ALBISTEAK - DEIADARRA

Batzar Nagusiek 2015eko aurrekontu proiektuaren informazino prozesua itxi dabe

Batzordea

Ariztondo

Garamendi

Bilbon, 2014ko azaroaren 11n.

Bizkaiko Batzar Nagusiek azkeneko informazino batzorde biak egin ditue gaur. Bertan, Josune Ariztondok eta Itziar Garamendik, Kulturako eta Herri Lan eta Garraioetako diputatu andreek, batzarretako taldeen aurrean azaldu ditue euren sailen jarduketa ildo nagusiak, Foru Aldundiak 2015. urterako aurkeztu dauen Aurrekontuen Proiektuan oinarrituta. Batzarretako taldeek 15 egun balioduneko epea –abenduaren 1era arte, berau barne– eukiko dabe euren ustez sailen aurrekontuei egin beharreko zuzenketak aurkezteko edo zuzenean kontuak oso-osorik itzultzea eskatzeko.


50 MILIOI KULTURARAKO

Kulturako Sailak 50 milioi euroko aurrekontua eukiko dau 2015. urterako, hau da, aurtengo ekitaldian baino %1,63 gehiago. Josune Ariztondok zuzentzen dauen sailak Aldundiaren berezko kudeaketarako aurrekontuaren %5,49 bereganatuko dau. Aurrean izango dauen “erronkea”, datorren urterako markau diran “lehentasunetan asmatzea” izango da, hiru zuzendaritzak osatutako sailean: Kultura, Kirola eta Gazteria, eta Euskera.

Kulturako zuzendaritzarako egindako haserako proposamenean, 2015. ekitaldiko hornidurak %2,11ko igoerea eukiko dau. Zuzendaritza horrek 27.622.000 euro jasoko ditu.
Foru erakundeak aurrera jarraituko dau BOS-en, ABAO-ren, Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren eta beste batzuen jarduera programak bultzatuz (6.093.970 €), eta baita musika eta dantza ekitaldi eszenikoak be (241.000 €). Ganera, Aldundiak udalerriakaz, antzoki sareakaz eta lurraldeko arte eszenikoakaz alkarlanean jarraituko dau.

Kulturako zuzendaritzak artista gazteen sustapena bultzatuko dau, beken bitartez eta daborduko finkatuta dagozan programakaz (Ertibil, Bosteko…) koordinautako erakusketak antolatzeko (337.000 €). Dana dala, datorren urteko aurrekontuak %4,26ko jatsierea dauka, aurreikusten dan “eskari jatsierea” dala eta, esan dau Ariztondok.

877.110 €-ko aurrekontua daukan Foru Liburutegiak inbertsinoak egingo ditu 2015ean irakurketaren, ikasketaren eta ikerketaren sustapenean. Horrez gain, literaturako sorkuntzarako programak bultzatuko ditu, Bizkaidatz, adibidez, eta baita literatur tailerrak be.

Museoetara zuzendutako aurrekontuari jagokonez, Bizkaikoak 4.400.000 €-ko aurrekontua eukiko dau, eta Bizkaiko museoei emon beharreko diru-laguntzen partidea 8.899.610 €-koa izango da. Bizkaiko Foru Aldundiak Guggenheim Bilbao Museoari egingo deutsan ekarpena 5.757.121 €-koa izango da. Apur bat txikiagoa izango da Bilbao Orkestra Sinfonikoari (BOS) egingo jakon ekarpena, 5.072.420 €-koa izango dalako. Azkeneko partida horretan partiturak erostea, jantziak barriztetea, entseguetarako aretoa soinurako isolatzea (137.000 euro) edo gailu digitalen erosketea sartzen dira. SGAE-ri ordaindu beharreko kanonak 31.000 euro eroango ditu.

Arkeologiari, etnografiari eta zaharbarritzeari buruzko atalean, ondare zibila zaharbarritzeko inbertsinoak %20ko hazkundea eukiko dau, 480.000 €-ko partideagaz. Azpimarratzekoa da “nazinoartean izen handia daukan” arkeologia azterlanei buruzko KOBIE aldizkaria egiteko eta banatzeko Aldundiak 2015ean aurreikusita daukan inbertsinoa, eta baita labarretako margolanak daukiezan kobazuloen digitalizazinoan egingo dan inbertsinoa be, “balioan jarteko” helburuz, Ariztondoren berbetan.

Diputatu andreak azpimarratu dauenez, arte eszenikoetako enpresen finkapenera zuzendutako partidak %25eko igoerea eukiko dau, eta enpresa horreek 100.000 euro jasoko ditue. Akordeoiaren Bizkaiko Alkarteak partida izenduna eukiko dau aurrekontuetan (40.000 euro), Estadu osoan holango alkarte “bakarra” dalako.

Foru Artxibategiari jagokonez, %40tik gorako hazkunde garrantzitsua eukiko dau, eraikinean konponketa lanak egiteko eta funtsen digitalazinoa bultzatzeko. Lan “garrantzitsu horrek funtsak jasotzeko aukerea emongo deutse ikerlariei”, Ariztondok esan dauenez.

Euskeraren zuzendaritza nagusiak, bere aldetik, 6.355.000 € eukiko ditu 2015eko aurrekontuan, aurton baino %1,60 gehiago. Kulturako foru diputatu andreak aurkeztu dituan helburuen artean, azpimarratzekoa da Aldundiak udalerrietan eta udalerriz gaindiko mailan euskerearen erabilerea sustetako planaren garapenagaz jarraituko dauela. Administrazinoetan eta Erakunde Publikoetan, Euskerearen erabilerea Normalizetako V. Plana (2013-2017) garatzen jarraituko dau.

Foru Aldundiak aurrera jarraitzen dau Aldundian bertan eta “Aldundiaren esku dagozan 17 erakundeetan” Euskera Planak ezartearen aldeko apustu estrategikoagaz. Lan jarraitu horri esker, Aldundiaren derrigortasun mailea %62,44ra arte igo da, Legeak agintzen dauena baino “20 puntu gorago”, Ana de Castro zuzendariak azaldu dauenez.

Toki erakundeei zuzendutako partideak be %7,62ko igoerea euki dau, 1.200.000 € guztira. Foru Aldundiak aurrera jarraitzen dau Euskaltzaindia edo Labayru moduko erakundeei eta alkarteei emondako laguntzakaz, eta baita euskeraz egiten diran argitalpenei emondakoakaz be. Arlo horrek 2.490.500 € jasoko ditu.

Foru erakundeak 8.000 € inbertituko ditu kirol arloan euskerearen erabilerea sustauko daben ekimenetan, eskolako futboleko “begiraleen prestakuntzarako” proposamen bategaz, eta enpresaren arloan euskerea sustetera bideratutako aurrekontuak be gora egingo dau, 868.200 € inbertituko diralako. 30.000 euroko partida berezia egongo da Bizkaiko euskerearen funtsak katalogetako proiektu baterako.


KIROLA ETA GAZTERIA

2015. urtean Bizkaian kirol politiken kudeaketarako dagoan aurrekontua 7.938.000 €-koa izango da, aurreko ekitaldian baino %0,63 gitxiago. Kirol Federaura zuzendutako partidek gora egingo dabe (+%3,90), 5.205.000 €-gaz, eta Aisiako Kirolerako partidak, barriz, %1,32ko jatsierea eukiko dau, eta 5.205.000 €-koa izango da. Udal Kirolari zuzendutako kopurua 489.000 eurokoa izango da. Kirol federazinoakaz dagozan hitzarmenetara eta Eskola Kirolera zuzendutako partidek %2,16ko igoerea eukiko dabe, eta 1.809.000 eurora helduko dira.

Kirol Federauan, kirol federazinoei, ASFEDEBI-ri, kirolarien teknifikazinoari eta kirol ekitaldien antolakuntzari zuzendutako diru-laguntzakaz jarraituko da. %8,08ko igoerea eukiko dau Bizkaia Pilotalekuaren eta Kirol Etxearen artapenerako, ustiapenerako eta mantentze lanetarako partideak (1.790.000€).

Kirol Federauari jagokonez, Bizkaiko Foru Aldundiko Kirol eta Gazteriako zuzendaritzak aurrera jarraituko dau bertako kirola sustetako apustuagaz, eta baita goi mailako kirolaren sutapenagaz be, Bizkaia Bizkaialde Fundazinoagaz alkarlanean (950.000 €).

Udal kirolaren arloan, 250.000 €-ko partida barria aurreikusi da udaletako kirol azpiegituren konponketak finantzetako.

Gazteriako sailak 3.788.000 €-ko aurrekontua dauka (-%1,23), eta bere helburu nagusia Gaztedi Bizkaiaren zeharkakotasuna indartzea da. Gizartera eta hezkuntzara zuzendutako arloak %17,11ko hazkundea eukiko dau, 826.935 €-ko partidagaz. Partida horren barruan kudeatzen dira hezkuntzako eta denpora libreko programak, udalekuak eta GUP-PIN. Aterpetxeen sarearen mantentze eta hobekuntza lanetara zuzendutako zenbatekoak %0,51ko igoerea eukiko dau, eta aurreikuspena 319.069 €-koa izango da.


ERMUKO ETA BERMEOKO SAIHESBIDEAK, AUTZAGANEKO TUNELA ETA METROAREN 3. LINEA, IZANGO DIRA AZPIEGITURA ARLOKO JARDUKETA “AZPIMARRAGARRIENAK”

25 milioi euro jasoko dituan Ermuko saihesbidea izango da Herri Lan eta Garraioetako Sailak bideko azpiegituretan 2015erako eukiko dituan aurrekontu inbertsino “garrantzitsuenen” zerrendaren burua, Itziar Garamendi diputatu andreak adierazo dauenez. Zerrenda horri Bermeoko Saihesbidearen amaierea eta Amorebieta eta Muxika artean BI-635 errepidea hobetzeko obrak gehitu behar jakoz. Azken obra horren barruan oso garrantzitsua da Amorebieta-Gernika proiektuaren lehenengo fasearen barruan Autzagane zeharkatzen dauen Urdinbideko tunela.

Ez dira horreek izango 329,3 eurora heltzen dan Sailaren 2015eko aurrekontuaren parte garrantzitsua jasoko daben azpiegitura bakarrak. Aitatutakoez gain, 24,5 milioi euro bideratuko dira Bilboko Metroaren 3. linearen eraikuntza lanetara eta 1.982.811 euro Iralan Feveren trenbidea lur azpian sartzeko beharretara.

Ganera, Herri Lan eta Garraioetako Sailak 79 milioi euroko partidea jasoten dau 2015eko kontuetan Bizkaibusera zuzentzeko, emakida barriak onartu osteko zerbitzua emongo dan lehenengo urte osorako. Partida hori “nahikoa” izango da Bizkaibuseko ustiapenak eragiten dituan galerak ordaintzeko, 2015ean linea barriak sartuko diran arren, orain denpora gitxi sindikatuakaz lortutako akordioaren ostean. Gai horri jagokonez “aurrekontuetan ez da inolako igoerarik egin”. Esleitutako 79 milioiak “nahikoak izango dira sartuko diran proiektuei eta hobekuntzei aurre egiteko”, esan dau Garamendik.

Herri Lan eta Garraioetako diputatu andreak gogoratu dauenez, azpiegitura eta zerbitzu publiko handiakaz batera, Aldundiak aurrera jarraitzen dau bide sarea mantentzeko lanen aldeko apustuagaz. Datorren urtean 48 milioi euro zuzenduko dira atal horretara. Kopuru horretan sartzen dira, beste batzuen artean, errepideen artapen lan osoak, argiztapen publikoa edo seinaleak. Beste 20 milioi euro foru bide sarean ahalmena eta segurtasuna modernizetako eta hobetzeko beharretara zuzenduko dira. Azken puntu horren barruan, Arrigorriagan dagoan AP-68 autopistaren eta Zaratamoko lotunearen arteko zatia, Tabirako errotondea, Urberuagako errepidearen hobekuntzea, Zallan dagoan Otxarango espaloiak, Santo Domingoko oinezkoentzako igarobidea edo Balmasedako saihesbidearen zoru barria aitatu behar dira.

Bere agerraldian, Itziar Garamendi Herri Lan eta Garraioetako diputatu andreak gogoratu dauenez, aurreko ekitaldietan moduan, Sail horren aurrekontuen barruan sartzen dira Bizkaiko Garraio Partzuergorako (BGP) partidak. BGP-rako partida bi bideratzen dira, bat 25 milioikoa eta bestea 16,1 milioikoa, erakunde horretako ekonomia eta finantza planaren barruan sartzen diran konpromisoei aurre egin ahal izateko. Foru Aldundiak beste 24,5 milioi euro bideratuko ditu Metroaren 3. lineara, joan dan urtean Eusko Jaurlaritzagaz sinatu zan eta Batzar Nagusiek berretsi eben hitzarmena betez.

Batzarretako taldeei erantzunez, Garamendik adierazo dau 2015eko aurrekontuetan ez dala partidarik aurreikusten Izurtzako errotondarako. Aitor Torrek (EH Bildu) esan dauenez, Udala “2008tik ari da errotonda hori jarteko eskaria” egiten. Ganera, Bermeoko saihesbideari buruzko aurrekontuetan agertzen dan partideak ez dauela sarbide barririk jasoten esan dau, PP-k, argitzeko eskatuz, egin dauen eskariari erantzunez.

Aurrekontuetan 28,6 milioi euro gordeko dira Interbiak soziedadearen zorra amortizetako. Soziedade horrek 95 milioi euro jasoko ditu 2015ean Ermuko eta Bermeoko saihesbideei, Autzaganeko tunelari, Gerediaga-Elorrio saihesbidearen laguntza teknikoari eta Bizkaiko ordainlekuen sistemeari aurre egiteko, beste proiektu batzuen artean.

Gai txikiagoen artean, Otxarkoagan zarataren kontrako pantailak instalauko dirala iragarri dau Garamendik; 500.000 euro erreserbauko dira “bidegorri txikietarako”; eta beste partida bat bideratuko da Balmasedan motoristentzako segurtasuneko hesiak instaletan jarraitzeko.