Markesaren alaba, Etxaide'tar Jon
Egan, 1/2-1958, 3/6-1958

 

LAUGARREN JARDUNALDIA

 

PERU JAUNA eta ANTTON

 

(AGATA atera den beste saietsetik sartu bedi ANTTON.)

 

PERU JAUNA: Zer modu, Antton?

ANTTON: Ttirriki ttarraka baiñan ba-gabiltzala oraindik ere gure urtiakin.

PERU JAUNA: Oraindik gizon gordiña eta sasoikua zagoz, Antton.

ANTTON: Sasoikua zertarako? Lanpernak biltzeko edo potiñarekin pantxo batzuk arrantzatzeko ozta-ozta eta ortarako ere norbait bear arraunai eragiteko... Sasoia bai, nirea, garai batekoa! Sekula etzait ahaztuko, Donostia'tik goizeko iruretan ertenda abantian nola etorri giñan Mutriku'raiño, San Pedro egun batez, Kalbario'ko prozesiñoa ez galtzearren. Aiek ziran denborak, Pello. Ez diñot arrokeriz, baiñan orain ezta orrelako gizonik eta orrelako federik Mutriku'n. Beraka goaz, oso beraka, gizontasunean, kristautasunean, euskalduntasunean...

PERU JAUNA: Egia diñozu, Antton; Euskalerri'ko gizonak gainbera dijoaz gure nortasunaren ezaugarri orotan. Esango nuke, Iparragirre euskaldun leñargia mundu ontatik joan zaigun ezkeroz, Gernika'ko Arbola santuaren kerizpe maitagarria arbuiatuz gabiltzala.

ANTTON: Alaxen da, baiki. Kalbario eta Izara Santiaren prozesiñotan ere eztago lengo berotasunik eta errespeturik. Iñua eta Salbia ere bestelako fedearekin kantatzen ziran gure denboretan... Zertxobait esango dizut. Nire gaztetan zen, nire motikotan, obeki esateko. Artean, amalau urte besterik ez nitun eta nire aitaren kala-txalopan aieneko edo motiko bezala eramaten niñuten... badakizu, mandatu eta gaiñerakotarako.

PERU JAUNA: Orain zenbat urte?

ANTTON: Irurogeitabost ortxe-antxe. Antxobetan genbiltzan «Arritxu» deritzaion kalan. Goizetik etzen seguru egualdia eta atera ez atera ibilli giñan. Azkenean, lemazaiak ateratzea erabaki zuten eta Arritxu'ko kalara eldu bezain laister ikaragarrizko ekaitza sortu zen. Gure etxetakoak ikaraturik zegozen olako itxaso gaiztoa ikusiki. Mutrikuar mariñelik geienak itxasoan giñan eta gure larritasunaz gogoraturik (etzegozen gizajoak uste okerrean), San Migel'eko Nazarenua eliz-atariratu eta itxaso arroari begira jartzea erabaki zuten. Aizea izugarrizkoa omen zebillen, Kristoa zutik ezin eutsi aiñakoa, baiñan, ala ta guziz ere, atera omen zuten gure Nazarenu maitagarria lau kandelen artean. Monjak, organuaz lagunduta, ekin zioten Iñua ta Salbia'ri eta jendeak, negarrari emanaz, Zeruko Jauna'ri otoi egiten zien arren eta arren salba gintzala eskatuz. Alakoan, oartu ziren, Nazarenua'ren inguruan ziran lau kandelak piztuta zirautela aize bolara ikaragarri artan. Mirarizko señale zen, noski baiño noskiago, pertsonak zutik ezin egon ziran aizetan Nazarenua'ren lau kandelak izekirik irautea. Artan igarri zioten Jaungoikoa'k nolabait salbatu gindula. Eta gertatu ere, alaxe gertatu zen, iru ordu luzetan itxasoarekin borroka gaitzean ibilli ondoren, nolabaiteko arin-artea sortu zen eta Getari'ko kaian sartu giñan Mutrikuar orok txalopa bat eta gizon bat galdu gabe. Bereala, «propiua» igorri genun Mutriku'ra osorik eta onik Getari'ra eldu giñala adierazteko eta itxasoko arriskutan ibillitako gizon guztiok Itziar'ko Ama Birjiña'ren oiñetara joan giñan, pekatarion Amari eskerrak emateko. Esaera da, bein Nazarenua eliz atariratu ezkero eta Iñua eta Salbia kantatu, eztela itxasoan mariñelik galtzen... eta nik bezala Mutriku'ko arrantzale zahar guztiak aitortuko dizute egi auxe. Asko zor diogu Mutrikuarrok San Migel'eko Jesus Nazarenua'ri.

PERU JAUNA: Bai, Antton; Gaztañeta itxas-gizon ospatsuarekin asi eta gaurko belaunaldiraiño makiñabat mutrikuar salbatu ditu Nazarenuak.

ANTTON: Gaztañeta Mutriku'ko seme leñargiaren aitzea ba-dut eta itxas-gudu batean larri ibilli zana ere bai. Baiñan, gertakizunok noiz eta nola izan ziran eztakit zeatz.

PERU JAUNA: Nik, asko edo gutxi, dakitana esango dizut beñepein. Gaztañeta itxas-gizon jakituna Errege Armadako Teniente Jenerala zen eta 17I8'gn. urtean Cabo Passaro'n inglesen aurka borroka gogor batean jardun ondoren, etsaiak espe atxi zuten. Esana da, zauritua zetzalarik Nazarenua agertu zitzaiola eta bere alboan otoika belaunikaturik Doloretako Ama. Orduan, Gaztañeta'k agindu zion Nazarenua'ri, itxas-gudu artatik bizirik ateratzen ba'zun, bere ikuskizunaren bi irudi berdin egin eraziko zitula eta agustindarren monja-komentuan ezarri, berak iru alaba baitzitun komentu artan. Gure gizona onik atera omen zen eta Napoles'en egin erazi zitun bi irudiak. Mutriku'ra zetorrela bere irudi ta guzi, itxasontzia ondoratu omen zen, baiñan, irudiok osorik iritxi omen ziran ur-gainka kostaraiño. eta San Migel'eko elizan ezarri zituzten.

ANTTON: Gure artean esaten danez, egia ala gezurra, arrantzale bati agertu omen zitzaion Nazarenua ito-zorian zetzala. Arrantzale onek agindu omen zion Nazarenua'ri salbatzen ba'zun Mutriku'ko elizan bere irudia ezarriko zula. Salbatu omen zun eta Jesus Nazarenua egin-erazi. Alabaiña, eskultoreak ez omen zun asmatu Nazarenua'ren arpegia mariñelak ikusi bezala eta bigarrenez eginerazi omen zun. Bigarrenaren arpegia ere ez omen zen berak ikusitako berbera eta irugarrenez egin erazi zun. Irugarren au berdin-berdiña atera omen zizun eta Mutriku'ra ekarri.

PERU JAUNA: Bai, nik ere ba-dut elezahar orren aitzea, baiñan Gaztañeta'ren ixtoriak egi-usai aundiagoa dauka.

ANTTON: Dena dela, zelako arpegi itzala daukan gure Jesus Nazarenuak!

PERU JAUNA: Benetan da miragarri. Eztakit nor ditekean beraren egille, baiñan, nola-nai ere, Nazarenua'ren arpegi espresiñoa artearen sormen bikain bat da... Baiñan, emen plaza erdian baiño, ez al-giñake obeki Kalamax'enian lanperna batzuk jaten txakoliñaz lagunduta?

ANTTON: Ezta burukizun txarra, Pello. Goazen, bazkaritako gogoa zabaldu dezagun. (Bijoaz alkarrekin.)

 

Markesaren alaba, Etxaide'tar Jon
Egan, 1/2-1958, 3/6-1958