« Volver a la noticias

Goiena "beharrezkoa edo oso beharrezkoa eta plurala" da herritar gehienendako

14-09-2012  ¦  Goiena

Goienako hedabideen audientziek gora egin dute. Gaur egun, 7.000 lagunek ikusten dute egunero Goiena telebista Debagoienean eta 11.000 dira Gipuzkoa osoan. Iazko neurketarekiko, 2.000 ikus-entzule irabazi ditu gure eskualdean eta 1.000 Gipuzkoan. Bestalde, Goiena.net %32 hazi da aurtengo lau hilabeteotan, iazko epe berdinarekiko. Paperekoak, nagusi izaten jarraitzen du askogatik (22.000 irakurle eskualdean eta 31.000 Gipuzkoan). Azkenik, Goiena beharrezkoa edo oso beharrezkoa da debagoiendarren %97rendako. Aztiker enpresak Goienarendako egindako ikerketaren ondorioetako bat da. 800 laguni galdetu die Aztikerrek.

Goiena

Hemen duzue inkestaren ondorioen txostena.

Maiatzeko CIESen neurketaren arabera, Goiena telebista hazi egin da. Irabazi egin ditu ikus-entzuleak eta telebistaren eskaintza uholdearen aurrean finkatu eta indartu egin du bere posizioa. Gaur egun, 7.000 lagunek ikusten dute egunero Debagoienan eta 11.000 lagunek Gipuzkoan. Iazko datuekiko gora egin du, bai gure eskualdean eta baita Gipuzkoan ere.

Ikus-entzule fidelak

Ikus-entzule fidelak dituela argi erakusten du Goiena telebistak; izan ere, Lurreko Telebistaren eta ordainpeko telebista kateen uholdearen aurrean, bailarako euskarazkoa aukeratzen dutenen kopurua egonkor samarra da.

Debagoienean, ETB 2, Tele 5, TVEko lehena eta Cuatro dira kate ikusienak. Ondoren dago Goiena telebista, Antena 3ren parean, eta, atzetik daude, La Sexta, ETB 1 edota TVEko bigarren katea. Euskarazko tokikoen artean, gehien

Bestalde, Gipuzkoako euskarazko tokiko telebisten artean, ikus-entzule gehien dituena da Goiena telebista. Hamaika, Goierri, Tolosaldeko 28 Kanala eta Erlo Urola kostakoaren aurretik.

Gipuzkoako euskarazko toki telebistek, guztira, 32.000 ikus-entzule dituzte egunero.

Goiena.net, %32 gora

Bestalde, Goiena.net ere hazi egin da aurtengo lehen lau hilabeteetan. Bisitarien kopurua %32 hazi da iazko epe berdinarekiko, Google Analytics-en arabera. Gaur egun, Goiena.net.ek, batez beste, 4.500 erabiltzaile bakar ditu, egunero, astean barrena, eta horren erdia asteburuetan.

Goiena.net da Debagoieneko internet ataririk jarraitu eta erabiliena.

Paperekoa nagusi erabat

Eta Goienaren euskarri nagusiak, paperak, ere sendotu egin du lidergoa Degaoienenean. Gaur egun, papereko euskarririk irakurriena da, askogatik. 22.000 irakurle ditu astero Debagoienean eta 31.000 Gipuzkoan. Irakurle gehien dituen bigarren paperekoak, 14.000 irakurle ditu gure eskualdean.

Goiena paperekoa, bestalde, Gipuzkoako laugarren papereko irakurriena da.

Goiena "beharrezkoa eta plurala"

Eta audientzia datuekin gora eta behera gabiltzala, azken datu pare bat, Aztiker enpresak Debagoieneko herritarrei egindako inkestetatik ateratakoa: Aztikerren arabera, Debagoieneko herritarren ia guztiendako, %97arendako, Goiena beharrezkoa edo oso beharrezkoa da eta hamar herritarretik 7rendako, Goiena proiektu plurala da, inori lerrokatu bakoa.