Resurreccion Maria Azkue

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Resurreccion Maria Azkue
Resurreccion Maria Azkue
Azkue, 1930ean
Datu pertsonalak
Izen osoa Resurreccion Jesus Maria de las Nieves Azkue Aberasturi[1]
Jaio 1864ko abuztuaren 5a
Lekeitio, Bizkaia (Euskal Herria)
Hil 1951ko azaroaren 9a
Bilbo, Bizkaia (Euskal Herria)

Resurreccion Maria Azkue Aberasturi (Lekeitio, 1864ko abuztuaren 5a - Bilbo, 1951ko azaroaren 9a) euskal hizkuntzalaria zen, askoren aburuz gure hizkuntzak izan duen inoizko euskalaririk bikainenetariko eta saiatuenetariko bat. Azkueren hiztegia, kantutegia eta folklore bilketa altxor ezin baliotsuagoa dira, bestela betiko galduta izango genituzkeen ezin konta ahal harribitxi jaso zituztenak; bere garaiko mota bereko lanekin alderatuta, eragozpen bat baino ez zaie jartzen: Azkueren elizgizon ikuspegi katolikoaren eta euskal kultura goratu nahiaren eragin handiegia nabari zaie lan horiei, hark bekatu edo akats zirela uste izan zituen pasarteak txukundu eta edertu egin baitzituen, bere hartan jaso beharrean.

« Proiektu bat zegoen Azkueren jarduera guztien atzean, eta proiektu hori zen euskara eta herri tradizioak hartu eta modernizatzea, bizimodu garaikiderako moldatzea; biziberritzea, azken batean. Horrek arlo asko zituen: euskara biziberritzeko sortu zituen euskarazko aldizkariak, hizkuntza estandarizatu bat; herri tradizioak biziberritzeko egokitu zituen ahozko tradiziotik hartutako kantu eta doinuak, hirian jotzeko... Bere proiektu guztien funtsa izan zen herri tradiziotik abiatuz euskal nazio kultural moderno bat sortzea, eta horrek lotzen ditu jarduera eremu guztiak.  »
Jurgi Kintana Goiriena[2]
« Azkueren lanak lau zutabe izan zituen: hiztegia, kantutegia, gramatika-morfologia, eta Euskalerriaren Yakintza. Ez da inoiz egon Euskal Herrian —eta, nik uste, ezta egongo ere— Azkuek beste lan egingo duena euskararen eta euskal kulturaren alde.  »
Jose Antonio Arana[1]

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ama mundakarra zuen eta aita lekeitiarra (Eusebio Maria Azkue poeta). Resurreccion gazteak lehenengo itsas ikasketak egin zituen bere herrian. Hamalau urterekin Bilbora joan zen batxilerra ikastera, eta horren ondoren, Gasteizera eta Salamancara teologia eta filosofia ikasketak egitera, 1888 urtean apaiztu zen arte.

Urte hartan berean, Bilboko Institutuko euskara-katedran irakasle izateko lehiaketa-deialdia irabazi zuen. Deialdi hartara Sabino Arana Goiri euskal abertzaletasunaren aita eta Miguel Unamuno idazle eta pentsalaria aurkeztu ziren Azkuerekin batera, eta Azkuek irabazi zuen lehiaketa. Orduz geroztik, Bilbon finkatu zuen bizilekua, eta hiri hartatik abiatuz garatu zituen bere proiektuak. Hasteko katedrari lotuta hainbat argitalpen egin zituen. Hala, 1891n, arau logikoen bidez euskal aditzaren jatorrizko formak eman nahi dituen Euskal Izkindea-Gramática Euskara eman zuen argitara. Urte batzuk geroago, lan hori "gaztaroko bekatua" izan zela aitortuko zuen Azkuek. Pablo Pedro Astarloa apologistaren eraginpean idatzia, gramatika hura, aitzindarietako bat zen ideia aprioristetan oinarrituz, erdal kutsadurarik gabeko euskara ideal batean osatua nahi zuen. Hurrengo urteetan irakurgaiak, ortografia proiektuak eta euskara ikasteko metodoak sortu zituen katedran erabiltzeko asmoz. Euskara modernizatzeko beste hainbat ekimen ere bultzatu zituen, hala nola Euskalzale eta Ibaizabal aldizkariak eta euskarazko ikastetxe baten sorrera Bilbon, besteak beste.

Badirudi prentsa artikulu batzuetan kezkatua agertu zela hirietako toponimia gero eta erdaldunago bihurtzen ari zela eta. Etxe eta auzune berrientzat euskarazko izenak asmatzea izan zen Azkueren beste lanetako bat. Ramon de la Sota adiskidearen txaletei jarritako Ibaigane eta Lertegi izenak Azkueren asmazioa dira, Sotaren beraren Goiz Ederra yatearen izena bezala. Getxon aberatsentzat egindako auzo eta jolasguneek ere Azkuek asmatutako izenak daramatzate: Neguri, Ondategi edo Jolaseta, besteren artean.

Garai hartan Sabin Aranarekin eta Ramon de la Sotarekin harremana izan zuen, ideologikoki euskal nazionalismora bihurtuz. Beraz, sarri esan denaz bestera, Azkue ez zen karlista izan, baizik eta gazterik egin zuen abertzaletasunaren hautua, nahiz eta gai askotan Aranarekin eta aranazaleekin bat ez etorri, batik bat euskarari buruz. 1916an, ELA sindikatuaren "socio protector" (bazkide babesle) gisa ageri da. Azkueren nazionalismoa kulturazaleagoa zen, aranazaleek nabarmendu nahi zituzten arraza-ezaugarrien aldean. Hala ere, ez zen alderdi gizona, eta identifikazio politikoa saihestu egin zuen. Politika zuzena baino maiteago zuen kultura arloko ekintza.

Urte luzez, Hego Euskal Herriko idazleen eta euskaltzaleen artean bi joera nagusi izan ziren: aranazaleak eta azkuezaleak. Idazle jeltzaleak Sabino Aranak emandako hizkuntza-ereduaren alde lerratu ziren salbuespenik gabe. Urteak joan ahala ordea, jeltzale askoren iritziak Azkueren ikuspegira hurbildu ziren, hala nola Seber Altube euskaltzaina.

Euskaltzain eta idazle batzuk, 1927an Euskaltzaindiak eginiko ohiko biltzar batean. Ezkerretik eskuinera, zutik: Orixe, Jean Elizalde, Seber Altube, Julio Urkixo eta Erramun Olabide. Eserita: Juan Bautista Eguzkitza, Bonifazio Etxegarai, Resurreccion Maria Azkue eta Georges Lakonbe.

1904. urtean Azkuek Bilbo utzi eta Europan zehar ibili zen bost urtez, lehenik Tours-en (Frantzia) bere hiztegi hirueledunerako materialak jasotzen eta ondoren Bruselan (Belgika) eta Kolonian (Alemania) musika ikasketak osatzen.

1909an Bilbora itzuli eta katedrako eskolak emateaz gain, zenbait opera konposatu eta taularatu zituen (Ortzuri, 1911n eta Urlo, 1914an). Richard Wagneren ereduari jarraituz egindako obra konplexu eta eszenografia landukoak ziren, publiko eskolatu batentzat eginak. Azken obra horrekin izandako porrotaren ondoren hizkuntzalaritza lanetan murgildu zen berriro, bereziki euskal akademiaren sorrera bultzatuz. Hala bada, 1918an Eusko Ikaskuntzaren lehen biltzarra deitu zenean, Euskaltzaindiaren premia agerian gelditu zen eta bera izan zen euskal akademiaren sortzaile nagusia eta haren lehendabiziko lehendakaria 1919an.

1920an Institutuko euskara katedran erretiroa hartu zuen Euskaltzaindian buru belarri lan egin ahal izateko. Akademiatik euskara arautzeko eta sustatzeko ekimenak bultzatu zituen, baina erakunde ofizialen bazterketa eta sabindar hertsienen oposizioa jasan zuen. Horren ondorioz, ikerketara bideratu zituen bere ahaleginak, garai hartan Morfologia vasca gramatika lana eta Cancionero vasco herri kantuen bilduma erraldoia gauzatu zituen. "Real Academia de la Lengua Española"-ko kide ere izendatu zuten euskararen ordezkari gisa 1927an. 1935ean Euskalerriaren Yakintza folklore bilduma argitaratzen hasi zen eta urte bereko Gipuzkera osotua proiektuarekin euskara idatzi batu bat proposatu zuen. Eredu horren lehen adibide praktikoa Ardi Galdua kontakizunean eman zuen.

Espainiako Gerra Zibila amaitu eta gero, Francisco Franco diktadoreak agintea eskuratu zuenetik Euskaltzaindiaren jarduna etenda geratu zen. Azkuek erbestea saihestea lortu zuen, ordurako aski zaharra baitzen, eta politikoki ez oso nabarmendua. Zenbait ibiliren ondoren, Euskaltzaindia berrantolatzeko baimena lortu zuen 1941ean, eta lan hartan Federiko Krutwig gaztearen laguntza izan zuen. Hala ere, katakunben garaiak ziren eta jarduera oso urria izan zuen garai hartan akademiak. Lekeitiarra ordea, egunero joaten zen Bilboko egoitzara lanera.

Azkue 1951n hil zen, ezbeharrez, Bilboko Ibaizabal ibaira erori eta egun batzuetara.

Obra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere obra eskergan gailentzen da XX. mendearen hasieran argitaratutako hiztegi hiru eledun monumentala, Diccionario Vasco-Español-Francés; 1905ean kaleratu zen lehen liburukia eta hurrengo urtean bigarrena.

Hiztegi hau ordu arte ezagutzen ziren eskuizkribu, hiztegi eta euskal liburu guztiak arakatuz gotortu zuen, baina haren baliorik handiena herri-hizkera jasotzea izan zen. Azkue herriz herri ibili zen Euskal Herri osoan barna eta han-hemengo hamaika berba eta esapide batu zituen.

Liburu zaharrak arakatu eta biluztea egun, teknologia digitalari esker, oso erraza da, baina berak "landako lan" hura egin izan ez balu, hainbat eta hainbat hizkuntza-altxor zeharo galduta egongo ziren. Berri-emaile asko zeuzkan hainbat herri eta zahar etxetan (berak "irakasle" deituak) eta berba bakoitza zein euskalkitan -eta baita zein bailara eta herritan ere- erabiltzen zen agertu zuen hiztegi mardulean. Nekez aurkituko dugu Azkuelako hiztegigilerik mundu zabalean, batez ere kontutan hartzen badugu dena eskuz eta bere kasa mamitu behar izan zuela. Hala ere, jasotzen duen informazioa hain handia izaki, kontsultarako hiztegi zaila da eta huts asko aurkitzen ahal dira. Ez dira falta bere iritzi eta teoria partikularrek eragindako berezitasunak.

Hiztegiak sarrera beraren barruan ematen ditu esanahi desberdina baina forma bera duten hitzak; horrela, hitzen aldaerak hiztegian barrena sakabanatzen dira. Sarreran ez da hitzaren kategoria gramatikala zehazten, eta horrek gazki ulertzeak sor ditzake.

Esan behar da Azkueren hiztegigintza-lanaren kontura aprobetxatu zirenak asko izan zirela. Kasurik argiena Ixaka Lopez Mendizabalena izan zen. Tolosarrak bere hiztegiak lekeitiarrarenaren lepotik mamitu zituen inongo aipurik egin gabe. Geroago hainbat eta hainbat euskal hiztegigilek berdintsu jokatu dute.

Bera lanak hainbat alorretan ondu zituen: musika, erlijio-literatura, antzerkia, eleberrigintza eta kazetaritza, besteak beste.

Euskal aurrizki eta atzizkiak eta euskararen kategoria gramatikalak bildu eta aztertu zituen Morfología Vasca-n (1923); Halaber Diccionario de bolsillo vasco-español y español-vasco (1918) eta Gipuzkera osotua (1935) kaleratu zituen.

Beste obra ezinbesteko batzuk dira Cancionero popular vasco (1918) herri-kanten bilduma zoragarria eta Euskalerriaren Yakintza (1935-47) euskal folklorea eta etnografiari buruzko ikerketa eta bilduma itzela.

Bestalde zartzuela, opera eta oratorio batzuk idatzi zituen eta baita zenbait elaberri ere, besteak beste, Bein da betiko, Batxi Guzur eta Ardi galdua.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Estibalitz EZKERRA: «Jose Antonio Arana Martija, euskaltzaina: "Euskal Herrian ez da inoiz egon ezta egongo ere, euskararen eta euskal kulturaren alde Azkuek beste lan egingo duenik"», Euskonews & Media, 143. zenbakia, 2001.
  2. Nerea AZURMENDI: «Euskal nazio kultural modernoa sortzea zen Azkueren helburua», Jurgi Kintana Goirienari egindako elkarrizketa, Diario Vasco, 2009-06-22.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Bazan, Iñaki eta Garamendi, Maite (2003): Resurrección María de Azkue: euskal kulturaren erraldoia eta funtsezko zutabea, Donostia: Eusko Ikaskuntza.
  • Kintana Goiriena, Jurgi (2002): Vizcaytik Bizkaira? R.M. Azkue Euskaltzaindia sortu aitzin (1888-1919), Bilbo: BBK eta Euskaltzaindia.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Aurrekoa
Lehena
Euskaltzainburua
1919-1951
Ondorengoa
Inazio Maria Etxaide