Posta elektronikoa Pasahitza
Pasahitza ahaztu duzu?

MINTZANETEK ETA ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUAK EUSKAL SORTZAILEAK ETA MUNDUKO UNIBERTSITATEKO IKASLEAK HARREMANETAN JARRIKO DITU


Mintzanetek egitasmo berria jarri du martxan. Etxepare Euskal Institutuarekin batera euskal sortzaileak eta munduko unibertsitateko ikasleak harremanetan jarriko ditu proiektu honek.

Mintzanetek berezko plataforma sortu du eta horretaz baliatuko dira munduan zehar dauden ikasleak euskal sortzaileekin solasaldiak eduki ahal izateko.

Interneti esker mundua inoiz baino globalagoa den honetan euskal sortzaileek ere sekula baino presentzia handiagoa izango dute nazioarteko unibertsitateetan:  Etxepare Euskal Institutuaren eta Maramara taldeko Mintzanet egitasmoaren arteko lankidetzari esker, euskal egileek eta eragileek zuzeneko prestakuntza-saioak eskaini ahalko dizkiete, Euskal Herritik, Institutuak mundu osoko 36 unibertsitateetan dituen euskara eta euskal kultura ikasleei.

Lehenbiziko saioa izan da eta bertan Eider Rodriguez idazleak eta Poznaneko (Polonia) Adam Mickiewicz Unibertsitateko ikasleek parte hartu dute. Amaia Donés irakasleak lagundu die ‘Katu jendeak’ liburuaren inguruko galderak prestatzen.

Aurkezpena Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egin da eta bertan Aizpea Goenaga, Etxepareko Euskal Institutuko zuzendariak, Mari Jose Olaziregi, Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendariak, Ritxi Lizartza, Maramara* enpresako zuzendariak, eta Eider Rodriguez idazleak parte hartu dute.

 
Aizpea Goenaga, Marijose Olaziregi, Eider Rodriguez eta Ritxi Lizartza

Aizpea Goenaga, Marijose Olaziregi, Eider Rodriguez eta Ritxi Lizartza


mintzanet_bere_ahotan

RAUL ALFARO: «INTERNETEN DENETARIK DAGO; BAINA EUSKARAREN ARLOAN HUTSUNE BAT ZEGOEN, ETA MINTZANETEK BETE DU»


Raul Alfaro duela 37 urte jaio zen Iruñean, kooperatiba batean lan egiten du eta Zarrakaztelun bizi da. Euskara ikasten ari da, baina Nafarroako Erriberako herri txiki horretan ez du praktikatzeko aukerarik. Bere irakasleak eman zion Mintzanet proiektuaren berri. Izena eman, eta Ione Forcada donostiarrarekin hasi da ekimenean parte hartzen. «Kristorena iruditzen zait; Zarrakaztelun ia-ia aukerarik ez daukat euskaraz hitz egiteko, eta Mintzaneten bidez gutxienez astean bitan egiten dugu», azaldu du.

Raul Alfaro, bidelaria, bere txakurrarekin

Raul Alfaro, bidelaria, bere txakurrarekin

Astean bi aldiz jarduten dute, eta dagoneko bidelari honen eta bere bidelagunaren artean harreman berezia sortu da. «Ione asko estimatzen dut, bere jarrera ikaragarria da, eta beti garaiz eta gogo handiz etortzen da hitzorduetara. Euskara militante hutsa da», azpimarratu du.

Raul euskara ikasten ari da buru-belarri, eta badaki prozesu horretan zein garrantzitsua den hitz egitea. Horregatik, astean bi aldiz aritzea adostu zuen bere bidelagunarekin: «Gainera, disfrutatu egiten dugu eta denbora luzez jarduten dugu gauza askoren inguruan. Ostegunetan, berriz, nire gramatikako zalantzak argitzen saiatzen gara».

Praktikatzeaz gain, Mintzaneten bidez beste gauza asko ikasten ari da Raul. «Ionerekin elkarrizketak oso abesgarriak dira: geografia, euskal mitologia, historia eta horrelako gaien inguruan hitz egiten baitugu».

Ionek eta Raulek modu bitxian bukatzen dituzte saioak. «Ionek asmakizun bat kontatzen dit eta nik erantzuna asmatu egin behar dut hurrengo hitzordurako. Behin liburu bat bidali zidan, eta beste batean artikulu bat. Eta nik berari zainzuri batzuk», esan du.

Bere esperientzia kontuan hartuta, Mintzanet gomendatuko lukeela esaten du Raulek. «Zalantzarik gabe. Interneten denetarik dago, baina euskararen arloan hutsune bat zegoen eta Mintzanetek bete egin du. Esperientzia oso polita da. Mila esker!».




Euskal Herriko data eta ordua:
Twitter:
Skype deskargatzeko:

Zalantzarik baduzu, idatzi hona:
info@mintzanet.net
Prentsa
Diasporako eta bertoko euskaldunei euskara praktikatzen lagundu nahi al diezu? Eman izena Mintzanet-en:
Albistea irakurri
Ritxi Lizartzari
(maramara* taldeko zuzendaria) Bizkaia Irratian egindako elkarrizketa (2012/12/10):
Zer da Mintzanet?