Bordele
Bordele |
||
---|---|---|
Akitania | ||
|
||
Izen ofiziala | Bordeaux | |
Estatua Eskualdea Departamendua Barrutia |
Frantzia Akitania Gironda (33) Bordele |
|
Alkatea | Alain Juppé (UMP) (2008-2014) |
|
Herritarra | bordelar | |
Koordenatuak | 44°50′19″N 0°34′42″W / 44.83861°N 0.57833°WKoordenatuak: 44°50′19″N 0°34′42″W / 44.83861°N 0.57833°W | |
Eremua | 49,36 km2 | |
Posta kodea | 33000, 33100, 33200, 33300, 33800 |
|
Biztanleria | 236.725 bizt. | |
Dentsitatea | 4.795,89 bizt./km² | |
Sorrera | Bordigala erromatar hiria | |
Aglomerazioa | Bordeleko Hiri Erkidegoa (CUB) | |
INSEE kodea | 33063 | |
http://www.bordeaux.fr |
Bordele[1] (frantsesez Bordeaux, bɔʁ.do ahoskatua; gaskoieraz Bordèu) Frantziako hego-mendebaleko Akitaniako eskualdearen eta Girondako departamenduaren hiriburua da, bertan prefektura baitago.
2008an 250.000 biztanle baino gehiago zituen, eta metropoli-guneak 1.105.000 inguru, Frantziako seigarren handiena izanik. Zortzi "kantoi" edo auzotan banatuta dago. Herritarrek bordelar izena dute (frantsesez: bordelais).
Bordele hirigune nagusienetariko bat da munduko ardogintzan. Sektorearen azoka nagusia, Vinexpo,[2] bertan egiten dute eta eskualdean urtero 14,5 bilioi euroko salmental dituzte.[3] Eskualdean VIII. mendetik aurrera ekoiztu dute Bordeleko ardoa ospetsua. UNESCOk XVIII. mendeko hirigune historikoa Gizateriaren Ondare izendatu zuen "hiri eta arkitektura-multzo aparta" delako.[4]
Eduki-taula |
[aldatu] Inguru naturala
Ozeano Atlantikotik 98 kilometrotara, Parisetik 500 kilometrotara, Pauetik 172 kilometrotara, Tolosa Okzitaniatik 220 kilometrotara eta Donostiatik 200 kilometrotara dago.
Garona ibaiak hiria zeharkatzen du; hirigunearen parean ia 500 metroko zabalera du. Horri esker, itsasontzi handiak hara ailegatzekjo gai dira nahiz eta egun gehienak bokalean geratzen dira. Garona zeharkatzen duen azken zubia Bordelen bertan dago. Ibaiaren ezkerraldean ordoki zabala du, batzutan padurek ureztatua.
[aldatu] Klima
Bordeleko klima ozeanikoa da (Köppenen sailkapenaren arabera Cfb); hala ere, eskualde ozeanikoak baino uda beroagoak eta negu epelagoak ditu. Edonola ere, euri ugari egiten duenez ezin dugu klima mediterraneoaren barnean sailkatu.
Atlantikotik datozen mendebaldeko haizeek neguak epeltzen dituzte eta, era berean, Bizkaiko Golkoko uraren tenperaturak udak epeldu eta luzatzen ditu. Bataz besteko neguko tenperatura 6,53 °Ckoa da, baina klima aldaketa dela eta, azken neguak zertxobait beroagoak izan dira. Hotza arrunta bada ere, bitxia da elurra ikustea, hiru urtetan behin egiten baino ez duena. Bataz besteko udako tenperatura 19,51 °Ckoa den arren, 2001etik aurrera uda guztiak hori baino beroagoak izan dira, 2003koa (23,3 °C bataz besteko tenperatura izan zuena) errekorra izanik.[5]
Datu klimatikoak (Bordele-Mérignac (1971–2000)) | |||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Hilabetea | Urt | Ots | Mar | Api | Mai | Eka | Uzt | Abu | Ira | Urr | Aza | Abe | Urtekoa |
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) | 10.0 | 11.7 | 14.5 | 16.5 | 20.5 | 23.5 | 26.4 | 26.6 | 23.7 | 18.8 | 13.4 | 10.7 | 18.1 |
Batez besteko tenperatura (ºC) | 6.4 | 7.6 | 9.6 | 11.6 | 15.4 | 18.3 | 20.8 | 20.9 | 18.1 | 14.2 | 9.4 | 7.3 | 13.3 |
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) | 2.8 | 3.4 | 4.6 | 6.6 | 10.3 | 13.0 | 15.1 | 15.2 | 12.5 | 9.5 | 5.5 | 3.8 | 8.5 |
Pilatutako prezipitazioa (mm) | 92 | 83 | 70 | 80 | 84 | 64 | 55 | 60 | 90 | 94 | 107 | 107 | 984.2 |
Prezipitazio egunak (≥ 1 mm) | 12.5 | 11.3 | 11.2 | 12.0 | 11.5 | 8.9 | 7.0 | 7.8 | 9.6 | 11.3 | 12.5 | 12.6 | 128.2 |
Eguzki orduak | 107 | 114 | 180 | 177 | 222 | 225 | 243 | 243 | 183 | 134 | 91 | 72 | 1992 |
Iturria: Météo France[6] |
[aldatu] Historia
Erromatarren "Burdigala"-ren aztarnak ikusgai dira oraindik Bordeleko kaleetan. Cardus Maximus eta Decumanus Maximus delako antzinako kaleak egungo hiriko erdiguneko kale nagusiak dira (Rue Sainte-Catharine eta Cours de l'Intendance, hurrenez hurren). Izan ere, Biturigarren hiriburua erromatarren garaian (Vituriges Vivisci, Burdigala), IV. mendetik aurrera, Akitaniako II. hiriburu bihurtu zen Bordele[7]. Erromako inperioaren garaian, Euskal Herria hego-iparralde zeharkatzen zuen galtzada batek lotzen zituen Galiako Burdigala (Bordele) eta Hispaniako Asturica (Astorga).
498. urtean frankoek Bordele hartu zuten, mendeetan amaitu ez zen gatazka bati hasiera emanez. Akitaniarrek eta euskaldunek, frankoen aurka bat eginik gehienetan, eutsi behar izan zioten 732. urtean Abdul Rahman Al Ghafiqiren erasoari, baina Oto I.a Handia gidari zuten oste eusko-akitaniarrek Bordele aldean makurtu behar izan zuten arabiarren aurrean; geroago, ordea, musulmanen aurrean garaipena erdietsi zuten frankoekin batera (Poitiersko gudua (732)). 816. urtean, Sigin Bordeleko kondea euskaldunekin batera altxatu zen frankoen kontra, baina Iruñean babesturik egon ondoren, gudu batean hil zuten franko germaniarrek[8]. Akitaniako dukerriarekin batera, Bordele Ingalaterrako koroaren mende geratu zen 1154an.
XV. mendean Frantziako koroak betiko konkistatu zuen Bordele (1453, Castillongo gudua) eta Luis XI.ak bertan ezarri zuen Guienako parlamentua. Merkatari eta itsas hiri garrantzitsua izaki betidanik, lotura estuak izan zituen Bordelek euskal portu guztiekin eta XVIII. mendean Espainiako inperioaren ahuleziak erakusten hasi orduko Garonako portuak hazkunde handia izan zuen, Antillekiko merkataritzari eta esklaboen salerosketari esker[9]. Girondinoen hiriburua izan zen, Iraultzaren garaian[10], eta borboitarren alde agertu zen 1814an.
Bigarren Mundu Gerran, Euskal Gudarien Brigadaren ekintzek berebiziko garrantzia izan zuten, Bordeleko hiria aleman naziengandik askatzeko (1944).
[aldatu] Demografia
1999ko erroldaren arabera, udalerriak 215.363 biztanle zituen. 2005ekoan berriz hazkunde handia nabari zen 230.600 biztanle erroldatuak zeudelako. Gehienak frantziarrak izan arren, badaude italiar, espainiar (Bordeleko biztanleriaren %20a espainiar arbasoen bat du), portugaldar, turkiar, alemaniar eta magrebtar komunitate handiak ere.
Bordelek egun 235.000 biztanle inguru ditu, Frantziako bederatzigarren hiririk handiena izanik. Baina inguruko eremu metropolitarra kontuan harturik, milioi bat biztanle baino gehiago dituena, seigarren handiena da.
Gertuko Communauté urbaine de Bordeaux-k 27 udalerri eta 714.727 biztanle ditu.
|
[aldatu] Ekonomia
Bordele Frantziako hego-mendebaleko hiri garrantzitsuena da. Frantziako seigarren portua (10.012.000 tona 1984an), bertatik banatzen dira Bordeaux ardo ospetsuak. Aerodromoa (Mérignac), petrolio findegiak (Bec d´Ambès, Pauillac), ontziolak, industria metalurgikoa, elektrikoa, hegazkinak, janari industria, zurgintza, kimika industria.
[aldatu] Kultura
[aldatu] Ondarea
Paris ondoren, Bordele da Frantzian monumentu historiko izendatuta eraikin gehien dituen bigarren hiria. Horien artean da Bordeleko katedrala.
Hiriko kaiak (Port de la Lune), Garona ibaiaren ertzetan eraikitakoak, UNESCOk izendatu ditu Gizateriaren Ondare.
Pessac auzuneko Cité Frugès delako hirigintza-antolakuntza modernoa, Le Corbusier arkitektoak 1924an diseinatua, eta gaur egun Zone de Protection du Patrimoine Architectural Urbain et Paysager gisa sailkatua.
[aldatu] Hezkuntza
Bordeleko Unibertsitatea Frantziako osoko garrantzitsuenen artean dugu. Lau zentro nagusi hartzen ditu barne. 1441ean Pey Berland artzapezpikuak sortua, Frantziako Iraultzak 1793an desegin arren, 1808an Napoleon I.ak berrezarri zuen. Egun, 70.000 ikasle inguru ditu eta Europa osoko campus handienetariko bat (235 ha) du.
Unibertsitatetik kanpo goi-eskola asko ere baditu, ingeniaritza, enpresa eta hainbat zientzia irakasten dituztenak.
[aldatu] Gastronomia
Gastronomian, mundu mailan ezaguna dugu Bordeleko ardoa. Gorri zein zuria, eskualdean 14.000 ekoizle, 117.514 ha-mahasti, 400 merkatari inguru daude. Gorria egiteko cabernet sauvignon, cabernet franc, merlot, petit verdot eta malbec barietateko mahatsak erabiltzen dituzte. Zurirako, berriz, sauvignon blanc, sémillon eta muscadelle. Urtean bataz-besteko ekoizpena 960 milioi botilakoa da[12].
Hiriko gozogintzaren izarra canelé izeneko bizkotxoa da, XVIII. mendean Deikundearen mojek asmatua. Lanproia, entrecôte eta behiki bordelar erara ere ospetsuak dira.
[aldatu] Eraikinak
- Pont de pierre
- Eliza zahar ugari daude Bordelen: Saint-André (XII. mendeko habeartea, XIV. mendeko koroa), Sainte-Eulalie eliza (XII-XVI m.), Sainte-Croix eliza (XII-XIII m.), Saint-Michel eliza (XIV-XVI m.) eta Saint-Michel dorrea, Frantziako hegoaldeko orratzik luzeena (109 m) eta Notre-Dame eliza (XVII-XVIII).
- Gallien jauregiaren eta anfiteatro baten hondakinak (III. m.).
- XVIII. mendeko lan aipagarriak: Bordeleko Antzoki Handia (V. Louis, 1773-1780), prefetura eraikuntzak, La Place de la Bourse (Gabriel), udaletxea, artzapezpiku egoitza zaharraren ondoan eta Le Jardin Public lorategi-pasealekua (Tourny, XVI. m.).
- Antzinako hiriko ateak: Porte de la Grosse Cloche (XIII-XV. m.), Porte de Bourgogne eta Porte d´Aquitaine (XVIII. m.).
- Artzapezpikutegia ere badago.
- Stade Jacques Chaban-Delmas: Girondins de Bordeaux futbol taldearen estadioa.
[aldatu] Hedabideak
Sud Ouest eskualdeko egunkariak hiri honetan dauka egoitza nagusia. 20 minutes, Direct Bordeaux 7 eta Métro doako egunkariak bordelar argitalpenak ere badituzte.
France 3 Aquitainek hirian France 3 Bordeaux-Métropole izeneko kanala du[13].
[aldatu] Kirolak
Girondins de Bordeaux futbol taldea hiriko kirol-talde ospetsuena da, bere etxeko partiduak Stade Jacques Chaban-Delmas estadioan jokatzen dituelarik. Estadio honetan Union Bordeaux Bègles errugbi taldeak ere jokatzen du, egun Top 14 ligan dabilena.
Cricket talde bat ere badu, Frantziako indartsuenetariko bat dena. Txirrindularitzan 250 metroko zurezko belodromo bat, Vélodrome du Lac, du Pistako Txirrindularitza UCI Munduko Txapelketaren probak antolatzen duena. Gertuko Côte d'Argenten surflariak aritzen dira, batez ere, Lacanaun.
Hauexek dira talde profesionalak:
Izena | Kirola | Maila | Egoitza | Sorrera | Tituluak |
---|---|---|---|---|---|
Girondins de Bordeaux | Futbol | Ligue 1 | Stade Chaban-Delmas | 1881 | 6 |
Union Bordeaux Bègles | Errugbi | Top 14 | Stade Chaban-Delmas | 2006 | 9 |
JSA Bordeaux Basket | Saskibaloi | Pro B | Salle Jean-Dauguet | 1938 | 0 |
[aldatu] Bordeletar ezagunak
- Pierre de Lancre (1553-1631), magistratu inkisidorea.
- Michel de Montaigne (1533-1592), filosofo eta idazle humanista.
- Odilon Redon (1840-1916), margolari sinbolista.
- François Mauriac (1885-1970), idazle Nobel Sariduna.
- Paul Gouyon (1910-2000), Baionako apezpikua eta Frantziako kardinala.
- Pantxi Sirieix (1980-), futbolaria.
[aldatu] Euskal Diaspora
- Bordeleko Euskal Etxea (Euskaraz) (Frantsesez) (Ingelesez) (Gaztelaniaz)
[aldatu] Herri eta hiri senidetuak
|
|
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskaltzaindia, 36. araua: Frantziako Errepublikako eskualde-, departamendu- eta hiriburu-izenak, http://www.euskaltzaindia.net/dok/arauak/Araua_0036.pdf
- ↑ www.vinexpo.com
- ↑ Ventoris.fr, Portage salarial à Bordeaux et communauté urbaine, http://www.ventoris.fr/portage_salarial_bordeaux.php
- ↑ BBC News (2007-6-28), In Pictures | In pictures: New World Heritage sites, http://news.bbc.co.uk/2/hi/in_pictures/6249110.stm
- ↑ GHCN climate, GISS world climate averages, 1971–2000
- ↑ Météo France
- ↑ Cocula, Anne-Marie (2010), Histoire de Bordeaux, Le Pérégrinateur éditeur
- ↑ Dillange, Michel (1995), Les Comtes de Poitou, Ducs d'Aquitaine (778-1204), Geste éditions, 304. orr., ISBN 2-910919-09-9
- ↑ Denis, Vincent (2008), Une Histoire de l'identité. France 1715-1815, Champs Vallon, 130. or.
- ↑ Chauvot, Henri (1856), Le Barreau de Bordeaux de 1775 à 1815, Paris: Auguste Durand, 275. or., http://books.google.fr/books?id=LXbyffSE8QUC&pg=PA275
- ↑ INSEE, Résultats du récensement de la population - 2006, http://www.recensement.insee.fr/searchResults.action?zoneSearchField=&codeZone=33063-COM
- ↑ IntoWine.com, Bordeaux Wine Region in France: World's Most Famous Fine Wine Region, http://www.intowine.com/bordeaux.html
- ↑ France 3, Bordeaux Métropole, http://jt.france3.fr/regions/popup.php?id=l33a_locale
- ↑ 2009 Bristol City Council, Bristol City – Town twinning, http://www.bristol.gov.uk/ccm/navigation/leisure-and-culture/tourism-and-travel/town-twinning/
- ↑ 2006–2009 Municipal Directorate of the Presidency Services International Relations Office, International Relations of the City of Porto, http://www.cm-porto.pt/document/449218/481584.pdf
- ↑ Saint Petersburg City Government, Saint Petersburg in figures – International and Interregional Ties, http://eng.gov.spb.ru/figures/ities
[aldatu] Kanpo loturak
- (Frantsesez) Bordeleko webgune ofiziala