Hemen zaude: Hasiera Albisteak "Asier ETA biok" filma apirilaren 9an estreinatuko da Buenos Airesen, BAFICI Zinemaldiaren baitan

"Asier ETA biok" filma apirilaren 9an estreinatuko da Buenos Airesen, BAFICI Zinemaldiaren baitan

2014/03/19

Buenos Aireseko Nazioarteko Zine Independentearen Zinemaldiak herri anitzetako obrak batzen ditu urtero. 16. edizio honetan, euskal jatorriko pelikula bat ikusi ahal izango da apirilaren 3an hasiko den programan. Aitor eta Amaia Merino zuzendari donostiarren 'Asier ETA biok' apirilaren 9, 10 eta 12an proiektatuko da hiriburuko zine aretoetan, horretarako propio etorriko den Aitor Merino zuzendaria lagun. "Asier ETA biok" dokumentalak Aitor Merino zuzendariaren eta ETAkide izandako Asier Arangurenen arteko lagun harremana kontatzen duela.

Buenos Aires, Argentina. “Asier eta biok Iruñean ikaskide izan ginen 80ko hamarkadan. Ondoren, bide ezberdinetatik jo genuen. Nik, aktore izateko goseak bultzatuta, Madrilera jo nuen; hiriak harrera ona egin zidan eta bazter guztietan egin nituen lagunak, aktoreak gehienak. Bien bitartean, Asier Iruñean bertan bizi zen eta konpromiso politiko handiko ekimen desberdinetan murgildu zen. Urrun bizi arren, Asierrek eta biok adiskidetasuna mantendu genuen. Urteak pasa ziren eta nire ametsa egia bihurtu zen: aktore egin nintzen”.

“2002ko martxoan, Asier ezkutatu egin zen; polizia zeukan atzetik ETAkide zelakoan. Asierrek zortzi urte eman zituen espetxean. Urte guztiotan askotan hitz egiten nien nire Madrilgo lagunei Asierren inguruan eta gure adiskidetasunaz. Baina askotan, nik ere erantzuteko zailtasunak nituen galderak botatzen zizkidatenean. Nola azaldu nire lagunei ETAko kide batekin nuen adiskidetasuna? Nola ulertarazi zerk bultzatu zuen erabaki hori hartzera, niri ere ulertzea kostatzen zitzaidanean?”

Galdera hauekin deskribatzen ditu Aitor Merinok bere dokumentala. Izan ere, bere esanetan filma bera bada galdera horiek erantzuteko saiakera: “Asier askatu zuten egunean, 2010eko uztailean, kamera hartu eta galdera horri erantzuteko gai izango zen pelikula egitea deliberatu nuen. Hori zen nire asmoa eta, aldi berean, zergatik ez, Madrilgo lagunen eta Asierren arteko ulertze-bideak sortzea. Nolanahi ere, nire egitasmoa ez zen uste bezain erraza gertatu…”.

Buenos Aireseko emanaldiak

Aitor eta Amaia Merino anai-arreben filma, BAFICI zinemaldiaren barruan estreinatuko da Buenos Airesen ordutegi hauetan: apirilaren 9an, gaueko 10:55etan Village Recoleta Zine-aretoan; apirilaren 10ean, gaueko 8:45etan Village Recoleta Zine-aretoan; eta apirilaren 12an, iluntzeko 7:10etan, San Martin Kultur Gunean.

Ez dezagun ahaztu ofizialki  ‘Asier ETA biok’ joan den irailean estreinatu zela Euskal Herrian, Donostiako Zinemaldiaren 61. edizioan, hain zuzen, eta bertan euskal zinemaren Irizar Saria jaso zuela. Buenos Airesko BAFICIren 16. edizioan, ordea, Panorama delako sailean proiektatuko da eta Giza Eskubideen arloko lehiaketan hartuko du parte. BAFICIko emanaldietara joan ahal izateko komenigarria da sarrerak aldez aurretik eskuratzea. Zinemaldiari buruzko informazio gehiago izateko, klik hemen .

-‘Asier ETA biok’ pelikularen trailerra, hemen 

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)


bisita