Eka
03
14
Hirugarren poema liburua zuen Igor Estankonak orain hamar urteko Ehiza eta nekea (Kutxa, 2004), aurreko Anemometroa (1998) eta Tundra (2002) bildumetan ageri zen poeta leun eta indartsuaren heldutasunezko emaitza. Ikusten dena eta ikusten ez dena gogoetaren lagungarri hartuz, doi bat ironiko, doi bat autokritiko, leihoa, etxea, ibaiertza nahikoak ditu frogatu ahal izateko inguratzen gaituen guztia ez dela natura edo eraikidura, “pentsamendu erraldoia” baizik. Errazkeriatik ezin urrunago dauden poema gardenak egiteko ahalmen berezia dauka Estankonak, liburu honen muina izan litekeen “Minutu bat zuretzat” poema eredu. Sentimendua ez ezik, ideia ere pentsamendu erraldoi horren apurretan elikatu behar izan gabe daki bideratzen. Behe lainoak urtuko dira, baina berriro datoz: tolesdurek osatzen dute zoriona. Inoiz oreka galtzen ez duen maitale edo kritiko, tradizio kultuaren onenekoak paletan dauzkan pintore modernoa dugu Igor Estankona.
Mai
27
14
Desadostasun kantu bat da Jule Goikoetxearen lehen poema liburua. Tractatus izenburu ironikoaz baliatzen da, adierazteko edozein aukera zientifikoren eta jarrera politikoren atzean esperientzia estetiko bat badela: desiozkoa, borondatezkoa, boterezkoa; eta poetak bere desadostasuna agertzen du politika, ekonomia, artea eta zientzia pentsatzeko eta praktikatzeko modu estandarren aurrean. Zibilizatua dagoen baten zibilizazioaren kritika izan nahi luke Tractatus honek. Disidentzia, egia, beldurra, erresistentzia, umorea, alferkeria, biolentzia, parranda, errepresioa, plazera, heriotza… ez dira hitz erreka soil bat, Jule Goikoetxearen indar espresibo biziaren gaiak baizik.
Mai
22
14
Ezabatuak eman zion izena Eduardo Gil Berak 1995ean alemanetik euskarari ekarri zion 1933ko nazi festa batean erretako liburu metatik salbatutako zenbait poemaren bildumari. Besteak beste, Elsa Lasker-Schüller, Ivan eta Claire Goll, Klabund eta gaur 75 urte, 1939ko maiatzaren 22an, hildako Ernst Toller. Harrigarria da zenbateraino ziren Reichentzat arriskutsuak poeta espresionistak, alegia, “dekadenteak”. Liburuak erre eta poetak erbestera, suizidiora edo kontzentrazio eremuetara bultzatu. Guztizko botereak, agidanez, guztizko ikara dio hitzaren jarraitasunari: liburutegi pribatu eta publikoen sakeoak eta erreketak lehen mailako jardun politikoa izan ziren 1936ko Nafarroa leialean. Suntsituak, ezabatuak… ez ordea nazismoak edo frankismoak iraun bitarteko. Gerora ere, Gil Berak sarrera argigarrian ohartarazten digunez, 1933 urrun hartan erretako obrak, alegia, naziek kondenatutako egile haien lanak, ez ziren berriro agertzen hasi 1980 hamarraldia arte, eta zatika baino ez. Ezinbesteko liburua, beraz, osorik eskaintzen dugun Ezabatuak.
Mai
20
14
Literaturiaren seigarren edizioa Zarautzen egingo da maiatzaren 28tik ekainaren 1era bitartean, bost egunez. Iñigo Aranbarri, Jon Arretxe, Josetxo Azkona, Unai Baztarrika, Lander Garro, Jule Goikoetxea, Juan Kruz Igerabide, Ana Jaka, Juan Ramon Makuso, Ana Malagon, Asier Serrano eta Iban Zaldua idazleek beren liburu argitara berriei buruz solas egingo dute irakurleekin. Gabriel Arestiren Harri eta herri poema liburuaz hitzaldia egingo du Karmelo Landak, Etxepare rap eskainiko du Imanol Epeldek, Hodeien adorea bertsonobela izango da bertsolariekin, idazle zarauztarrek irakurraldia egingo dute, eta poesia errezitaldi batekin amaituko da Literaturia. Antzerki emanaldiak: Bada teatroa, Inpromatxa, Gabrielen Lekua eta Gilkitxaro taldea. Musika kontzertuak: Bide Ertzean, Petti eta Xabier Montoia.
Mai
20
14
Bihar, maiatzak 22, Donostian Lander Garrok bere bigarren nobela aurkeztu aurretik, sarean eskaintzen dizugu osorik. Gerra txikia eleberriko protagonista Xabi Ugarte da. Aita errefuxiatua denez, Hendaiara joango da bizitzera familia osoa. GAL garaia da, zelatan daude mertzenarioak, eta laster gertatuko dira atentatuak, hilketak, atxiloketak, deportazioak… Haur izatearen xalotasunak, ordea, munduari begiratzeko aldarte berezia ematen dio Xabi txikiari, eta une zailenetan ere beti saiatzen da atsegin edo probetxuren bat topatzen: lagun berriak, hondartzako egunak, etxera datozen iheslariak, Tour-eko karrera, lehen musua. Abenturak eta garai krudelen oroitzapenak, biek bat egiten dute kontakizunean.
Mai
14
14
Gaurko egunez 1964an plazaratu zen Gabriel Arestiren Harri eta herri, Kuliska Sorta bilduman (55. zenbakia), Zarauzko Itxaropenak inprimatua. Argitalpena 972 alekoa izan zen; horietatik 480 harpidedunei bidali zitzaizkien, 80 hartu zituen idazleak, 29 zentsurara eta lege gordailura eta liburutegietara eraman zituzten, eta gainerakoak dendetara zabaldu ziren. Profeta bati izeneko poeman Arestik berak argi azaltzen du bere poetikaren ardatzetako bat: “Nire poesia oso merkea da, herriaren ahotik hartu nuen debalde, eta debalde ematen diot herriaren belarriari”. Harri eta herri liburuak zalaparta sortu zuen, Zeruko Argia astekariaren ekaineko eta uztaileko artikuluak lekuko. Irailaren 19an, Donostiako Udal Liburutegian egindako hitzaldian Arestik Egia bat esateagatik eta Nire aitaren etxea irakurri zituen, Patxi Mujikaren grabazioari esker jasoak izan direnak. Liburuaren lehen edizioari Juan San Martinek egin zion hitzaurrea, eta 2000. urtean egindako edizio berrian Koldo Izagirrek idatzi zuen sarrera.
Mai
13
14
Afonso Henriques de Lima Barreto brasildar idazle eta kazetaria Rio de Janeiron jaio zen 1881ean, eta 1922an hil hiri berean. Oso kritiko zorrotza izan zen bere garaiko sistema politikoarekin, eta gizarte-pribilegioak zein arrazakeria salatu zituen engaiamendu handiz. Gizarteko apalenen ahotsa izan zen, ahotsik gabeena. Lima Barreto mulatoa zen eta gertutik bizi behar izan zituen bidegabekeria eta mespretxua. Bizitzako azken urteak ospitale psikiatriko batean eman zituen, idazteari behin ere utzi gabe. XIX. mendeko errealismoari atxiki zitzaion, baina haren estiloa ez zen batere apaindua izan: bizi-bizia zen, kalekoa, manierismorik gabekoa. Denetariko generoak landutakoa, haren lanik nabarmenenak dira, besteak beste, Triste Fim de Policarpo Quaresma eleberria, Marginália artikulu-bilduma eta Cemitério dos Vivos hil ostean argitaraturiko zoroetxeko kronika laburra. Euskaraz irakur daiteke orain, Iñigo Roquek euskaratu baitu Kalifornia Berria ipuina, gaur eskaintzen dizueguna.
Mai
08
14
Maiatz literatur aldizkariaren ale berriaren aurkezpenarekin (58. zenbakia) abiatuko dira Maiatz Solasaldiak datorren astearte arratsaldean, maiatzaren 13an, Baionako Euskal Museoan. Egun berean mahai-inguruan parte hartuko dute Paulo Iztuetak eta Emilio Lopez Adanek, eta Itxaro Bordak errezitaldia egingo du iluntzean. Biharamunean, maiatzaren 14an, Xipri Arbelbidek Gogoetak liburua aurkeztuko du, Antton Lukurekin solasean ariko dira Libertitzeaz liburuaz, eta Itxaro Bordak beste errezitaldia batekin amaituko ditu jardunaldiak.
Mai
07
14
Bake prozesuaren gerrako partea ematen digu Urtzi Urrutikoetxeak bere hirugarren poema liburuan, Utzidazu karmina kentzen. Letretan sarrera garratza egin zuen Borroka galduetatik gatoz haren luzapena ote den pentsa liteke hasiera batean. Ez, ez dago luzapenik. Mundu berdintsuan bizi dela, besterik ez. Barnekoiak dira orain poemak, maitasuna dute hezurdura. Maitasuna, izan ere, egitate poetikoa da: hiztegi bat osatu behar dute maitaleek, elkarrekikoa egin ahal izateko. Kode ulergarri bat eskaintzen digu poetak, baldin intimitatea gizarteak kutsatzen duela badakigu, kodeek testuingurua salatzen dutela badakigu. Mundulekua gero eta estuagoa, gero eta ilunagoa egiten da liburuan aurrera joan arau, maitasuna aldiz gero eta gozoagoa, hots, beharragoa: bake prozesuaren gerrako partea, deklarazio bat metroan edo gaueko autobusean, maitearen adatsa sorbaldan.
Api
30
14
Idazle guztiek idazten dute, nolabait, uretan. Jarioaren irudi eternala dugu ura, badoan biziarena. Patxi Salaberriren lehen liburua, Uretan idatziak (Kutxa, 2002), bizitzaren jarioan idatzitako poemez osatua da. Bizitzari buruzko aditasun horretan ekarriko digu Itaka auto-ilarara, edo begipean daukan botila hutsa hartuko du gogoetarako aitzakiatzat. Apunte intimo laburrak lehenik, inguruan eta oro har gizartean oinarritutako iritziak ondoren, erreferentzia klasikotatik abiatzen dituen jardun luzeak azkenik. Multzo guztietan ageri dira poema biribilak, eta beti gustu ona gure ezdeusa, joanaren garratza edo bizipoza kantatzerakoan. Autorearen hizkera landuak ez du mezuaren gardena kaltetzen, sobera poetikotik urruntzen dakien poeta da Salaberri.
Api
24
14
Gaurko egunez hil zen Alejo Carpentier idazle kubatarrari sona handiena eleberriek eta musika lanek eman bazioten ere, haren ekoizpenik oparoena kazetari legez egindakoa izan zen. 1933an, Frantzian erbesteratua zelarik, Euskal Herria zeharkatu zuen trenez, han-hemen geldialditxo batzuk eginez. Bidaia haren kronika Carteles aldizkarian argitaratu zuen: Historiarik gabeko bidaia baten kronikak. Koldo Izagirrek euskaratutako lerrootan, herri ugariren inguruko deskripzioak eta gogoetak irakur daitezke: Baiona, Miarritze, Hendaia, Irun, Hondarribia…
Api
22
14
Preso egon denaren gogoa kartzelara itzultzen da beti; hainbat sarriago, hurbil den epaiketa zital baten zain baldin badago. Mikel Etxaburuk apirilaren 28an jendaurrean aurkeztuko du bere bigarren poema liburua, Hodeiak zapatetan, maitasuna eta askatasuna dituena gai nagusiak. Hitz biluzien jaiduraz, joskera apalen zale, molde soilen bitartez kantatuko ditu Mikel Etxaburuk oroitzapenak eta desirak, aberriaren ardura eta kartzelaren samina, bakardadea eta amets egiten segitzeko grina.
Api
19
14
Apirilaren 17an hil zen Gabriel Garcia Marquez idazle kolonbiarra, errealismo magikoa deitu izan denaren adierazlerik gorenetarikoa. Bere idazlanetan fantastikoa eta erreala maisuki uztartu ohi ditu, Hego Amerikako bizitza eta gatazkak islatuz. Oparoa da Garcia Marquezen liburuak euskaraz irakurtzeko aukera, lau liburu hauexek: Heriotza iragarritako baten kronika (1982, Xalbador Garmendia), Jenerala bere laberintoan (1990, Xabier Mendiguren Bereziartu), Koronelari ez dio inork idazten (1992, Tomas Sarasola) eta Naufrago baten kontakizuna (1998, Eneko Barrutia). Horiez gain, pieza txikiagoak ere argitaratu dira aldizkarietan edo bildumetan, besteak beste, orain eskaintzen dizkizugun Zerbait izugarri gertatu behar da herri honetan (1985, Joseba Sarrionandia / Mitxel Sarasketa) eta Horietako egun batean (1994, Gillermo Etxeberria).
Api
16
14
Zotal egunak: etorkizuneko giroaren iragarleak. Oharrak hartzeko egunak, ohartarazteko poemak. Bizikizunen trinkotze bat, dena erabakia dagoelako susmoa, ez baikara zahartzetik edo hiltzetik libratuko. Ezin izan izugarri baikorra ere. Baina nostalgia baikor handi baten barruan bizi da Joxerra Garzia, eta borroka egiteko kemena ematen dio laino mehe horrek, orainaldi batean finkatzen denez: egun haietan ikusten zuen giroak, zer etorkizun? Irakurlearekiko konplizitatea, zintzotasun politiko eta intelektuala mingostasunik gabeko umorez. Bai, zintzotasuna ere izan liteke tresna poetikoa. Nolakoa den poetaren barrena, zer daukan bihotz-ninian. Joxerra Garziaren gizabideak ez du poesiaren kalitatea jaten, baina bai handitzen. Poema libreak eta lotuak, kopla zaharrak, berriak eta berriagoak, hiria, haizea, itsasoa, inon ezeko uharteak… Ederra bilduma.
Api
09
14
Iñigo Aranbarrik ostiral honetan Apirila nobela aurkeztu aurretik, osorik eskaintzen dizugu sarean. Esteban Alberdi protagonistak lana galdu du, aldentzen ari zaio familia, eta durduzatuta dabil. Baina oraindik gehiago okertuko da bere egoera. Gau batean, kaskarrean kolpe handia hartuta aurkituko dute kale bazterrean. Eldarnio betean, denboraren putzuan barneratuko da, bi mende eta erdiko jauzian: Azkoitian ikusten du bere burua 1766ko apirilean, gariaren eta artoaren prezioa garestitu dutenean eta herritarrak matxinatu egin direnean. Krisia, langabezia, errebolta, errepresioa, hondamena dira kontakizunaren ardatzak, jirabiran mugitzen dituztenak iragana eta etorkizuna.