euskaraz · español · english · français  web mapa e-posta  
Hemen zaude:   Sarrera

'Enpresarean 2013' jardunaldia aurkeztu dute

Negozioak egiteko hitzordu azkarren saioa urriaren 31n izango da, Arrasateko Polo garaian. Hainbat enpresatako kideak elkarrekin mintzatuko dira 10 minutuz, bakoitzak dituen beharrei eta eskaintzei buruz, xede nagusi batekin: enpresa proiektu berriak sortzea, euskaratik eta euskaraz. Izena emateko epea irekita dago jadanik www.enpresarean.org helbidean.

Enpresarean_2013.JPG

Enpresarean 2013 jardunaldia aurkeztu dute gaur Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendari Rober Gutiérrezek eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendari Zigor Etxeburuak. Jardunaldia Arrasateko Udalak eta Laboral Kutxak babesten dute.

Saioa urriaren 31n egingo da, Polo Garaia berrikuntza gunean, eta bertan elkartuko dira euskaraz lan egiten duten enpresak eta euren produktu edo zerbitzuak euskaraz eskaintzen dituztenak, elkarlanerako bideak aztertu eta negozio bide berriak zabaltzeko asmoz.

Bai Euskarari Ziurtagiriaren zuzendari Rober Gutiérrezek honela azaldu du Enpresarean 2013 jardunaldiaren helburua: Euskaraz lan egin nahi duten edo-eta zerbitzua euskaraz eskaini nahi dutenei elkarlanerako gune bat eskaini nahi zaie. Hala, enpresei negozio berriak egiteko ateak irekiko zaizkie, enpresa proiektu berriak sortzeko, euskaratik eta euskaraz. Horrek guztiak, gainera, euskararen prestigio soziala areagotzeko eta arlo sozio-ekonomikoan euskararen normalizazioa bultzatzeko balioko du.

Goizeko 10:00etan irekiko da –aurrez sarrera instituzionala izango da– eta enpresa bakoitzak aurrez berak hautatzen dituen beste enpresekin elkartu eta nahi adina bilera azkar egiteko aukera izango du eguerdira bitartean. Goiza osatzeko, enpresa, sarea eta euskara hizpide hartuta Mari Jose Aranguren Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuko kidearen hitzaldia ere izango da.

Enpresarean 2013 negozioetarako hitzordu azkarren saioan izena emateko epea urriaren 3ra arte egongo da irekita. Parte hartu nahi duten enpresen zerrenda osatu ostean, izena eman duten partaideen zerrenda-katalogoa bidaliko zaie enpresa guztiei, bakoitzak norekin elkartu nahi duen galdetzeko. Enpresa bakoitzak izan nahi dituen bilerak aukeratzen dituenean (urriaren 17a baino lehen), sistema informatiko bidez, Enpresarean 2013 fast-dating saioarenn egitaraua osatuko da eta urriaren 24an enpresa bakoitzari bere fast-dating programazio pertsonalizatua bidaliko zaio.

Egitaraua

09:15 – Harrera
09:30 – 10:00 – Sarrera instituzionala (Ziurtagiriaren Elkartea, Gipuzkoako Foru Aldundia, Arrasateko Udala)
10:00 – 11:00 – Hitzaldia: Mari Jose Aranguren Orkrestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuko kidea (25 min. + galderak)
11:00– 12:00 – 1. fast dating saioa (negozio aukera berriak irekitzeko edota proiektu berriak martxan jartzeko)
12:00 – 12:30 – Atsedena/ Kafea
12:30 – 14:00 – 2. fast dating saioa
14:30 - Bazkaria

Enpresarean, 2010etik datorren proiektua

2010eko azaroan Euskalit-en Astean Enpresarean jardunaldia izenburuarekin, euskara, sarea eta enpresak lotzeko saioa egin zen eta proiektua aurkeztu zen, hasieran hartan Facebook-eko orrialde batean oinarrituta. 2011tik aurrera proiektua ezagutzera eman zen, Bai Euskarari-ren egitura erabiliz. 2012ko ekainean hitzarmena sinatu zen Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, eta 2012ko urriaren 2an euskaraz lan egiten duten eta produktu zein zerbitzuak euskaraz eskaintzen dituzten enpresen arteko lehen azoka egin zen Kursaalen. Aurreikuspen guztiak gainditu zituen saioak. Ehunen bat enpresatako berrehun ordezkari inguru izan ziren partaide azokaren lehen edizioan, eta Streaming bidez 1.500 pertsonak jarraitu zuten saioa. Horrexegatik, proiektua indartuta, aurrera egitea erabaki zen, ez formatu fisikoan soilik, baita sarean ere.

eAzoka eta elkarlanerako txokoa

Enpresarean proiektuak badu isla Interneten ere. Ahalegin handia egin da euskaraz lan egiten duten enpresen sare birtuala osatzeko, enpresarean.org webgunearen bidez. Plataforma hau dinamismo handia ari da hartzen azkenaldi honetan; egunero daude sarrera berriak eta etengabe eguneratzen da. Uneotan 180 enpresak eta 200 profesional inguruk hartzen dute bertan parte.

Enpresarean proiektuaren parte diren enpresek nahiz profesionalek euren zerbitzu, produktu, proiektu edota beharrean berri ematen dute, webgunean elkarlanerako dagoen txokoaren bidez.

Hori guztia zabaltzeko, gainera, Facebook eta Twitter erremintak erabiltzen ditugu, eta hala, Enpresarean proiektuan izena emanda ez dauden erabiltzaileengana ere iristen da.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa

Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zuzendaritzak babesa eman dio Enpresaran proiektuari hasieratik eta GFAren eta Ziurtagiriaren Elkartean arteko lankidetzaren gauzapen zehatza dela azpimarratu du gaurko prentsaurrekoan Zigor Etxeburua Foru Aldundiko Euskara zuzendariak. Bere hitzetan, Enpresarean azoka mugarria izateaz gain, ekimen beharrezko, interesgarri eta garrantzitsua da, esplizitu egiten duelako gizartearen aurrean, euskararen eta arlo sozioekonomikoaren arteko lotura.

Euskara zuzendariaren ustez urriaren 31ko jardunaldia une egokian dator, Gipuzkoako 40 erakundek baino gehiagok zerbitzuak kontratatzeko hizkuntza irizpideak onartu berri dituzte eta. Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat fast-dating saioak arrakastatsuak izango dira, enpresen arteko harreman komertzialak eragingo dituelako, eta hornitzaileak topatzea erraztuko duelako.

Amaitzeko, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea zoriondu du, eta enpresak gonbidatu ditu Enpresarean 2013 jardunaldian parte hartzera.

Arrasateko Udala ere lana eta euskara uztartzeko gogoz

Arrasateko alkate Inazio Azkarragaurizar pozik agertu da Enpresarean 2013 bilera azkarren saio hau Arrasaten egingo delako. Herri euskaldunago bat izateko konpromisoa hartua dutela esan du, eta euskara bizitzako alor guztietan erabiltzea ezinbestekoa dela gure hizkuntzaren etorkizuna bermatzeko.

(Argazkia: Goiena)