Hemen zaude: Hasiera Albisteak Atxagaren unibertsoa ikusgai izango da Madrilen, 'Obabakoak' eleberriaren 25. urteurrena dela eta

Atxagaren unibertsoa ikusgai izango da Madrilen, 'Obabakoak' eleberriaren 25. urteurrena dela eta

2013/03/13

Obabakoak eleberriaren 25. urteurrena kari, Madrilgo kulturgune nagusienek Bernardo Atxaga idazlearen unibertsoa erakutsiko dute, martxoaren 20tik apirilaren 7a bitartean eskainiko duten programazio bereziarekin. Hitzaldiak, zinea, antzerki lanak eta Atxagari buruzko ikus-entzunezko baten estreinaldia egingo dira, besteak beste, Centro Dramático Nacional, Casa del Lector eta Matadero Madrid zentroetan, Etxepare Euskal Institutuarekin elkarlanean.

Donostia-San Sebastian. Martxoaren 20ean abiatuko da Madrilen Atxagaren unibertsoari eskainiko kultur egitarau berezi hau, "El universo Atxaga (Atxagaren unibertsoa)" ikus-entzunezkoaren estreinaldiarekin. Filmak idazlearen ibilbidea jasotzen du, Carlos Rodríguezen zuzendaritzapean. Mari Jose Olaziregik eta Estibalitz Ezkerrak idatzi dute gidoia eta Etxepare Institutuak ekoitzi du lana. Casa de Lector gunean (Matadero Madrid) izango da ikusgai, 19:30tan. Bernardo Atxaga bertan izango da, partaide, Patxo Telleria antzezle, idazle eta zine zuzendariak gidatuko duen aurkezpenean.

Ondoren, 21:00etan, "Atxaga en las artes (Atxaga arteetan) erakusketa zabalduko da Matadero Madrideko Cineteca-n. Etxepare Euskal Institutuak sortu du esposizio hau eta Itziar Zubizarreta idazlea izan da komisarioa. Apirilaren 7a arte izango da zabalik eta bertaratzen direnek bertan ikusi ahal izango dute Atxagak beste sortzaileekin duen harremana –musikariak, ilustratz aileak, idazleak...- eta baita ere bere lanak beste sorkuntza arlotan izan duen isla.

Soinujolaren semea, taulagainera eta euskaraz

Ziklo berezi honetako ekintzarik garrantzizkoena "El hijo del acordeonista" antzezlanaren estreinaldia izango da. Atxagaren "Soinujolearen Semea" eleberrian oinarritutako lana Madrilgo Centro Dramático Nacionaleko Valle-Inclán Antzokian izango da ikusgai, martxoaren 22tik apirilaren 7ra bitartean. Patxo Telleriak idatzi du testua eta Fernando Bernués-ek zuzendutako taularatzea, Antzerkiz -ek (Arriaga Antzokia, Gasteizko Principal Antzokia, Victoria Eugenia Antzokia) eta Tanttaka Teatroa konpainiak ekoitzita.

"Soinujolearen semea" eleberriak Joseba eta David lagunen istorioa kontatzen du, eskolan elkarrekin b izitako haurtzarotik hasi eta gerraren eta biolentziaren infernura igaro arte. 2004an argitaratu zen eta nazioartean sari ugari jaso ditu (Grinzane Cavour Saria, Mondello Saria, Times Literary Supplement Translation Prize).

Gainera, eta Centro Dramático Nacionalaren historian lehen aldiz, martxoaren 30 eta 31eko funtzioak euskaraz izango dira, gaztelaniazko goitituluekin, Etxepare Euskal Institutuaren partaidetzari esker.

Zinea Mataderon

Horrez gain, martxoaren 23 eta 24an "Atxaga en el cine (Atxaga zinean)" izeneko zikloa egingo da Matadero guneko Cineteca-n. Bertan lau film emango dira: Bernardo Atxagari eta bere lanari buruzko "Leku hutsak, hitz beteak" dokumentala, Joxeanjel Arbelaitz ek egindakoa, Montxo Armendarizen "Obaba", Aizpea Goenagak zuzendu zuen "Zeru Horiek", eta Imanol Rayoren "Bi anai".

Martxoaren 25ean, Bernardo Atxagak "Reacciones ante una piedra rayada (Arraiatutako harri baten aurrean erreakzioak)" hitzaldia eskainiko du Centro Dramático Nacionaleko Valle-Inclán Antzokian. Solasaldi honetan Atxagak bere mundu poetiko-imajinatiboei buruzko hausnarketa egingo du. Hitzaldiak musikaren bitartez segida izango du, izan ere Ruper Ordorika kantariak eta Arkaitz Miner musikariak eskainiko duten kontzertuan Atxagak idatzitako poemetan oinarritutako kantuak izango dira entzungai. Ordorikak, "Hautsi da anphora" (1980) bere lehen diskoan, Atxagaren "Etiopia" poema liburuko olerkiak ekarri zituen euskal kantagintzara.

-"Atxagaren unibertsoa" zikloaren egitarau osoa, hemen

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)


bisita