Edukira joan

Publizitatea

Lewis Hamilton nagusi Hungarian

Ainhoa Begiristain   2013-07-28 - 19:22:43

0 iruzkin

  • Inprimatzeko bertsioa
  • Albistea postaz bidali
  • Zabaldu.com-era bidali
  • Digg-era bidali
  • Del.icio.us-era bidali
  • Aupatu-ra bidali

Lewis Hamiltonek Mercedes taldean denetik lortu duen lehenengo garaipena erdietsi du Hungaroringen, Hungariako Sari Nagusian lortzen duen laugarrena, hasieratik amaierara kontrolpean izan duen lasterketan. Kimi Raikkonen izan da bigarren eta Sebastian Vettel hirugarren, taldekide Mark Webberren aurretik. Romain Grosjeanen podiorako aukerak drive through batek zapuztu ditu.

Semaforoak itzali eta berehala Mercedeseko britainiarrak lehenengo postua defenditu behar izan du. Lehenengo itzulian, Vettel eta Grosjean lehia bizian izan dira, alemaniarraren irteera eskasa medio. Fernando Alonso eta Nico Rosberg ere postu batzuk aurreratzen saiatu dira.

Aurreneko stinta aurrera joan ahala, Hamiltonek Vettel atzean utzi du eta Grosjean alemaniarraren atzera iritsi da. Lotuseko frantziarra munduko txapelduna aurreratzen saiatu da, baina ez du helburua bete.

Hamiltonentzat unerik garrantzitsuena lehenengo geldialdiaren ondoren pistara Jenson Buttonen atzetik atera denekoa izan da. Mercedesekoak taldekide ohia azkar aurreratu ahal izan du, eta Button ekiditen saiatu den arren, berehala utzi du atzean. Hala, ez du haren atzean denborarik galdu.

Vettel egoera berean irten da, baina ezin izan du Button aurreratu eta haren atzean gelditu behar izan da, Hamilton aldentzen zitzaien bitartean. Alemaniarra McLarenekoa aurreratzen saiatu da eta ukitu ere egin dira. Red Bullekoaren aurreko aleroiak arazoren bat izan zezakeela ikusita, Grosjeanek ez du aukera galdu eta hura aurreratzen saiatu da bigarrengoz, Alonso taldetxoarengana gerturatzen ari zela ikusita. 24. Itzulian baino ez du lortu Vettelek Button atzean uztea, eta Grosjean gauza bera egiten saiatu denean, ukitu egin dira eta britainiarra pistatik kanpora irten da, lasterketaren ondoren ikertutako gertakarian. Vettelek Button aurreratu duenerako Hamiltonek lasterketa buruan lasai egoteko moduko abantaila zuen bere alde.

Hala ere, Grosjean ez da zigorretik libratu. Bigarren geldialdiaren ondoren, Felipe Massa kanpoaldetik aurreratu du, baina komisarioek kanpoaldetik ez, kanpotik egin duela iritzita, drive througha ezarri diote, hau da, boxeetatik pasa behar izan da, horrek dakarren denbora galerarekin. Ondorioz,  18 segundo eta podioa lehiatzeko aukerak galdu ditu.

Bestalde, Webberrek estrategia ezberdina izan du. Hamargarren irten denak lehenengo stint luzea egin du eta une batez lider izan da. Hamilton bi aldiz atera da boxeetatik Red Bullekoaren atzetik, eta bietan berehala aurreratu du. Hala, Webberrek ezin izan du britainiarra gelditu eta Hamiltonek Mercedesen 2013ko hirugarren garaipena erdietsi du, talde alemaniarrean denetik berak lortutako lehenengoa.

Bien bitartean Kimi Raikkonenek atzetik aurrera egin du. Denboraldiko lasterketa beroenean, finlandiarrak 2 geldialdiko estrategia izan du, gainerakoek 3koaren alde egin duten bitartean. Lasterketa hasieran Massaren atzetik izan da, hura aurreratu ezinik. Hala ere, behin pista libre zuela izan duen erritmo lehiakorrak bigarren postura eraman du beste guztiek hirugarren geldialdia egin dutenean, bi Red Bullak atzetik zituela. Azken itzulietan Vettelek ahal duen guztia egin du Lotusekoa aurreratzeko, baina Raikkonen ondo defendatu da.

Webber lehia honetara iristen saiatu da pneumatiko bigunenekin, baina laugarren postuarekin konformatu behar izan da. Alonso buruarengandik urrunduz joan da eta lanak izan ditu Grosjean atzetik mantentzen, bosgarren amaitzeko. Lasterketa ondoren, komisarioek Grosjeanen eta Buttonen arteko gertakaria ikertu dute eta frantziarrari 20 segundoko zigorra ezarri diote, biek izan duten ukitua ekiditeko modukoa zela iritzita. Hala ere, frantziarrak seigarren postua mantendu du, zazpigarren izan den Buttoni 21.524 segundo atera baitizkio.McLaren bi geldialdiko estrategiaz baliatu da bi autoak puntuetan sartzeko, Perez bederatzigarren izan baita.

Bestetik, lehenengo itzulian Rosbergekin izandako ukituak eta geroago Sutilekin izandakoak Massaren lasterketa zaildu dute eta zortzigarren postua baino ez du lortu. Bere aldetik, Rosberg lehenengo itzulian 12. postura atzeratu da Ferrarikoarekin izandako gertakaria eta gero. Lasterketa amaieran, bederatzigarren zihoala, autoak arazoa izan du eta ez da helmugara iritsi. Mercedesekoa erretiratu izanak Pastor Maldonadok Williamsen denboraldiko lehenengo puntua eskuratzea ahalbidetu du.

Gauzak honela, Vettelek Munduko Txapelketako lider jarraitzen du. Kimi Raikkonen da orain bigarren, 38 puntura, Alonso hirugarren, 39ra, eta Hamilton laugarren, 48ra.

Hungariako Sari Nagusiaren ondoren, Bat Formulak udako geldialdia egingo du. Hurrengo lasterketa Belgikako Sari Nagusia izango da, abuztuaren 25ean, Spako zirkuituan.
 

Jasotako erantzunak: 0