ALBISTEAK - DEIADARRA

Batzar Nagusiek eskaria egin deutsie Aldundiari, konpostajeak Bizkaian daukan eskaerea eta kostua aztertu daian, hondakin organikoen berrerabilera ratioak zabaldu aurretik

BATZORDEA

Bilbon, 2014ko azaroaren 13an

Nekazaritza eta Ingurumeneko batzordeak aho batez onartu dau gaur PP taldeak aurkeztutako arauz besteko proposamen bat, Foru Aldundiak “datozan 6 hilebeteetan, gure Lurraldean sortzen diran hondakin organikoen konpostajea zabaltzeko epe laburreko, ertaineko eta luzeko benetako aukerei buruzko azterlana egin daian”. Txosten horretan, konpostaren “gaur eguneko eta etorkizuneko” merkadua balorau beharko da, Bizkaian zein inguruan, eta “aurreikusten dan eskaria eta benetako eskaria kontuan eukiko dauen kalidadezko konpostaren ekoizpena handitzeko aukerak” aztertu beharko dira, ekoizpen hori oinarritzeko.

Arturo Aldecoa batzordekide popularraren eretxiz “beharrezkoa” da konpostajearen eskari “gertukoa eta erreala” ezagutzea berreskuratutako materia organikoaren ratioak handitzeari buruzko erabagia hartu aurretik. “Lelokeria izango litzateke konposta egitea gero hondakindegira botateko”. “Badakigu ez tratatzea garestiagoa dala, baina hori ezin daiteke edozein preziotan egin”. “Datu horreek euki barik, beharbada geure burua engainetan egongo gara”, esan dau ordezkari popularrak.

Ganerako taldeak proposamenaren alde agertu dira, baina EH Bilduk eta EAJ-PNV-k gogoratu dabe idea hori joan dan urriaren 20an Gerediagan egindako osoko batzarrean eztabaidatu zala. “Oso gitxi” gehitzen deutso saio haretan koalizino abertzalearen proposamenaren ostean onartu zan mozinoari, baina, Ingurumeneko Sailak, ongarrirako berreskuratutako materia organikoaren bolumena handitzeak lurralderako izango dituan kostuak eta ondorioak ezagutzeko azterlan bat egitearen alde agertu dira.


BUTROEKO BIOTOPOA

Horrez gain, Bizkaiko Legebatzarrak, PP-ren proposamenari jarraituz, aho batez onartu dau Eusko Jaurlaritzari “ahalik eta laguntza handiena eskatzea UribeKosta-Butroe inguruko Natur Baliabideen Antolamendurako Plana –NBAP-PORN– egiteko eta onartzeko eta inguru horretarako babes irudi egokienak onesteko”.

Aldecoaren berbetan, plan hori “geldik” dago orain urte bi baino gehiagotik, talde batzuen aldetik “arazoak eta erresistentziak” dagozalako, baina “mundu guztiak” onartzen dau Butroe ibaiaren inguruak naturaren eta paisajearen ikuspegitik daukan interesa. Plana “arinago” joan daitela eskatu dau.

EH Bilduk eta EAJ-PNV-k eztabaidea Eusko Legebiltzarrean dagoala gogoratu deutsie batzordekide popularrari. Asier Vega koalizino abertzaleko batzordekideak, bere egunean aukeratu zan irudia “Biotopoarena” izan zala, adierazo dau eta Ainara Aretxabaletak (EAJ-PNV), Batzar Nagusiek gai horri buruzko Adierazpen instituzionala onartu ebela, eta une honetan plana “prozesu aktiboa” dala gogoratu deutso, Eusko Jaurlaritzako arduradunak, idatziz emondako erantzun batean, gogoratu eban lez.


PROPOSAMENA AURKEZTU DAUEN TALDEAK BAZTERTU EGIN DAU MEATZALDEKO GUNE BABESTUA ZABALTZEKO ARAUZ BESTEKO PROPOSAMENA

PP-k baztertu egin dau Eusko Jaurlaritzari, Meatzaldeko Biotopo Babestuaren eremua aldatzeko, eta babeseko gune periferikoan Trapagako gune altua (Zugaztieta, Larreineta eta Burzako) sartzeko egin beharreko azterlanak egin daizala eskatzea planteetan eban arauz besteko proposamena. Nerea Ahedo jeltzaleak, Biotopoaren babes gunea zabaltzeko prozesuaren “azkeneko izapide” administratiboak emoten ari dirala esan ostean baztertu dau proposamena PP taldeak. Hori zabaldu ezkero, prozesua gelditu egin daiteke. “Ez da unea”. “Preminazkoa, biotopoaren aldarrikapena egitea da, eta gero beste gauza batzuk eztabaidatuko dira”.


PREBENTZINOZKO PROTOKOLOAK TMB-N, Q SUKARRA DALA ETA

Beste alde batetik, Iosu Madariaga Ingurumeneko foru diputatua PP-k eskatuta agertu da batzordearen aurrean, Legebatzarrean TMB lantegiaren desinfekzinoaren emaitzak azaltzeko eta Q sukarraren agerraldi barririk gertatu ez daiten martxan jarri diran “prebentzinozko protokoloei” buruzko informazinoa emoteko.

Beste ezer baino lehen, coxiella burnetii bakterioa guztiz desagertuarazo dala baieztu ostean, Osalanek lantegiaren jarduereari barriro ekiteko baimena emon ebala uztailaren 14an azaldu dau Madariagak. Desinfekzino lanak egin ziran bitartean, UTE-ak arriskuen ebaluazino bat egin eban eta, beste gauza batzuen artean, TMB kudeatzen dauen enpresak martxan jarritako prebentzinozko neurriak jasoten dituan dokumentua prestau eban.

Neurri horreen barruan, animalien hondakinak jasoteko prozedura berezi bat eta osasun arloko hondakinak jasoteko beste bat egitea dagoz. Ganera, arrisku biologikoen eta kimikoen ebaluazinoa be egin zan. Jarduketa bien emaitzak beharginei jakinarazo jakezan.

Prebentzino helburuagaz, baita be, TMB kudeatzen dauen enpresak beste neurri batzuk be hartu ditu, gaixotasunaren agerraldi gehiagorik egon ez daiten, Madariagak informau dauenez. Lehenengo, aireztapen sistemak aztertu dira iraztea eta garbitzea daukien aidea “aterateko sistemak hobetuz”. Ganera, instalazinoak garbitzeko irunsketa erabilten daben sistemak instaletea aurreikusi da. Prebentzinora zuzendutako hobekuntzen barruan, beharginentzako aldagela bi instaletea aurreikusi da, “garbia eta zikina”, eta beharginei norbanakoaren babeserako neurriak bideratzea (eskunarruak, botak, maskarak eta betaurrekoak) behin erabilteko buzoaz aparte. Eta, amaitzeko, arriskuakaz bat datorren osasunaren zainketea ezarri da, osasun azterketa barriak eta txertatze kanpaina berezia, analitikaren emaitzak ikusi ostean.

Madariagak barriro gogoratu dauenez, TMB-n sortu zan Q sukarraren agerraldia lehenengo kasua izan zan ezaugarri horreek dituan Europako lantegi batean. Horregaitik ez egoan protokolo berezirik. “Krisi guztietatik ikasten da, eta hemendik indartuta urten gara”, esan dau, baina adierazo dau martxan jarritako neurriak “babesleegiak dirala”, eta horrek “apur bat” kaltetu daikeala zerbitzuaren ohiko funtzionamendua.