BARRIAK - DEIADARRA

artistak

"Egoera eraldatuak", Bizkaiko Batzar Nagusien eta UPV/EHUko Arte Eder Fakultatearen erakusketa berria

Bizkaiko Batzar Nagusien eta UPV/EHUko Arte Eder Fakultatearen artean sinatutako lankidetza akordioaren esparruan sortutako erakusketa berria dugu José Luis Ochoa eta Juan Calleja lizentziatuen lanak biltzen dituen hau. Unibertsitate horretako doktore eta irakasle den Daniel Rodríguez Vázquezen koordinazioaz, José Luis Ochoak eta Juan Callejak euren bideak batu dituzte baterako erakusketa-proiektu bat egiteko, UPV-EHU Euskal Herriko Unibertsitatean egiten ari diren doktorego-ikasketen osagarri gisa. Diferenteak diren baina helburu bera duten bi artistaren bi ahotsen arteko elkarrizketan oinarritutako topaketa izango da, non ikuspegi kontzeptualak garrantzi berezia hartzen duen. Erakusketa Batzar Nagusien erakusketa aretoan izango da ekainaren 7ra arte.

Agenda: Maiatzak 15. Getxoko Punta Begoñako galerien balioa ezagutarazteko erakundeek sinatutako hitzarmenaren aurkezpena Batzar Nagusietan

Punta Begoña

Getxoko "Punta Begoñako galeriak" izenaz ezaguna dan higiezinaren balio ezagutarazteko, Eusko Jaurlaritzaren, Universidad del Pais Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen, Getxoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren artean sinatuko dan lankidetza-hitzarmen markoa aurkeztuko dau Bizkaiko Foru Aldundiak Batzar Nagusietan maiatzaren 5ean izango dan Kultura eta Euskerako Batzordean.

Batzar Nagusien osoko bilkurak berretsi egin dau artelanen eta antxinako objektuen inportazinoari apliketan jakon BEZ-aren jatsierea

Gernika

Batzar Nagusietako osoko bilkureak, Balio Erantsiaren Zergari buruzko azaroaren 9ko 7/1994 Foru Araua aldatu dauen martxoaren 18ko 1/2014 Foru Dekretu Arauemoilea berretsi dau gaur goizean Gernikan. Zerga horren egokitzapena da estadu mailako arautegira, Kontzertu Ekonomikoan ezarten dan moduan. Aldaketa hori, Estaduko Aurrekontu Orokorren Legeak sartutako barrikuntzek eta azpiegitura eta garraio arloko barrikuntzei buruzko urtarrilaren 24ko 1/2014 Errege Lege-Dekretuak eta ekonomiaren arloko beste batzuek eragin dabe. Dekretuak EAJ-PNV, PSE-EE eta PP taldeen aldeko botoa eta EH Bilduren abstentzinoa jaso ditu.

BGP-CTB-ri Larrañetako funikularraren goikaldeko geltokian Barik txartelak erosteko eta errekargetako makinak jarteko eskatzea erabagi dabe Batzar Nagusiek

Batzordea

Gaur, barikuan, maiatzaren 9an, bildu dan Bizkaiko Batzar Nagusien Herri Lan eta Garraioetako Batzordeak, EH Bildu eta PP taldeek euren aldetik aurkeztutako arauz besteko proposamen bi onartu ditue, Barik txartela erosteko eta errekargetako makinak Larrañetako funikularraren goikaldeko geltokian jartea eskatzeko Bizkaiko Garraioen Partzuergoari (BGP-CTB).