Elorrio

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Elorrio

 Bizkaia
Elorrioko arkupea.
Elorrioko arkupea.

Elorrioko armarria

Izen ofiziala Elorrio
Estatua
Erkidegoa
Lurralde Historikoa
Eskualdea
Espainia
Euskal Autonomia Erkidegoa
Bizkaia
Durangaldea
Alkatea Ana Otadui (EAJ)
Herritarra elorriar
Koordenatuak -

Bizkaia municipalities Elorrio.PNG

Eremua 37,40 km2
Distantzia 39 km Bilbora
Posta kodea 48230
Biztanleria 7.283 bizt. (2012)
Dentsitatea 194,73 bizt./km²
Sorrera 1356
http://www.elorrio.net

Elorrio Bizkaiko hego-ekialdeko udalerri bat da, Gipuzkoarekin eta Arabarekin mugakide dena. Bizkai osoko zaharrenen artean dago, Erdi Aroan fundatu zen-eta hiribildu gisa, eta gaur egun Durangaldeko herririk populatuenetan hirugarrena da (7.283 biztanle, 2012an).

Ingurune natural ederra du, eta ondare historiko eta kultural aberatsa; hartara, 1964an hirigunea gune historiko-artistiko izendatu zuten. Jauregi eta armarridun etxe asko dago, bai eta ermitak ere.

Eduki-taula

[aldatu] Kokapena eta mugakideak

Elorrioko udaletxea eta enparantza.

Elorrio Bizkaiko hego-sortaldeko muturrean dago, Gipuzkoarekin mugan, Durangaldearen barruan. Udalaitz mendiaren azpian dago eta haren lurrak Gipuzkoa mugatzen duten mendietan zabaltzen dira.

Eskualdeko burua, Durango, 9 km-ra dago, eta Bilbo 39 km-ra.

Elorrioren mugakideak honakoak dira: iparraldean Berriz eta Zaldibar; hegoaldean Arrasate (Gipuzkoa) eta Aramaio (Araba); sortaldean Elgeta eta Bergara (Gipuzkoa); eta sartaldean Atxondo eta Abadiño.

[aldatu] Komunikazioak

Komunikazioek udalerria zeharkatzen duen BI-634 (Durango - Arrasate - Beasain) errepidea daukate ardatz. Errepide hori Durangon lotzen zaie N 634 eta AP-8 errepideei, Bilbo eta Donostia uztartuz; eta Arrasaten lotzen zaio Araba eta Deba Ibarra uztartzen dituen AP-1 errepideari. Elorrion hasten dira Elgeta eta Bergarara doan BI-2632 errepidea eta Berrizera doan BI-3321 errepidea.

XX. mendearen erdialdera arte tren geltokia izan zuen, baina 1960ko hamarkadan itxi egin zuten.

Kanpazarreko mendateak lotzen du Arrasaterekin errepidez.

[aldatu] Udalerriaren osaera

Elorrio hainbat auzoz osatua dago. Hiriguneaz eta San Agustin lehengo elizateko hirigune txikiaz gain: honako auzoek osatzen dute hiribildua: Aidazua, Aldape, Arabio, Aruneta, Berrio, Berriozabaleta, Gazteeta, Gazeta, Iguria, Leanitz, Miota, Lekeriketa, Mendraka, Urkizuaran eta Zenita.

[aldatu] Hidrografia eta orografia

[aldatu] Hidrografia

Udalerriko ibai nagusia Udalaitz inguruetan sortzen den Zumelegi da. Ibai hau Arratzolarekin lotzen da Atxondon, bien batzetik Ibaizabal sortzen da. Ibarra inguratzen duten mendietan Zumelegiraino doazen beste hainbat erreka sortzen dira: Intxorta, Larrarte, Mendraka...

[aldatu] Orografia

Elorrio haranaren amaieran kokaturik, badirudi Anbotoko mendilerroko kareharrizko haitzak urrun daudela, baina mendilerrotik apur bat bananduta, 1.117 metroko Udalatx mendia dugu herriaren gainean. Landaretzaz estalitako hainbat mendik inguratzen dute udalerria, Intxorta (797 m.), Memaia (669 m.), Amitar, Santa Mañazar (679 m.) eta Erdella (660 m.), esaterako. Elorrion bertan ere badago Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeek bat egiten duten mendia: Betsaide.

[aldatu] Ekonomia

Hiribilduaren ekonomia sektore industrialean oinarritzen da. Hala ere, nekazaritzak eta, batez ere, abeltzaintzak garrantzi aipagarria daukate udalerriko ekonomian.

Lehen sektorean nekazaritza-ustiapenek, gehienak txikiak, jarduera industrialeko diru-sarrerak osatzen dituzte gehienetan. Badira abeltzaintza-ustiapen garrantzitsuak, haragi eta esne ekoizpenean oinarrituak. Insignis pinuaren ustiapenak ere badu garrantzia.

Bigarren sektorea, esan bezala, garrantzitsuena da. Mota guztietako metal eraldaketan diharduten enpresak dira, galdategiak, burdindegiak eta tresna-makinako enpresak.

Zerbitzuen sektorea txikia da biztanleriaren eguneroko beharrak asetzeko, eta Durango eta Arrasate hurbil egoteak jendea erosketak bertan egitea errazten du.

San Agustin auzoan, Eroskik, kontsumo eta banaketa kooperatibak, bere egoitza ofiziala eta biltegiak dauzka.

Elorrioko ikuspegi orokorra.

[aldatu] Historia

Gaurko udalerria Elorrioko hiribilduak eta San Agustin Etxebarria elizateak osatzen dute. Hiribildua elizatearen lurretan sortu zuen Tello I.a Bizkaiko Jaunak 1356an. Herri bien historiak 1635ean bildu ziren. Ordura arte, Elorriok ordezkapena zuen Gernikako Batzarretan (hiribilduen 13. jarlekua), eta San Agustinek Gerediagakoetan, 3.a, Durangaldeko Merinaldeari baitzegokion. Bildu ostean, elizateak bertako ordezkapena galdu zuen eta hiribilduarekin batera izan zuen.

Elizate guztiekin gertatu bezala, ezin da jakin noiz sortu zen San Agustin Etxebarria. Jatorria Bizkaiko Lur Lauaren historiarekin lotzen omen da. Inguruko udalerrietan gizakiak bazirela frogatzen duten neolito aurreko garaiko giza aztarnak aurkitu dira.

Gaur egun Elorrio den eremuan hainbat hilobi eta hilarri aurkitu dira. Horietako batzuk Argiñetan bilduz joan ziren, Argiñetako nekropolia sortuz. Bertan 893ko piezak daude, kristautasuna ingurura sartu zeneko garaikoak. Hilarriak, berriz, hilobiak baino zaharragoak, aurrekristauak dira.

1053ko otsailaren 11n San Agustin Etxebarriako monasterioa sortu zuten. XII. mendean aldaketa erromanikoa izan zuen eta XVI. mendean gotiko itxura hartu zuen, gaur egun ikus daitekeena.

1356an hiribildua sortzeak nobleen botereari aurre egitea eta aldi berean Jaurerria gipuzkoarrengandik babestea zuen helburu. Ahaide nagusien arteko gudu nagusietako bat izan zuten Elorrion. Gudu hura 1468an izan zen, eta Ibarra oinaztarrak eta eta Marzana ganboatarrak izan ziren aurrez aurre.

XVI., XVII. eta XVIII. mendeak hiribilduko Aro Berria izan ziren. Hainbat elorriarrek parte hartu zuten bete-betean Amerikekin komertzioan. Horrek hiribildura aberastasun handiak ekarri zituen, eta horren oroigarri dira Elorrioko armarridun (69 baino gehiago) etxe eta jauregiak (20 inguru). Bizkaiko handiena den eliza eraiki zen (1459 eta 1506 bitartean), herri iturriak egin ziren, muga-gurutze garrantzitsu eta ondo landuak... Garai hartan atxiki zitzaion elizatea hiriguneari.

XIX. mendeak hiribildu aberatsa aurkitu zuen, bainuetxeen moda bereganatuz zihoan nekazaritza-gizarte batekin (hiribilduan baziren bainuetxe batzuk) eta hiribildua udaldiak igarotzeko erabiltzen zuen nobleziarekin.

Espainiako Gerra Zibila izan eta gero, bainuetxeen moda ahaztuta, Elorrio Euskal Herriaren eta Durangaldearen industrializazioari lotu zitzaion. Hainbat industria bertan kokatzeak biztanle kopurua handitu zuen, harik eta 1980ko hamarkadan 8.000 ingurura iritsi arte.

Monumentu gunea Eremu Historiko-Artistiko izendatu zuten 1964an, jarduera turistikoari bidea zabalduz.

[aldatu] Demografia

XX. mendeko 60ko eta 70eko hamarkadetan Elorrioko populazioa bikoiztu egin zen. 1980tik aurrera biztanleria egonkortu eta apur bat jaitsi zen.

Elorrioko biztanleria

[aldatu] Politika

2011ko maiatzaren 22ko udal hauteskundeetan Bildu koalizioak jaso zituen boto gehien, eta bigarren EAJ alderdia izan zen boto-kopuruen distantzia laburrera.

Bildu koalizioak 6 zinegotzi lortu zituen, EAJ alderdiak beste 6, eta PP alderdiak zinegotzi bat eskuratu zuen. 2011ko ekainaren 11n egindako inbestidura ekitaldian EAJko Ana Otadui hautatu zuten alkate, bere alderdiaren 6 botoei eta PP alderdiko Carlos García zinegotziaren botoari esker.[1]

2007 2011
Alderdia Botoak Botoak
EAE-ANV 1.672 (%40,69) -
Bildu - 1.741 (%41,96)
EAJ-PNV 1.245 (%30,30) 1.505 (%36,27)
EHA-ACE 477 (%11,61) -
PSE-EE 373 (%9,08) 223 (%5,37)
PP 249 (%6,06) 276 (%6,65)
EA 93 (%2,26) Bildu koalizioan
EB-B - 161 (%3,38)
Abstentzioa 1.799 (%29,84)  %28,62

2011ko maiatzaren 22

Alderdia Zinegotziak Boto kopurua
Bildu
6
1.741 (%42,41)
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ)
6
1.505 (%36,66)
Alderdi Popularra (PP)
1
276 (%6,72)
Euskadiko Alderdi Sozialista (PSE-EE(PSOE))
-
223 (%5,43)
Aralar
-
199 (%4,85)
Ezker Batua - Berdeak (EB-B)
-
161 (%3,92)
Datuen iturria: Hauteskundeen emaitzak euskadi.net webgunean


[aldatu] Kultura

[aldatu] Ondare zibila

  • Argiñetako nekropolia: 23 hilobi ditu, IX. mendekoak, eta hiru hilarri, lehenagokoak, kristautasunaren aurrekoak. Antza denez, inguruetako ermitetatik ekarri ziren Argiñetara.
  • Don Telloren ataria: Aztarna bakarra garai batean hiribildua babesten zuen harresiarena.
  • Berriozabaletako iturria: Berpizkunde estiloan eginda, iturria eta garbitegia dauzka, dena paraje zoragarri batean. Manuel Berriozabaletakoak, Peruko goi agintari batek,agindu zuen eraikitzea, bere emaztearentzat, zeina baitzen jatorri inkakoa.
  • Esteibar-Arauna jauregia.
  • Arabio jauregia.
  • Apezpakoetxea jauregia.
  • Olazabal jauregia.
  • Lariz jauregia.
  • Urkizu jauregia.
  • Udaletxea.
  • Arriola Kultur Aretoa: Erdiguenan kokatua, 1989an abian ipini zuten antzerki, zinema eta beste kultura ekitaldi batzuk eskaintzeko xedez.

[aldatu] Eliza ondarea

Elorrioko eliza.

[aldatu] Elizak

[aldatu] Gurutzeak

  • Gurutzeagako gurutze gotikoa.
  • Santa Anako gurutze berpizkunde estilokoa.
  • Gurutzebarri gurutzea, estilo platereskokoa.

[aldatu] Ermitak

Elorriok 20 ermita ditu, auzoetan banatuta:

  • San Joan Bataiatzailea, Aldape auzoan.
  • San Jorge, Aldapen.
  • Santiago, Aldapen.
  • Santa Eugenia, Arabion.
  • Santa Eufemia, Araunetan.
   
  • San Esteban, Berrion.
  • San Urbano, Berrion.
  • Santa Katalina, Berriozabaletan.
  • San Martin Tourskoa, Gasteetan.
  • Andre Maria Gazetakoa, Gazetan.
   
  • Santa Katalina, Igurian.
  • Santa Luzia, Igurian.
  • San Lorentzo, Leanizen.
  • San Tomas, Mendrakan.
  • San Bartolome, Miotan.
   
  • San Antonio, Urkizuaranen.
  • San Jose, Urkizuaranen.
  • San Roke, Urkizuaranen.
  • San Adrian Argiñetakoa, Argiñetan.
  • San Fausto, San Fausto kalean.

[aldatu] Jaiak

  • Iraileko lehen igandean Ferixa Nausikoak izaten dira, astebeteko herriko jai nagusiak, dantza, berbena, kirol eta herri kirol lehiaketa, kultura jarduera eta abarrekin.
  • Urriko lehen igandean Errebonbilloen jaia izaten da, alarde militar bat. Jatorria udalerriak defentsa edota gerrarako zeuzkan milizietan omen dago. Herri azturaren arabera, ospakizunak milizia horiek Lepantoko gudatik itzultzean du oinarri. Herriko gazteek osatutako fusilero konpainia goizaldean eta arratsaldean ateratzen da eta herriko leku jakin batzuetan fusil deskargak egiten dituzte, aldatzen den leku bakarra alkatearen etxea dela. Arratsaldean Arrosarioko Ama Birjinarekin prozesioa egiten da, eta aurresku batekin amaitzen da Plaza Nagusian.

Auzoetan honako jaiak izaten dira:

[aldatu] Ikastetxeak

  • Elorrioko Herri Eskola.
  • Txintxirri ikastola: 1968an abiatua.
  • Lourdes Ikastetxea.
  • Maria Bitartekaria.

[aldatu] Zerbitzuak

  • Elorrioko anbulatorioa.
  • Anboto irratia.
  • Txantxibiri irratia.

[aldatu] Elkarteak

  • Eme Elorrioko merkatarien elkartea.
  • Erdella mendi elkartea.
  • Elorrio Txirrindulari taldea.
  • Gaztetxea.
  • Barriketan euskara elkartea
  • Intxorta Asti Elkartea
  • Besaide Dantza Taldea

[aldatu] Lagunarte gastronomikoak

  • Lagun Toki.
  • Pitxar.
  • Alkartu.
  • Buzkantz.

[aldatu] Elorriar ospetsuak

[aldatu] Erreferentziak

  1. EAJko Ana Otadui izango da alkate. Anboto.org, 2011ko ekainaren 12an kontsultatua

[aldatu] Bibliografia

  • Agirre, I. (1992) Elorrio. Herri monografia hurbilketa. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo.
  • Arregi, G. (1987) Ermitas de Bizkaia. Labayru Institutua. Bilbo.
  • Dyca, S.L. (2006) Elorrio, topalekua / Elorrio, punto de encuentro. Elorrioko Udala. Bilbo.
  • Fernandez de Arroiabe, G. & Lizarralde, E. (2002) Elorrioko gurutze, baseliza eta jauregiak. Elorrio.
  • Pagadigorria, S. (1979) La villa de Elorrio. Col. Temas vizkaínos, 57. zenb. Bizkaiko Aurrezki Kutxa. Bilbo.


[aldatu] Kanpo loturak

Commons-logo.svg
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak:
Elorrio
Portal.svg
Wikipedian atari bat dago honi buruz:
Euskal Herriko Wikiatlasa