« Itzuli albistegira

"Oñatiko euskeria: ezagutu, aztartu, egin" liburua aurkeztu dabe

2014-06-22  ¦  argitalpenak

Eguenian, ekainaren 19xan, Oñatiko euskeria: ezagutu, aztartu, egin liburua aurkeztu eben Oñatiko Udaletxeko Osoko Bilkura Aretuan. Musikaz eta poesiaz lagundutako ekitaldixa izan zan eta egilliak harro erakutsi eben urte askoren osteko emaitza.

Oin dala 15 urte inguru hasi zan Oñatiko Berba Taldia Oñatiko euskeria jasotzen, Oñatiko Udalak emondako beka bati esker. Herrixan eginda zeren grabaziñuak batu, barrixak egin, oñatierazko testuak aztertu... Lan haundixa egin eben taldeko kidiak. Jasotakuaren hainbat atal kaleratu be egin ziran herriko Kontzejupetik aldizkarixan eta Udalaren webgunian, baiña libururik ez zan argitaratu.

2012xan, Oñatiko Udalak, Badihardugu Euskara Elkartiak eta Berba Taldeko zenbait kidek urtietan zihar batutako lana gizarteratu biharra ikusi eben eta Badihardugu Elkartiak hartu eban liburua prestatzeko arduria. Juan Martin Elexpuru Badiharduguko kidia izan da hiztegixaren moldaketiaz arduratu dana. Roberto Altuna eta Koldo Zumalde Udal euskaltegiko irakasliak urte askuan osatutako hiztegi mardulak bateratu eta egokittu dittu Elexpuruk. Gramatikiaren arluaz, berriz, Aintzane Agirrebeña arduratu da. Sintaxisaren atala Idoia Etxeberriak egin dau eta azentuaren inguruko atala, ostera, Maider Irizarrena da. Kepa Elortza Berba Taldeko kidia izan da koordinaziño lanak egin dittuana eta liburua Oñatiko euskeran ipini dabena.

Liburua Ahotsak.com-en elkarrizketatuta daren oñatiarren adibidiekin osatu da eta auzo guztietako lekukotasunak jasotzen dittuan ikus-entzunezko bat be prestau dau Badiharduguk liburuarekin batera.

Lana Oñatiko liburudendetan, Turismo buleguan eta Oñatiko Udalian egongo da salgai, 18 euruan.