EuskoSare > Euskal Herria > Living in Euskal Herria > Frantziako nazionalitatea lortzeko baldintzak
2005-09-07 18:16
Last modified: 2011-06-26 05:35
Translated by: María Verónica Barzola

Frantziako nazionalitatea lortzeko baldintzak

Frantziako herritartasuna lortzeko izapideak egin nahi dituztenei aholku emateko asmoz, hura nork lortu ahal duen, zer baldintza bete eta zer dokumentazio aurkeztu behar duen eta beste argibide baliagarri batzuk azaltzen dituen gida oso-osoa aurkezten dugu.
Frantziako nazionalitatea frogatzen duen agiri bakarra Frantziako Nazionalitatearen Ziurtagiria da. Nortasun-agiri nazionala eta pasaportea frantziar izaera zibilaren jabetza adierazten duten elementuak besterik ez dira.

Auzialdiko Epaitegi eskuduneko idazkariak bakarrik eman dezake Frantziako Nazionalitatearen ziurtagiria.

Nazionalitatea lortzeko baldintzak:

Filiazioagatik

  • Gurasoetako bat, gutxienez, Frantziako nazionalitatekoa duen seme/alaba legitimoa edo naturala da frantziarra.
  • Umearen filiazioak ez du eraginik beraren nazionalitatean, adin txikikoa den bitartean xedatzen ez bada.
  • Frantzian jaiotze hutsak ez du nazionalitatea ematen, guraso ezezagun edo aberrigabeen seme/alaben kasuan izan ezik.
  • 1994ko urtarrila baino lehen Frantzian jaio eta beraren gurasoetako bat, gutxienez, itsasoz bestaldeko antzinako lurralde frantziar batean (independentzia hartu baino lehen) jaiotakoa bada, Frantziako herritartzat hartzen da.

Frantzian jaio eta bizitzeagatik

1998ko irailaren 1etik aurrera, Frantzian jaio eta guraso atzerritarrak dituen edozein umek nazionalitate frantziarra izango du adin-nagusitasunera heltzean, baldin eta une horretan Frantzian bizi bada eta, jarraian nahiz aldika, gutxienez bost urtez (hamaika urteko adinetik aurrera zenbatuta) Frantzian bizi izan bada.

Zenbait kasutan, hamasei urteetatik aurrera lortu ahal da nazionalitatea, aurretiaz.

Zenbaitetan ere, Frantziako nazionalitatea adin txikikoak hamahiru urte dituenetik aurrera eska daiteke, beraren izenean, eta beraren oniritziarekin, betiere.

Egoera horrek Frantzian jaio eta atzerritarren seme/alaba direnengan du eragina; aipatutako Legea indarrean hasi zenetik (1998ko irailaren 1etik) honako hiru aukera hauek dituzte:

  1. Atzerriko nazionalitatea bakarrik eduki nahi badute, adin-nagusitasunera heldu baino lehenagoko sei hilabeteetan edo adin-nagusitasunaren osteko hamabi hilabeteetan uko egin diezaiokete Frantziako nazionalitateari.
  2. Atzerriko nazionalitateari eutsi eta Frantziakoa hartu nahi badute, nazionalitate frantziarra adin-nagusitasunera heldu baino lehen eskatzea komeni da.
  3. Lehenengo lerroaldeko baldintzak betetzen dituztenek nahiz eta goian aipatutako bi jarduketa horietako bat bera ere ez egin, Frantziako legeak beste izapiderik gabe emango die nazionalitate frantziarra, behin adin-nagusitasunera heltzen direnean.

Frantziar batekin ezkontzeagatik

Nazionalitate frantziarreko pertsona batekin ezkontzen den edozein atzerritar edo aberrigaberi eman ahal zaio, Frantziako nazionalitatea auzialdiko epailearen aurrean deklaratuz gero, edo Frantziako kontsularen aurrean (interesatua atzerrian bizi bada).

Ezkondu eta urtebetera eska daiteke onura hori, betiere ezkontideek elkarrekin jarraitzen badute eta ezkontide frantziarrak nazionalitate hori galdu ez badu.

Bertakotzeagatik

Frantzian bizi direnak bertakotzeko edo naturalizatzeko eskabideak bizilekuari dagozkion erakunde publikoen eskumena dira, dosierra osatzeari dagokionez, eta Lan Ministerioarena, azken erabakia hartzeko.

Eskabidea aurkeztu aurreko bost urteetan Frantzian bizi izan direla frogatzen duten atzerritarrak bertakotu daitezke.

Bertakotzeko dekretua sinatzeko unean Frantzian bizi ez dena ezin da bertakotu.

Bizilekutzat interes materialen eta familia-loturen erdigunearekin bat datorren bizileku finkoa, egonkorra eta iraunkorra ulertzen da.

Frantziako nazionalitatea hartzen dutenen seme-alabak eskubide osoko frantziarrak izango dira, gurasoen ohiko bizileku bera baldin badute.

Nazionalitate bikoitzaren izapideak egiteko behar den dokumentazioa

  • Ezkontza-agiriaren edo horren transkripzioaren kopia osoa (Frantziatik kanpo egiten diren ezkontzen kasuan, behar bezala itzulitako eta legeztaturiko akta aurkeztu behar da).
  • Ezkontide frantziarraren jaiotza-agiriaren kopia.
  • Atzerriko ezkontidearen jaiotza-agiriaren kopia eta zinpeko itzultzaile publiko batek egindako itzulpena.
  • Frantziako ezkontidearen nazionalitate frantziarraren egiaztagiria: jaiotza-agiria nahikoa da Frantzian jaio diren eta gurasoetako bat, gutxienez, Frantzian jaioa duten pertsonen kasuan.

Gainerako kasuetan, aurkeztu behar diren agiriak interesatuaren nazionalitate frantziarraren jatorriaren araberakoak izango dira: bertakotzeko dekretua, efektu kolektiboa, eta abar. Nazionalitate frantziarra egiaztatzea zaila denean, Frantziako nazionalitatearen ziurtagiria eska dezakete.

Frantziako nazionalitatea galtzea

Ez erabiltzeagatik besterik gabe galtzea

Duela berrogeita hamar urte baino gehiago bizilekua atzerrian finkatu zuen pertsonak eta horren arbasoek ezin du nazionalitate frantziarra filiazioz lortu, bere nazionalitate frantziarraren edo frantziar jatorriko arbasoenaren egiaztagiririk (Frantziako nortasun-agiriak, erregistro zibileko akten transkripzioa, matrikulazioa, gai militarrak,...) ezin aurkez badezake.

Atzerrian 50 urtez bizitzea eta bi belaunalditan zehar Frantziako nazionalitatea ez edukitzea baldintza metakorrak dira. Horixe da beste nazionalitate bat duten eta Frantziatik euren borondatez joan diren familien kasua.

Frantziako Nazionalitatearen Ziurtagiria eskatzean, epaileak edo epaitegiko idazkari eskudunak egiaztatu egin dezake nazionalitate frantziarra galtzearen zergatia bera ez erabiltzea izan den..

Deklarazio bidezko Borondatezko Galera

Adinez nagusia izan, atzerrian bizi eta aurretiaz eta bere borondatez atzerriko nazionalitate bat hartu duen edozein pertsonak nazionalitate frantziarra galdu izanaren deklarazioa egiteko aukera du.

Deklarazioa atzerriko nazionalitatea hartu edo eskatu denetik urtebeteren buruan egin behar da, ezkontzeko izan ezik, eta atzerriko nazionalitatea hartzen den egunera arte ez da indarrean hasiko.

Deklarazioa egiteko, bizilekuko Kontsularengana jo eta honako egiaztagiri hauek aurkeztu behar dira:

  • Jaiotza-agiria.
  • Frantziako Nazionalitatearen Ziurtagiria edo Frantziako nazionalitatearen froga.
  • Hartu duen nazionalitateari dagokion herrialdeko agintariek egindako ziurtagiria; bertan, nazionalitatea hartu den data eta kasu horretan atzerriko legearen arabera aplika daitezkeen xedapenak zehaztu behar dira.
  • Atzerriko ohiko bizilekuaren ziurtagiriak.
  • 35 urtetik beherako gizonen kasuan, Zerbitzu Nazionalaren Bulegoko agiria, Zerbitzu Nazionalari dagokionez legezko egoeran dagoela ziurtatzeko.

Dekretu bidezko Borondatezko Galera

Deklarazioa eskatzerik ez dutenek (adin txikiko umeek edo duela urtebete baino gehiagotik atzerriko nazionalitatea hartu zuten adin txikiko nahiz adinez nagusi diren frantziarrek, baimena eduki ezean) Frantziako nazionalitateari uko egiteko aukera dute, herri-agintaritzaren erabakiz (bertakotzeaz arduratzen den ministerioa).

Frantziako nazionalitateari uko egiteko eskabidea bizilekuko Kontsulatuaren bidez egiten da, honako agiri hauek aurkeztuz:

  • Interesatuari buruzko ezagutza-akta edo/eta horren ezkontzarena, eta gurasoen edo, bestela, ezkontidearen gurasoen jaioterriari eta jaiotza-datari buruzko datu guztiak.
  • Frantziako nazionalitatea edukitzea ahalbidetu dioten xedapenen aipamena.
  • Agintari eskudunek emandako nazionalitate-ziurtagiria.
  • Eskatzailearen motibazioak, familia-egoera, atzerriko bizilekuaren izaera iragankorra edo iraunkorra...
  • Kontsulatuaren onarpena.


Iturriak:

Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioa
Argentinan dagoen Frantziako Kontsulatua: http://www.consulatfrance.int.ar/esp/certificat.htm

Rate:
http://www.euskosare.org/euskal_herria/euskal_herrian_bizi/frantziako_nazionalitatea/eks_article_view