Hemen zaude: Hasiera Albisteak San Inazio eguneko ospakizunak une gorenera iritsiko dira bihar eta asteburuan Diasporako hainbat euskal etxetan

San Inazio eguneko ospakizunak une gorenera iritsiko dira bihar eta asteburuan Diasporako hainbat euskal etxetan

Boisek abiatu zituen Diasporako San Inazio festak, iragan uztailaren 26, 27 eta 28an; baina egunotan munduko beste zenbait txokoetara zabalduko da santu euskaldunaren jaia. Bihar bertan da Bizkaia eta Gipuzkoako patroiaren eguna (Argentinako Junin hirikoa ere bada) eta bi probintzia horietan jai eguna izango dugu. Bi euskal etxek bat egingo dute ospakizunekin bihar bertan: Argentinan Necocheako eta Arrecifeseko euskal etxeek eta Paraguaien Asunciongo Jasone Etxeak. Beste zenbait lekutan, hala nola Mexiko, Santiago edo Viña del Mar-en, asteburuan egingo dira bestak.

Donostia-San Sebastián. Boisen gertatzen den legez, Argetinako Necochea hirian ere San Inazio urteko jai egunik handienetakoa da eta bertako euskal etxeak egitarau zabala prestatu du. Bihar bertan hasiko dira jaiak, goizean goiz gainera: goizeko zazpietan elkarteko gazteek --gaupasa itzela egin ostean-- euskal etxeko beste bazkideak esnatuko dituzte, etxetik etxera kalejira zalapartatsua eginez. El Alegre Despertar delakoa da, Necocheako euskal etxean belaunaldiz belaunaldi igaro den ohitura eta parranda aparta.

Ondoren, goizeko 11:30etan eta giro formalago batean, agintariei agurra eta Mariano Necochea Generalari eta Angel Murga euskal argentinarrei omenaldi ekitaldia egingo da. Eguerdian, txikiteoa izango da euskal etxea eta, arratsaldean, meza elizkizuna Santa Maria del Carmen parrokian.

Jaiak jarraipena izango du asteburuan, euskal etxeak larunbatean SUM-en egingo duen afari batekin.

Arrecifes eta Asuncion

Arrecifesen Euskaldunak Denak Bat elkarteak ere egitarau oparoa prestatu du San Inazio eguna ospatzeko. Bihar bertan hasiko dira ekitaldiak: urtean zehar joan direnen bazkideei omenaldia, euskal dantza erakustaldia, hiriko nagusien egoitzara bisita eta San Inazio eguneko meza San Roque parrokian.

Ospakizunik jendetsuena, hala ere, igandekoa izango da. Goizeko hamaiketan meza elizkizuna egingo da San Jose parrokian eta, ondoren, euskal dantza erakusketa eta kalejira egingo dute elkarteko dantzariek euskal etxeraino. Eguerdian bazkaria egingo da elkartean eta ondoren ikuskizuna eskainiko dute lau dantza taldek, Tandileko Euskal Etxeko "Gure Abestiak" abesbatza, "Iruki Alaiak" abesbatza eta Maral musika taldeak.

Paraguaien, Asunciongo Jasone Etxeak ere bihar bertan ospatuko du San Inazio, Frantziskotarren parrokian egingo den meza batekin. Ekitaldiari amaiera emateko ohorezko brindis bat egingo dute elkarteko kideek eta hiriko euskaldunen lagunek.

Eta asteburuan, gehiago

Zenbait euskal etxek asteburua arte atzeratu dituzte ospakizunak, horrela ahalik eta bazkide gehien bildu ahal izateko. Horietako bat izango da, esaterako, Mexikoko Euskal Etxea: elkarteak bazkari bat antolatu du larunbat honetan Polanco auzoko egoitzan. Menua honakoa izango da: Entsalada epela, Arrain-zopa, Robaloa Koxkera erara eta Esne frijitua.

Txilen, Santiagoko Euzko Etxeak igandean egingo du ospakizuna; meza, bazkari eta jai batekin. Handik gertu, Viña del Mar-en, Eusko Etxea elkarteak ere egun berean ospatuko du festa, eta egitarauan honakoak iragarri dituzte: meza, bazkaria eta dantza, txistu eta kantu erakustaldia bazkalostean.

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)


bisita