Artxiboa laburpen hitzeka: sintaxi-arazoak

EZENen beste erabilera bat

 Jesus Maria Agirre Berezibar

Batzuek pentsatuko dute Xabier Amurizaren propagandista bihurtu naizela. Niri, ordea, harrigarria egiten zait zer eztabaida gutxi piztu duen, itxura batean, itzultzaile-jendearen artean bere Zazpi ebidentzia birjaiotzarako liburuak, nahiz eta euskara estandarraren muineko arazo batzuk plazaratu dituen, alternatiba ausartak, horietako batzuk diskutigarriak, eginez. Ni oraingoan ere sintaxiako puntu bati lotuko natzaio, pentsaturik ekarpen funtzional eta onargarri bat egiten duela Amurizak euskararen koxka baten inguruan.

Ezer baino lehen komeni da aztergaia ondo kokatzea dagokion ingurumarian. Amurizaren hitzez baliatuz, batetik daukagu «gure atzekoz aurrerako sintaxi zorioneko hori»; bestetik, batzuetan sintaxia hori inberbitu nahia sortzen da, «behar delako, komeni delako, edo, soilki, halaxe egiteko kapritxo literarioa dugulako»; azkenik dio «hizkuntza garatu baten sintaxiak ezin du sinplea izan, konplexua baizik», eta euskararentzat erreklamatzen du «sintaxi adultu bat», «artazien metodo primario»tik haragokoa.

Nik neurez gogoeta merke batzuk erantsiko ditut. Lehenik, beharrizanak sortzen du organoa, beraz beharrizan komunikatiboak sortzen ditu baliabide linguistikoak, eta ondorioz, sintaxian behar dugu askatasuna bai baina batez ere automatismoak eta baliabide funtzionalak. Bigarren, komeni da progresio linguistikoa eta tematikoa eskutik joatea, direkzio berean, eta ez elkarren kontrakoan, bestela gure adierazpena ez da funtzionala izango. Azkenik, hizkuntza baten hizkera jasoan esamolde berriak probatu eta plazaratu daitezke, eta horiek baliteke hasiera batean behartu-kutsu bat edukitzea, baina erabiliaren poderioz onarpena lortu dezakete.

Eta noan orain hizpide neukan kontura: EZEN, izen baten menpeko perpausen iragarle. Amurizak dio: «Ez nuke esango erlatiboa bezain garrantzitsua, baina izen baten menpeko perpausen egitura hau neurtezina da bere maiztasun eta aplikazioan. Azalpen akdemikoetan ez dakit zenbateraino, baina literaturan etengabe topo egiten da beragaz. Itzulpenetan ere, bera dateke, seguruenik, itzultzaileen buruhauste nagusietako bat. Soluzio oso zehatz, erraz eta praktikotzat EZEN partikula proposatzen nuen, eta horretan darrait. Izen baten menpeko funtziodun partikula honek ondoren etor daitekeen konplexutasun guztiaren jakitun jartzen zaitu. (…) Konplexutasuna errazteaz gainera, beste esprezio modu bat eskaintzen du, esaldi laburrago eta errazagoetan ere, elementuen kateatze diferenteak posibletuz».

Eta adibide batzuk ematen ditu, erreferentziako izen hori agertzen delarik nominatiboan edo beste kasu batzuetan, soilik edo izenondoekin edo izenlagunekin, bera bakarrik edo esaldi batean sartuta:

  • Nire gogoan, mirariaren kontzientzia irrefutable bazen, haren fedean ez zen txikiago konbikzioa ezen inspirazio zerutar batek bultzatu zuela nigana.
  • Arrisku alua bestea zen, infernuaren beldurragaz batera, zeruaren fedea galtzea, mendeak igaro ondoren kontsignaz ezen ez zela komeni zeruaren poza gehiegi zabaltzerik, sinestunen euforia sumisioen gainera igo ez zedin.
  • Denbora, denbora dirdaikorra, seminariotik etxerako bezpera eta gau delirante haietan bezalatsu nabari dugu, zoramen erantsiagaz ezen, oraingoan, geuk ez bestek ez dakiela, ez duela imaginatzen ere, bihar etxera goazenik.
  • Batzuentzat mirariz, beste batzuentzat paradoxaz, izaera moraletik at bizi den arte-senak (artista humanoki ankerrenak ere berdin hunki zaitzake) ilusio orokorra sentiarazi zuen ezen musikaren eragin zirraragarri hura diktadorearen emanazio bat zela.
  • Separazioa sakondu egingo da, ondoriozko arriskuz ezen eliz autoritatean defentsa-erreakzio estremo bat eragingo duela, botere zibilean babestuz.

Erabilera horri buelta eta errebuelta eman ondoren, onargarria iruditzen zait (erabilera minoritario eta literario gisa, noski), mekanismoa sinplea eta oso funtzionala delako. Badakit adierazi horiek emateko egitura kanonikoa «atzekoz aurrerako sintaxi zorioneko hori» dela («zuelako konbikzioa»), baina horixe da ba koxka, batzuetan ez dela funtzionala. Eta, hizkera jasoan gutxienez, zilegi da egitura zurrun batzuen ordez alternatiba linguistikoak plazaratzea eta probatzea, geroaren esanaren zain. Eskerrik asko Amurizari bere ekarpenagatik.

3 Iruzkin

31 eskutik atalean

Esaldi itzulerraz bat itzultzen

Iñaki Iñurrieta Labaien

Las más vehementes aspiraciones de los súbditos de un país no debidamente regido por instancias gubernamentales están condicionadas por una multitud de factores que las hacen más o menos realizables en cada ocasión.

Agustín García Calvo hil berriak dioenez (Karlos del Olmok herenegun ItzuL zerrendan In memoriam estekatutako artikulu aspaldiko, Senezen agertu batean), errazagoa omen da esaldi hori —maila kontzientetik gertukoa, Kulturan ondo bildutakoa— itzultzea, “Pues, anda que el otro” esaldia baino —hots, subkontzientean barneratuago, Kulturatik urrunduago dagoen esaldi bat baino—.

Zuri, berriz, esaldia irakurri orduko, iruditzen zaizu hor ere aurkituko dituzula, besteak beste, hizkuntza pospositibo, atzerakargatu honek egunero aurrez aurre jartzen dizkizun sintaxi-arazoak. Proba dezagun, ia aldi bereko interpretari batek bezala, bat-batean, hiztegietara-eta jo gabe. Hor ekin diozu:

Herrialde bateko sujeten nahikaririk suharrenak…

Geldi hor: erdaraz ondoren datorrena aurrean jartzea litzateke normalena, izenlagun gisa. Has gaitezen berriro:

Gobernu-instantziek behar bezala gobernatu gabeko herrialde bateko herritarren nahikaririk suharrenak…

Alto berriro. Atzerakarga handiegia… Ea izenlagun luze hori eskuineratuta…:

Herrialde gobernu-instantziek behar bezala gobernatu gabe bateko herritarren nahikaririk suharrenak…

Irakurgarriagoa ote horrela? Irakurle molde horretara trebatu batentzat, akaso, bai… Zalantzak sortzen dizkizu  “Herrialde gobernu-instantziek” horrek. Izenondoa jartzerik balego herrialderen ondoren… moderno, europar, burujabe… testuinguruan egoki letorkeen izenondoren bat. Honela, adibidez:

Herrialde moderno, gobernu-instantziek behar bezala gobernatu gabe bateko herritarren…

Argiagoa, baina hori tranpa egitea da, jatorrizkoan ez da halako izenondorik…

Dena den, erdia besterik ez duzu egin. Beste erdia falta zaizu. Ea, pausoz pauso…

baldintzatuta daude…

hainbat eta hainbat faktorek baldintzatuta daude… baldintzatzen dituzte.

abagune bakoitzean egingarriago egiten dituzten hainbat faktorek baldintzatzen dituzte.

Arindu dezagun erlatibo hori:

hainbat faktorek baldintzatzen dituzte, abagune bakoitzean egingarriago egiten dituzten faktoreek.

Tira, badirudi egina dagoela. Jar dezagun dena batera, ea nola irakurtzen den:

Herrialde (europar/moderno/burujabe,) gobernu-instantziek behar bezala gobernatu gabe bateko herritarren nahikaririk suharrenak hainbat faktorek baldintzatzen dituzte, abagune bakoitzean egingarriago egiten dituzten faktoreek.

Osorik irakurrita, bistan da subjektua eta aditz nagusia aurreratzea komeni dela:

Hainbat faktorek baldintzatzen dituzte herrialde (europar/moderno/burujabe,) gobernu-instantziek behar bezala gobernatu gabe bateko herritarren nahikaririk suharrenak; abagune bakoitzean egingarriago egiten dituzten faktoreek.

Irakurgarria al da aukera horietakoren bat? Jatorrizkoa bezain irakurgarria/irakurgaitza? Nola itzuliko luke esaldia aldi bereko interpretari batek? Ziur asko, automatizaturik ditu prozesu horren pausoak; animatuko balitz deskribatzera…

3 Iruzkin

Iñaki Iñurrieta atalean