ALBISTEAK - DEIADARRA

Biscaytikek BK23rekin sinatu dauen kontratuak "goitik behera" betetan dauela kontratazinoari buruzko legea adierazo dau Rementeriak

Batzordea

Bilbon, 2014ko azaroaren 13an

Unai Rementeria Lehendakaritzako diputatua Iraskunde batzordearen aurrean agertu da gaur, Batzar Nagusietan egin eban azkeneko agerralditik sei egun baino igaro ez diranean, EH Bilduk eskatuta, Biscaytikek, 2008an sortu zanetik martxan jarri dituan zerbitzuei buruzko informazinoa emoteko. Balantzearen ostean, joan dan astean gertatu zan moduan, eztabaidea, foru erakunde horrek BK23 enpresari egindako esleipen prozesura bideratu da. Diputatuak adierazo dauenez, prozesu osoak “goitik behera” bete dau legea, “zalantzarik bako” auditoriek egiaztetan daben moduan: Aldundiko teknikariek egindako barne txostenak eta Uría y Menéndez abogadu bulegoak eta Kontu Publikoen Euskadiko Epaitegiak berak egindako kanpoko txosten biek.

Rementeriak, Biscaytikek, teknologia barrien erabileraren bitartez eta herritarrak Administrazinora hurbilduz, Udalen eta mankomunidadeen modernizazinoa bilatzen dauen erakunde gisa, izan dituan lorpenen balantzea egin dau. Une honetan “tokiko 112 administrazino” dagoz Biscaytiken “neurri handiagoan edo txikiagoan”, hau da, toki erakundeen “%93k”, Udal Administrazinoaren aldetik “oso balorazino positiboa” jasoten dituen homogeneizautako zerbitzu telematikoak eskintzen ditu.

Diputatuak, batzordean bertan Batzarretako taldeen artean banatu dan dokumentuaren laburpena egin dau, eta bertan, banan-banan, Biscaytikek martxan jarri dituan moduluak, aplikazinoak, proiektu pilotuak edo zerbitzu nagusiak azpimarratu ditu. Tresna horreen guztien bitartez, toki erakundeek “on line” zerbitzua eskintzen deutsie herritarrei, “apurka-apurka frutuak emoten ari dan etenbako hobekuntza prozesuan”.

Rementeriaren agerraldia eskatu dauen EH Bilduk salatu dauenez, zerbitzu batzuk martxan jarteko erritmoak eta epeak ez dira aurreikusitakoak. “Badagoz zelan dagozan ez dakigun zerbitzuak, eta jakiteko esperantzarik be ez”, esan dau Aitor Torre batzordekideak. Koalizino abertzaleko kideak adierazo dauenez, badagoz, aurreikuspenen arabera 2011n aktibo egon behar ziran eta oraindino martxan jarri ez diran edo lehiaketa deialdirik be eragin ez daben modulu informatikoak. Hori dala eta, Udal batzuk “software” librerantz migretan ari dira. Beste gauza batzuk be kritikau ditu, larregizko azpi-kontratazinoa, 15 milioi euroren truke Microsoft enpreseagaz oinarrizko sistema eragilea sortzeko sinatu dan akordioa eta Biscaytiken aurrekontuak datorren ekitaldian eukiko daben igoerea.

Aurreikusita egoan zan bira emonez eta batzordeko presidentearen aldeko eretxiagaz, PP taldeak mahai ganean jarri ditu popularren artean BK23 enpresari emon jakon esleipen prozesuak sortu dituan “zalantzak”. Carmen Carrón batzordekideak salatu dauenez, esleipena lege barruan dagoala egiaztetako Aldundiak aurkeztu dituan txostenak “aldekoak” dira, eta pleguak “uzkurtuta” egozan, lehiaketa publikora enpresa gehiago aurkeztu ez zedin. Batzordekide popularrak iragarri dauenez, bere taldeak ekimen bat aurkeztu dau, foru enpresen kontratatzailearen soslaitik informazino publikoa eskuratzeko aurretik erregistrau beharra kendu daiten, joan dan azaroaren 6an, diputatu jaunak lehiaketaren espedientean hautemandako sarreren barri emon ostean. Aldundia, “webgune publikoetan sartzen garanok kontroletan eta espietan” ibiltea salatu dau.

Iñaki Egaña PSE-EE taldeko bozeroaleak adierazo dauenez, gai hau “ez dago legeagaz lotuta bakarrik”. Kontuan euki behar da txostenetan “bertan be”, “goi mailako erespiderik ez badago” adierazoten dala, hau da, bestelakorik esan daikien beste txosten batzuk –epaitegienak– egon daitekezala esaten dala. “Kontratuak zalantza asko sortzen ditu, eta beste leku batzuetan ikusten dituen ustelkeria kasuak dirala eta nahiko arduratuta dagozan herritarrak urduri jarteko besteko susmoak eragiten ditu herritarren artean”, esan dau.

Jon Larreak (EAJ-PNV), gai honetan Aldundiak izan dauen jokabidea defendidu dau. Bere ustez, txostenak ikusita “argi dago esleipen prozesu horretan emondako pausuak bat datozala zuzenbideagaz, eta administrazinoko kontratazinoa arautzen daben printzipioak eta araudiak errespetau dirala”, hau da, “publizidadea, konkurrentzia, gardentasuna, konfidentzialtasuna, bardintasuna eta bazterketa eza”.

Guzurtau egin dau Aldundiaren jokatzeko moduak internautea kontroletan dauenik, popularrek esan daben moduan. “Ez da kontroletan informazino publikora sartzeko eskubidea”. Espedienterako sarreretan egindako ikuskapena, egon daitekezan irregulartasunak baztertzeko egiten dan ikerketaren barruan dago. “Baztertu egin behar da segurtasun informatikoko akatsik dagoanik edo esleipenagaz bateragarri ez diran interesak euki daikiezan pertsonak sartzen diranik”, esan dau. Ikerketak “akats horreek baztertu egiten ditu, baina erregistrauta geratzen da, komunikabideetan argitaratu aurretik, interes politikoak dituen pertsonak espedienteetara sartzen badira”. “Hori da zuen taldeko bozeroaleak estaldu gura dauena, bere eskubideei egiten jaken erasoa dala esanez”, aurpegiratu deutso PP taldeari.

Batzordekide jeltzaleak bere gaitzespena erakutsi dau, PP eta EH Bildu taldeak, eskatutako azalpenak jaso aurretik, esleipenean “irregulartasunak egozala esaten ari ziralako”. Larrearen eretxiz, “larriagoa” da oraindino, auditoriak jaso ostean be gauza bera, edo “aurretik egon dirala edo beharbada egon dirala” esaten jarraitzea.

Talde popularrak bere zalantzak agertu ditu lehiaketara aurkeztutako enpresa kopuru txikia dala eta. Larreak adierazo dauenez, Biscaitykek BK23 enpresari egindako hiru esleipenetatik, lehenengoan “9 eskaintza” aurkeztu ziran, lehiaketea “10 egunez” kontratatzailearen soslaian argitaratu ostean; bigarrenean “4 aurkeztu ziran”, Biscaytiken webgunean 14 egunez argitaratuta egon eta gero; eta une honetan zalantzan jarten dan espedientean “2 eskaintza” aurkeztu ziran, “40 egunez” argitaratuta egon ondoren. “Zure susmoak ez dauka inolako oinarririk” eta “are gitxiago informatikaren munduaz berbetan ari garanean, mundu horretan ibilten diran enpresek, ohiko iragarkiak eta publizidadea behar ez daben bilatzaileak eta tresnak erabilten dituelako”.

Horrez gain, Larreak uste dau EH Bilduren eta PP-ren asmoa auditorien eta horreek egin dituenen izen ona zikintzea dala. “Ez dago holango txostenetan guzurrik esango dauen profesionalik, bere izen profesionala eta bere lana arriskuan egon daitekezalako”, geroago “irregulartasunak egon dirala frogetan bada, funtzionarioa desgaitu egin daitekealako” edo hori egin dauen enpresea “inork” ez leukelako kontratauko. “Holango egoeratan inork ez ditu kartara egindako txostenak prestetan”, esan dau.