Actions sur le document

Mesolitoa

K. a. 9000tik K. a. 4000. urtera luzatzen den garaia.
Glaziarrek atzerantz egin zuten, iparralderantz, eta klima berotu egin zen. Hori zela eta, lurraldeko florak eta faunak baldintza berrietara berregokitu behar izan zuten, eta zuhaitz-masa hedatuaz joan zen pixkanaka. Garai honen bukaerako baldintza-klimatikoak gaur egungoen antzerakoak ziren. Klima-aldaketa horrek elikagai-iturrien dibertsifikazioa ekarri zuen.

Garai honen hasieran asentamendu gehienak kostaldean, altuera ertaineko zonaldeetan eta gehienbat kobazuloetan zeuden. Hala ere, poliki-poliki barrualdeko lurraldeetara eta leku zabaletara –hots, kobazuloetatik kanpora– jotzen hasi ziren gizakiak, eta joera horri Historiaurrearen bukaerara arte eutsi zioten. Ondorioz, produkzio-ekonomia askoz ere indartsuago sartu zen barrualdeko lurretan, hau da, populazio handiena metatzen zen lurretan.

Era berean, garai honetan hezur-industriaren eta agerpen artistikoen beherakada gertatu zen. Iraupen laburreko eta gaur egun detektagaitzak diren materialen erabilerak, ordea, gora egin zuen, esaterako, egurrarenak. Egurra, besteak beste, arrantzarako tresneria egiteko erabiltzen zuten.

http://www.euskosare.org/euskal_herria/aurkezpena_eh/historia/historiaurre/mesolitoa/eks_structuredocument_view