euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskara irakaslea behar da Seattle-n: 150 ikasletik gora dago Ipar Ameriketako euskal etxeetan

2014/09/19

“Familia sortzea” da, Itxaso Cayeroren aburuz, euskara eskolak sendo mantentzeko gakoa (Argazkia: Euskalkultura.com)
“Familia sortzea” da, Itxaso Cayeroren aburuz, euskara eskolak sendo mantentzeko gakoa (Argazkia: Euskalkultura.com)

Iaz zertxobait behera egin bazuen ere, berriz ere egin du gora Ipar Ameriketako euskal etxeetako euskara ikasleen kopuruak seihilabeteko honetan. NABOk irakasle berri baten premia dauka orain Seattle, Washingtonen. Irakasle berriak lortzeko orduan, argi da Euskara Munduan programa erabakigarria ari dela izaten, NABOko euskara koordinatzaile Itxaso Cayerok Euskalkultura.com-i esan dionez.

Boise, AEB. Eusko Jaurlaritzako HABE institutuak kudeatutako programa da Euskara Munduan. Bertako proposamenei esker, munduan zehar lau urtez ikasten dute euskara ikasleek, gerora, beraiek ere irakasle bihurtzeko baldintzarekin.

Urrats hori eman zuen iaz Virginia Aranburuk eta, aurten ere, San Frantziskoko (Kalifornia) umeen euskara irakaslea izango da. Eta bere moduan, Boiseko (Idaho) Megan Vondemkamp eta Denverreko (Colorado) Ellen Contard ere arituko dira irakasle: hasi berriena lehena eta gazteena bigarrena. Hirurak dira Euskara Munduan-eko ikasle ohiak.

Seihilabeteko honetarako, 14 irakasle konfirmatu ditu dagoeneko NABOk: Aitor Inarra eta Virginia Aranburu (San Frantziskon); Ibon Izurieta eta Ellen Contard (Denver); Gloria Lejardi (Homedale, Idaho); Goisalde Jausoro (Mountain Home, Idaho); Itxaso Cayero, Oihana Andion, Megan Vondemkamp eta Mara Davis (Boise, Idaho); Amets Sanchez, Jenofa eta Goizalde (Montreal, Kanada); eta Gorka Otxoa (Boston, Massachusetts,). Elkoko (Nevada) Anita Franzoia eta New Yorkeko (New York) Itziar Kobayashi-ren erantzunak hartzeke dauzkate NABOko euskara arduradun Aitor Inarrak eta Cayerok berak.

Irakasle baten premia Seattle-n

Cayero eta Inarrarentzat erronkarik behinenetarikoa “Seattle-rako (Washington) euskara irakaslea topatzea da”, esan du ordezkariak. Hau da NABOren euskara webgunea, telefono eta kontaktubideekin. “Euskal Etxea badute eta euskara ikasi gura duen jendea ere bai, baina irakaslerik ez dugu topatzen. Soluzioa izan daiteke norbaitek Euskara Munduan programa egitea eta irakasle bihurtzea”.

“Familia sortzea” da, Cayeroren aburuz, euskara eskolak sendo mantentzeko gakoa. “Partaide izaten eta parte hartzen utzi behar diezu ikasleei, ez soilik eskoletan, eskolaz kanpoko ekintzak antolatzerako orduan ere bai”, esan digu..



hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia