Xabier Lete

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Artikulu hau euskal idazle eta kantariari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus Lete.
Xabier Lete
Xabier Lete

Xabier Lete 2008an Iruñean bere olerkiak errezitatuz.
Datu pertsonalak
Izen osoa Xabier Lete Bergaretxe
Jaio 1944ko apirilaren 5a
Euskal Herria Oiartzun, Gipuzkoa (Euskal Herria)
Hil 2010eko abenduaren 4a
Euskal Herria Donostia, Gipuzkoa (Euskal Herria)
Bikotekidea Lourdes Iriondo Mujika

Xabier Lete Bergaretxe (Oiartzun, Gipuzkoa, 1944ko apirilaren 5a - Donostia, 2010eko abenduaren 4a) euskal idazle, poeta eta kantaria, eta politikaria izan zen.

Gazterik hasi zen idazten, eta bere artikuluak ohiko bihurtu ziren Zeruko Argia aldizkarian. Euskal Kantagintza Berriko partaide nagusietarikoa izan zen: 1965ean, Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Joxean Artze, Jose Angel Irigarai eta Lourdes Iriondorekin batera, abian jarri zuen Ez Dok Amairu taldea. Sasoi haiek gogoan, hau esan zuen Letek: "Kantarien lana, errekuperazio lan bat zen, beste ezer baino lehen. Kantatzeko era herrikoi baten errekuperatzearekin batera —kanta zaharrak ere jasoz—, hizkuntzaren eta herri kontzientziaren errekuperazioa. Kanta, nola edo hala borrokarekin lotzen da. Herri batek irauten jarraitzeko zeraman borroka larriarekin, hain zuzen". 1972. urtean, Ez Dok Amairu taldea desegin zen; Letek, ordurako emazte zuen Lourdes Iriondorekin batera, kantagintzan jarraitu zuen.

1968an argitaratu zuen Letek lehen poemategia eta 2009ko urriaren 27an bere azken Egunsentiaren esku izoztuak poesia-liburuagatik Euskadi Literatura Saria eman zioten. 2005. urtean, kolpe latza jaso zuen; bere emazte Lourdes Iriondoren heriotza gaixotasun baten ondoren. 2009ko apirilean Jakiunde, Zientzia, Arte eta Letren Akademiaren kidea ("jakituna") izendatu zuten eta 2010ean, ohorezko euskaltzain izendatu zuten. Urte berean hil zen, abenduaren 4an, gaixotasun baten ondorioz eta bi egun ospitalean larri egon eta gero[1].

Eduki-taula

[aldatu] Biografia

[aldatu] Abestigintza

Xabier Letek Donostiako Herrerako La Salle ikastetxean egin zituen ikasketak. Batxilergoa amaituta, Tarragonara (Herrialde Katalanak) joan zen ikasketa teknikoak egitera, baina ez zituen bukatu. Horren ordez, irakurri eta zinemara joaten zen. Euskal Herrira bueltan, Pasaiako (Gipuzkoa) lantegi batean sartu zen, eta han hasiko zen lehen poesiak idazten. Irakurzalea gazte-gaztetik izan zen, eta segituan idazten hasi zen. 1965ean, Zeruko Argia aldizkarian kolaborazioak argitaratzen hasi zen. Antzerki munduarekin ere harreman estua izan zuen, Oiartzungo Lartaun taldeko kidea baitzen. Julen Lekuona herrikidearen bitartez, Joxean Artze ezagutu zuen.

Xabier Lete abeslaria 1971ko irailaren 9ko Ez Dok Amairu taldearen emanaldi batean.

1965ean, Ez Dok Amairu proiektuaren sorreran parte hartu zuen. Taldearen izena Jorge Oteizak aukeratu zuen; euskal kultura berreskuratze aldera, diziplina artistiko guztiak bilduko zituen mugimendua sortzea zuen amets eskultore ezagunak, eta kantagintzaren kasuan, Ez Dok Amairuren eskutik, xede horrek izan zuen erantzunik. Francoren diktadura urteak ziren, garai ilunak zalantzarik gabe. Egoerari buelta emateko gogoa nabari zen euskal gizartean, eta nahi horri erantzunez kantua oihu bilakatu zen. Lehengo zein talde kideek beraiek osaturiko kantak plazaratu zituen Ez Dok Amairuk, kanta konprometituak eta landuak, taldeko partaideen irudiko konpromisoa ezin baitzitekeen zabarkerian erortzeko aitzakia gisa hartu, eta uste bera mantenduko du Letek bere ibilbide poetikoan.

Baina artista plastikoak biltzen zituzten Gaur, Hemen eta Orain taldeekin gertatu bezala, Ez Dok Amairuri ere iritsi zitzaion desagertzeko unea: 1970ko hamarkadan gertatu zen hori, Baga, biga, higa ikuskizuna aurkeztu ostean.

Beste zenbait kantariarekin kolaborazioak ere egin zituen, hala nola Antton Valverderekin, zeinarekin Lizardiren poesiei eta Txirritaren bertsoei ahotsa jarri zien 1975-1978 bitartean. Antzerkia ere jorratu zuen euskal teatro modernoaren oinarriak finkatzeko asmoarekin, eta bilaketa horretan Eugenio Arozena izan zuen lankide. Kolaborazio horretatik sorturiko obrak Oiartzungo Intxixu antzerki taldeak eszenaratu zituen.

Leteren abestigintzan bere olerkiek eta hitzek dute garrantzirik handiena, nahiz eta musika ere sarri berak konposatua izan. Hitz propioez gain beste olerkari batzuen hitzak ere kantatu izan ditu Letek, esaterako Lizardi edo Jacques Brel; baita hainbat bertsolariren lanak ere. Era berean, hainbat abeslarik musikatu eta kantatu izan dituzte Leteren olerkiak eta abestitzak; horien artean daude, esaterako, Mikel Laboa, Lourdes Iriondo, Antton Valverde, Imanol Larzabal, Benito Lertxundi...

[aldatu] Olerkaritza

1964an hasi zen poesia idazten. 1968an argitaratu zuen Letek lehen poemategia: Egunetik egunera orduen gurpillean. Gabriel Arestiren poesia sozialaren oihartzuna, Harri eta Herri-n bildutakoa batez ere, antzeman zitekeen aipatu lanean eta, ildo horretan, bidegabekeriak salatzeko erabili zuen Oiartzungoak hitza. Hitza, bai, zeren poetaren egitekoa zein izan behar ote duen bere buruari behin eta berriro galdetu ostean ondorio horretara iritsiko baitzen. Horregatik, kritikatu egingo zituen botereari men egiten zioten poetak zein errealitatea alboratuta jokuo estilistiko hutsaletan erortzen ziren sortzaileak. Maribel Sánchezen aburuz, «Letek ez du beharrezkotzat jotzen inondik ere poeta iraultzaren aitzindari eta mezulari izatea, baina ezin du begiak errealitatearen aurrean itxi, hots, ez dago poeta ez poesia inuzenterik, ez dago zikintasunik gabeko poesia. [...] Poetak, gizonaren sozial-izatearen kontzientziaz osaturik eta azpimarraturik egon behar du. Sozialtasun horren adierazpen nagusia herri baten izan nahi eta ezin izate minberakor eta argi-ilun adieraztean legoke, guzti hori herri urratu eta bortxatu baten testuinguruan. Honelako testuinguruan badira "dena ala ezer ez" politika ekintza lehen arautzat dutenak, baina Lete "ahal denean ahal den guztia" lema duten gizonen alde agertuko da». Poesia mailu bat dela esaten zuen Arestik, kontzientziak astintzeko akuilua. Ados zegoen Lete, baina bere ustez konpromisoa norbere buruan hasten zen eta horrek esan nahi du poetak ezin dituela bere sentimenduak alboratu. Zeren Sánchezek gogorarazten duen bezala, «Leterentzat poesiaren iturburu lehena sentimendua da, bestela ez dago poesiarik, eta geroxeago arrazoi, subjektuak mundu euskaitz guzti hori, taxutu, lotu, izendatzeko erabakia hartzen duen une berean baina ez lehenago. [...] Guzti honek baieztapen bat egitera eramaten du poeta: "Sentimendu eta sufrimendurik gabeko poesia erretorika hutsa da, berdin zait erretorika soziala edo erretorika-preziosista» 1974arekin heldu zen Bigarren poema liburua. Obra horretan Letek poetaren rola aztertzen jarraitu zuen, baina aurreko lanarekin konparatuta poesia askozaz intimoagoa, barnerakoiagoa osatu zuen. Frantziako filosofia existentzialistaren eraginez, poetak tarte handiagoa eskaintzen zien bizitzari eta heriotzari buruzko gogoetei. Hurrengo poemategian, Urrats desbideratuak (1981; Irun hiria literatur lehiaketa saritua izan zen), nabarmenagoa zen bilakaera. Hizkuntza gogortzeaz gain, ezkortasuna eta etsipena zerien poemei. Sánchezen aburuz, «Letek idatziriko poema liburuetan garapen argi bat ikusten dugu. Lehenengoan, poeta gazte, gartsu eta inguruarekiko kezkaz beteriko poeta azaltzen da, bere inguru-giroa aldatzeko beharra sentitzen duen horietariko bat, halaber borroka hortan aritzeko gai sentitzen da. Bigarrenean, esperientzia gehiagoko gizona da, gizon helduagoa. Ideia berberak mantentzen dira baina nolabaiteko zalantza ere nabaria da, bizi izan dituen garaiak utzitako arrastoek erreflexionatzera eramaten dute; eta erreflexio horren ondorioz sortzen da aipatutako zalantza hori: kontzientziazioaren arazoa. Hirugarrenean dezepzioa agertzen da nagusi, bizitzaz azken batean ezer onik itxaroten ez duen gizona bezala agertzen da, nahiz eta oraindik askatasunaren kezka nolabait mantendu. Honetan bi alde agertuko dira, borrokaren beharra eta etsipena»

Urrats desbideratuak-eko poemetan existentzialismoaren eraginak indarrean jarraitzen du, baina jadanik ez da poetak aintzat hartzen duen ikuspuntu bakarra; beste filosofo baten esanak ere darabiltza orain buruan Letek, Nietzscheren esanak. Esther Zarrauak azaltzen duenez, «ihesean dago salbaziorako bidea, aukerarik dramatikoena ere kontuan hartuta, hau da, heriotza. [Poeta] mundu honekin nekatuta dago, eta ihes egin nahi du. Nolabaiteko aldea dago 66an pentsatzen zuenaren eta oraingo jarreraren artean. Egunen batean hilko den kontzientzia duelako, edozein unetan heriotza bidera aterako zaiola-eta nahi duena gauzatzeko aukerarik ez duela izango jakin badakielako, itxaropenik ez duen gizaki existentzialistarekin parekatzen da. Baina badu gizakiaren egoera etsipengarri hori konpontzeko bidea, eta bide hori maitasuna da, zeinak Jainkoan sinistera eramaten duen, hura baita maitasuna bizirik mantendu dezakeen bakarra, heriotza ostean ere»

Politika gaixotasunak zirela medio utzi ondoren, osasunak hobera egitearekin batera heldu zen Oiartzungoaren hirugarren lana, Zentzu antzaldatuen poemategia (1992), zeinarekin Euskaltzaindiko Felipe Arrese Beitia olerki saria jaso zuen. Gerora, edizio berritu batean, aipatu lanak Biziaren ikurrak izenburua hartu zuen. Iñaki Aldekoaren esanetan, «Urrats debideratuak-i tonua ematen zion jarrera existentzialistak bizitzaren ikuspegi barnerakoiago batekin bat egiten du» azken poemategian. «Poetak publizitate eta ideologiari loturiko leloetatik at ikusten du bere burua; arreta bere osasun fisikoarentzat eta, zergatik ez, espiritualarentzat ezinbestekoa den horretatik desbideratu dezakeen edozein errealitate sozialetik kanpo dago. Zentzu horretan, bizitzarekin esker onekoa den poesia idazten du Xabier Letek, eta bertan ez da urtaroen joan-etorrian existentziaren "miraria" ospatzen duen begirada behatzailea baino ezer sublimeagorik: poesia bat da zeinetan kantua otoitzarekin nahasten den. (...) Bizitzaren gorabeherak irrika bako begirada ezkorrarekin behatzen duenaren ahots tonua da, eta betidanik heriotza gertu sentitu duenaren kontzientziaz tradizionalki balore kristauak izan diren apaltasun, erruki eta barkamenari dei egiten die»

[aldatu] Politika

Denboraldi batez literatura sorkuntza alboratu zuen Letek politikan jarduteko. Hain zuzen, 1980ko hamarkadan Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura sailean aritu zen, zuzendari nagusi lehenik eta sailburu ondoren, EAJrekin, lau urtez.[2] Gaixotasunak, baina, zeregin publikoak alde batera uztera behartu zuen.

[aldatu] Argitaratutako lanak

[aldatu] Abesti ezagunak

(Harenak, beste poetenak eta bertsolarienak)

Aberri ilunaren poema

Agian

Alemaniyako gerrari

Alzateko jaun

Amalau erijotzena

Amerikara dijoan lagun bati

Amets bat (Txirritaren bertsoak)

Amodio, amore

Andaluzaren pareta

Andre txarraren bentajak

Andresek bere andregaiari

Apellidua Olazabal det (Txirritaren bertsoak)

Atso gezurti bati

Azken juizioko eguna

Bertsoak jartzen naiz asi

Biographia

Bizkaiko txerriari jarriak

Brabanteko Jenobeba

Canço a Catalunya

Chile

Cubako gerrarenak

Denborra, leku, zeru ta lurrak

Errota zaharra

Eskeintza, nere aita zenari

Estatutoa lenbailen

Euskal Erria itxusten

Ez dut amets haundirik

Ez esan maite

Frantsez euskaldun batenak

Fueruak kendu zituenari

Garai bateko eztaiak

Garia Euskal Errian

Gauaren ordezko eguna

Gerra (Txirritaren bertsoak)

Gizon arruntaren koplak

Gizonaren negua

Goizuetako mixiyua

Greziako itsasontzia (Lluis Llach kataluniar kantautorearen Vaixell de Grècia abestiaren euskarazko moldaketa)

Gure aurreko guraso zaharrak

Gure munduko bizimodua (Txirritaren bertsoak)

Habanera

Haizea dator ifarraldetik

Hargin andaluza (Txirritaren bertsoak)

Haur andaluz bati seaska kanta

Heriotzaren begiak

Herri zahar honetan

Hil da Canovas (Txirritaren bertsoak)

Ijituenak

Itsasoan urak haundi

Izarren hautsa

Izotz-Ondoko Eguzki (Lizardi)

Jaio berriari

Juana Bixenta Olabe

Kanpoko jendea

Kazkazurik bere buruari

Kontrapas (Bernat Etxepare)

Langile baten seme

Lore bat, zauri bat

Nafarroa, arragoa

Nagusiya ta maizterra

Neguaren zai

Nere sentimentua

Neskazar bat tentatzen Txirritak jarriyak (Txirritaren bertsoak)

Ni esposatzian (Txirritaren bertsoak)

Ni naiz

Norteko trenbideari (Txirritaren bertsoak)

Orain bi milla urte (Txirritaren bertsoak)

Oraingo neskatxen jazkerak (Txirritaren bertsoak)

Ostikoketa

Otsoak eta Txanogorritxu

Pasaiako huelga (Egile ezezaguna)

Pernando Amezketarra

Proporziyo bat

Salbatoreko ermitan

San Martin, azken larrosa

Seaska kanta

Sinisten dut

Suantxaren bertsuak

Teologia, ideologia

Txirritaren lendabiziko bertso-lagunak (Txirritaren bertsoak)

Xalbador gogoan

Xalbadorren heriotzean (I)

Xalbadorren heriotzean (II)

Zarraren agurra (Txirritaren bertsoak)

Zuk il zenduen artzaia

[aldatu] Diskoak

[aldatu] Idazlanak

[aldatu] Antzerkia

  • Antzerkia deusetik izatera. 1977, Itxaropena.

[aldatu] Olerkiak

[aldatu] Erreferentziak

[aldatu] Kanpo loturak

Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Xabier Lete
Tresna pertsonalak
Izen-tarteak
Aldaerak
Ekintzak
Nabigazioa
Inprimatu/esportatu
Tresnak
Beste hizkuntzak