ABELLANEDAKO BATZARRETXEA

Abellanedako Batzarretxean batzen ziran Enkarterriko kontzeju eta haranetako ordezkariak, eskualdeari egokozan arazoez eztabaidatzeko. Enkarterria beti egon dan arren Bizkaiko Jaurerriaren barruan, zelanbaiteko burujabetasun politikoa izan eban, eta hori argi ikusten zan Abellanedako Batzar Nagusien bitartez.
Ertaroan batzarrok iskanbilatsuak izaten ziran, jente asko batzen eben-eta. Aro Modernoan, barriz, beste sistema bat hartu zan eta batzarretara Enkarterriko kontzeju bakotxeko eskudun ordezkari bat baino ez zan joaten.
Gernikako Batzar Nagusietara joateko, enkarterritarrek eskudun ordezkari bat edo bi hautatzen ebezan, eta horreexek izaten ziran eskualdearen ordezkariak Gernikako batzarrotan.
Enkarterriaren burujabetasunak mendeetan zehar sortu zituan tira-birak erakunde bien artean (Gernikako Batzar Nagusien eta Abellanedako Batzar Nagusien artean). Gitxika-gitxika, baina batez be XVII. mendetik aurrera, ahaleginak egin ziran Enkarterria Bizkaiaren barruan guztiz sartzeko, eta Enkarterriko kontzejuen arteko ezadostasunak eta hausturak izan ziran.
Horren adibide da XVII. mendearen erdialdean gertatutako bereizketea: Errepublika Batuak alde batetik (Bizkaiagaz bat eginda, bakotxa bere botoagaz, baina Enkarterriaren izaera politikoa mantenduta), hau da, Gordexola, Gueñes, Zalla, Galdames eta Somorrostroko Hiru Kontzejuak; eta beste aldetik Errepublika Ez Batuak (Karrantza, Sopuerta, Somorrostroko Lau Kontzejuak, Turtzios eta Artzentales). Gerorago guztiak batu ziran barriro Enkarterrian, aurreko egoerara buletatuz, baina bereizketa hori barriro be gertatu zan urte batzuk berandugo, alde bateko eta besteko herriak ezbardinak izan baziran be.
Azkenik, 1801. urtean Enkarterriko kontzeju guztiak Bizkaiko Jaurerrian sartuta geratu ziran ondorio guztietarako eta Abellanedako Batzar Nagusiak ez ziran gehiagotan egin.