ERMITEA

Antza danez, lehenengo ermitea, San Salbador eta San Klementerena, XVI. mendean egin eben. Jatorrizko haretatik iparraldeko harlanduzko hormako zati batzuk baino ez dira geratzen. Ermitea nabarmen aldatu zan XVII. mendean inguru guztian egin zan aldaketeagaz batera, izan be garai haretako hormarriak dira-ta gaur eguneko ermitearen kanpoko hormetan dagozanetarik gehienak. 1876.ean sakristia erantsi jakon.

1961.ean zapaia jausi egin zanez, Aldundiak barriztatze eta konponketa-lanak egin zituan. Lanon barruan, aldatu egin zan portikoaren itxurea, lau zutabe neoklasiko jarri ziran eta kendu egin ziran pulpitua eta aldarea.
Gerediagako Kofradia erakunde zibila zan arren, Estatuak, 1841.eko Desamortizazino Legean oinarrituta, desjabetu egin zituan Ermitea eta Zelaia. Gerediagako auzokoek errematean erosi ebezan 1844.ean eta hareen ondorengoek Bizkaiko Batzar Nagusiei eskualdatu eutsien 2000. urtean.

Behin inguru guztian arkeologia-araketak egin eta osteragoko lan guztiak zelan gauzatu behar ziran jakiteko txostenak atondu ostean, 2003. urtean amaitu zan ermitearen barrualdearen barriztatze eta eraldaketea.