Markesaren alaba, Etxaide'tar Jon
Egan, 1/2-1958, 3/6-1958

 

LENENGO JARDUNALDIA

 

JOXEPA, INAXI eta LUIXA

 

JOXEPA: (Pertxal'en emaztea eta INAXI'ren ama.) Noizpait ere Santa Kruz bezpera eldu zaigu eta gure gizonak itxasotik etorri gabe. Ez al dira urruti izango, biarko Kalbario'ko erromeria galetsi nai ezpa'dute beintzat.

INAXI: (JOXEPA'ren alaba gaztetxua eta JOXE MIGEL arrantxale gazteaz maitemindurik dagona.) Egon lasai, amatxo, ez dute Kalbario'ko erromeririk galduko, itxasoak irentsi ezpa'ditu beintzat. Gure gizonak elizarako nagiak izanen dira, baiñan, San Pedro'tan Kalbario'ko prozesiñoa, Santa Kruzetan Kalbario'ko erromeria eta Izara Santi eguneko prozesiñoa eztute egundaiño galdu.

JOXEPA: Egia dion, Inaxi. Sekula enaun ahaztuko Keleo zaharraren txalopakoak nola eldu itunan orain berrogei urte San Pedro'tarako. Legatzetan zebiltzanan barruko kala batean. Eztiñat ziur esango «Arritxu»koan ala «Tantorta»koan, urte asko joan baiditun xehetasun auetaz gogoratzeko. Dena den, kostatik amasei milla ingurura ziran gutxi gora-bera bat-bateko txaranbelak erasota Donosti'ko kaian arribadan sartu bear izan zutenean. Itxasoa baretu zaneko goizeko irurak itunan, San Pedro eguna ain zuzen ere, eta Keleo'k onela itz egin zienan tostartekuai: «Mutillak, gaur San Pedro, Kalbario'ko prozesiño eguna. Joan gabe gelditu bear al-diagu? Gure zaharrak eztitek egun orretan sekula utsik egin. Itxasoa baretu duk eta aizeak laguntzen ba'ziguk oraindik iritxiko gaituk. Joango al-gaituk?» Eta abo batez mariñel guziak «Goazen!» ekin omen ziotenan eta erten itunan itxasora. Zorigaitzez, aizeak ez zietenan lagundu eta abantian eldu itunan Mutriku'ra goizeko bederatzi t'erditan.

LUIXA: Artean, amalau urteko neska koskorra niñunan, baiñan, ala're ederki gogoratzen naun. Gu, prozesiñora joandakoak, Kalbarioan goitik babera gentozela, Keleo-Zahar'en txalopakoak oñutsik betik gora ziaztiñan, begiak malkoz bustita Kristo Kalbario'koari kantari:

                Kalbario'ko mendira

                igo zaitez lenbailen,

                Jesus ikusi dezagun

                gurutze baten iltzen.

        Orra; ez naun sekula ahaztuko. Jendeak negarrari eman zionan eta berriz ere dan-danok bidean gora ekin geniñan ermitaraiño eta antxen, danok belaunikaturik, Salbea kantatu. Orduan, apaiz jaunak oiukatuz:

                Jaungoiko Santua!

                Jaungoiko Indartsua!

                Jaungoiko Illezkorra!

        Eta erri (populu) guziak abo batez negar-zotinka artean:

                Gaitz guzietatik

                libra gaitzazu Jauna.

 

(LUIXA, emoziñoak eraginda negar-zotinka asi bedi.)

 

INAXI: Danok ba-dugu norbait itxasoan, aita, senarra, aidea, laguna... Eta ain luze jotzen baitu, San Pedro'tatik Santa Kruz bitarteraiñoko atunaldiak gure kuttunak ikusi eziñik...

LUIXA: Bai, baiñan alde aundia zegon lagunetatik kuttunetara. Ik aita daukan itxasoan eta baita ere ire biotzarentzat aita baiño kuttunagoa. (Goibel.) Nik, ordea, etzeukanat olakorik iñor...

JOXEPA: Zer dion, Luixa? Gure Inaxi'k biotz gozagarririk ba'ote zeukan?

LUIXA: Euki ez, baiñan... euki naia.

INAXI: Zer diñozu, Luixa? Nik iñorekin eztaukat ezertxore.

LUIXA: Zeletan dagonak beti zerbait ikasten din eta ni bezalako zelataririk eztun jaio Mutriku'n eta inguruetan.

INAXI: Ai, zelako sorgiña zeu! Denbora joanak ekarritako inbidiak erretzen al-zaitu?

LUIXA: Barkatu, Inaxi, ez natzain txarkeriz mintzatu. Baiñan begiak zabaldu nai dizkiñat alperrikako itxaropenetan bizi ez adin.

INAXI: Baiñan, nik ez dutala iñorekin...

JOXEPA: Alabatxo; kanta zaharrak onela diño:

                Ezkondu nai dutenak

                seiñale dirade,

                matrail ezurrak legor

                koloriak berde.

        Eta ire matraillak eztiten lengo larrosa kolore ederrik.

INAXI: (Lotsakor.) Bai, egia da, amatxo, maitasun gori batek itxuturik nauka aspalditxoan.

JOXEPA: Ori eztun pekatu, Inaxi, maitasuna bidezkoa eta garbia baldin ba'dun eta lotsatzeko arrazoirik eztaukan.

INAXI: (Arnaspide artuz.) Eskarrikasko, amatxo.

JOXEPA: Eta mutilla nor dun?

INAXI: Ama, aitorkizun orrek aztoratzen nau...

LUIXA: Nik esango diñat, andre Joxepa. emakumeen artean ixilpekorik ezpaitiñagu. Ire alabak Joxe Migel maite din, Keleo gaztearen semea.

JOXEPA: Bai ote? Orixen ba mutil ona, onik ba'da...

INAXI: (Ama besarkatuz.) Ene, amatxo, onesten duzu nire gogoa?

JOXEPA: Bai, alabatxo. Zelan onetsi ez ba alakoxeko mutil eder eta ganoraduna etxeratzen ba'digun?

INAXI: Atun botara guzia axanpa batean egon naiz bere zain eta orain, etxera datorrelarik, ez ote dit begiratu gozorik egingo?

LUIXA: Alperrikako ametsetan ez ari. Joxe Migel'ek beste nonbait kokaturik zeuzkan begiak.

INAXI: (Ikara.) Bai ote?

LUIXA: «Ote» gabe. Ziur naun. Ire onbearrez esaten diñat onokoxe au eta ez ire ondamuz. Neuk ere, ene gaztetan mutil bat maite niñan zoro-zoro eta aretxekin edo iñorekin nire burua berotu niñalako, neskazahar gelditu naun nirebiziko. Ez dakiñala gerta iri ere ene gaztetakoa.

INAXI: Beste nunbait begiak... Joxe Migel'ek? Ez! Ezin diteke! Ene! Au zorigaiztoa1 (Negarrari eman bezaio etsi-etsi eginda.)

LUIXA: Bai, beste nunbait eta ez nun nai...

INAXI: Baiñan, nik enekin ezertxore.

LUIXA: Ez ik eta ez iñortxok Mutriku guzian. Oso gordean ibili ditun orain arte, maitasuna ezpaitun beti zillegi izaten. Neuk, ordea, ondotxo zekiñat, jakin ere.

INAXI: Baiñan, nola dakizu zuk iñortxok eztakiena?

LUIXA: Santabata'ko belazetatik arroketan somatu bainizkiñan beiñola alkar laztandurik. Geroztik, bizpairu aldiz jarraiki ibili natzaien eta neuk bakarrik dakiten gordeleku batean alkartzen ikusi.

JOXEPA: Nor dun bera?

LUIXA: Eztun edonor. Leñargi aundiko alaba din Joxe Migel'ek maitagai.

INAXI: (Erregosita.) Baiñan, esango al-duzu beingoan nor den, sorgiña alakoa?

LUIXA: Ago pixkabat, pazientzi gutxiko umea. Esango diñat eta nai ba'dun sinistu eta nai ezpa'dun ez... Neskaren izena Agata dun Berriatu-Torreko markesen alaba.

INAXI: Sulengua'kua?.

LUIXA: Berbera.

JOXEPA: Burutik egin al-zaion mutil orri?

INAXI: Sorgin ipui ori nun asmatu dun?

LUIXA: Sorgin ipuiña, e? Erorren begiz ikusi nai ba'dun, ator nirekin.

JOXEPA: Orra ba, nik esan: Maitaketa orrek eztin atarramentu onik ekarriko.

LUIXA: Egingo niñan bada apostu, lapak baiño josiago dagozala alkarri. Euren arteko maitetasuna ez dun txantxetakoa.

JOXEPA: Ori zoramena! Keleo'ren semea Berriatu-Torreko alabarekin! Neskaren gurasoak ortarako egongo ditun, egon ere! Ankazpiko loia lenago jango lukete, besterik ez esatearren, beren buruak olako ezkontza batera makurtu baiño. Keleo txiki markesenean sartu? Ezta, ezta...

LUIXA: Eta neskak bere setan irauten ba'din? Elizak bere onespena eman bear naita-naiez.

JOXEPA: Ezin ditekena ezin diteke.

LUIXA: Markeseneko norbaitek, iñolaz ere ondo ikusiko liken ezkontza ori.

JOXEPA: Nork?

LUIXA: Markesaren koñatuak, Peru jaunak alegia. Ori goikoak eta bekoak batuzale baitun. Ikusi besterik eztuzute, beti arrantzale tartean, jende apalen inguruan. Ezkontzeko ere, emakume umillagorik ezin arki zezakean. Bere gizamailla baiño gurea obeto maite du Peru jaunak.

JOXEPA: Bai, Peru jauna guzizkoa dun. Apala, xaloa, jatorra eta aundikerien etsai amorratua. Bere gisakoen artean baiño arrantzale jendearekin makiñabat aldiz gustorago ibiltzen dun ura. Baiñan, gaiñerakoak... Markes senar-emazteak eta onen aizpa Kontxensi... a zer alajak! Aundiputz, ziztrin, ergel alenak! Puzkarra dirala uste eta putza izan ez.

LUIXA: Jaungoikoak apalbide ederra eman bear die bada oraintxe. Beren tronu gandorretik jaustean zaztako gaitza artu bear diten.

JOXEPA: Eztiten nolanaikoan amor emango, Luixa... Ezkontza ori onartu baiño naiago lukete Mutriku guzia urpean galduta ikusi.

LUIXA: Peru jaunak laguntzen ezpa'die, beraz...

JOXEPA: Peru jaunaren iritzia eztitek aintzakotzat artu ere egingo Berriatu-Torre'ko aundi-maundiak...

 

Markesaren alaba, Etxaide'tar Jon
Egan, 1/2-1958, 3/6-1958