ALBISTEAK - DEIADARRA

BGP-CTB-ri Larrañetako funikularraren goikaldeko geltokian Barik txartelak erosteko eta errekargetako makinak jarteko eskatzea erabagi dabe Batzar Nagusiek

Batzordea

Bilbon, 2014ko maiatzaren 9an.

Gaur, barikuan, maiatzaren 9an, bildu dan Bizkaiko Batzar Nagusien Herri Lan eta Garraioetako Batzordeak, EH Bildu eta PP taldeek euren aldetik aurkeztutako arauz besteko proposamen bi onartu ditue, Barik txartela erosteko eta errekargetako makinak Larrañetako funikularraren goikaldeko geltokian jartea eskatzeko Bizkaiko Garraioen Partzuergoari (BGP-CTB).

Eskariak, Trapagako auzo horretako Auzokideen Alkartearen eskaerari men egiten deutso. Alkarteak adierazo dau Escontrillako geltokira heldutakoan baino ezin leikiela “ukipenik bako” txartela kargau. Holan, Batzarretako talde guztiek bat egin dabe auzokideen eskariakaz, bidaia-txartel barik joaten diran bidaiariak egotearen “irregulartasunari” bukaerea emon ahal izateko.

EAJ-PNV taldeko Javier Setien batzarkideak iragarri dau, ganera, “badakigula hilebete honetan instalauko dirala bidaiatzeko txartelak erosteko eta errekargetako makinak”.

Beste alde batetik, Herri Lan eta Garraioetako Batzordeak aho batez onartu dau Batzarretako talde sozialistak (PSE-EE) aurkeztutako arauz besteko beste proposamen bat. PP taldeak proposamen horri egindako zuzenketa-eske bi be sartu dira. Bertan, Bilboko Udalari, Foru Aldundiari eta Portuko Agintaritzari eskaerea egiten jake Deustuko kanaleko lanetatik kamioi astunak urteteak eragingo dauen “arazoari” konponbide hoberena bilatu deioen.

“Bertako biztanleei ahalik eta kalte eta eragozpen gitxien sortuko deutsen bide alternatibea bilatu behar da, lur bolumen handia mobidu behar dalako, 365.000 metro kubiko, eta kamioien trafikoa handia izango dalako, 15 kamioi orduan, prentsaren bidez ezagutu doguzan datuak kontuan izan da”, adierazo dau Joaquín Colmenerok, talde sozialistak batzordean daukan bozeroaleak.

Proposamena aurkeztu dauen taldeak onartu dituan zuzenketa-eskeetan, PP-k eskaria egin dau, kasu honetan errepideen foru araua aplikau daiten, erabilera mugei eta aldi baterako baimenei jagokenez, eta Portuko Agintaritzearen partaidetzea eskatu daiten “itsasadarrak, obra inguruko materialaren parte bat edo guztia atarateko eskintzen dituen aukerak aztertzeko”.

Gai horri jagokonez, Aitor Torre EH Bilduko bozeroaleak azpimarratu dau beharrezkoa dala “Itsasadarrak, holango kargen garraiorako ibai komunikazino bide moduan eskintzen deuskuzan aukera handiak ahalik eta gehien aprobetxetea”.

Amaitzeko, Batzordeak aho batez onartu dau PP taldearen arauz besteko proposamen bat, Batzar Nagusiek eskabidea egin deien Herri Lan eta Garraioetako sailaren aurrean, Autzaganeko mendatea hobetzeko lanen I. fasea amaitzen dan lekuan, Gorozika auzoaren inguruan, Muxikako udalerrian, dagoan kilometro puntua aldatzeko. Jesús Isasi batzarkide popularraren berbetan, Bermeo-Bilbo trenbidearen ganetik doan bide zati arriskutsua da, eta bertan hainbat istripu gertatu da, azkenengoa oso handia, hildako bategaz, kamioi batek eragindakoa”.

“Gure eretxiz, kendu beharreko 300 metro dira, ibilpidea erabiltzaileentzat konponduta itxiz. Dana dala, badakigu Amorebieta eta Gernika arteko BI-635 errepidea barriztetako beharren 2. fasean zati hori konpondu egingo dala”, esan dau Jesús Isasik.