euskaraz · español · english · français  web mapa e-posta  
Hemen zaude:   Sarrera

Taldekako trebakuntza abian da Ogasun Departamentuan

Hogei urte baino gehiago igaro dira Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskararen Zuzendaritza Nagusiak trebakuntza programa martxan jarri zuenetik. Banakako trebakuntza ez ezik, taldekakoa ere gauzatuko da orain Ogasun Departamentuan.

aurkezpena.jpg

Aurkezpen ekitaldian izan dira Ogasuneko zuzendari Xabier Olano, Ogasuneko Idazkaritza Teknikoko kide Mikel Azkarate, Euskarako zuzendari nagusi Zigor Etxeburua eta Normalkuntzako atalburu Joxean Amundarain, trebakuntza programan parte hartuko duten langileekin eta trebatzaileekin batera.

Aldundiko Departamenturik handiena da Ogasunekoa, gaur egun bostehun langile ari dira lanean. Hizkuntz gaitasunari dagokionez, bilakaera handia bizi izan du azken urteetan. 1990eko hamarkadaren hasieran, esate baterako, langileen % 17 zen euskalduna. 2013an, aldiz, % 75,5ek egiaztatuta dute eskatzen zaien hizkuntz eskakizuna. Erabileran ere antzematen da aldaketa, gero eta gehiago dira euskaraz lan egiteko ahalegina eta urratsa egiten dutenak; mintzamen taldeak dauzkate langileek eurek sortuak, mintzamena lantzeko eta arian-arian euskara lan hizkuntza bihurtzeko. Lan asko egin da, baina oraindik gehiago dago egiteko, eta bide horretan dator orain abiatu den taldekako trebakuntza.