2013-05-13 (azken aldaketa 2013-05-21 08:55)
Ingurumena eta Lurralde Antolaketa
Konpromiso pertsonal eta kolektiboa beharrezkoa dela adierazi du IƱaki Errazkin diputatuak
Gorka Otxoa aktoreak, Pirritx pailazoak, Edurne Pasaban mendizaleak eta Mikel Aranburu Realeko futbolari ohiak birziklapenaren aldeko mezu garbia helaraziko diote gaurtik aurrera gipuzkoar jendarteari. Hain zuzen ere, 2016rako hondakinen % 60 birziklatzea lortzeko deia egingo dute. Kanpaina Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimena da, eta Birziklagarria naiz izango du goiburu.
Gaur eguerdiko aurkezpenean Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak adierazi duenez, kanpainak etorkizunari begiratzen dio eta konpromisorako deia egin nahi du: “Konpromiso pertsonal eta kolektiboa ingurumenarekin, gure orainarekin eta gipuzkoarren ondorengo belaunaldiekin. Gipuzkoako jendarteari eta gipuzkoar guztiei funtsezko salto bat emateko deia egin nahi diegu, hemendik hiru urtera orain baino hobeto egon gaitezen, helburu handiagoei heltzeko plataforma sendo bat izan dezagun eta Gipuzkoa solidarioa, garbia eta iraunkorra eraiki dezagun denon artean”.
Errazkinek gogorarazi duenez, gaur egun, gipuzkoarrok sortutako hondakinen herena baino ez dugu birziklatzen. Europako beste herrialde eta eskualde batzuetan askoz birziklatze tasa altuagoak dituzte, eta beraz, Gipuzkoan ere badugu zer hobetu.
“Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiak, duela urtebete, helburu bat jarri zuen mahai gainean: 2016rako hondakinen % 60 birziklatzea. Eta gaur aurkezten ari garen kanpainak helburu horretara iristeko deia egin nahi du. Denok egin behar dugulako esfortzu txiki bat helmuga horretara iristeko: instituzioak, eragile sozial eta ekonomikoak, alderdi politikoak eta herritarrak”, esan du Errazkinek.
Ainhoa Iraola Ingurumeneko zuzendariak azaldu du Birziklagarria naiz ideia: “Denok gara ideia berriak, ohitura berriak, erronkak… barneratzeko gai; denok birziklatu ditzakegu gure pentsalmodea eta eguneroko ohiturak, helburu interesgarriak lortzeko. Horregatik, aldaketa eta ahalegin txiki bat egitea proposatu nahi diogu Gipuzkoako jendarteari, 2016an hondakinen % 60 birziklatzea lortzeko”. Iraolak gaineratu duenez, Gorka Otxoa, Pirritx, Edurne Pasaban eta Mikel Aranburu kanpaina honetarako pertsona egokiak dira. “Izan ere, oso pertsona ezagunak dira, gipuzkoarrek maitatuak, beren arloetan erreferentzia bihurtutakoak eta lanaren, konpromisoaren eta esfortzuaren balioa ondo ordezkatzen dutenak”.
Kanpainak hilabete eta erdi iraungo du, eta hainbat euskarri erabiliko ditu: irrati tarteak, prentsa iragarkiak, markesinetako kartelak, autobusak, bannerrak…
© 2012 Diputatu Nagusiaren Kabinetea - Gipuzkoako Foru Aldundia • Legezko informazioa • Pribatutasun politika