Goiena Telebista programazioa eta bideoak
Berriak
Debagoieneko (Leintz-Gatzaga, Eskoriatza, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Elgeta, Antzuola, Oñati) eta Aramaioko eguneko albiste nagusiak jasotzen dituen albistegia da Berriak.
Goiena Magazinea
Debagoieneko (Leintz-Gatzaga, Eskoriatza, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Elgeta, Antzuola, Oñati) eta Aramaioko eguneko albiste nagusiak jasotzen dituen magazinea da Goiena Magazinea. Ibarreko albisteak modu zabalagoan lantzeko aukera ematen digu formatu honek. Egunero, hainbat elkarrizketa egiten ditugu zuzenean platoan. Eguneko albisteez gain, tarte jakin batzuk ditugu egunero: atzerrian bizi diren debagoiendarren analisiak, osasuna, ekonomia, ibarreko alkateekin solasaldiak, bideo iritziak, agenda,... Egunero tarte zabala eskaintzen diogu eguraldiari Pello Zabalaren eskutik.
Harmailatik
Debagoieneko eta Aramaioko kirol albiste nagusiak jasotzen dituen kirol saioa. Bereziki aste bukaeran jokatutako kirol partiden laburpenak edota kirol jarduerak jasotzen dituzten bideoek osatzen dute saioa. Astero kirolari bat elkarrizketatzen du Xabier Urtzelai aurkezleak platoan Harmailatik saioan.
Gipuzkoa Kultura
Saio honen ardatza kultura da. Eduki eta itxura aldetik benetan erakargarria da saioa. Kulturako diziplina ezberdinak erakusten ditugu astero GipuzkoaKultura saioan: dantza, performanceak, artea, musika, poesia, eskultura, pintura ... Jakituria metaketa eta elkarlanaren ondorioa da GipuzkoaKultura.
Tertulia
Mahaiaren bueltan hainbat adituk beraien iritzia ematen digute gaurkotasuneko gaien inguruan. Saio hau ekoizteko, 20 kolaboratzaile baino gehiago ditugu. Bereziki ondorengo gaien ingurukoak izaten dira: gaurkotasun politikoa, nerabezaroa eta zinea.
Danbaka
Danbaka GOIENAK antolatzen duen musika lehiaketa bat da. Aurten laugarren aldiz antolatuko dugu. Goiena Telebistak Elgetako Espaloia kafe antzokiarekin elkarlanean ekoiztutako saioa da. Bertan Debagoieneko, Debabarreneko eta Duralgaldeko pop, rock, punk, hard-core, hip-hop, elektronika, jazz, folk, hau da, estilo askotariko talde edo bakarlariek hartzen dute parte. Kontzertuko irudiez gain, taldeei buruzko erreportajeek osatzen dute saioa.
Kantari
Goiena Komunikazio Taldeak Debagoienean Kantari karaoke ikuskizuna antolatzen du. Debagoieneko hainbat herritako aretoetan antolatzen dira ikuskizunak, eta bertan, herri guztietako ume eta gaztetxoek esku hartzen dute. Euskaraz kantatzen dute gaztetxoek, eta aurrez irakatsitako koreografiekin itzelezko ikuskizuna egiten dugu herriz-herri.
Tokiko
Goiena Telebista, euskarazko toki telebisten elkarteko kidea da (Tokiko). Astero ordubeteko saio bat ekoizten du Goiena Telebistak elkartearendako eta trukean sei ordutarainoko iraupena duten saioak jasotzen ditu: Onein, Ikusmira, Esatea libre, 28Klip ...