"Egoera eraldatuak", Bizkaiko Batzar Nagusien eta UPV/EHUko Arte Eder Fakultatearen erakusketa berria

Bizkaiko Batzar Nagusien eta UPV/EHUko Arte Eder Fakultatearen artean sinatutako lankidetza akordioaren esparruan sortutako erakusketa berria dugu José Luis Ochoa eta Juan Calleja lizentziatuen lanak biltzen dituen hau. Unibertsitate horretako doktore eta irakasle den Daniel Rodríguez Vázquezen koordinazioaz, José Luis Ochoak eta Juan Callejak euren bideak batu dituzte baterako erakusketa-proiektu bat egiteko, UPV-EHU Euskal Herriko Unibertsitatean egiten ari diren doktorego-ikasketen osagarri gisa. Diferenteak diren baina helburu bera duten bi artistaren bi ahotsen arteko elkarrizketan oinarritutako topaketa izango da, non ikuspegi kontzeptualak garrantzi berezia hartzen duen. Erakusketa Batzar Nagusien erakusketa aretoan izango da ekainaren 7ra arte.