Hemen zaude: Hasiera Albisteak Barilocheko Mendiko Euzko Etxea EEko kideak erakundearen egoitzaren berrikuntzan murgilduta

Barilocheko Mendiko Euzko Etxea EEko kideak erakundearen egoitzaren berrikuntzan murgilduta

Bazkari bat egin zuten Barilocheko euskal etxeko lagunek euren obraren pauso berriak ospatzeko. Joan den abenduan hasitako berritze lanak bere fruituak ematen hasi dira eta Mendiko Euzko Etxea gero eta itxura hobea ari da hartzen. Lan handia egin dute azken aste hauetan instituzioko lagunek eta martxoaren 3an xoborrez egindako aparkalekua estreinatu zuten. Egiteke dauden konponketak ez dira gutxi, baina gogoz ari dira Barilocheko euskal lagunak euren ametsa bete nahian: “Mendiko Euzko Etxea berriro zutik ikustea”.

Bariloche, Argentina. Orain hilabete batzuk ekin zioten Barilocheko Mendiko Euzko Etxea-ko lagunek euren egoitza berritzeko proiektuari. Lana ez da txikia eta urrats ugari izango ditu baina lehenengo aldaketak nabaritzen hasiak dira dagoeneko. Egitekoak mota askotakoak dira, kanpoan zein barruan. Hasteko, sastrakak kendu eta lur eremua garbitu dute etxeko lagunek. Ondoren, teilatua konpondu eta eraikuntza margotuko da.

“Helburua lokala erabiltzeko, eta batez ere, alokatzeko moduan uztea da; horrela erakundeak diru iturri bat izango luke hilabeteko gastuei aurre egin ahal izateko”, azaldu diote EuskalKultura.com-i Patagoniako euskal etxetik. Egitasmoa martxan dago eta etxeko kideen engaiamendu osoa dauka. Argazkietan ikus daitekeen bezala, ez dira gutxi asteburuetan lanei eusteko biltzen diren lagunak.

“Xede nagusia hiriko euskaldunak biltzea da. Oso sakabanatuta gaude eta hori aldatu nahi dugu. Elkartea birfundatu nahi dugu nolabait eta gazteak gureratzen, lankidetza bultzatzen eta eurak partaide garrantzitsu bilakatzen ari gara lanean. Denon arteko ahalegina da eta, lana egiteaz gain, ongi pasatzen saiatzen gara. Badagu ahalegin honek jende eta aukera gehiago ekarriko dizkigutela”, aitortzen digu ekintzen bultzatzaile nagusietako bat den Hector Grañak.

Mendiko Euzko Etxearen egoitza 2013 01

[Nahuel Huapi Lakura begira eta Las Chacras auzoan dagoen lur eremua garbi-garbi geratu zen Mendiko Euzko Etxea-ko koadrilaren lan egunaren ondoren (argazkiaEE)]

Mendiko Euzko Etxearen egoitza 2013 02

Mendiko Euzko Etxearen egoitza 2013 03

[Lehendabiziko lanetako bat teilatua konpontzea izan zen. Ondoren, aparkalekua txukundu zen: zorua berdindu eta xoborrez bete zen (argazkiaEE)]

Mendiko Euzko Etxearen egoitza 2013 04

[Euskal etxeko lagun anitz eta adin guztietakoak dabiltza Barilocheko euskal etxearen berritze lanetan. Noizean behin, ordea, ‘mate’ren edo garagardoren bat edateko denbora ere badago (argazkiaEE)]

Mendiko Euzko Etxearen egoitza 2013 05

[Nahiz eta oraindik lan handia egin behar izan, topaketak eta bilerak euskal etxeko egoitzan burutzen dituzte Mendiko Euzko Etxea-ko kideek. Urte amaierako elkarretaratzea, esate baterako, bertan egin zuten eta ospatzeko bazkari bat egin zuten (argazkiaEE)]

Mendiko Euzko Etxearen egoitza 2013 06

[Bazkalostean, txiki, gazte eta helduak biribilean jarri ziren Euskal Herriko ohiko dantzak egiteko (argazkiaEE)]

Berritze lan hauek, ordea, oraingo helburua dira, baina aldi berean jendea elkartzeko aitzakia ere badira. Ildo horretan, 'erreki' bat antolatu zuten euskal etxekoek martxoaren 3an, egoitzan egindako aurrerapenak ospatzeko. Lagun anitz bildu ziren eta etorkizunari begira zenbait proiektu hartu ziren hizpide. "Ez dakigu oraindik noiz bukatuko dugun lana, asko kostatzen ari baitzaigu dena, baina oso argi daukagu zer den nahi duguna, eta hori da gure iparra”, azaldu dute Barilocheko Mendiko Euzko Etxea-ko lagunek.

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)


bisita