Deba ibarreko ahozko ondarea

Deba ibarreko ahotsak

Deba Ibarra osatzen duten hamazazpi herrietan bertako euskara eta euskalkiak jasotzeko makina bat ahalegin egin izan da. Badihardugu Euskara Elkarteak ere ahalegin horretan dihardu bere sorreratik bailarako udal, ikastetxe, euskara elkarte eta euskaltegiekin elkarlanean. Hala ere, oraindik egiteke dagoen bidea luzea da eta gure helburuak aurrera eramateko garrantzitsua den urratsa iruditzen zaigu honako hau: bailarako hizkeraren eta historiaren berri jasotzea nagusienen ahotik. Etnografia, euskara, euskalkiak, tokian tokiko hizkerak eta historia, proiektu berean uztartuta. Horrela jaio zen, 2003. urtean, Deba Eskualdeko Ahotsak proiektua, gure eskualdeko 17 herrietako ahozko ondarea biltzen duen proiektua.

Proiektu honen helburu nagusia da, Deba eskualdeko ondare historikoa eta euskara jasotzea. Horretarako, adineko jendearengana joan eta elkarrizketak egiten dizkiegu, XX. mende hasierako bizimodu eta ohituren lekukotasuna jasotzeko. Elkarrizketak bideoz egiten ditugu. Horrekin batera, eskualdean lehendik egindako grabazio zaharrak ere aurkitu eta katalogatu egiten ditugu. Ondoren, grabazio zaharrak zein berriak antolatu, etiketatu, landu, kodifikatu eta digitalizatu egiten ditugu. Jaso eta landu ahala, Interneten jartzen dugu herritarren esku, Euskal Herriko Ahotsak webgunean.

Azken urteotan era honetako grabaketa zenbait egin izan dira bailaran hainbat proiektu desberdinen barruan, bai historiaren berri jakin asmoz eta baita hizkerak aztertzeko helburuarekin ere. Urte askoan zehar eta lagun askok jardun izan du horretan beharrean, eta pozgarria da gure eskualdea herrietako hizkeren bilketan aitzindarietako bat izan dela jakitea. Herri guztietan egin dira bertako euskalkia eta ahozko ondarea jasotzeko grabazioak.

Proiektu honek 2003. urtean du abiapuntua. Urte horretan Bergarako udalak sinatu zuen hitzarmena Badihardugu elkartearekin Bergarako Ahozko Ondarearen bilketa, katalogazioa eta hedapena martxan jartzeko. Bergarako eredua ikusirik, Deba Ibarreko hainbat udal gehitu ziren Deba Ibarreko Ahozko Ondarea izena zeraman proiektura: Antzuola, Mallabi, Soraluze eta Elgeta 2003an, Arrasate (AED Elkartearekin elkarlanean), Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz Gatzaga 2004an, Aramaio eta Deba 2005. urtean, Elgoibar eta Ermua (Euskal birusa elkartearen bitartez) 2007an eta Oñati eta Eibar (eta kittoren bitartez) 2008an.

Metodologia

  • Grabazioak egin
    Elkarrizketak egiteko orduan lehentasuna ematen diegu hizlari nagusienei, gure eskualdean jaio eta bizi direnei, eta gizonezko eta emakumezkoen artean oreka mantentzen ahalegintzen gara. Grabazioak bideo digitalez egiten ditugu: etorkizunari begira egokiagoa delako eta baita informazioaren hedapenerako ere. Irudia beti da didaktikoagoa eta erakargarriagoa, informazio paralinguistikoa jasotzen da, elkarrizketatuen azalpenak askoz biziagoak dira, eta dibulgazio esparrua handitzen du.
  • Zinta zaharrak berreskuratu
    Ugariak dira eskualdean lehendik egindako gisa honetako elkarrizketa eta grabaketak, helburu ezberdinekin egindakoak eta sakabanatuta zeudenak. Hori dela eta, lehenengo urratsa herririk herri joan eta udalerri bakoitzean dauden grabaketen zerrenda egitea zen. Dagoeneko grabazio ugari jasota ditugu, baina oraindik ere berreskuratze lan honetan jarraitzen dugu. Zintak jaso ahala, lehenengo urratsa katalogazioa eta dijitalizazioa izaten da. Herri bakoitzak kode bat dauka eta erabat sakabanatuta zeuden bildumei nolabaiteko egitura ematen zaie hizlari, grabazio-data edota grabazio-proiektuaren arabera.
  • Digitalizazioak
    Esan bezala, egindako grabazio berriak euskarri digitalean daude, baina zaharrenak audio-zinta analogikoetan. Ondorioz, betirako galtzeko arriskua begibistakoa da. Gainera erabilgarritasuna ez da hain handia, ezin dira teknologia berrietan aplikatu, eta abar. Euskarri digitalak, ostera, askoz kalitate hobea eskaintzen du, kontserbazio aldetik ere asko irabazten da, eta hedapen aldetik aukera zabaltzen du. Ezin ahaztu, bideoan daudenak ere kopiatzea eta DVDetara pasatzea komeni dela, segurtasun neurri bezala besterik ez bada ere. Zaharrenak ez dira egoera onenean egoten sarri, askotan kalitatea ez da nahi bezain ona baliabide tekniko gutxirekin egindakoak izaten direlako (mikrofono gabe, esaterako). Horregatik, soinua, erabilgarri izan dadin, zertxobait garbitu egin behar da (Adobe Audition 1.5 programa darabilgu). Bideo grabazioei dagokionez, Adobe Premiere Pro 1.5 programa erabiltzen dugu ediziorako. Sortzen den .avi artxiboaz gain, audio-bideo artxibo originala bi formatutan konprimitzen dugu (Windows Media eta Real Media) ahozko dokumentuaren erabilera errazteko, eta Flash formatuan sareratzen dugu.
  • Kodifikazioak eta transkripzioak
    Unitate moduan zinta osoa hartu beharrean, pasartea hartzen dugu unitatetzat. Pasartea deitzen diogu hasiera eta amaiera duen 2-3 minutuko kontakizunari. Hau da, minutuz minutu laburtzen ditugu zinta guztiak, etorkizunean gauzak erraztu eta zinta bakoitzean zer (eta nola) kontatzen den garbi jakiteko. Zinta bakoitzak 30 pasarte inguru izan ohi ditu. Era honetan kodifikatuta edo laburtuta gelditzen dira zinta guztiak eta minutu bakoitzean zertaz hitz egin den jakin daiteke. Kodetze edo laburtze horretan pasarteak sailkatu egiten dira, pasarte bakoitzari ondorengo informazioa gehituz: denbora-kodeak, iraupena, gaia, pasartearen izenburua, laburpena eta transkripzioa. Gainera, urrats honetan pasarte bakoitzaren garrantzia edo lehentasuna zehazten da, jasotako guztia ez baita erabilgarria eta pasarte guztiek ez dutelako interes berbera.
  • Etiketatzea eta sailkapena
    Informazioa egoki erabiltzeko eta kudeatzeko datu-base egokia dugu, MySQL teknologian sortua, ahozko bilduma zabal horretan dagoen informazioa eroso maneiatzeko eta erabilgarritasuna ziurtatzeko. Bateragarritasun hori garrantzitsua da etorkizunera begira, hartu-emana ahalbidetzeko eta informazio-trukea bideratzeko. Datu-baseak sei informazio mota jasotzen ditu beste horrenbeste taulatan:
    1) Grabazioaren informazioa: lekua, elkarrizketatzailea, herria, iraupena, euskarria, ohar teknikoak, eta abar.
    2) Lekukoaren informazioa: jaioteguna, biografia laburra, kontakturako datuak, bere hizkerari buruzko oharrak, eta abar.
    3) Kodifikazioak: pasarteak, laburpenak, transkripzioak...
    4) Elkarrizketatzailearen datuak: jaioteguna, helbidea, kontakturako datuak,...
    5) Gaiak: 350 gai inguru zehazten dira taula honetan eta gai bakoitzak kode numeriko bat du. Zintaren kodifikazioa egiterakoan, pasarte bakoitzari kode-numeriko bat (edo gehiago) jartzen zaio.
    6) Proiektuen taula: Bildumako grabazioak (batez ere lehendik eginda zeudenak) hainbat proiektutakoak izan daitezke. Taula honetan proiektu guztien zerrenda jasotzen da eta bakoitzaren inguruko datuak ikus daitezke.

Datu-basea herri desberdinetako informazioa txertatzeko prestatuta dago eta lan-plangintza sistematizatuaren ondorioz, grabazio berriak zein lehendik eginda zeudenak sailkatuta eta bateratuta gelditzen dira.


Lan eremua eta jasotzaileak

Deba eskualdeko ahotsak proiektuak Deba ibarreko herri guztietako grabazioak jaso, etiketatu, gorde eta lantzen ditu. 17 herrik osatzen dute Deba ibarra eta 3 lurraldeetako herriak biltzen dira bertara, gainera: Gipuzkoako Antzuola, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Deba, Eibar, Eskoriatza, Elgoibar, Elgeta, Leintz Gatzaga, Mendaro, Mutriku, Oñati eta Soraluze; Bizkaiko Ermua eta Mallabia; eta Arabako Aramaio. Hori da proiektuaren lan-eremua, baina jasotzaileak era guztietakoak eta edonongoak izan daitezke.

Hainbat proiektutarako egindako grabazioak biltzen dira Deba eskualdeko ahotsak proiektuan: hitzaldiak, toponimia jasotzeko egindako grabazioak, herri bateko historia ikertzeko egindakoak, sineskeren berri jakiteko egindakoak, kantuak, txiste-lehiaketak eta, oro har, ahozko ondarea.

Hona hemen proiketuaren garrantzia, oihartzuna eta eragin soziala ziurtatzen duten zenbait puntu:

  • EAEko 3 lurraldeetako datuak biltzen ditu
  • Publikoa da, edonork kontsultatu dezake materiala
  • Irekia da, material berriak (grabazioak) gehitzen dira etengabe
  • EBPN-k zehaztutakoarekin bat egiten du eta berau aurrera eramateko tresna interesgarria izan daiteke

Beraz, hartzaileak Euskal Herri osokoak eta era askotakoak izan daitezke:

  • Euskal gaien inguruko interesa duen oro
  • Filologoak, historialariak, antropologoak...
  • Unibertsitate eta ikastetxeetako ikasle eta irakasleak
  • Beka edo doktoradutzak garatzen ari diren ikerlariak
  • Eskualdeko euskara elkarteak
  • Edozein herritar eta zaletu, oro har


Bildutako guztia sarean:

Ahotsak.com, Euskal Herriko Ahotsak

Ahotsak Ahozko Corpusa