Markesaren alaba, Etxaide'tar Jon
Egan, 1/2-1958, 3/6-1958

 

SEIGARREN JARDUNALDIA

 

LUIXA eta AGATA

 

(Agertokia lengua berbera. LUIXA'k traiñak konponduz diardu lurrean exerita:Lengo gertokizunetatik amabostaldi bat igaro da gutxi gora bera. Neguak tarteka opa oi dizkigun egun eder bateko goizaldia.)

 

AGATA: (Eskerreko aldetik sartuz.) Arian, Luixa?

LUIXA: (Bere lanean burua jaso gabe.) Eskuak arian eta soiña egonian. (Burua jasoaz.) A! Baiño zu al-zera? Zer zabiltz emengo aldi?

AGATA: Orra ba; negugiro eder oni omen egiñaz ttapa-ttapa kaieratu naiz.

LUIXA: Ederki egin duzu. Negu ziztrin onek egin digun oparirik ederrena da. Nork esan? Atzoko euri jasak etziran txantxetakoak izan eta itxasoa ere arrotu xamarra ibilli zen... Gure mariñelak etzuten gaugiro ona izango.

AGATA: Luixa, zurekin itz egin nai nuke eta uste dut eztugula au baiño abagune oberik billatuko bakarka jarduteko.

LUIXA: Egia diozu, emen ez digu iñork entzuten. Zer nai zenuke?

AGATA: Aitzea dut zuk ba-dakizula Joxe Migel nun bizi den.

LUIXA: Bai, ba-dakit. Baiñan, zertarako nai duzu jakin?

AGATA: (Asperenka.) Berekin egon bear dut, nire zorigaitza jakiñerazteko, nire biotzari arnas emateko.

LUIXA: Esango nizuke, baiñan obeto duzu ezjakiñean bizi.

AGATA: Nola nai duzu ezjakiñean bizitzea, Luixa? Eztuzu ikusten nire jokabidea zuritzea zor diotala?

LUIXA: Nik esan nion zeatz-meatz zurekin egin zuten guztia.

AGATA: Ala're ezta aski... Bere biotzaren berotasuna sentitzen ezpa'dut nirearen kontsolagarri, ilko naiz, Luixa...

LUIXA: Ori etzaizu zillegi, Agata. Ezkondu ziñan eta zure senarrari zor diozu zure biotzak senti dun guztia.

AGATA: Nire biotza lertuta dago eta oñazea dut bizilagun bakar... Luixa, nork iruzur egin dit niri ain toleski ta makurki? Guraso izenik merezi al-dute... (Negarretan lertu bedi eta LUIXA'k maiteki kontsda beza.)

LUIXA: Agata, zuzpertu zaitez... Ba-dakizu zure biotz eriari orrelako naigabeak kaltegarri zaizkiona.

AGATA: Nire. biotzak gizon bat bakarrik maite du eta aura kendu egin didate. Esaidazu nun den Joxe Migel, beragana joan nadin...

LUIXA: Ez, Agata, etzaizu zillegi.

AGATA: Nirekin egin dutena zapokeri bat da, Luixa. Nik eztut nire senarra maite, ezin jasan dut nire alboan, beraganako nazkak eta iguiñak itotzen nau... Eta orain, Joxe Migel bizi dela jakiñik nola nai duzu nire senarrarengana itzultzea? Otoi, esaidazu Joxe Migel nun bizi den bere altzoan nire naigabea ustu dezadan. (Negarretan lertu bedi.)

LUIXA: (AGATA laztanduz.) Irugarrenez desaizut, Agata: etzaizu zillegi. Jaungoikoa'k gurutze astun au egonarriz eramateko eskatzen dizu.

AGATA: Ez, ezin dut eraman eta eztut eramanen. Betorkit Joxe Migel edo betorkit eriotza, baiñan, egun bat geiago ez nire senarraren alboan...

LUIXA: (Begiak zerurantz jasota.) Jauna, erruki zakizkio zure mirabe oni eta egizu zure argi dirdaitsua sar dadilla bere biotzean barrena. (Bekokia ikutuz.) Gaixoa! Kopeta izerdi otzetan dauka.

AGATA: Luixa, eztakizu zenbat sufritu dutan Joxe Migel ezagutu ezkero. Eztakit Jaungoiko Gure Jaunak zertako jarri zidan bidean..

LUIXA: Jaungoikoa'ren asmoak ain dira sakon eta ulerkaitzak negar erri onetan bizi geranontzat... Baiñan, bere bide ezagugaitzetan ezarri dizkigu mugarri batzuk itxumustuan saiestuta amilpean labaindu ez gaitezen. Zuk eztakizu bere bide ta asmoen berri, baiñan, saiestu ez zaitezen mugarri auxen jarri dizu: etzazu opa zurea ezten gizona. Aiena ezazu bada zure gogamenetik Joxe Migel'en oroitza eta alegin egizu zure senarraganako iguin ori zapuzten.

AGATA: Eriotza errezago onetsiko nuke guztiori baiño.

LUIXA: Guztiori eta beste zerbait geiago eskatzen dizu Jaungoikoa'k Ainbeste belzkeri egin dizutenai barka zaiezula.

AGATA: Alegiñak eginen ditut, Luixa. Gaur-gaurkoz ezin dizut besterik agindu.

LUIXA: (Muin emanaz.) Agata, ona zera, iñor onik ba'da munduan. Eztakizu zenbat maite zaitugun arrantzaleok.

AGATA: Bai, arrantzaleak maite naute eta nik ere maite ditut arrantzaleak, iñoiz Jesus'ek maitatu eta aukeratu izan zitun bezala, bai-baitzekin Ark biotz xaloak nun arki... Nik ere, orrelaxe idoro nun bat on askua, biotz sutsu eta tolesik gabea...

LUIXA: Baiñan, orain, Jesus berberak eskatzen dizu emankizunik aundiena. Bere maitasunarren Joxe Migel'enari uko egiteko.

AGATA: Ulertzen dizut, Luixa. Ez nadin erten Jaungoikoa'k bere bide ezkutuai ezarritako mugarritatik. Baiñan. eztakit kemenik izango dutan emankizun au burutzeko, ain baitira latzak eta neketsuak guretzat Jaungoikoa'ren bideak!

 

Markesaren alaba, Etxaide'tar Jon
Egan, 1/2-1958, 3/6-1958