EUSKARA

Euskara 850.000 hiztun inguru dituen hizkuntza da, Pirinioen mendebaldeko ertzaren bi aldeetan hitz egiten dena; hau da, Espainiaren eta Frantziaren lurraldeetan. Espainian, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan hitz egiten da, eta Frantzian, Lapurdi, Behe-Nafarroa eta Zuberoa probintzietan. Zazpi probintzia horiei Euskal Herria edo Vasconia esaten zaie.

Generikoki isolatua dagoen hizkuntza da euskara, ez baitu familia linguistikorik. Hizkuntza honen jatorria ere ez dago argi. Euskarazko lehen testu idatziak XVI. mendekoak dira, nahiz eta ezagunak diren X. mendean beste hizkuntza batzuetan idaztean agertutako euskarazko kantu, esamolde edota hitzak. Euskarazko lehen liburua hala ere, Bernard Decheparek 1545ean idatzitako Lingua Vasconum Primitiae da. 1571n berriz, Joannes Leiçarragak Testamentu Berria euskarara itzuli zuen. Orain gutxi izan da XVI. mendeko testu baten berri, Juan Perez de Lazarragaren narrazio eta bertsoak jasotzen dituena. Ordutik, euskarazko tradizio literarioa jarraia izan da euskarak dituen hainbat aldaeretan, eta 1968an Euskaltzaindiak euskara batuaren oinarriak ezarri zituenetik, are indar handiagoa eman zaio euskarazko sorkuntza literario horri. Euskara batua da hain zuzen, egun administrazioan, hezkuntza sisteman, komunikabideetan eta orokorrean literaturan gehienbat erabiltzen dena.

Euskara morfologikoki eranskaria den hizkuntza da, ergatiboa erabiltzen duena, eta hitzen hurrenkera neutroa erabiltzen duena. Bost bokal eta bost diptongo ditu, eta 21 kontsonante. Ahoskera azaltzea berriz, ez da erraza, asko aldatzen baita hitzen ezaugarrien eta lurraldearen arabera.

Aldaera asko dauzka euskarak; euskalkiak. Aniztasun hori kilometro karratu gutxitan gertatzen da gainera. Egun, euskara batua eta euskalkiak erabiltzen dira, baina azken hauek, batez ere ahozko komunikazioan.

Hizkuntza honek duen misteriorik handiena ez da bere jatorriaren ingurukoa, baizik eta gaur egunera iraun izana. Badirudi, euskaldunek ez zutela erromatarren aurka borroka egin; tratuan aritu ziren. Gainera, euskara eta latina hain desberdinak izanik, latinak ez zuen euskara bereganatu, desagerpenera bultzatuz.

Ordutik euskarak aldaketa handiak bizi izan ditu. Egun, NBEak dioenaren arabera, euskararen egoera ahula da Euskadin, eta batez ere, Nafarroan. Are gehiago Frantziako Vasconian. Badirudi Euskadin aurrera egiten ari dela, eta biziraupena bermatuta duela. Nafarroan berriz, ez dago akordio sozialik hizkuntzaren inguruan, eta biztanleen jarrera oso polarizatua dago. Frantziako aldean bizi du euskarak egoerarik larriena, hiztunak galtzen ari baita etengabe, eta galtzeko arriskuan dago.

Xabier Zabaltza

Historialaria

Ivan Igartua

Idazlea eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea

Goikoa, “Euskararen historia laburra” liburuaren hitzaurrea da, liburua osoa hemen irakur dezakezu:

Zabaltza, Xabier eta Igartua, Iván, Euskararen historia laburra / Breve historia de la lengua vasca / A Brief History of the Basque Language, Donostia - San Sebastián: Etxepare Euskal Institutua, 2012

Albisteak

Konstantzako euskara eta euskal kultura ikasleak Euskal Herrian

Bilbao-Nju-Jork-Bilbao: Kirmen Uribe albanieraz

Bertsolaritza eta euskal ipuinak Poloniako Poznan hirian

Rudolf Trebitsch antropologoaren euskararen grabazioei buruz Berlinen eta Leipzigen

2013ko literatura-itzulpenetarako diru-laguntzak zabalik