Nor gara

Bernart Etxeparek 1545ean ‘Linguae Vasconum Primitae’ liburua idatzi zuen, euskaraz idatzitako lehen liburua. Euskal literaturaren lehen idazlan honek gure hizkuntzarentzat desio bat adierazten zuen:

 

Heuscara ialgui adi campora

Heuscara ialgui adi plaçara

Heuscara ialgui adi mundura


Etxepare Euskal Institutua desio hori egia bihurtzeko jaio da. Bere xedea euskara eta euskal kultura mundu osoan zehar zabaltzea da.

Gure hizkuntza eta kulturaren enbaxadorea da Etxepare Euskal Institutua, eta kanpoan euskal sortzaileen berri izan dezaten lan egiten du, bai eta literatura, antzerkia, dantza, zinea, musika, artea bere hainbat adierazpenetan eta euskara hedatzeko ere.

Euskaldunok munduari ateak zabalduta bizi gara, asko ikasi dugu kanpotik eta askoz gehiago ikas dezakegu. Baina XIX. mendeko Jose Maria Iparragirre herri musikariak esan zuen bezala, geuk ere eman eta zabaldu behar dugu gure fruitua munduan zehar; mundua euskaldunago egin nahi dugu, eta Euskal Herria mundutarragoa.

 

Aizpea Goenaga
Etxepare Euskal Institutuko Zuzendaria