Hemen zaude: Hasiera Albisteak Basque Tribune aldizkaria jaio da: euskal komunikabide berri bat sarean, eta ingelesez!

Basque Tribune aldizkaria jaio da: euskal komunikabide berri bat sarean, eta ingelesez!

2013/07/29

Sarean da euskal aldizkari berri bat: Basque Tribune izena du eta ingelesez hutsean egina da. Arduradunen esanetan, abentura digital berri honen helburua Euskal Herriari buruz jakinmina duten ingeles hiztunengana zuzenean iristea da, atzerriko komunikabideen bitartekaritzarik gabe. Albistariak ez ditu eguneroko berriak argitaratzen; aldiz, politika, gizartea, kultura, kirola, euskera eta ekonomia arloko gaiak sakon eta zabal jorratzen ditu. Iñaki Galdos politikari ohia da komunikabide berriaren sustatzaile eta editorea, euskal gizarteko hainbat arloetako adituen kolaborazioarekin eta kazetari talde gazte baten buru.

Donostia-San Sebastian. Sarean da eskuragarri Basque Tribune aldizkaria, Euskal Herriari buruzko informazioa mundura zabaltzeko ahalegin berria. Helburu hori bete nahian, aldizkaria ingeles hutsean jaio da, nazioarteko irakurleengana zuzen-zuzenean heltzeko.

Aldizkaria www.basquetribune.com webgunean irakur daiteke eta lehen egunotan argitara eman dituzten gaien artean horrelakoak daude, besteak beste: “JAI ALAI” or Globalization, Irizar: From Ormaiztegi to Five ContinentsBasque Language on the Web: Making an Impact, ‘Made in Basque’ Fashion, The Enclave of Treviño: a Secular Territorial Dispute, eta “Euskalkultura.com” The Informative Reference on the Basque Diaspora (eskerrik asko guri buruzko artikulua egiteagatik, Basque Tribune!).

Aldizkariaren lantaldea osatzen dutenen buru, editore lanetan, Iñaki Galdos oñatiarra dago. Hezkuntza eta komunikabide arloan aritu ostean, politika munduan ibili da hainbat urtetan Galdos, eta jardun horretan munduko euskal Diasporarekin harremana izan du. Hortik sortu zitzaion aldizkari hau sortzeko grina, "Euskal Herria munduan ezagutzera ematea era berri batean, eguneroko albisteen dinamikatik hurrun eta goimailako adituen aholku eta ezagueraren laguntzarekin", azaldu du. Aditu talde horren partaide dira, besteak beste, Aingeru Epalza, Maite Goñi eta Iruri Knorr, literatura eta internet munduko izen ezagunak.

Ongi etorri Basque Tribune, eta zorte on!

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)


bisita