Antzerti aldizkariari buruz

Euskal antzerkigintzaren historian erreferentzia nahitaezkoa da Antzerti aldizkaria. 1932ko urtarrilean plazaratu zen lehen aleak aurkezpenean zekarren aldizkariaren asmoa: «ANTZERTI bai, au da; Euskel-Antzertiaren aldizkingia. Txiki ta apal datorkizula egia da; baita ere ordea, asmo aundi ta uste onez ornitua. Guziak, euskera ta gure Erria, antzertiaren bidez, suspertzearren».

Lehen ale hartan, gerora mantendu zuen azaleko irudi nagusiarekin batera (aldizkariaren mantxeta bihurtu zena: antzerki bateko errezela), Txiki marrazkigileak egin zuen azaleko irudia. Aldizkariaren edukia: Toribio Altzagaren Aterako gera! obra, eta amaieran albiste eta iragarkiak, antzerkiaren ingurukoak. Eskema 1936ra bitartean kaleratu zituzten 35 aldizkarietan (54 zenbaki kaleratu zituzten, baina 17 bikoitzak izan ziren) errepikatu zen, antzerki lan osoak eta antzerkigintzaren inguruko albiste, iragarki eta komunikazioak plazaratu baitzituen Antonio Maria Labaien sortzaile eta bultzagile nagusi (gidari, berak gero esan bezala) izan zuen agerkariak. Ixaka Lopez Mendizabal inprimatzaile eta kultur ekintzaileak ere eskaini zion babesik, egindako itzulpen batetaz gain, haren moldiztegian egiten baitzen Antzerti. Xabier Lizardik jarria da, berriz, izena.

2-3. zenbakiak ez du irudirik azalean, dakartzan obren aurkibidea baizik, baina 1932ko apirilaren 4. zenbakitik 1985eko 83.era finkoa egin zen aldizkariaren azala: Antzertiren errezela eta aktore batzuen marrazkia. Horren azpian, zenbakiari zegokion obra nagusien aurkibidea (aldizkariaren bigarren aroan kolorea sartu zen azalean).

Antzerki obra luze bat edo labur zenbait —bakarrizketak, hitzaldi laburrak...— izan ziren agerkariak zenbaki bakoitzeko plazaratu zituenak, orduko euskal autore nabarmenen lanak bilduz. Besteak beste: Toribio Altzaga, Xabier Lizardi, Antonio M. Labaien, Andoni Arozena, Ander Arzelus, Tene Mujika, Lekuona anaiak.... Horretaz gain, euskaratu ere egin zuten lanik: Martinez Sierra, Lopez Rueda, Humbert.

46 antzerki-lan argitaratu zituen Antzerti-k lehen epealdi honetan.

36ko gerraren etenak ia 50 urteko etenaldia ekarri zuen, baina 1982an, Antzerti Eskolaren ekimenarekin batera, berriro heldu zitzaion, izen eta mantxeta berberaz, aldizkariari. «Asiera artan ni neu izan ba'nintzan, besterik ezean, ANTZERTI'ren gidari, orain esku-makila Antzerki-eskola berriko buruzagiei uzten diet beren asmoak aurrera eraman ditzaten», dio bigarren aro honetako aurkezpenean Antonio M. Labaienek berak. 1982tik 1985era bitartean, Eusko Jaurlaritzaren babespeko Antzerti Eskolak sustatuta, beste 29 zenbaki, 83.a osatu arte, kaleratu ziren, eta agerkaria hainbat antzerki-lan kaleratzeko medioa izan zen.

Euskal autore klasiko zenbaiten lanaz gain —Abelino Barriola, Xabier Lizardi, Piarres Larzabal—, ez-klasikoen lanak kaleratu zituen —Gillaume Irigoien, Eugenio Arozena, Imanol Elias—, eta baita Antzerti Eskolak berak edo beste talde batzuek taularatutakoak: Troiako emakumeak, Arlekino, Taupada taldearen Behin batean... ju, ju, ju, Enkarni Genuaren Txotxongillo...). Azken bi urteetan, dena den, itzulpengintza izan zen nagusiena, literatura unibertsaleko izen nabarmenak euskarara ekarriz: Carlo Goldoni, Jean-Paul Sartre, William Shakespeare, Manuel Maria, August Strindberg, Dario Fo...

Orotara 47 egileren lanak aurki daitezke aldizkarian, bi epealdiotan —horietarik dozenatik gora euskaratuak—, eta guztira 76 antzerki-lan.