euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskara ikasteko gogoa Errioxan: Logroño, Naxera, Haro eta Alfaron ikastaroak antolatzen ari dira

2014/09/02

Laminiturri elkartearen kartelak euskara ikastaroak iragartzen Errioxan.
Laminiturri elkartearen kartelak euskara ikastaroak iragartzen Errioxan.

Logroñoko Laminiturri elkarteko kideak pozik dira egunotan; pozik eta lanpetuta, Errioxako hainbat hiri eta herrietan euskara ikastaroak antolatzen. Logroñon aspalditik ematen dituzte klaseak, eta iaz Naxeran ere hasi ziren. Aurten Laminiturrikoek sare sozialen bidez ikastaro berriak antolatzeko aukera iragarri dute, eta errioxarrak euskara gose agertu dira. Haron eta Alfaron ere eskatu dituzte euskara eskolak eta irailean hasia da matrikulazioa. Errioxan euskara ikasi edo praktikatu nahi duzu?  Izena eman, oraintxe duzu aukera eta!

Logroño, Espainia. Errioxako euskal etxea, Laminiturri Elkartea, buru belarri ari da lanean egunotan, Logroñon eta inguruko beste zenbait herrietan euskara ikastaroak antolatzen. Interesa uste baino handiagoa izan da eta lau ikastaro antolatzekotan dira beste hainbeste herritan.

“Logroñon euskara ikasteko bi aukera daude, bat Hizkuntz Eskola Ofizialean (HEO) eta bestea Universidad Popularren ematen diren klaseak. Hauek oinarrizkoagoak dira, baina zenbaitek hemen hasi eta gero HEOko ikastarora pasa dira, han titulua eskuratzeko”, adierazi diote EuskalKultura.com-i Laminiturritik.

Naxeran ere, iaz ikastaroa antolatu zen, eta harrera bikaina izan zuen, 30 bat ikaslerekin. Aurten talde hori mantendu eta ziurrenik beste bat ere sortuko da.

HABEren sostengua, Euskara Munduan programaren bitartez, oso garrantzitsua izan omen da. “HABEk eskaintzen digu ikasmateriala, irakasleentzako trebakuntza eta sostegu ekonomikoa. Laguntza horri esker ikastaroak prezio hobean eskaini ahalko ditugu, egoera ekonomiko makalagoan daudenek ere parte hartzeko aukera izan dezaten”, azaldu dute Laminiturrikoek.  

Oraingoz, irailean zehar matrikulazioa egingo da eta ikasle kopuruaren arabera sortuko dira taldeak aipatu herrietan. “Interes itzela dago. Orain arte elkarteak Logroñon egiten zuen lan nagusiki, baina herrietan eskaria oso handia dela ikusi dugu”, esan dute. “Pozik gaude, eta harrera on hori elkartearentzat suspergarria da, gainera”.  

Ikastaroez gain, elkarteak mintzapraktika taldeak ere antolatuko ditu Logroñon eta Naxeran.

-Bertan edo ikastaroetan parte hartu nahi izanez gero, bidali e-maila Laminiturri Kultur Elkartera, hona: laminiturri@laminiturri.org



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia