EuskoSare > Euskal Herria > Euskal herritarrei buruzko ohiko galderak
Dokumentu Akzioak

Euskal herritarrei buruzko ohiko galderak

Hona hemen euskal herritarrei eta horien kulturari buruz maizen egiten diren galderak.
Zer esan nahi du Euskal Herria izenak?

Pirinioen bi aldeetan dagoen eta Espainiako eta Frantziako estatuetako lurraldeak hartzen dituen europar lurralde edo eskualde kulturalari esaten zaio Euskal Herria edo Baskonia. Beraz, euskal kultura bere osoan agertzen duen lurraldeari deitzen zaio Euskal Herria edo Baskonia.

Pirinio mendietatik iparraldera dagoen lurraldea (oro har, Iparraldea edo Ipar Euskal Herria esaten zaiona) Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa probintziek osatzen dute; Frantziako antolakuntza administratiboaren arabera, lurraldeok Pirinio Atlantikoetako Departamenduan daude.

Hego Euskal Herria (Pirinioetatik beherako aldea) Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa probintziek osatzen dute; horietako lehenengoak Nafarroako Foru Erkidegoa osatzen du, eta azken hirurek Euskal Autonomia Erkidegoa.

Euskal Herriak edo Baskoniak 20.664 km²ko azalera du, eta 3 milioi inguruko biztanleria.

Euskal Herritik edo Baskoniatik iparraldera, Bizkaiko Golkoa dago, ipar-ekialdera Landetako frantziar departamendua, eta ekialdera, Biarnoko frantziar eskualdea. Euskal Herriko lurraldearen gainerako mugakideak Espainiako honako autonomia-erkidego hauek dira: mendebaldean, Kantabria eta Gaztela-Leon; hegoaldean, Gaztela-Leon, Errioxa eta Aragoi, eta ekialdean, Aragoi.

Zer esan nahi du Euskadi izenak?

“Euskal Herria, bere naziotasunaren adierazgarri, eta bere burujabetasuna iristeko, espainol Estatuaren barruan Komunitate Autonomo gisa eratzen da. Bere izena Euskadi zein Euskal Herria izango da; eta Konstituzio eta Estatutu honetan adierazten direnak izango ditu oinarrizko instituzio-arautzat”. Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren Atariko Buruaren 1. artikulua.

Zer da Ipar Euskal Herria?

Lapurdik, Nafarroa Behereak eta Zuberoak osatzen duten Euskal Herriko aldea da, Pirinio mendietatik iparraldera dagoena. Frantziako antolakuntza administratiboaren arabera, probintzia horiek Pirinio Atlantikoetako Departamenduari dagozkio.

Zer da Hego Euskal Herria?

Pirinio mendietatik hegoaldera dagoen eta Nafarroak, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak osatzen duten Euskal Herriaren zatia da. Espainiako antolakuntza administratiboaren arabera, aipatutako lau probintzia horietako lehenengoak Nafarroako Foru Erkidegoa osatzen du, eta azken hirurek Euskal Autonomia Erkidegoa.

Non dago Nafarroa?

Nafarroako Foru Erkidegoa Espainiako estatuko iparraldean dago, Pirinio mendietako mendebaldeko muturrean. Nafarroak 10.421 km2ko azalera du, eta honako lurralde hauek ditu mugakide: ekialdean, Aragoi –Huesca eta Zaragoza–; hegoaldean, Aragoi eta Errioxa; ipar-mendebaldean, Euskal Autonomia Erkidegoa –Araba eta Gipuzkoa–, eta ipar-ekialdean, Nafarroa Beherea, Zuberoa eta Biarno eskualdea.

Non dago Euskal Herria?

Euskal Herria Iberiar penintsularen eta Europa kontinentearen gainerakoaren artean dago. Honako mugakide hauek ditu: iparraldean, Bizkaiko golkoa; ipar-ekialdean Landetako frantziar departamendua, eta ekialdean, Biarno eskualdea, frantziarra hori ere. Euskal Herriko lurraldearen beste mugakideak Espainiako honako autonomia-erkidego hauek dira: mendebaldean, Kantabria eta Gaztela-Leon; hegoaldean, Gaztela-Leon; Errioxa eta Aragoi, eta ekialdean, Aragoi.

Zenbateko azalera du Euskal Herriak? Zenbat biztanle ditu?

Euskal Herriak 20.664 km2ko azalera du, eta hiru milioi inguru biztanle.

Nola antolatzen da Euskal Herria ikuspuntu politiko eta administratibotik?

Araubide politiko eta administratiboei buruzko informazioa gune honetako "Euskal Herria" atalean ikus daiteke.

Nolako gobernua du Euskadik?

Euskal Herriko funtzio exekutibo eta administratiboak bere eskutan dituen organo kolegiatua Eusko Jaurlaritza da”. 29. artikulua (Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren II. Buruaren II. Kapitulua).

“Gobernuaren atribuzioak eta antolamendua (Lehendakari batengan eta Kontseilariengan oinarritzen da), nahiz kideen Estatutua,, Legebiltzarrak erregulatuko ditu”. 30. artikulua (Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren II. Buruaren II. Kapitulua).

Nolako gobernua du Ipar Euskal Herriak?

Biarnorekin batera, Pirinio Atlantikoetako Departamendua osatzen du. Era berean, Akitania eskualdearen atal ere bada. Ipar Euskal Herriak ez du berezko nortasun politikorik.

Nolako gobernua du Nafarroak?

Nafarroako Foru Erkidegoak gobernu eta parlamentu propioa ditu. Horren gunean, informazio zehatza aurki daiteke.

Nolakoak dira Euskal Herriko paisaia eta klima?

Geografiari buruzko informazioa Euskal Herriaren aurkezpena atalean aurki daiteke, gune honetan.

Nolako eskaintza turistikoa du Euskal Herriak? Nola hel daiteke Euskal Herrira? Nolako kultura-eskaintzak daude Euskal Herriko hiri garrantzitsuenetan?

Euskal Herriko turismo-eskaintza oso zabala da, eta aukera interesgarri eta berezi ugari ditu bertako zazpi lurraldeetan. Garraioari dagokionez, hainbat aukera daude, eta turistek trenez zein hegazkinez egin dezakete bertarainoko bidaia.

Euskal Herriko hiri nagusiek askotariko kultura-eskaintza dute. Hirien gune ofizialetara jo dezakegu, eskaintza hori ezagutzeko:

Donostia: www.donostia.org

Bilbo: www.bilbao.net

Gasteiz: www.vitoria-gasteiz.org

Baiona: www.ville-bayonne.fr

Iruñea: www.pamplona.net

Informazio gehiago lortzeko, begiratu gure Turismo-sailean.

Zer diru erabiltzen da Euskal Herrian?

Euroa da Euskal Herriko dirua, 2002. urtearen hasieran indarrean hasi zenetik.

Zeintzuk dira euskal ekonomiaren ezaugarriak?

Oinarrizko informazioa eta erreferentziak gune honetako Euskal Herriaren aurkezpena atalean aurki daitezke.

Zer esan nahi du euskara berbak?

Euskal hizkuntzaren izena da: euskara = euskal hizkuntza.

Zein da euskara, euskera eta eskuara hitzen arteko aldea?

Hiru hitzok sinonimoak dira, euskal hizkuntza izendatzeko aldaerak, hain zuzen. Irizpide orokorra ez bada ere, esan genezake lehenengoa, euskara, euskaraz mintzatzean erabiltzen dela, eta bigarrena, euskera, gaztelaniaz hitz egitean. Eskuara Ipar Euskal Herriko hainbat tokitan erabiltzen den aldaera da.

Euskaltzaindiak euskara berba erabiltzea hobesten du, edozein hizkuntzatan ari garela ere.

Hizkuntza ofiziala da euskara?

Euskal Autonomia Estatutuaren 6. artikuluaren arabera: “Euskarak, Euskal Herriaren berezko hizkuntza denez, hizkuntza ofizialen maila izango du Euskal Herrian, gaztelaniarekin batera, eta pertsona guztiek dute bi hizkuntzok ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea”.

Nafarroako Foru Erkidegoko eskualde euskaldunetan ere hartzen da euskara hizkuntza ofizialtzat, Nafarroako Euskararen Foru Legearen arabera.

Non ikas daiteke euskara?

Euskara Euskaltegietan ikas daiteke:

Eta Hizkuntza Eskola Ofizialetan:

Euskara interneten bidez ere ikas daiteke.

Zer-nolako literatura dago euskaraz?

1545etik 1957ra bitarte, euskal literatura erlijioarekin zegoen loturik, funtsean. 1545ean, Etxeparek euskarazko lehenengo liburua argitaratu zuen: “Linguae vasconum primitiae”. Baina Txillardegi izan zen euskarazko lehenengo eleberri modernotzat hartu izan denaren egilea, “Leturiaren egunkari ezkutua” izenburukoarena (1957), hain zuzen ere. Gaur egun, edozein literatura-estilotan aurki ditzakegu euskarazko lanak.

Zergatik emigratu zuten euskal herritarrek Ameriketara eta beste hainbat lekutara?

Euskonewsen, José Manuel Azconak euskal emigrazioaren zergatiei buruz idatzitako artikulu bat irakur daiteke. Euskomedia gunean ere, gaiari buruzko erreferentzia ugari aurki daitezke.

Munduko zer herrialdetan daude euskal elkarte edo taldeak?

Munduko herrialde askotan daude euskal elkarte edo taldeak. Ugarienak Argentina, Txile eta Uruguaikoak dira; baina Latinoamerikako gainerakoan, Estatu Batuetan, Europako hainbat herrialdetan, Asian, Ozeanian eta Afrikan ere badaude talde garrantzitsuak. Talde horietako batzuk jite informalekoak dira; baina gehienak erakunde baten inguruan antolaturik daude (batez ere euskal etxeen inguruan). Xehetasun gehiago jakiteko, kontsultatu EuskoSareren datu-basea.

Zer izan ziren Karlistadak?

Lehen Karlistada (1833-1839):
Euskal Herrian, penintsula osoan bezala, Antzinako Erregimenaren krisia geldoa izan zen, eta aurrerakadak zein atzerakadak izan zituen. Euskal Herria, ordea, absolutismoaren eta liberalismoaren arteko borroka armatuaren agertoki garrantzitsuena bihurtu zen. Lehen Karlistadan, Espainiako erregegai Karlos Maria Isidroren (Karlos V.aren) aldekoak eta Fernando VII.aren alaba eta Karlos V.aren iloba zen Isabel II.aren jarraitzaileak aritu ziren borrokan.

Euskal foruen aurkako etengabeko erasoak piztu zuen gatazka. Lehen Karlistada Bergarako besarkada (1839-08-31) deritzonaz amaitu zen; bertan, Espartero jeneralak (liberala) bere baldintzak ezarri zizkion garaitutako Maroto jeneralari. Gerra horren ostean, Espartero jeneral liberalak murriztu egin zituen euskal foruak, 1841ean, eta kostara lekualdatu zituen aduanak, nahiz eta berezitasun fiskal, instituzional eta militarrei eutsi egin zitzaien. Nafarroan, foru-eskumenak eta erresuma-izaera ezeztatzen zituen legea idatzi zen 1841ean, baina administrazio-mailako autonomia handia izan zen aurrerantzean ere.

Bigarren Karlistada (1846-1849):
Berez, Katalunian bakarrik garatu zen, eta gerrillen arteko garrantzi eskaseko borrokaldia besterik ez zen izan.

Hirugarren Karlistada (1872-1876):
Hirugarren Karlistada 1872an hasi zen, eta, batez ere, euskal lurretan eta Katalunian garatu zen. Urte batzuk geroago, Borboiko etxeak, Alfontso XII.aren bitartez, tronua berreskuratu zuenean, Karlismoa ahuldu egin zen, eta gerra indarra galduz joan zen, 1876an amaitu zen arte. Hirugarren karlistadaren amaierak eta karlista-tradizionalisten porrotak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foruen ezeztapena ekarri zuten, eta, horrela, lurraldeok Espainiako estatuko gainerako probintziekin parekatu ziren.

Zer dira Euskal Foruak?

Aro Modernoan, lurralde bakoitzak bere Foruak zituen, hau da, Komunitate bakoitzaren barne-gobernurako tokiko eta probintziako legeak. Lurraldearen arabera, Batzar Nagusiek, Gorteek, Biltzarrak edo Estatu Orokorrek gobernatzen zuten, Erregearen ordezkariekin batera.

1876an, Hirugarren Karlistada karlisten porrot militarraz amaitu zenean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foruak indargabetu egin ziren, eta lurraldeok Espainiako estatuko gainerako probintzien mailan jarri ziren.

Zer da Gernikako arbola? Zergatik da hain garrantzitsua euskaldunentzat?

Gernikako arbola euskal askatasunen ikurra da, Euskal Herriaren askatasun eta eskubideen defentsarena, alegia. Horregatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuak herri horren izena darama.

Euskaldunak, ohituraz, zuhaitz baten azpian (normalean, haritzaren azpian) elkartzen ziren komunitatearen interesen gainean erabakitzeko. Ohitura hori oso errotua zegoen Erdi Aroko Europan. Bizkaian, administrazio-lurralde bakoitzak (merindadea) bere arbola zuen.

Mendeak joan ahala, Lumoko elizatean zegoen Gernikako arbola nabarmendu zen. Bertan, Gernikazarra izeneko ingurua zegoen, hariztia eta baseliza zituena. Arbola horren azpian idatzi ziren Bizkaiko legeak 1876ra arte, herri guztien babesaz, bilkuretara (Batzar Nagusiak) bina ordezkari (Batzarkideak) bidaltzen zituzten eta.

Demokraziarekiko eta askatasunarekiko begirunearen adierazpen hasiberri hori Rousseau filosofoak,William Wordsworth poetak eta Tirso de Molina antzerkigileak aipatu zuten euren lanetan, bai eta Iparragirre koblakariak ere, Gernikako Arbola abestian.

Zer da Gernikako Arbola?

Gernikako ArbolaIparragirrek euskal foruen alde idatzitako abestia da. Hori dela eta, agintariek erbesteratu egin zuten Iparragirre, 1855ean. Hegoamerikan (Argentinan, Uruguain) eman zituen urte asko, 1878an Euskal Herrira itzuli zen arte.

Abestiaren partitura Euskomediaren gunean aurki daiteke.

Badu zerikusirik Picassoren Gernika margolanak euskaldunekin?

Gernika margolana Errepublikako Gobernuak enkargatu zion Picassori, eta gerrak sortzen dituen laztura eta sufrikarioa irudikatzen ditu. Gerra Zibilean zehar, 1937ko apirilaren 26an, Hitlerrek Francori laguntzeko bidalitako aire-armada alemaniarreko Kondor legioak erabat suntsitu zuen Gernika hiria. Gutxi gorabehera, lau orduz aritu ziren hegazkin alemaniarrak hiria bonbardatzen, guztiz hondatu arte. Gernikako bonbardaketa geroagoko gerretako basakeriei hasiera emango zien saiakuntza izan zen.

Bigarren Mundu Gerra amaituta, Gernika margolana askatasunaren ikur bihurtu zen, eta Picasso, artearen arloko heroi, bai bloke komunistarentzat bai mendebaldekoarentzat. Bera hil ondoren, margolana berriro Espainiara itzultzeko nahia azaldu zuen Picassok, testamentuan. Gaur, Gernika Madrilgo Reina Sofía Museoan dago ikusgai.

Zer da lauburua? Zer esan nahi du?

Lauburua gizateriaren ikurrik zaharrenetako baten aldaera da; hainbat kulturak erabili dute, euskal kulturak barne. Aspaldi-aspaldiko hilarrietan ageri da, eta, gaur egun, euskal nortasunaren ikur gisa erabiltzen da.

Hainbat esanahi esleitu zaizkio: “kreazioaren lau elementuen −ur, lur, aire eta suaren− adierazpena”; “bi sexuen irudikapena”; “unibertsoa eratzen duten energiak” edo “argiaren eta iluntasunaren arteko borroka”, besteak beste.

Zer esan nahi du euskaldun berbak?

“Euskaraz hitz egiten duena” esan nahi du.

Zer da Aberri Eguna?

Aberri Eguna abertzaleek euren aberria aldarrikatzeko finkatu zuten eguna da. Lehenengo deialdia Bilbon egin zen, 1932ko martxoaren 27an. Gerra Zibilak iraun zuen artean (1936-1939) eta frankismoan zehar, debekaturik egon zen Espainiako estatuan. Erbesteko Eusko Jaurlaritzak, alabaina, jarraitu egin zuen Aberri Eguna ospatzen.

1963an, frankismoak behartutako klandestinitatean, berriro hasi zen Aberri Eguna ospatzen; ezker independentistak pisu handia izan zuen ekimen horretan. Gaur egun, Pazko Igandean ospatzen da, oraindik ere.

Zer da ikurrina? Zer esan nahi du?

Ikurrina Sabino Aranak sortu zuen, 1894an, eta beraren esanahia euskal banderaren sinonimo bihurtu da.

Bizkairako bakarrik sortu zuen, baina EAJ alderdiaren bidez (Sabino Aranak berak sortutako Euzko Alderdi Jeltzalearen bidez, hain zuzen ere), alderdi demokratiko guztiek egin zuten bere, Espainiako Bigarren Errepublikan (1931-1939). 1936an, alderdi demokratiko guztien ordezkaritza batzen zuen lehenengo Eusko Jaurlaritza sortu zen (Jose Antonio Agirre izan zen Lehendakaria), eta ikurrina, legez, Euskal Herriko bandera izendatu zen.

Espainiako azken diktaduraren ostean, euskal autonomia onartu zenean, ikurrina euskal bandera ofiziala izendatu zen, berriro ere, legez.

Ipar Euskal Herrian, gizarte zibil eta politiko osora zabaldu zen, eta Bigarren Mundu Gerra eta gero, Frantziako banderaren ondoan erabili zen udaletxeetan, izaera ofizialik gabe, hala ere.

Zer esan nahi du Nafarroako Banderak?

Nafarroako armarria, bandera eta ereserkia dira Foru Erkidegoaren ikur ofizialak. Lehenengo biak Nafarroako Parlamentuak ereserki ofiziala finkatu eta Nafarroako ikur guztien erabilpena arautzeko onartutako 1986/7 Foru Legean (Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoan – NFEBHLO), maiatzaren 28koan, zehazten dira. “Nafarroako armarria urrezko kateez osaturik dago, hondo gorri gainean, esmeralda bat erdian, beronen kate-mailazko zortzi besoen elkargune gisa, eta haien gainean errege-koroa, Nafarroako antzinako erreinuaren sinboloa”.

1212an, Nafarroako, Gaztelako eta Leongo errege kristauek, penintsularen errekonkistaren barruan, Navas de Tolosako borrokan musulmanen armada garaitu ondoren, Nafarroako Antso VII.a Azkarrak bere egin zuen armarria da banderaren sorburua.

Kateek Miramamolin Berdea errege mairuaren karpa inguratzen zuten eta Antso Azkarrak bere ezpataz apurtu omen zituenak irudikatzen dute. Eta erdiko esmeralda garaitutako errege mairuak bere durbantean zeramanaren isla da.

Euskaldunen berezko ikurra da txapela? Zergatik?

Ez da euskaldunen berezkoa, beste kultura batzuetan ere erabiltzen delako. Hala ere, munduko leku askotan, txapela erabiltzeagatik bereizi dira euskaldunak. Gaur egun, txapela ez da egunerokoan erabiltzen, bai, ordea, diasporan, euskal nortasunaren ikur gisa. Argentinan, txapelaren erabilpena oso hedaturik dago landa-inguruetan eta nekazaritza eta abelazkuntzarekin loturiko eremuetan, euskal kolektiboaren esparrua erabat gaindituta. Dena den, gizarteak ez du txapelaren jatorria ahaztu, bertan “boina vasca” esaten zaio eta.

Euskonewsen gunean, Olga Macías-en "La boina y los vascos" izenburuko artikulua irakur daiteke.

Zer esan nahi du ikastola berbak?

Ikastolak euskara hutsez irakasten duten hezkuntza-erakundeak dira.


Zer esan nahi du bertsolari berbak?

Bertsoak bat-batean egin eta jendearen aurrean kantatzen dituen olerkaria da. Bertsoak egiteko arteari bertsolaritza esaten zaio.

Eusko Jaurlaritzaren gunetik, bertsolaritzan hasteko testurako irispidea aurki dezakegu; bertan, hainbat xehetasun irakur daitezke, hala nola bertsolaritzari eta bertsoari buruzko oinarrizko definizioak edo bertsolaritza ikasteko eskolen berri, besteak beste.

Jarduera horri buruzko informazio gehiago www.bertsozale.com gunean ere aurki daiteke.

Zer esan nahi du aurresku hitzak?

Aurreskua Euskal Herriko dantza tipiko bat da. Hasieran, gizonek antzezpen moduko bat egiten dute, haiek bakarrik; eta gero, emakumeak banan-banan sartzen dira katean, gizonezko dantzariek gonbidaturik. Dantza gero eta bizkorragoa egiten da, eta jotarekin amaitzen da.

Piezarik ezagunena pertsona bakarrak dantzatzen duen zatia da, txistuak eta danbolinak laguntzen dio. Norbaitenganako begirunea adierazteko ere dantzatzen da.

Zeintzuk dira euskal herri-kirolak?

Hona hemen euskal kirol tradizionalak:

  • Aizkolariak
  • Idi-dema
  • Korrikalari eta ibiltariak
  • Sokatira
  • Harri-jasotzaileak
  • Pilota
  • Estropadak
  • Segalariak

Gaur egun, kirol horietako gehienak egun seinalatuetan besterik ez dira egiten, festetan batez ere.

Hala ere, jarraitzailerik gehien dituzten kirolak txirrindularitza, pilota eta estropadak dira.

Zeintzuk dira euskal musika-tresna tipikoak?

  • Txalaparta - Danbolina
  • Txistua - Panderoa
  • Dultzaina - Trikitia
  • Alboka - Txilibitua

Euskal Herriko musika-tipologia beste edozein lekutakoa bezain askotarikoa da.

Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia eta Eresbil - Musikaren euskal artxiboa erreferenteak dira, gai honi buruzko informazioari dagokionez.

Gaiaren berri, Euskonews aldizkariaren 10. zk.an ere irakur daiteke.

Zeintzuk dira euskal dantza tradizionalak?

Hona hemen euskal dantzetako batzuk. Jantzi tipikoak jantzita egiten dira:

Informazio gehiago nahi izanez gero, Euskal Dantzarien Biltzarraren gunera edo dantzan.com orrialdera jo daiteke.

Zeintzuk dira Euskal Herriko komunikabiderik aipagarrienak?

Telebista-kanalak

Euskal Autonomia Erkidegoa

Nafarroako Foru Erkidegoa

Iparraldea

Irratiak

Prentsa

Hegoaldea

Iparraldea

Zeintzuk dira Euskal Herriko alderdi politikorik garrantzitsuenak?

Euskal Autonomia Erkidegoa

Nafarroako Foru Erkidegoa

Ipar Euskal Herria

Noiz sortu zen ETA?

ETA, Euskadi Ta Askatasuna, 1959 inguruan sortu zen, Euzko Alderdi Jeltzaleko ezkerreko gazte-mugimenduen barruan. ETAren ekintzek aldaketa nabaria ekarri zuten politika ulertzeko moduan, Euskal Herrian ez ezik, baita Espainiako estatu osoan ere. Hasiera-hasieratik, borroka armatuaren erabilpena izan zen ETAren bereizgarria, batzuek goretsi eta besteek gaitzetsitakoa.

Nor izan zen Xabierko Frantzisko deuna?

Xabierko Frantzisko Eliza Katolikoen santu handienetariko bat da, Loiolako Inaxio deunarekin batera, eta biak 1622ean kanonizatuak izan ziren. Xabierko Frantzisko “Misiolari Erraldoia” bezala ezagutua da, misio lanetan eginiko lan guztiagatik, eta Pio X Aita Santuak misioen zaindari izendatu zuen. Nafarroako zaindaria da ere bai, -Fermin deunarekin- eta bere jaiotze egunean Naffarroako Eguna ospatzen da.

1506.eko apirilaren 7an jaio zen, Xabierko gazteluan, goi mailako familia batean. 18 urte zituela Pariseko Unibertsitarea abiatu zen, non Loiolako Inaxio eta geroago Jesusen Lagundia sortuko zuten beste sortzaileak ezagutu zituen. 1540an, Inaxio Deunak Xabierko Frantzisko Indiara bidali zuen, Lagundiaren lehenengo misioa burutzeko aginduaz, eta handik aurrera Frantziskok hamar urte baino gehiago eman zituen munduko Ekialdea ebanjelizatzeko asmoz. Txinaren ebanjelizazioa helburu nagusia izanik, 1552an hango kostaldearen gertu hil zen. Bere gorpuzkiak Indiako Iglesia del Buen Jesus izenekoan daude. Historiaren arabera, Frantzisko bere azken unetan berea zen ama hizkuntzaz –euskeraz- aritu zen, eta hau dela eta abenduaren 3an, Frantzisko hil zen egun berean, Euskeraren Eguna ospatzen da munduan zehar.

Nor izan zen Loiolako Inaxo deuna?


Jaiotzez Loiolako Iñigo deituta, Eliza Katolikoen santu handienetariko bat da. Xabierko Frantzisko deunarekin batera Jesusen Lagundiaren sortzailea, “Ejercicios Espirituales” izenekoen egilea da. Bi santu hauek 1622an kanonizatuak izan ziren Pio X Aita Santuak aginduz. Loiolako Inaxio deuna, Gipuzkoa eta Bizkaiko zaindaria da eta bere eguna uztailaren 31an ospatzen da.
1491ean jaio zen, Loiolan, Gipuzkoan. Iruñaren kontrako frantziar erasoetan militarra gisa aritua, anka batean zaurituta suertatu zen. Sendatze garaia bitartean, bere bizitzari buruzko hausnarketa egin eta Jaungoikoaren zerbitzuan jartzea erabaki zuen. 1522an Montserrateko monasteriora abiatu eta aitortza egin ondoren Manresa aldeko kobazulo batean aterpe hartu zuen, non bere “Ejercicios Espirituales” izeneko lanaren oinarriak sortu eta idatzi zituen. 1528an Pariseko Unibertsitatera joan zen, non Xabierko Frantzisko eta Jesusen Lagundiaren beste sortzaileak ezagutu zituen. 65 urte zituela Erroman hil zen, uztailaren 31an. Loiolako Inaxio deunaren eguna euskal mundu guztian ospatzen den eguna da.


Nor izan zen Sabino Arana?

Sabino Arana EAJ (Euzko Alderdi Jeltzalea) alderdiaren sortzailea izan zen, Bilbon, 1895ean.

Nor izan zen Jose Antonio Agirre?

Jose Antonio AgirreEuzko Alderdi Jeltzaleko burukide eta Euzko Jaurlaritzako lehenengo lehendakaria izan zen, 1936ko urriaren 7tik aurrera.

Center for Basque Studies of Reno deritzonak prestatutako laburpen biografikoan aurki daiteke informazio gehiago.

Nor izan zen Jose Migel Barandiaran?

Antropologo, etnologo eta ikertzaile gipuzkoarra (Ataun, 1889-1991). Barandiaranek teologia- eta filosofia-ikasketak egin zituen Gasteizko Apaizgaitegian, eta teologiako lizentziatura lortu zuen Burgoseko Eliz Unibertsitatean (1915). 1916an, etnografia-arloko ikerketaz arduratzen hasi zen, Telesforo Aranzadi eta Enrike Egurenekin batera. Ikerketa-taldea sortu eta, hainbat indusketa arkeologiko egiteaz gain, artikulu zientifikoak eman zituen argitara. Eusko Ikaskuntzaren lehenengo biltzarrean hartu zuen parte, eta bertako lehendakaria izan zen 1978tik 1991ra bitarte.

Nor izan zen Indalecio Prieto?

Indalecio Prieto Espainiako Alderdi Sozialistako bizkaitar ospetsua izan zen. Oviedon jaio zen 1883an, eta oso gaztetan, Bilbora joan zen bizitzera. Hemezortzi urte zituela, “El Liberal” egunkari errepublikarraren erredakzio-taldean hasi zen lanean, eta 1920an bere eskuetara igaro zen egunkariaren jabetza. Bere karrera politikoa Bilbon, adopzioko hirian, hasi zen nabarmentzen, eta hiri horrexen ordezkari jardun zuen Bizkaiko Aldundian lehenbizi (1911) eta gorteetan gero. Mexikon hil zen, 1962ko otsailaren 12an.

Nor izan zen Arturo Kanpion?

Arturo Kanpion idazlea eta politikaria izan zen. Iruñean jaio zen, 1854ko maiatzaren 7an, Madrilgo Gorteen 1837, 1839 eta 1841eko legeek Nafarroako Erresuma deuseztatu eta probintzia bihurtu zutenetik urte batzuk iraganda. Gertaera horrek pisu handia izan zuen Kanpionen bizitzan, 1937an hil zen arte.

Nor izan zen Miguel Unamuno?

Miguel Unamunopentsalaria eta idazlea izan zen. Euskal idazlerik unibertsalenetakoa da, olerkari sakona, pentsalari atsekabetua, nobelagile grinatsua eta antzerkigile abangoardista. Bilbon jaio zen, 1864ko irailaren 29an, ideologia liberaleko dendari-familia batean. 1936ko abenduaren 31n hil zen.

Nor izan zen Jose Maria Iribarren Rodriguez?

Jose Maria Iribarren Rodriguez idazle nafarra Tuteran jaio zen, 1906ko urriaren 31n. Tuterako jesuiten ikastetxean egin zituen batxilergo-ikasketak, eta, ondoren, Deustuko unibertsitatera (Bilbora) joan zen, Zuzenbide-ikasketak egitera. Madrilen, Filosofia eta Letrak ikasi zituen, bi urtez. Tuterara itzuli eta abokatu-bulegoa zabaldu zuen. 1932an, Navarra aldizkaria sortu zuen hiri horretan bertan, eta bertan trebatu zen idazle gisa.

Nor izan zen Pio Baroja?

Pío Baroja, ospe unibertsaleko nobelagile gipuzkoarra, Donostian jaio zen 1872ko abenduaren 28an, eta Madrilen hil zen 1956ko urriaren 30ean.


http://www.euskosare.org/euskal_herria/bog/eks_structuredocument_view