Euskalbar 3.12: hiztegi berri asko eta hobespenen leiho berritua
Azken aldian gero eta baliabide gehiago ari da agertzen sarean euskaraz lan egiten dugunontzat. Gabonetako oporrak aprobetxatuta, horietako batzuk Euskalbarren txertatu ditugu bertsio berri honetarako.
Hurrengo hauek dira oraingoan sartu ditugunak:
- Egungo Testuen Corpusa.
- Bostak Bat taldearen Adorez hiztegiak (eu-es eta sinonimoak).
- UZEIren sinonimoen hiztegia helbide berrian kontsultatzen da.
- Egungo Euskararen Hiztegia.
- Literatura Terminoen Hiztegia.
- Lanbide Heziketarako Hiztegia.
- Epaitegietako Lexikoa.
- Lur Hiztegi Entziklopedikoa eta Lur Entziklopedia Tematikoa.
- EHUskaratuak EHUren itzulpen-memoriak.
- Hauta Lanerako Euskal Hiztegia.
Horrez gain, Euskalbarrek gaizki kontsultatzen zituen beste batzuk konpondu dira, adibidez GoiHata hiztegia, Telekomunikazioen hiztegia eta Zientzia eta Teknologiaren hiztegia.
Bestalde, hiztegiekin jarraituz, Firefoxen testuinguru-menuan agertzen diren hiztegiak (saguarekin testu bat hautatu eta eskuineko klik eginez agertzen direnak) beste modu batera antolatu dira, gero eta baliabide gehiago izanik jadanik ez baitziren ongi sartzen pantaila txikietan. Hiztegien menua ere (goiko menu-barratik kontsultatzen direnak) eguneratu egin da.
Hobespenei dagokienez, hobespen-leihoaren “Kontsulta aurreratua” fitxa erabat berritu da, hiztegi gehiago sartu ahal izateko. Bestalde, hobespen berria sortu da: bilaketa bat egiten denean, fokua testuaren kutxan uztea edo leihora eramatea aukeratu ahal izango da. Lehen kasuan, kutxan sartu den testua automatikoki hautatuta geratuko da, eta beste hitz bat bilatu nahi bada ez da aurretik zegoen testua ezabatu beharko, zuzenean idatzi ahal izango da testu berria.
Azkenik, beste aldaketa bi:
- Testua sartzen den kutxa hutsik dagoenean botoiren bat sakatzen bada, jakinarazpen bat erakusten da oraindik hitzik ez dela sartu esanez. Jakinarazpen horren itxura hobetu da.
- Egindako kontsulta-kopuruaren estatistikak beste modu batera gordetzen dira orain, eta horrek mantenimendua errazten du. Bestalde, orain estatistiken datuak zutabeen arabera ordena daitezke.
Euskalbarren bertsio berria instalatzeko, jo Mozillaren gehigarrien webgunera, edo jadanik aurreko bertsioren bat instalatuta badaukazue, itxaron jakinarazpena jaso arte. Kontuan izan bertsio hau Firefoxen 14 bertsiotik aurrera soilik erabili ahal dela.
On egin.
2013/03/19 / 10:56 pm
[...] gehiago Euskalbarren webgunean bertan. Iturria: Sustatu.com Me gusta:Me gusta [...]
2013/03/20 / 11:47 am
[...] Argibide eta azalpen zabalagoak aurkituko dituzue Euskalbarren webgunean. [...]