Auñamendi Eusko Entziklopedia
Fondo Bernardo Estornés Lasa

Buscador

Home > Auñamendi > Zientziaren eta teknologiaren historia

Zientziaren eta teknologiaren historia


toolbox

  • editions:
    • 2009
  • other languages:
    • ver en castellano
  • escuchar
  • share

Espedizioak eta zientzia nautikoak

Inperio-anbizioa ugaltzeak hainbeste eragin zuen Mundu Berriaren konkista eta kolonizazioan, eta Europako eta penintsulako jabetzetan, non berekin ekarri zuen zientzia nautikoekin lotura zuten jarduerak sustatzea. Helburu zientifikoak estuki gurutzatuta zeuden militarrekin. Kontuan izan behar da bake-garaian biltzen zen informazioa baliagarria zela gerrarako prestatzeko; esate baterako, itsas bideen hidrografia-ezagutza, hirien eta portuen kokapena luzera- eta zabalera-koordenatuen bidez, edo lurreko komunikabideak kartografiaren bidez.

Amerikak interes ahaltsuen bateratzea eta ugaltzea esan nahi izan zuen, izaera politiko eta ekonomikoa zuena argiro, eta, zeharka, baita zientifikoa ere. Profil zientifiko-militarra zuten pertsonaiek -esate baterako, Antonio de Gaztañeta (1656-1728), "kezka zientifikoak dituen itsasgizonaren bizitza ikastuna eta saiatua" sinbolizatzen zuena zehazki- hartu zuten parte Amerikako misioetan; aurrerapen handia ekarri zuten horiek itsasontzigintzan, kartografían eta natura-zientzietan. Aurrera egin zen, baita ere, zientzia geodesikoetan eta astronomian, bereziki Lurraren irudiarekin eta geografia-puntuen zehaztapenarekin zerikusia zuten gaietan. José Joaquín Ferrer (1763-1818) pasaitarra da astronomian eta geografia fisikoan jardun zuen itsasgizonaren adibide ona.

XVIII. eta XIX. mendeetan zehar, Bizkaiko agintariek kezka zuten piloturik ez zelako merkataritza-ontzidietarako, eta kezka hori agertu zuten hainbat hezkuntza-ekimenetan. Nabarmenena, beharbada, Bilboko Nautika Eskola (edo Matematika Museoa) sortzea izan zen, 1740an, Bizkaiko Diputazioak, Bilboko Udalak eta Kontsulatuak sustatuta. Aitzindari izan zen estatu-mailan, eta 1783an azterketak egin eta pilotu-tituluak emateko eskumena lortu zuen. Eskolak martxan iraun zuen hainbat mendetan, eta gerra-arrazoiek soilik eten zuten irakaskuntza (karlistaldietan). Zalantzarik gabe, euskal nautika-eskolarik garrantzitsuena izan zen.

Bizkaiko hiriburutik kanpora ere ahalegin asko izan ziren nautika- eta matematika-ikasketak bultzatzeko, batez ere ilustrazio-garaian. Kasurik dokumentatuena Euskalerriaren Adiskideen Elkartearena izan zen; izan ere, 1770eko hamarkadaren hasieran, nautika-ikasketen plan bat bultzatu zuen Bergaran, gogo biziz. Donostian, Donostiako Kontsulatuak itsas zabaleko pilotuen eskola bat finantzatu zuen; irakaskuntza, ordea, oso irregularra izan zen. Era berean, Frantziako itsas armadaren interesen kontra, XVIII. mendean hidrografia-eskolak zabaldu ziren Atlantikoko itsasertzeko porturik garrantzitsuenetan, hala nola Baionan, Donibane Lohitzunen eta Hendaian. Eskola horiek guztiak tokiko erakundeek (kofradiak, kontsulatuak, udalak eta aldundiak) sustatu eta finantzatu zituzten, arrantzaleen eta merkatari-pilotuen eta -itsasgizonen zerbitzurako.

Itsas maisuek ekarpen garrantzitsuak egin zituzten, baina funtsean ikuspuntu "enpirikoa" zuten haiek. Beren tratatuek, oro har, matematika-oinarriak falta dituzte; hala eta guztiz ere, balio handikoak dira ikuspuntu hezigarritik eta pedagogikotik, eta XIX. mendearen amaieran artean eragina zuten pilotuen ikasketan. Besteak beste, tratatu-idazle hauek aipa daitezke: José de Mazarredo (1745-1812), Lecciones de Navegación para el uso de las Compañías Guarda-Marinas (1790) lanaren egilea; Andrés de Poza (1547-1595), Hydografía (1585) testuaren egilea; Antonio de Gaztañeta (1656-1728), Norte de Navegación (1692) lanaren sortzailea; José Vicente Ibáñez de la Rentería (1699-1760), Explicación del Círculo Náutico astronómico Universal (1738) liburua argitaratu zuena; Miguel Archer (1869-1752), Lecciones Náuticas (1756) idatzi zuena; Jacques Garra de Salagoïty (1736-1808), Éléments de la science du navigateur (1780-1808) lanaren egilea; eta Manuel Zubiaur eta bere Arithmetica practica, para instruir la jubentud (1718).

Aitor Anduaga Egaña
2009

Our Sponsors