Etxe-izenen gainean

Paskual Rekalde Irigoien

Azken aldi honetan esku artean izan dut Baztango etxeen telefono gida, Baztango Doike euskara taldeak 2005. urtean argitaratua. Auzolanean egindako lan horretan Baztango etxe eta baserrien izenak erakutsi nahi izan genituen, telefono-gidan halakorik ez zegoelako.

Liburuxkaren aitzinsolasean erraten da:

… Baztanen, nekazalgo eta gizarte egitura tradizionaleko euskal herri guztietan bezalaxe, etxeen izenak edo oikonimoak betitik arrunt erabiliak izan dira funtzio identitarioa betetzeko, hau da, jendeak bere burua ezagutzera emateko eta bertzeek jendea nor eta nongoa zen jakiteko. Baina azken urteotan, etxeen izenak, Baztango familiak, eta jendea oro har, identifikatzeko betitik hain erabiliak izan direnak galtzen ari dira oraingo egiturek eta jokamolde administratiboek ez baitituzte kontuan hartzen, oraingo gazteek ez dituztelakoz ikasten, eta batez ere, oraiko gizarte modernoan erabilera sozial eskaxa ematen zaielakoz.

Etxekoz etxeko egindako lan honetan, ezbaiak izan genituen taldekideen artean etxeari zer izen eman behar genion erabakitzerakoan. Batzuek nahiago zuten ahozko formak zeuden-zeudenean ematea eta bertze batzuek, berriz, uste zuten ahozko formez gainera forma idatziak ere eman behar zirela, garbi utziz forma idatziak erabili behar zirela etxearen aitzinaldean plaka bat paratu nahi bazen, errate baterako. Bigarren aukera honek egin zuen bidea, ongi bereiziz bi zutabetan ahozko forma ahalik eta batuenak eta forma idatziak [1]. Badut uste ez genion Euskaltzaindiari aholkurik eskatu. Parte horretan, segurik, “brikolatzen” ari izan ginen.

Lan hura akitu, argitaratu eta banatu zen. Dena dela, ez du segidarik izan; ez da ordutik hona berritu. Hortxe gelditu da erdi lo edo nonbait errauts hartzen. Gure inguruko bertze herri batzuetan, berriz, lan sakonagoak egin dira, hala nola, Etxalarren [2] eta Goizuetan [3]. Lan horietan etxe eta baserriei dagokien izena emateaz gainera, datu hauek ere ageri dira: ahoskera, etimologia, kokapena, argazkia…

Zortzi urte iragan dira eta ez dakigu zehazki gaur den egunean zer erabilera ematen zaion liburuxkari. Aski da itzuli bat egitea herri eta auzoetan barna ikusteko etxe zahar eta berri batzuen atalburu eta bazterretan izenak berriki paratu direla. Eta, eskuarki, zer izen paratzen zaio etxeari? Ahozkotik hurbilen dagoena, jakin gabe beharbada izen horren jatorria zein den eta nola bildu zen apeo eta erroldetan eta, maiz aski, etxeko jabetza-eskrituretan bertze modu batean ageri dela jakinagatik ere hura baztertuz (nahita, batzuetan). Alde batera utziko ditugu garai batean onddoak bezala hedatu ziren Gure Nahia, Gure Ametsa, Nire Ametsa, Gure Etxea, Gure Kuluxka, Leku Polita… [4]

Hartara, Nafarroan toponimoak nola idatzi diren jakiteko, hara zer erraten digun Andres Iñigok [5]:

XVIII. menderaino nahiko zuzen eta itxura aldatze handiegirik gabe transkribatu ohi [ziren] toponimoak Nafarroako agirietan. Desitxuratxe nabarienak XIX. eta XX. mendeetako agirietan aurkitzen dira, katastrokoetan gehienbat. Hortaz, XVIII. mendera arteko oikonimo guztiak oso gardenak ez badira ere, izen horietan ageri diren erreferentziak, neurri handi batean behintzat, nahiko ongi bermatzen ahal dira.

Desitxuratze horren lekukoa da gorago aipatutako liburuxkatik ateratako izen-zerrenda, eranskinekoa. Segur aski izen horien desirutxatzea, bertzeak bertze, baztaneraren lege fonetikoek eragindakoa izanen da; izan ere, badakigu forma idatziak ahozkoak baino kontserbadoreagoak direla, gehiago irauten dutela paperetan nahiz eta ikusi XIX. eta XX. mendeetan ahozko forma horiek (edo ingurukoak) ere izkribuetan lerratu direla eta XVIII. mende bitarteko izenak baztertu.

Eta ez da batere erraza jakitea, apeoetan-eta atzemandako izenak ondoan izan gabe, aipatu zerrenda horretako izen batzuk zer diren edo zer erran nahi duten. Hona hemen horietako batzuk: Artxea, Atxaborroa, Batzabalea, Datxipia, Delgañea, Dolantxea, Dolaetxea, Ertxuenea, Eskernea, Etxorgaraia, Gontxea, Iruin, Larroin, Miltzipenea, Mittonea, Sasternea, Segonea, Xornea… Bertze izen batzuk nahasgarriak izaten ahal dira gaztelaniarekin lotzen baditugu (Arbolenea, Zapatilleneko borda) edo euskararekin, Maixuenea.

Zerrendako izen horiek eta bertze hainbertze bizi-bizirik daude jendearen ahotan eta ez da batere erraza izaten jendeari azaltzea (ez denei) gutunetan edo etxearen atalburuan paratu nahi duen izen horrek izan baduela bertze izen bat, osoagoa, maiz jatorriarekin lotura duena (Ganbardenea < Juanberdenea; Gantxarginenea < Joanesarginenea; Mapixteneko borda < Mariperitzeneko borda) edo herri edo auzo batekin (Ertxuenea < Erratzuenea; Etxerraundia < Etxerriaundia) edo lanbide batekin (Barbañea < Barberenea; Bastornea < Basteronea) edo…

Nolanahi ere, ezbairik ez dut Etxalarko eta Goizuetako etxeen izenak biltzen dituzten liburuen modukoak behar ditugula eta gero lan horiek gizarteratu behar direla erakusketa, hitzaldi eta abarren bidez [6]. Era berean, bere etxeari izena paratu nahi diolako galdezka heldu denari proposamen argia eta zehatza egin behar zaio, ez dezan pentsa zerutik edo goragotik (gehienetan administraziotik) manatutako izen bat paratzera beharturik dagoela, azken finean, bere etxeari nahi duen izena paratzeko eskubidea baitu herritarrak. Badugu oraino lan ausarki egiteko.

ERANSKINA

ahozko forma

forma idatzia

Amosenea Amoresenea – Amorisenea
Amuxenea Amoresenea – Amorisenea
Androa Androra
Aranta Araneta
Arbiltoa Arribiltoa
Arbolenea Arbelenea
Arrontxea Arronetxea
Artxea Arretxea
Artxetxipia Arretxetxipia
Atxaborroa Arretxeberroa
Barbañea Barberenea
Barrantxea Barrenetxea
Bastornea Basteronea
Batzabalea Baratzezabalea
Bizarnea Bizarronea
Datxipia Jauregitxipia
Delgañea Delgadonea
Dendaiteko borda Dendarietako borda
Dolantxea Dolaretxea
Dolatxea Dolaretxea
Ertxuenea Erratzuenea
Eskernea Ezkerrenea
Etxenikia Etxenikea
Etxerraundia Etxerriaundia
Etxorgaraia Etxeberrigaraia
Ganbardenea Juanberdenea
Ganeskonea Joaneskonea
Gantxarginenea Joanesarginenea
Gontxea Goienetxea
Irebarnea Iribarrenea
Iruin Irigoien
Itxotoa Etxetoa
Jauzarrea Jauregizarrea
Larroin Larregoien
Lartezarrea Larrartezarrea
Lartxea Larretxea
Maisternea Maisterrenea
Maiturneko borda Mariturneko borda
Maiurdineko borda Mariurdineko borda
Maixtonea Mariarrastonea
Maixuenea Marixurienea
Malkornea Malkorrenea
Mapixteneko borda Mariperitzeneko borda
Maxenea Marixenea
Miltzipenea Migeltxipinea
Mittonea Migeltonea
Poskonea Peroskonea
Pudoineko borda Pordoineneko borda
Sasternea Sastrenea
Segonea Serorenea
Turburuko borda Iturburuko borda
Turriotzea Iturriotzea
Urrain Urrarin
Utxubia Urtsuegia
Xornea Xorrenea
Zamaillea Zamargillenea
Zapatilleneko borda Zapatagilleneko borda

[1] Gure iturri nagusiak ondokoak izan ziren:
- Nafarroako Gobernua, Nafarroako Toponimia eta Mapagintza / Toponimia y Cartografía de Navarra (I-LIX), Iruñea.
- Ondarra, F., 1984, «Apeo de Baztan (1726-1727)», CEEN 44, 5-47.

[2] Apezetxea, P. & P. Salaberri Zaratiegi, 2009, Etxalarko etxeen izenak, Etxalarko Udala.

[3] Perurena, P., P. Salaberri Zaratiegi & J. J. Zubiri, 2011, Goizuetako etxeen izenak, Pamiela, Iruñea.

[4] Zaharragoa da, jakina, Elbeteko Lekuederrea.

[5] Iñigo, A., 2008, «Izengoitiak Nafarroako oikonimia historikoan», IKER 21, 281-307.

[6] Euskal Onomastikaren Datutegia (EODA) aipatu nahi nuke hemen. Euskaltzaindiko Onomastika batzordearen lanak biltzen dira EODAn eta horien artean leku-izenak. Leku-izenei dagokienez, halaxe erraten da akademiaren web orrian: «Helburu nagusia da herri, kontzeju, auzo, kale, industrialde, ibai, etxe, baserri, baseliza eta bestelakoen izenak bildu, sailkatu, kokatu, aztertu eta dagokien formak finkatuak agertzea».

Utzi erantzun bat

Paskual Rekalde atalean

Corpusen adierazgarritasuna

Igone Zabala Unzalu

Nik ere hasiko dut, Jesus Maria Agirrek berea bezala, apirileko artikulu hau Egungo Testuen Corpusa (ETC) baliabide berriari erreferentzia eginez: ezinezkoa zait ezikusia egitea urte honen hasieran euskal corpusgintzak eman digun uzta oparoari.

Corpusek erabilera ugari izan ditzakete. Diseinatu direnean ezin aurreikus zitezkeen erabilerak ere izan ditzakete baina, nolanahi ere, xede jakin batzuetarako diseinatu behar dira corpusak, xede horiek baldintzatuko baitute neurri handian diseinua bera. Hizkuntzalaritza-ikerketak dira corpusgintzaren xede funtsezkoenetakoak: aztertu nahi diren hizkuntza-gertakarien ebidentzia enpirikoa eskuratzeko sortzen dira funtsean corpusak. Corpusean biltzen diren testuek karakterizatu nahi diren hizkuntza-gertakariak gauzatzen diren hizkuntza edo hizkuntza-aldaera ahal den eta hobekien islatu behar dute. Hortaz, adierazgarritasuna da corpusen ezaugarri garrantzitsuenetako bat. Corpus Hizkuntzalaritzaren alorreko ikertzaile aipatuenetakoa den John Sinclair-en hitzak ekarriko ditut hona ingelesez: mezua ez nuke horren zehatz adieraziko euskaratuz gero eta, gainera, zalantza-izpirik ez daukat foro honetako edozeinek nik baino egokiago emango lituzkeela hitzok euskaraz:

A corpus is a remarkable thing, not so much because it is a collection of language text, but because of the properties that it acquires if it is well-designed and carefully-constructed.

The guiding principles that relate corpus and text are concepts that are not strictly definable, but rely heavily on the good sense and clear thinking of the people involved, and feedback from a consensus of users. However unsteady is the notion of representativeness, it is an unavoidable one in corpus design, and others such as sample and balance need to be faced as well. It is probably time for linguists to be less squeamish about matters which most scientists take completely for granted.

Corpusek ezezagunak diren hizkuntzaren gertakariak edota ezaugarriak aurkitzeko balio dute, eta ebidentzia enpirikoa eskaini behar digute hizkuntzari buruz egiten ditugun hipotesiak egiaztatzeko edo gezurtatzeko. Nolanahi ere, erabiltzaileek corpusetik erauzten dituzten datuak egokiro interpretatu ahal izateko, ezinbestekoa da corpusa eraikitzeko oinarri modura hartu diren irizpideen berri izatea. Irizpide horiek, jakina, lotura zuzena izango dute corpusaren xedearekin. Argibideen bila jo dut, beraz, oraingoan hizpide dugun ETC corpusera.

Euskara Institutuaren web-atarian euskaraz sartuz gero, informazio gutxi aurkituko dugu corpusaren xedeaz: hitz kopurua, 2001-2011 urte-tarteko testuak biltzen direla eta izenburua. Izenburuak agerian uzten digu corpus sinkronikoa egitea izan dela xedea eta, bestelako xehetasunik ageri ez denez, corpus horretan gaurko euskara osoa islatu nahi dela pentsatu behar dugu. Izenburuaren azpian ageri den zehaztapena (21. mendeko ereduzko corpusa) zaila da interpretatzen, baina Ereduzko Prosa Gaur (EPG) dakarkigu burura. Harrigarria bada ere, beste hizkuntzetara jo behar dugu ereduzko horrek zer esan nahi duen jakiteko. EPG corpusak izenburu hauek ditu beste hizkuntza bazuetan: Prosa de Referencia (PR) / Contemporary Reference Prose (CRP) / Prose de Référence (PRC). Pentsa daiteke, beraz, ereduzko beste hizkuntza horien de referencia, reference, de reference mugatzaileen ordain modura erabili dela. ETC corpusera berriro ere etorrita, Corpus de Referencia del siglo XXI (ETC), Corpus of Contemporary Basque (ETC) eta Corpus du Basque Contemporain (ETC) ordainak aurkituko ditugu. Oraingoan euskarazko ereduzko horren argibide bakarra espainolezko de referencia dugu. Pentsa dezagun, beraz, ereduzko corpusa terminoa erreferentzia-corpusa terminoari dagokion kontzeptua adierazteko erabili dela.

Corpus Hizkuntzalaritzan reference corpus deritze xede jakin batekin diseinatzen diren corpusei. Erreferentzia-corpusen helburua da hizkuntzari buruzko informazio exhaustibo eta globala eskaintzea. Hortaz, corpus orokorrak edo orotarikoak izan behar dira eta hizkuntzaren erabileren estaldura handia izan behar dute. Alegia, nahiko zabalak izan behar dira hizkuntzaren aldaera garrantzitsu guztiak eta hizkuntzaren hiztegi bereizgarria islatzeko. Hortaz, erreferentzia-corpusa izateko xedea corpusaren beraren osaeran islatu beharko litzateke eta ETC corpusean bada osaerari buruzko informazioa. Testuen iturriari buruzko informazioa laburbildu dut beheko taulan, baina beste bi informazio mota ere ageri dira atal berean, alegia, itzulitako testuen proportzioa eta urtez urteko testuen proportzioa.

Prentsa     115,5
Berria 75,1
Egunkaria 17,0
Argia 10,2
Goienkaria 7,5
Herria 5,8
Literatura, saikaera 35,6
EPG-EPDko liburuak 16,5
Pentsamenduaren Klasikoak 5,6
Jakin 2,4
beste liburu batzuk 11,1
Zientzia, zuzenbidea 19,5
UEU 7,1
Zuzenbide Corpusa 5,8
UPV/EHU 5,6
ZT Corpusa 2,4
ZIO bilduma 1,0
Telebista (Goenkale) 7,4
Entziklopedia (Wikipedia) 24,5

Euskararen orotariko aldaerak daude islatuta ETC corpusean? eta era orekatuan islatuta al daude? Orekarena oso nozio zaila dela aitortzen dute Corpus Hizkuntzalaritzaren alorreko adituek. Geoffrey Leech-en hitzak hona ekarrita, corpus bat orekatua izan dadin, hizkuntza-aldaera desberdinen azpicorpusen tamaina hizkuntzan duten garrantziaren araberakoa izan behar da. Leech-ek berak aitortzen duen bezala, errazagoa da ados jartzea corpus bat desorekatua dagoela baieztatzeko, corpus bat orekatua dela esateko baino. Nolanahi ere, gutxi gorabeherako zenbait irizpideren arabera ebalua dezakegu ETC corpusaren oreka.

  • Lehen irizpidea idatzia vs ahozkoa izan ohi da eta, mundu zabaleko corpusetan ohikoa omen den bezala, begi-bistakoa da irizpide honen arabera ez dela inola ere orekatua ETC corpusa: idatzia % 96,35 / ahozkoa % 3,65. Kontuan hartu behar da hizkuntzetan ahozko ekoizpenek askoz ere proportzio handiagoa osatu ohi dutela idatzizko ekoizpenek baino.
  • Gutxiengo nabarmena diren ahozko testuak alde batera utzita, prentsa vs bestelakoak izan daiteke bigarren irizpidea. Hurrenez hurren, % 59,2 eta % 40,8 proportzioak aurkitzen ditugu irizpide honen arabera. Adierazgarritasunaren ikuspegitik oro har onartuta dago prentsak eragin handia duela hiztun-komunitate osoan eta, beraz, ondo islatuta egon behar dela erreferentzia-corpus batean. Ildo horretatik, irizpide honen arabera corpusa nahiko ondo orekatuta dagoela esan liteke.
  • Beste irizpide bat izan liteke testu-mota, eta irizpide horren hiru atal bereiziko genituzke: prentsako artikuluak vs Interneteko testuak vs bestelakoak. Irizpide honen arabera, proportzioak, %59,2, % 12,6 eta % 28,2 dira, hurrenez hurren. Oso zaila da jakitea proportzio horiek loturarik ba ote duten hizkuntzaren erabilera errealetan testu-mota horiek duten garrantziarekin.
  • Testuen espezializazio maila izan liteke beste ezaugarri bat. Zaila da irizpide hori aplikatzea, datu gutxiegi baititugu, baina demagun Zientzia, zuzenbidea izena daraman atala testu espezializatu(ago)ak biltzen dituelako bereizi dela besteetatik. Hortik testu espezializatuak vs testu ez-espezializatuak irizpidea ondoriozta genezake, eta berriro ere corpus osoa kontuan hartuta, % 9,6 vs % 90,4 proportzioak ditugu. Zaila da jakitea zer proportziotan egon beharko luketen islatuta erabilera espezializatuek era honetako corpus batean baina, lehen begi-kolpean behintzat, ez dirudi corpus hau oso egokia izan litekeenik, adibidez, hiztegi espezializatua aztertzeko.
  • Azkenik, Zientzia, zuzenbidea deritzon atalaren osaerari dagokionez, aipatu beharrekoa da, lehendabizi, atalez atal zehazten den hitz kopurua ez datorrela bat guztizko balioarekin. Izan ere, atalen hitz kopuruen batura 21,9 da eta ez 19,5, sarreran ageri den bezala. Bestalde, zuzenbideko testuak % 26,5 direla jakin dezakegu, baina gainerako % 73,5a ez dakigu zer espezialitate-alorretakoa den, ez eta zer proportziotan bilduta dauden alor desberdinetako testuak. Atal honetan, beraz, zaila da inolako ondoriorik ateratzea orekari buruz.

Egindako analisi azkarretik ateratako ondorioetan oinarrituta, ETC corpusari corpus oportunista esaten zaienaren itxura hartzen diot erreferentzia-corpus batena baino areago. Corpus oportunisten ezaugarria da lortzeko errazenak diren materialekin osatzen direla, eta ez aldez aurretik erabakitako irizpide batzuen arabera finkatutako xede jakin bat lortzeko. Nolanahi ere, ez dago zalantzarik corpus oportunista handi bat irizpide zehatzagoen arabera diseinatutako corpus orekatuago eta adierazgarriago baten ernamuina izan daitekeela.

Bukatzeko, ohar bat egin nahi nuke corpus honen kontsulta-interfazeak eskaintzen duen informazio ikusgarri bati dagokionez. Izan ere, urteetan zeharreko maiztasunak biltzen dituen grafikoa eskaintzen zaigu kontsultak egiten ditugunean. Adibidez, zelula lema bilatzen badugu, bestelako informazio esangarriez gain, era honetako grafikoa eskaintzen zaigu (ikus «Urtez urte»).

Informazio hori oso ikusgarria izanagatik ere, arreta handiz hartu behar dela uste dut. Izan ere, zalantzak izan ditzakegu corpusak oro har izan dezakeen orekari buruz, baina urtez urteko geruzak egiten baditugu, garbi dago nabariki galduko dela izan lezakeen oreka. Beste hitz batzuetan esanda, goiko grafiko horrek ez du esan nahi zelula hitzaren erabilerak igoera bat izan duenik 2007 urtearen inguruan eta ondoren erabilera mugatzen joan denik. Grafiko horrek esan nahi duena da 2007 urtean zelulei buruz ari diren testu gehiago daudela corpusean. Adibidez, maiztasun handi horren eragilea izan daiteke zelulen biologiarekin zerikusia du(t)en ikasliburu handi bat edo batzuk urte horretan argitaratu izana. Nire iritziz, datu diakronikoek zentzua hartzeko, urte-tarte zabalagoak hartu beharko lirateke kontuan eta zaindu beharko litzateke corpus osoan dagoen oreka gutxienez gordetzen dela urte-tarte bakoitzean. Osterantzean, hizkuntza-gertakarien arrazoi linguistiko edo soziolinguistikoekin zerikusirik ez duten elementuek erabat baldintzatuko dute datuen esangarritasuna.

Zalantzaz zalantza, zorionak ETC corpusaren egileei XXI. mendeko testu-bilduma handi hau biltzea lortzeagatik. Ezpairik gabe, euskararen gaineko ikerketak egiteko bide berriak zabalduko ditu eta egingo diren ikerketa berri horiek ere lagunduko dute etorkizuneko corpusgintzak are emaitza oparoagoak eta esangarriagoak eman ditzan.

Iruzkin 1

Igone Zabala atalean

Enkargua

Iñigo Aranbarri Alberdi

Denboralea generaman elkarrekin hitz egiteke. Segituan ezagutu nuen ahotsean.

—Fabore bat eskatzeko hots egin diat. Nahi baduk bidali nazak txoritara, baina utzidak hitz egiten.

Ezagutzen nuen. Ez ninduen harritu.

—Kontua duk ikasleak literaturara biziatu nahi ditudala, baina klasikoekin. Badakik, baina hasten haiz, eta dena duk Jainkoa, bekatua eta Miserikordiako madrea. Eta hala ez duk erraza. Horregatik pentsatu diat beharbada idatziko hidaala testu bat, hik egina, baina zaharren maneran, ez antzemateko moduko apokrifo bat.

—Adarrean ari haiz.

—Nahiago nikek.

Apokrifoa. Zuzen zebilen. Bidali behar nuen txakurraren salara.

—Hago. Hago pixka batean. Pentsatu diat ederra litzatekeela, ariketa egiten hasita, bazakiat asko eskatzea dela, baina gure gaur egungo eredutik aldentzea.

Hau ergela duk, pentsatu nuen neure artean.

—Esan nahi diat, erronka ederra dela idazle batentzat gaur ez bezala idaztea, ezta? Konparazio batera, Azkueren lexiko garbizaleari ihes eginda, Altuberen joskera estuari xirkoa eginda… ulertu didak, ezta?

—Ulertuko ez diat ba.

—Eta?

Isiltasuna.

—Emadak pare bat egun. Pentsatuko diat.

Epela naiz. Ez dakit zergatik esan nion pentsatuko nuela erabakia banuen, beharbada sinestuta nengoelako idatziz errazago esango niola topatzeko beste bat, ez zitzaidala ezer ateratzen-eta.

Nola ez dakidala, sukar gaizto batek harrapatu ninduen, ordea. Ordubete baino lehen, haren helbidea jotzen ari nintzen e-postan:

«Aitasantu berriarena ikusita, zer moduz San Frantziskoren hagiografia batekin ahaleginduko bagina? Hori bai, utzidak behintzat gaur egungo grafia erabiltzen. Ikasleek eskertuko ditek».

Ez dut erremediorik. Beroa zer den. Erantzuna jasotzerako, prest nituen aurreneko lerroak.

Altuberen sintaxiari ostikada eta Azkueren hiztegiari gibelekoa, aurreneko esaldian zihoazen. Jolas polita zen.

Berehala bidali nion lehen zatia:

Zen San Frantzisko animoso, goapo, garboso eta goranahia, eta hala bizarroki portatzen zena guzietan. Zuen arreba bat monja deskalza Gandian sandaren fama zuena. Honi eskribitzen zion aitak, nola bere anaia Frantziskok aitzinamendu asko ikusten zuen bere estudioetan Parisen, baina gastu anitz ematen ziola.

Urduri itxaron nion erantzunari. Ez segitzeko esango zidala, banekien. Nola esango zidan zen kontua.

Erantzuna ez zen nik esperotakoa izan baina.

«Ez nazak horrela utz, segi mesedez».

Bigarren zatia hurrengo egunean bidali nion:

Venezian enpleatzen zen asistitzen eriei ospitalean; eginez behar ziren zerbitzu guziak hain nola Kristo berari. Bertzeen artean zen bat llagaz, materiaz usain gaixtoz gogaitz ematen ziona. Sanduak garaitzeko, zer egin zuen? Begiratutz pobre hura, nola balitz Kristo bera, aplikatu zuen bere ahoa llagara, txupatu zion materia zeriona, eta azio honen kausaz egin zion Jangoikoak grazia, ez sentitzeaz handik aitzina gogaitzik batere halako lanetan, baizik debozio eta gustu.

Klasiko gore bat. Ez zegoen kexatzeko. Ordenagailua itzali eta ohean sartu nintzen. Zornetan zupa eta zupa ahoa. Hor zuen gazteak amuan harrapatzeko beita. Hurrengo egunean bidali nion falta zena. Harrezkero ez diot telefonorik hartu. Emailak heldu ahala ezabatzen dizkiot. Ikasleek zer pentsatzen duten, ez dakit.

Frantzisko ez dela Asiskoa, Xabierkoa baino, irakurri eta batera jakin zuen. Testua ez dela nirea, gaur.  Egilea Joakin Lizarraga da, Elkanoko erretorea.

Akatuko nau.

Utzi erantzun bat

Iñigo Aranbarri atalean

Txikitako hitz txokanteak

Juan Luis Zabala Artetxe

Txera samur bat diet haurtzaroko elebitasun basati samar eta azalpen filologiko gutxikoan aldiro-aldiro txokatuta uzten ninduten hitz batzuei: txoka(t)u - txoka(t)uta – txokante, antojua (eman) – antojagarri, xelebre, inuzente, kurioso-kurioso, sikiera, apenas, akaso, famatu… Gaztelanian dute jatorria guztiek, baina ez dira mailegu hutsak, mailegu moldatuak baizik, antzaldatzeraino bihurrituak.

Horietako batzuek ez dute lekurik egungo euskara batuan; beste batzuk zabaldu dira erabilera arautuetara, baina ez dira beti zuzen erabiliak izaten. Delikatuak dira, izan ere, gorputz batetik bestera pasatutako organoen antzera.

Adibide batzuk jartzea pentsatu dut, eta kasu batzuetan egiten diren akats nagusien berri ematea, nire senaren arabera betiere:

  • Txokatu (egin) zait zu hemen ikustea.
  • Txokatuta nago zu hemen ikusita.
  • Oso txokantea da zu hemen ikustea.
  • Antojua ematen didate zuk egindako babarrunek.
  • Zuk egindako babarrunak antojagarriak dira.
  • Ondo xelebrea duk hire egoera, hi heu bezain xelebrea ia-ia!
  • Zer inuzente klase haiz hi, halakoa? (Erabilera okerra da, aitzitik, nire senaren arabera, gaztelaniako inocente-ren baliokide moduan erabiltzea; ergel eta gaizto hitzen adierak batzen dituen hitz gaitzesgarria da, nire senaren arabera, inuzente.)
  • Kurioso-kurioso utzi ditu arropak ohe gainean. (Txukun-txukun utzi dituela adierazteko, jakina; ez jakin-minez.)
  • Sikiera zu ikusterik banu! (Erabilera okerra da, aitzitik, nire senaren arabera, gaztelaniako (ni) siquiera-ren baliokide moduan erabiltzea: Ez daukat sikiera zu ikusterik ere*.)
  • Apenas kantatzeko gogo handirik geratu zitzaion, hartu zuen muturrekoa hartu eta gero! (Erabilera okerra da, aitzitik, nire senaren arabera, gaztelaniako apenas-en baliokide moduan erabiltzea: Ez zaio apenas kantatzeko gogorik geratu, hartu duen muturrekoa hartu eta gero*.)
  • Akaso neu ere joango naun. (Erabilera okerra da, aitzitik, nire senaren arabera, gaztelaniako acaso-ren baliokide moduan erabiltzea: Hiri laguntzeko ez balitz, lan hauek hartuko nituela uste al dun akaso?*.)
  • Asko famatu zidaten mediku hura, baina ez zion nire gaitzari antzeman! (Erabilera okerra da, aitzitik, nire senaren arabera, famatu aditza ‘ospetsu egin’ adierazteko erabiltzea: Xaguei buruzko ikerketak famatu zuen zientzialari hura*.)

Eta nola segurua den oker eta motz aritu naizela, zuen oharren zain geratzen naiz.

4 Iruzkin

Juan Luis Zabala atalean

Txakur-bizimodua

Idoia Santamaria Urkaregi

aho-zabalka

Minutu bat, mesedez. Ea kafeak esnatzen nauen.

A ze gaua, alajaina. Hara orain; hemen dabil, otzan-otzan, kafe egin berria niri katilura ateratzen. Ohiko liturgia. Errudun sentitzen den guztietako penitentzia. Hilabete pasatxo darama aztoratua gure Mari Larrik. Azken bi asteak, erretxindua; herenegundik, berriz, antsietateak jota zeharo. Baina atzokoak marka guztiak hautsi zituen.

Bere mahai horretan bizi da aspaldi. Tira, beti izan da berezia mahai hori; ni hemen bizi naizenetik bai behintzat. Batzuetan —azken hilabetean, esaterako—, papertzarrez gainezka (gero, telefonoz berriketan ari denean, berriz esango du ez duela ia paperik erabiltzen: zera!); beste batzuetan, berriz, ebakuntza-gela bat baino esterilizatuagoa: bukatutako lanen karpetak —urdinak beti— mahaiaren ezkerraldean, bata bestearen gainean, txukun-txukun; haien ondoan, IRAKURTZEKOAK dioen kartoi baten azpian, beste tontor gero eta garaiago bat; eskuinean, lan hasiberrian behar dituenak eta egutegi txiki bat, zenbaki gehienak zirriborratuak dituena: medikua; bilera; aita; albaitaria (dios! ahaztuko ahal zaio!); masajista; ikastaroa; masajista (bai, berriz; maiz joaten da, ni ere susmoa hartzen hasita nago…). Egutegiaren ondoan, zapi txiki bat, zapi bera beti, ordenagailuaren pantailan pilatzen zaizkion hauts-pinportak kentzeko; eta errotuladoreak —punta finekoak—, ordenagailuaren ondoan: urdina, gorria eta beltza. Hiru beti, eta mahai gainean; ez gainerako errotuladore eta boligrafoak dituen potoan, ez, mahai gainean. Kafe-kikara, zuria beti, beti bera, eskuinean, ur-basoaren ondoan.

Makina bat ordu emana naiz ni mahai horren azpian. Leku atsegina da, ez pentsa, siestarako goxo-goxoa; lo-kanta ederra da ordenagailuaren xurrunga epela. Kontuz ibili beharra daukat, hala ere. Mahai gaineko ordenaz gainera, mahai azpikoa ere errespetatu beharra dago Mari Larriren etxean, ez baduzu nahi bat-batean ostiko bat hartu muturrean: ezin gehiegi hurbildu mahai azpiko kableetara, urduri jartzen baita bestela, ordenagailua itzaliko ote zaion beldurrez edo (a, Madame Ordenagailu: ez da traste sakratuagorik etxean). Oinen ondo-ondoan ere hobe ez jartzea; ez dago lo egiterik haren oinen zirkin urduri etengabeekin. Lo egitea, bai, baina, horretarako, haren bakarrizketara ere ohitu beharra dago. Batzuetan, behin eta berriz errepikatzen ditu esaldi batzuk, ozen, doinua aldatuta; edota beti berdin, mantrak balira bezala, pantailari so; beste batzuetan, tupustean, hor ekiten dio garrasika: «zer ostia?» «¿sin perjuicio de qué?» «kaka, zer du orain Wordek?» Adi halakoetan, benetan arriskutsu bihurtzen da-eta mahai azpiko oin-dantza. Atzo ere, eskapada ederra, biraoak abisua emanda.

Esana dut hilabete osoa daramala aztoratua. Itzulpen-eskaera bati baietz esan, itzultzen hasi eta lanari ekin bezain pronto hasi ziren komeriak (hori ere ez da berri-berria: aurrena lanari baiezkoa eman, eta gero hasten da kontuak ateratzen; ez dut sekula ulertu: badu zerbait zenbakiekin larriak larriagotzen dizkiona). Hasi zen lanean halako batean, baina behin eta berriz altxatzen zen aulkitik —ohi baino askoz sarriago—, sukalderako joan-etorri etengabean. Kafe bat. Ura. Txokolatea (alarma guztiak keinuka hortxe). Garbigailua. Arropa zabaldu. Aulkira berriz. Joan-etorri bakoitzarekin, ostiko bat. Eskerrak txokolate-apur batzuk erortzen zitzaizkion tarteka mahai azpira. Galtzaren barrenetik tira egin behar izan diot ia egunero, behingoz kalera atera eta maskuria hustuko banuen.

Horrela eman dugu azken hilabetea etxean. Penagarri. Paranoiaren mugan. Gero eta txokolate gehiago berak, gero eta paseo gutxiago nik. Atzo iluntzean, berriz, hekatonbea. Mahai azpian nengoen ni, epel-epel, erdi lo, izkina batean kiribilduta, eta, halako batean, mugimendu urduri errepikakor bat sumatu nuen buru gainean. Han ari zen nonbait gure Mari Larri, tekla bat sakatu eta sakatu. Brastakoan altxatu zen aulkitik, eta iruditu zitzaidan arnasestuka zihoala korridorean barrena. Telefonoz hizketan ere entzun nuen, baina ez nintzen mahai azpitik mugitu, badaezpada. Konturatu nintzen, hala ere, ez zela jada entzuten mahai gaineko ordenagailuaren xurrunga. Akabo. Madame Ordenagailuren konspirazioa. Kable-mugimendu bat nire ondoan, eta, danba, etxeko atea zartako batez itxita alde egin zuen doña Paranoiasek. Handik gutxira itzuli zen: atearen danbatekoa, alde egiterakoan bezalakoxea. Ni, zer gerta ere, mahai azpiko neure txokoan, geldi-geldi. Mahai gainean zebilen zarata entzunda, laster konturatu nintzen beste Madame bat ekarri zuela etxera. Ondo ezagutzen dut xurrunga sor hori. Baina horrekin ere ez zen lasaitu gure Mari.

Gainera, eta hau berria da, edaten ere hasi dela uste dut. Ez dakit zenbat denbora eman duen bart telefonoan, ordu txikietan, euskalbar gora eta euskalbar behera, isildu gabe, artzain-txakur bat txapelketa garaian baino urduriago. Taberna berriren bat, nonbait. Eta parte onekoa ez, efektuei begiratzera.

Kezkatzen hasita nago, hara. Ea kafeak baretzen duen.

Iruzkin 1

Idoia Santamaria atalean

Poetak ez dira itzultzaile onak

Gotzon Egia Goienetxea

Osip Emilievitx Mandelstam (1891-1938) XX. mendeko errusiar poeta onenen artean dago, aditu gehienen iritzia sinestera. Poesiaren uhin akmeista besarkatu zuelarik, haren ordezkari gorena izan zen, Anna Akhmatova, Nikolai Gumiliov eta Mikhail Kuzminekin batera. Poesia kultura unibertsalaren oroimina da beretzat, hitzak materiaren ahots dira, eta ahotsaren materia, harria. Hitz zuzen eta argiak maite ditu. Ez du sinbolisten bidea onartzen, haien ikuspen erlijiosoa, beste munduaren alderdi ezkutuak etengabe aditzera eman nahi hori.

Gaztaroan, boltxebikeen iraultzaren aurretik, ikasketak Frantzian eta Alemanian egin zituen. Iraultzaren osteko lehen urteetan, haurrentzako ipuin laburrak eta itzulpenak eginez irabazten zuen bizibidea. Bere burua outsider-tzat hartu zuen beti, berehala izan zituen arazoak agintari boltxebikeekin. Jazarpen propagandistikoa hasieran, gogortzen joan zena; Armeniara joan zen, gauzak baretuko ote ziren… Horrela, 1932an Stalinen aurkako poema bat idatzi zuen arte: handik aitzina, sobietar boterearen esetsaldi atergabea ibiliko zuen orpoz orpo. Askok diote, baina, epigrama bera baino larriago izan zela Aleksei Tolstoi sobietar idazleen buruzagiari 1934an eman zion masailekoa, auzi eztabaida hutsal baten erdian. Batera izan zein bestera, atxilo hartu zuten, lehenengoz, 1934an; deserrira bidali zuten, Ural mendien bazter ezkutu batera lehenik, Errusia erdialdeko Voronezh hirira gero, hiru urtez. Moskura itzulita, ostera preso altxatu zuten 1938an; hotzak eta goseak hil zen, urtearen amaieran, Ekialde Urruneko Vtoraya Rechka kontzentrazio esparruan, Vladivostoketik hurbil.

Haren alargun Nadezhda Mandelstam-ek Itxaropen guztien aurka oroimen liburuan bildu zituen senarrarekin batera ibili zuen bizialdi oinazetsua. Ihesaren eta miseriaren oldarraren erdian, hausnar egiten du literaturaz, gizatasunaz, poesiaz eta itzulpenez. Gauza gogorrak esaten ditu itzultzaileen gainean, senarraren iritziak bere hitzetara bilduta:

«Itzulpen prozesua guztiz sorkuntza poetikoaren alderantzizkoa da (…) Ez dut horrekin aipatu nahi, jakina, poeten fusioen mirakulua, Zhukovskirenean edo A. K. Tolstoirenean gertatzen dena, itzulpenak arnas berri bat dakarrenean gure poesiara (…) Halako arrakastak benetako poetek bakarrik lortzen ahal dituzte, eta horiek ere, gutxitan. Itzulpen soila ekintza arrazional bat da, hotza, bertsogintza soil bat (…) Itzulpen lana kontraindikatua zaio benetako poetari, poesiaren sorkuntza eragoztera ere iristen baita.(…)

Bolada batez, gure herrian poesia irakurtzeari utzi zion jendeak. Akhmatovak hala esan zuen horretaz: «Benetako poesiaren izatasuna da horrenbesterainokoa, non ordezko zerbait behin irensten duena pozoituta gelditzen baita betiko». Orain ostera irakurtzen da poesia, inoiz baino gehiago, jendeak ikasi baitu itzultzaile lanbidearen emaitza guztietatik bereizten».

Sinetsita hitz egiten dute Mandelstamdarrek pasarte horietan, benetako poeten talaiatik, goitik behera begiratzen digute traduktore aizundu eta faltsutzaileoi. Ez dira bakarrak, zoritxarrez: esango nuke letren hierarkia hori (goien, idazleak; behean, itzultzaileak) ikuspen zabaldua dela, gure artean ere, kirol izpiritu batek gobernatuko balu bezala egileen sailkapena. Idazle izan gaitezke mundura jaiotakoak, baina, horra, batzuek ez dute inoiz sormenaren Parnasora sartzeko giltzarik aurkituko, eta, besterik ezean, itzulpenak egitera ikusiko dute mugatuta beren arrunkeriazko existentzia. Hitz batera, idazle izateko balio ez duenak, itzultzaile izatera nahikotu beharko du. Alderantziz, jakina, Parnasoren giltzak sakelan dituenak ez du debekurik, ez mugarik, itzulpenaren ogiari kosk egiteko, behar duen guztietan, goseak hartara estutzen badu.

Agian, bizi beharrak bultzaturik egindako itzulpenen kalbarioaz ari da Mandelstam, itzulpengintza hain estimu apurrean hartzen duenean, urtetan bizibidea eman dion langintzarekin hain esker txarreko azaltzen denean. Poesiaren barne iturria ahitua aurkitzen zuenean, Mandelstamek frustrazioz beterik atxikitzen zituen ogibidezko itzulpen haiek. Etsipenaren gailurrera iritsi zen 1928an, Till Eulenspiegel, Herbehereetako eta Alemaniako folkloreko kontakizunaren bigarren argitalpen bat itzultzeko eskatu ziotenean. Lehen edizioaren itzultzailearen izena jartzea ahaztu zitzaion Mandelstami; plagio salaketa bat jarri zion hark, eta, atzetik, sobietar agintarien susmo guztiak abiatu ziren Mandelstamen urratsak gertutik zelatatzera. Armeniara joateko garaia heldu zen, baina nori itzuriz? Sobietar jazarpenari ala itzulpenaren lokatzetan zikintzera behartutako poeta zapuztuari?

Poeta onak, gehienetan, itzultzaile kaskarrak izaten dira. Okerrenak, itzulpena zer den ulertu gabe ere itzulpengintzan aritzeko oilarkeria dutenak. Zorionez, salbuespenak badira, noski; hor dugu Gabriel Aresti bat, edo hor dugu itzultzaileen lana eskuzabaltasunez begiratzeko adimena zuen Jorge Luis Borges bat:

«Yo he sido inventado por mis traductores. Y los prefiero, ya que salgo muy mejorado».

Justo R. Molachino, Jorge Luis Borges, Jorge Mejía Prieto, Borges ante el espejo

Utzi erantzun bat

Gotzon Egia atalean

Aukera elemenia dugu

Iñigo Errasti Aranbarri

Sarritan aipatzen den gauza da bide-seinale lagungarri gertatzen direla –hala esaldien katea antolatzeko nola irakurleari bidea erosoago erakusteko– kasuan-kasuan perpausen aurrean jartzen diren markak: nahiz (eta), zeren (eta), baldin (eta), nola…-(e)n, ezen

Perpaus mailako aurrekarien saila, beraz, pentsa litekeen baino ugarixeagoa da. Sintagma barruko antolaketari dagozkionak, berriz, ez dira hein berean ugari; alegia, izenaren inguruko osagaiak zurrunago-edo direla beren kokalekuetan.

Dena dela, gaurko ekarpenean, ugaritasuna adierazteko erabiltzen ditugun zenbait osagai azaldu nahi nituzke, azal-azaletik bada ere, eta erakutsi badela, haien artean, ezker-eskuin jokatzeko modua ematen duenik.

Ugaritasuna adierazteko, bada, aukeran ditugu baliabideak; zenbatzaileetatik hasi eta izen, izenondo nahiz adizlagunetaraino: asko, anitz, ugari, franko, pila, pilo, mordo, hamaika, makina bat, ezin konta ahal(a), samalda, andana, elemenia

Haietariko batzuek, leku finkoa dute izenaren inguruan: ugari, esaterako, izenaren eskuinean kokatzen dugu, nahiz eta bestela jokatzen duen adizlaguna denean.

Beste batzuek, euskalkien arabera hartzen dute posizio bat edo bestea:

Asko matel-hezur gorritu ziren eta asko begi argitu (Laffitte).

Lotsagabe begiratzen zioten kalean oztopatzen zitun mutil gazte askok (T. Agirre).

Egia esateko, hegoalde guztian ere erabili izan da (eta, inoiz, erabiltzen da) asko izenaren aurretik, baina esango nuke izenaren ostean jartzen dugula, nagusiki, gaur egun.

Hala ere, bi horiek bezain arruntak ez diren beste batzuk aipatu nahi nituen, erdaretako izen-esapide «jasoagoen» ordain legez erabiltzen direnak: multitud, infinidad, gran número, una lluvia de, une série de, une suite de

Halakoetarako, besteak beste, andana (bat), samalda (bat) edo elemenia (bat) dauzkagu. Badakit ez direla elkarren sinonimo peto-petoak, baina, adiera batean, esparru semantiko berekoak direla esan liteke.

Printzipioz, aurretik hartu ohi dute hirurek izena:

Gobernamenduak ororen sakelatik atxik bitza mota guzietako eskoletxe andana bat. (Buruxkak)

Han etorri zitzaion aingeru-arkitekto samalda bat. (Sagua, eulia eta gizakia)

Eta berehaha bidera atheratu zitzaioeten gizon elemenia batekin. (Testament zaharra – Duvoisinena)

Hirurotariko batek, ordea, badu izena eta haren osagaiak bere eskuinean kokatzeko aukera. Eta, halakoetan, aurrekari moduko bat dela esan genezake:

Bere bekhatu-oste izigarria, elemenia bat bekhatu, bereak eta bertzerenak, egundaino menturaz kontutan hartu etzituenak. (Meditazioneak gei premiatsuenen gainean)

Horrek, behar dugunean, aukera ematen digu izen sintagma konplexuagoak eskuinean kokatzeko, elemenia bat aurretik jarriz bide-seinalearena egiten nolabait; edo balio lezake, bestela ere, izen sintagma konplexu baten osagaiak elemeniaren ezker-eskuin banatzeko:

(…) jaio, hazi, ugaldu eta hilko ziren elemenia bat izakiz hornitua (…) (Sagua, eulia eta gizakia)

Ereduzko Prosa Gaur eta beste zenbait bilatzailetan begiratuta, ikusi dut ez dela andana/samalda bikotea bezain ugari agertzen elemenia, eta horrexegatik ekarri dut hona, baten bati baliagarri gerta dakiokeelakoan. Barkatu txarto esanak.

Utzi erantzun bat

Iñigo Errasti atalean