; eta Buenos Airestik propio bidaiatu zen baita ere Eusko Jaurlaritzaren Argentina, Brasil, Paraguai eta Uruguairako ordezkaria, Elvira Kortajarena; izan ere larunbateko hau eta Euskal Astea bera bere bultzadarekin egin baitira.

Paraguaiko egitarauari dagokionez, gaur astelehena, goizean bilerak egingo dira bertako Administrazioarekin, gehienbat kultura arloko solaskideekin. Iluntzean eta datozen egunetan jarraipena emanez, Gernikako Bonbardaketaren 75. Urteurreneko erakusketa zabalduko da, Joseba Gotzon kantari portugaletetarraren emanaldia ere heldu da eta bilera eta kontaktu ofizial gehiago gauzatuko dira, turismo eta elebitasunaren arlokoak bereziki (Paraguaiko hizkuntza baita guarania eta erronka handiak dauzkate hizkuntzaren presentzia arlo guztietan indartzeko eta horretan euskara egiten ari den bidea interesgarria omen zaie oso) eta Elvira Kortajarena harat-hunat paseatuz.

Segituko dugu hizketan Paraguaiz. Hemengoa asteazkenean bukatuta, ostiralean Rosariorako (Santa Fe, Argentina) bidea hartuko dut, Euskal Argentinar Aste Nazionalean parte hartzeko eta Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxearen Mendeurrenari ere ohore egiteko. Segi pixkor!

2012/10/21

Ikasturte berria hasten... eta etzi zozketa!

Irailean sartu gara eta Europan eta Euskal Herrian honek gehienbat ikasturte berriaren hasiera markatzen du, ikasleen kasuan, baina baita lanean ari den populazio guztiaren 'reentrée'a ere uda eta opor-giroko sasoinaren nagiak kenduta. Hego Hemisferiotik irakurtzen digutenek ez dute halakorik biziko, neguan baitabiltza eta ikasturteak eta lanurteak segitu besterik ez baitu egiten egunotan, ohiko ektibitatean.

Atzo neu idazten ari naizen Donostian estropada-giroa eta eguzkia nagusi baziren, gaur euriak agurtu du urte bukatu arte geratzen zaizkigun lau hilabeteetako lehenengoaren aurreneko laneguna. Goizeko zortzietan ohiko auto-pilaketak itzuli dira eta abuztuosteak dakarren 'normalizazio'rako bidea heldu da.

Abuztuan gauzak ez dira batere gelditu, baina, Diasporan eta munduan oro har. Albisteen sailean aipatzen dugu, baina abuztua, esaterako, 'Buenos Aires celebra' antolamenduarekin bukatu zen hiriburu argentinarrean, arrakasta handiz, bertako euskal etxeek eta euskal gizataldeak erabat lagundu baitzuten aldi bakoitzean herrialde baten erakuslehio izatea helburu duen ekimen honen edizio euskaldunean. Bigarren urtea zen Euskal Herriak Argentinan dauden gainerako herri eta nazionalitateen parean bere egun hau ospatzen zuena eta aurreko urtean baino partaidetsuago eta oihartzuntsuago garatu zela behar da esan.

Euskal festa eta ospakizunak nonahi izan dira azken hilabetean, Ipar Amerikeriketako euskal pikniketatik hasita (gaur bertan jai da Estatu Batuetan, Labor Day, eta hiru eguneko asteburu luze honetan Chinoko Euskal Etxeak, Kalifornia hegoaldean, bere piknik eta euskal festa garrantzitsua ospatu du) eta oraindik ere hala datoz, datorren astean Marin-Sonoma County-ko euskal etxearenarekin eta oraindik ere datozen aste eta hilabeetan etorri behar duten Euskal Kantari Eguna (Roklin-en) eta beste zenbait tarteko.

Baina Euskal Herrian bertan, informazioetako beste batean gogora ekartzen dugunez, bihar hasiko da Gaztemundu, Ipar eta Hego Ameriketako euskal etxeetako euskara irakasleak partaide. Berehala ditugu, besteak beste, Sydneyko euskal etxeak antolatuko duen Diada eguna, Bordeleko Eskual Etxearen Ondarearen Eguna, Madrilgoen Euskal Astea, Brasilgo Euskal Astea, Paraguaikoa, Argentinakoa... euskal etxeak beti antolatzaile eta langile euskal kulturaren eta izate edukidunaren alorrean.

Berri txarren artean, joan den asteburuan Ibarretxe administrazioarekin Euskadiren Mexikoko Ordezkari izan zen Iñaki Ruiz Cuestaren heriotza izan dugu Mexikon, eta aurreko egunetan ere, abuztuaren 27an, Jorge Gilabert lagun eta kolega hil zitzaigun Argentinako Tandilen. 'Alma Vasca' astekaria sortu eta urtetan, mila aleetara iritsi arte astez-aste idatzi eta albisteak bilduz osatu zuen pertsona langile fina zen Gilabert. Datozen egunetan eskainiko diogu merezi zuen aipua eta azken agurra buletin eta webgunean.

Datozen egun, aste eta hilabeteetan jonago gara bestela ere EuskalKultura.com proiektuaren berri ere ematen. Gogor segitzen dugu apustuarekin, kinka ekonomikoak batere laguntzen ez duen honetan. Berritasunak ere iragarriko ditugu, eta luma berriak emendatuko gure orrialdeetara. Lau hilabete ditugu urtea bukatu artean. Bitartean, biharko alean espero zaitugu gure eguneroko hitzordu honetan. Izan ongi!

PS: Ez ahantzi garaiz zaudela etzi egingo dugun zozketan parte hartzeko. 'Euskera para dummies' liburuaren hiru ale oparituko ditugu. Harpidedun guztiek har dezakete parte (honezkero ez bazara, aski duzu hemen harpidetzearekin). Aski da harpidedun batek bere lagun edo ezagun bat harpidetzea eta bion datuak e-mail batean info@euskalkultura.com helbidera helaraztea. Irabazle suertatu ezkero euretako bakoitzak liburuaren ale bana jasoko du eta hirugarren ale bat emango zaio irabazleak hautatzen duen euskal etxeari, euskal etxeko liburutegiari edo euskara irakasleari. Animatu eta parte hartu!

(zozketaren emaitzak, hemen)

2012/09/03

Euskal asteak, Pehuajó, Gaztemundu-eta aipagai... Irailaren 3an itzuliko gara

Aurreko urteetan bezala, EuskalKultura.com-ek ez du abuztuan buletina kaleratuko: abuztuaren 3koa azkena izango da, irailaren 3an, astelehenez, eguneroko emisioa berreskuratu arte. Bitartean, webgunea modu apalean eguneratzen joango gara eta hilabete hau, gauza lasaiago hartzeko eta iraileko rentrée-ari behar bezalako indarrez ekiteko baliatuko dugu.

Izan ere, munduko euskaldunekin daukagun engaiamendu azkarrari gogor eusteko indar berriak ari gara biltzen eta irailetik aurrera urtea bukatzeko geratzen diren lau hilabeteei etekin eta aurrerabiderik handiena ateratzearren egingo dugu lan. Geure ekonomiari eta sistema berari astintzen dion eta kolpatzen gaituen krisialditik, gogoa eta kemena galdu ordez goiari eutsi nahi diogu eta azken 11 urteotan inteneten euskal diasporaren aldeko proiektu honetan lanean euki gaituzten asmo eta ilusioei heltzen segitu nahi dugu. Emango dugu irailetik aurrera honen guztiaren berri.

Japonian, datozen egunotan, Tokyoko Euskal Etxea eta Euskal Herriko eta Japoniako ikertzaile eta unibertsitateak tarteko, euskal jolas, joko eta kirol tradizionalei buruzko saioak egingo dituzte abuztuaren 11ean.

Abuztuan zehar, Estatu Batuetan esaterako, bata bestearen atzetik atorriko dira udan bertako euskal etxeek egiten dituzten piknik eta jaialdiak, hala nola datorren astetik hasita Gardnerville, Mountain Home, Yakima-Seattle, Battle Mountain, Buffalo, Rock Springs, Rhode Island edota San Frantziskoko Basque Cultural Center-en. Iraila, ohi bezala, Kaliforniako Chinoko euskal piknik eta bestarekin hasiko da, Labor Day deitzen den asteburuan, festak 1 eta 2an, eta 3a, astelehena, jai-eguna izanik.

Argentinan neguan daude eta neguko oporra pasatu zelarik, euskal etxeek urteko egutegiari segitzen diote. Seguruenik ekimenik oihartzuntsuena abuztuaren 26an egingo den 'Buenos Aires celebra'ren Euskal Herriari eskainitako edizio berria izango da, euskaraz 'Buenos Airesek Euskal Herria ospagai' edo 'Buenos Airesek Euskal Herria ospatzen du' itzuliko genukeena.

Irailaren hasierak aurtengo Gaztemunduren hasiera ere markatuko du, irailaren 3an, astelehenarekin, hasiko baita 2012ko saioa, aurten jakina denez euskal etxeetako euskararen presentzia eta irakaskuntzari eskainia. HABEko Euskara munduan programako Kinku Zinegi koordinatzaile, hamabost jende arituko dira partaide irailaren 14era arte Argentina (10), Kolonbia (1), Estatu Batuak (2) eta Uruguaitik (2) etorriak.

Iraila izango da baita ere Sao Pauloko Euskal Brasildar Etxeak bere Euskal Aste brasildarra egiteko iragarri duen data. Geroago etorriko dira Kolonbiakoa (ustez) eta Perukoa, azken honetan aurten bete diren Limako Arantzazuko Amaren Kofradiaren 400 urteak ospatuko dituztelarik zenbait ekitaldiz. Eta baita Argentinako eta Paraguaiko Euskal Asteak ere, biak aldi berean. Asunciongo euskal etxe paraguaitarrak Gernikako bonbardaketaren 75. urteurreneko erakusketa zabalduko du Jaurlaritzaren eskutik, eta bertara joango da Elvira Kortajarena, inaugurazio horretara, San Juan Bautistako euskal etxe berriaren fundazio-ekitaldira eta Estatutuaren Eguna (urriaren 25ean) bertan ospatzera, aipatu Paraguaiko Euskal Astearen baitan. Aurten Santiagoko Eusko Etxearen mendeurrena ospatzen ari den Txilek ez dakit momentu honetan besterik egingo duen.

Bukatzen hasteko, gogoratuko dugu duela bi egun zabaldu dela, EuskalKultura.com-ek antolatuta, 'Euskera para dummies' liburuaren aleen bigarren zozketa, Editorial para dummies argitaletxea kolaboratzaile. Parte hartzeko, aski da zure lagun bat harpidetzea, hura ados dagoela. Ondoren info@euskalkultura.com helbidera idatzi eta zure izen-deitura, emaila eta posta arrunteko helbidea ipini eta baita harpidetu duzun lagunarena ere; eta gehitu zure euskal etxearen edo oparia bidali nahi diozun euskal etxe baten izena. Irabazle suertatzen bazara, zuk eta zure lagunak ale bana jasoko duzue 'Euskera para dummies' liburuarena, emailean adierazi duzuen helbidera posta zertifikatuz bidalia; eta jirugarren ale bat bidaliko diogu hautatutako euskal etxeari ere. Irailaren 4era arte har daiteke parte eta emaitzak irailaren 5ean adieraziko dira webgunean eta buletinean.

Gaurko azken puntuan, Argentinako euskal etxe bateko lagunak ekarri nahi ditut gogora, Buenos Aires probintzia barnealdeko, Pampa probintziaren ondoko Pehuajoko Etxe Alai euskal etxeko lagunak, bereziki Hilda eta Kela Gorri Arrese, adineko bi emakume, ikaragarri sasoin handikoak. Eurak, Pehuajoko hainbat lagunekin batera, 'Saski Naski' izeneko liburuko edo koaderno baten egile dira eta egunotan helarazi didate Donostiara, aspaldian Pehuajon bizi izandako Esther Etxeberriaren bitartez. Mila esker hirurei. Alanbreko koaderno edo liburu honek 246 orrialde ditu eta Pehuajoko Euskal Etxearen 1956-2011 arteko 55 urteen ibilbidea errepasatzen du hainbat argazki, artikulu eta testuekin. Euskal Herriarekiko eta euskal kulturarekiko maitasuna dario bazter guztietatik eta argi dago gogo eta borondate handiz egina dagoela, duintasunez, eta eskuzabaltasun, dedikazio eta bihotz handiz. Honelako liburu bat irakurrita, klarki ikusten da Euskal Herria bere seme-alaba eta ondokoak eta euskal nortasuna mantendu nahi dutenak iristen diren puntuetaraino iristen dela. Eskerrik asko eta zorionak.

Irailaren 3an itzuliko gara buletinarekin, eta bitartean ohiko helbideetan segituko dugu. Izan zoriontsu.

2012/08/03

San Inazioko zubia, buletina eta dummiak

Tira, azkenean, gaur asteleheneraino itxaron dugu Taiala hau argitaratzeko. Bihar asteartea uztailaren 31 da, San Inazio eguna, eta jai-eguna Bizkaia eta Gipuzkoan. Dakizuenez, Donostiatik idazten dut, beraz hemen bihar jai-eguna izanik gaur jende askorentzat edo ahal izan duenarentzat (krisiak bestelako egoerak ere eragiten ditu) 'zubia' izan da. Eta hori guztia abuztuaren lehenaren bezperan eta beraz urteko opor-hilabete magikoaren hasierarekin bat eginez.

Ni neroni askotan ez naiz gehiegi enteratzen astegunetako jaiez eta gutxiago jendeak urrunetik ikusten dituen zubiez, izan ere gure buletina Diaspora osorako delarik ez ditugu astegunetako jaiak egiten eta egunero ematen dugu argitara gure berriak. Honela, beraz (bai, bat despistatu samarra izaki) ez naiz berandu arte ohartu bihar San Inazioz aparte jai eguna ere bazela, nahiz eta San Inazioren gaiarekin gora eta behera ibili garen Diasporan daukan oihartzun handiaren berri emanez.

Gaurkoa laburra izango da, izango baitugu aste honetan azken Talaia baterako aukera. Adierazi nahi dut, dena den, hondarrean aste osoan emitituko dugula buletina. Beraz, ostiralekoa azkeneko buletina izango da iraileraino. Ohi bezala, abuztuan emitituko ez badugu ere, lanean segituko dugu, eta irailean indartuta aterako dugu buletina, momentua denean adieraziko ditugun urrats berriak emanez. Egungo krisi egoera ez da batere ona gurea bezalako proiektu batentzat, baina prest gaude azken ahalegin bat egiteko, 11 urtez interneten Diasporako berriak ematen jardun ondoren inoiz baino komentzituago baikaude gurea bezalako proiektu bat behar-beharrezkoa dela Diasporarentzat esaten dugunean.

Oroitu, bestalde, biharkoa dela 'Euskera para dummies' liburuen lehenengo zozketan parte hartzeko azken eguna. Abuztuaren 1ean adieraziko dugu Diasporako ze lekutara doazen. Gogoratu garaiz zaudela orainik parte hartzeko, eta oraingoa bukatutakoan bigarren zozketa bat irailaren 5ean egingo dugula.

Gero arte!

2012/07/30

Udako kontu: Gaztemundu, euskara irakaslea Londresen, dummiak-eta

(Gaztemundu: Kontsulta emailez zein telefonoz egin digutenentzat, Jaurlaritzatik esan digutenez 2012ko Gaztemunduko emaitzak gaur aterako dira eta Guillermo Echenique Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak sinatu ondoren gaur eta bihar artean ezagutaraziko dira. Beraz, badirudi informazioa biharkoan eman ahal izango dugula orrialdeotan)

Londresen, joan den astean argitaratu genuen bezala, euskara irakasle baten bila dabiltza. Bertan bizi den batentzat, edo bertara epe baterako joan nahi duen euskaldun batentzat aukera ona izan daiteke, lagungarri alegia diru aldetik eta esperientzia polita. Zu zeu egoera horretan bazaude edo eskaintza zure inguruko norbaiten interesekoa izan badaiteke, pasa ezaiozu mezua, eskertuko baitizu, eta Londresko Euskal Elkarteko lagunek baita ere.

Abuztua hurbiltzen ari zaigu. Mundu osoko hainbat euskal etxek --historikoek bereziki-- ospatzen duten jaia da uztailaren eta abuztuaren arteko muga markatzen duen San Inazio edo leku batzuetan Iñaki Deuna deitzen duten jai egun eta ospakizuna, uztailaren 31ean. Erlijio alorrean Euskal Herriak eman duen izen garrantzitsuenetako bat bat da San Inazio, tradizionalki Gipuzkoa eta Bizkaiko patroi edo zaindaria izan dena. Bizkaian, duela urte batzudanik San Balendin Berriotxoarekin partekatzen du santu loiolatarrak ohore hori. Horri lotuta, AEBetako euskaldunen artean leku propioa ari da egun bereganatzen Balendin, duela gutxi Elkon, Boisen eta Mountain Home-n ikusi dugun legez. Inazio baztertu gabe, Loiola, izan ere, San Inazio medio munduan zehar dabilen euskal izen zabalduenetako bat baita, leku-izen gisa, elkarte deitura gisa, unibertsitate eta abar-izen gisa, normalean jesuitekin eta euren sarearekin harremandua.

Gogoan izan, indarrean daukala EuskalKultura.com-ek "Euskera para dummies" liburua eskuratzeko zozketa. Parte hartzeko egin behar den gauza bakarra, lagun bat harpidetzea da; alegia, hura harpidetu eta emailez zure eta haren datuak bidaltzea. Zorte pixkatekin ale bana lor dezakezu, bat zuretzat eta beste harentzat, euskararekiko harremana beti zerbait egiteke daukaten jendeentzat baliagarria den liburu honena, opari polita inguruan euskara jakin ez eta Euskal Herrira bidaiatu behar duen norbait badaukazu edota euskaraz hitz eta esaldi-sorta erabilgarri bat bereganatu nahi duen inor badaukazu. Animatu zaitez.

Aste honetan bigarren Talaia bat argitaratzekotan nagoenez, gaurkoz hemen utziko dugu. Uda oro bezala, Euskal Herrian makina bat mugimendu dabil Diasporako jendeari dagokionez, bisitan, barnetegiak egiten, joan den asteburuan Pier-Pol Berzaitz-en Amaiur ikuskizuna ikusten edo Baztandarren Biltzarrean parte hartzen, edo prest datorren asteburuan euskal diasporarekin harreman zuzena duen Jose Mendiague pastorala ikusteko Xiberoko Arrokiagan. Ipar Ameriketako lagunak topatu ditugu egun hauetan, tartean Renoko Corcosteguitarrak, Chinoko Ysursatarrak, Idahoko ikasle multzo bat Cathy Clarkson buru trukea egiten Gasteizko Olagibel eta Boiseko Bishop Kelly institutuaren artean, San Frantziskoko Sanmamestarrak, Nevadako Parraguirre epailea eta familia... edota Argentinatik, esaterako, Necocheako Euzko Etxeko talde polit bat, tartean Xabier Zubillaga Necocheako Ikastolako eragile, irakasle eta sustatzailea...

Honekin sobera aspertu ez bazara, berehala etorriko da hurrengo Talaia.

2012/07/23

Madonna, Etxepare, Misiones, Pehuajó eta Tolosa

Joan den astean interneten euskaldunak tarteko gehien aipatu den gaia Madonnarena izan da seguruenik, esan nahi baita Madonna eta kantari estatubatuarrarekin batera ari den Kalakan euskal hirukotea, eta guztiek elkarrekin munduko 32 herrialdetako agertokietara eramango duten ikuskizuna, "Sagarra jo" edo gehienok "Aldapeko sagarraren adarraren puntan" bezala ezagutzen dugun euskal kantu tradizionala parte duena, euskara eta euskal kantu bat normalean euskaldunei buruz ezer ez dakiten edo onenean oso gutxitan ezer entzun duen publiko eta jende batzuen aurrera ekarriz. Nik neronek ez dut Madonnaren karrera jarraitzen, baina badut ezagutza handiagoa Kalakan taldearena. Besteak beste, Diasporari dagokionez, aipatua dugu gure buletinean joan den azaroan Donostian egin zen Euskal Gizataldeen IV. Mundu-Kongresuko ostiralean eskaini zuten emanaldia, eta baita ere, esaterako, iazko irailean Euskaldunak euskal etxearen eskutik Quebec-era egin zuten bidaia, tartean Montrealen NABOk egin zuen bilerako partaide ziren ordezkarien aurrean ere jardunez. Zorionak, hemendik, Kalakan-eko Thierry, Xan eta Jamixel-i, eta Madonnari, bere gustu onagatik.   :-)

Zorionak ematen segitzen dugu, baina kasu honetan Etxepare Institutuari. Aste honetan bi urte bete dira orduan jaiotzen ari zen erakundearen ardura, erditzearen beraren eta instituzioa zerotik abiatzeko erronka eta goxokia Aizpea Goenagari eman ziotenetik, Etxepare Euskal Institutuko zuzendari izendatuta. Hilabete batzuk geroago Aizpeak Marijose Olaziregi bildu zuen bidelagun izateko, eta buruzagitza-bikotea osatuta abiatu zen geroztik zinez dinamiko eta lan-etengabeko agertu zaigun institutua. Freskura eta bazter-astintzaile izatea izan daitezke epe honetan azaldu dituzten tasunetako bi. Euskara, euskal kultura eta gure kultur panoramako hainbat arlotan lanean ari diren artista eta sortzaileei kanporako lana erraztea eta euren ibilbidea munduan egiten laguntzea da finkatuta daukaten helburua, baina horretaz guztiaz eta euren lanaren balantzeaz gehiegi luzatu gabe egingo diegun elkarrizketa batean galdetuko diegu.

Etxeparekoak kultura, artea, musika, euskara, unibertsitatea eta beste hainbat alor bilduz atzerrian euskaldunek egiten dituzten hamaika ekimenetan sartuta daude, eta beraz ez da harritzekoa izan aste honetan Txinako Chengdu herrian egin den mundu mailako txotxongilo bileran ere partaide izatea; hantxe erabaki baita Tolosa herri gipuzkoarra izango dela 2016an, lau urtean behin mundu horrek egiten duen hitzordu nagusiko egoitza. Tolosa-Donostiaren hautagaitza (gogoratu 2016an Donostia, Poloniako Wroclaw hiriarekin batera Europako kultur hiribua izango dela) Ekaterinburgo hiri errusiarrari gainditu zitzaion. Urtero egiten du Tolosak nazioarteko txotxongilo jaialdia eta herriak txotxongiloaren nazioarteko zentrua kudeatzen du. Urtero eta egunero egiten duten lanaren sari, lana. Pozik daude, eta zorionak eurei ere.

Eta gaurkoan zorion-kontuak nagusi izaten ari diren agiantzen atal hau akitzeko, eskerrak eman nahi dizkiet atzo Argentinan ospatu zen 'Kazetariaren Eguna' dela-eta --atzokoa, urtero, kazetarien lana gogoan hartzeko eguna dute izendatua Argentinan-- bertatik zuzendu zaizkigun lagunei. Mila esker zeuon agiantzengatik, eta agian munduan euskaldunek egiten, antolatzen eta sustatzen dituzten ekimenak hazten doazen hein berean hazi eta sendotuko da euskal gizataldeek, euren ordezkari diren elkarteek, eta euskal administrazioek lan eta ekimen horiek zabaldu eta ezagutarazteko konpromiso eta engaiamendua.

Eta amaitzen segitzeko, gaia jarraitzen duenarentzat, datorren igandean hauteskundeak dira Iparraldean eta frantses estatu osoan. Baliteke Ipar Euskal Herrian hautatzen diren hiru jarlekuetan aldaketarik egotea, presidenterako egin berri diren hauteskundeetan Hollandek gaina hartu baitzion Sarkozyri Iparraldean. Emaitzak lerro beretik joango balira ohiko joerek aldaketa interesgarria ekarriko lukete normalean Parisera eskuin eta zentro-eskuineko ordezkaritza bidaltzen duen Iparraldean.

Maila lokalago batean, Pehuajoko euskal etxe argentinarretik gogora arazten digute datorren igandean Bazkidearen Eguna ospatuko dutela, bazkideen aldeko egun hori sendotzen ari baitira urteroko ospakizun gisa. Estatu Batuetan, Nevadako Winnemucca herriak ere asteburu honetan ospatuko du bere piknik eta urteko euskal jaia, bertako udalaren sostenguarekin. Eta beste hainbat euskal etxe eta komunitatetan ere bateko eta besteko hitzorduak gauzatuko dira, gure agendak hein batean biltzen duenez. Asteburu on, beraz.

PS: EuskalKultura.com-en apustua handia bada ere, bere bitartekoak mugatuak dira eta, bistan denez, ezin gara iritsi guregana heltzen diren eta jakitun garen ekitaldi eta gertakari guztien berri ematera, saiatzen garen arren. Misionesko probintzia argentinarreko Posadas eta San Ignacio-tik bertako Eusko Etxeko lagunak gogora arazi digute aurrera eta erritmo onean segitzen dutela uztailaren 27, 28 eta 29rako prestatzen ari diren Euskal Festa Handirako prestakizunek. San Ignacioko inguru ederretan, eta jesuitek bertan eraikitako misioaren hondakinen ondoan, natura, aisia eta euskal kultura eta jaia nagusi izango dituen hitzordurako gonbidapena berresten dute Olga Leiciaga buru duen euskal elkarteak, batetik Argentina osoko, Euskal Herriko eta Diasporako dantzari, musikari, danborrero, kirolari eta abarrei parte hartzeko dei berezia eginez; eta baita ere nonahiko euskaldunei eta euskaldunen lagunei oro har. Gogoratzen dute helbide eta telefono batzuk ipini dituztela jaiari eta inguru hari buruzko edozein galderari erantzuteko: emaila, oleiciaga@gmail.com eta telefonoak, (54) (0)3764495057 edo, mugikorra, 0376 15 4707521.

2012/06/08

bisita