EuskoSare > Euskara > Buenos Aires-eko Euskaltzaleak, ENE Saria eskuratu du
2013-12-03 09:30
Azken aldaketak: 2013-12-03 09:36

Buenos Aires-eko Euskaltzaleak, ENE Saria eskuratu du

2013an zehar euskararen eta euskal kulturaren alde egin duen lanarengatik suertatu da irabazle 8. edizio honetan.

Eusko Ikaskuntzak 2006tik urtero ematen duen ENE Sariaren irabazlea Euskaltzaleak- Escuela de Lengua Vasca de Buenos Aires elkartea izan da.

Euskaltzaleak 1944 urtean Buenos Airesen sortutako elkartea da, Argentinan euskara eta euskal kultura mantendu, erakutsi eta zabaltzeko helburua duena. Hainbat ekimen eta ekitaldi antolatzen ditu urte osoan zehar: euskara ikastaroak, hitzaldiak, kultura tailerrak, ikasleekin bilkurak, dantzak eta jokoak; horrez gain, euskarazko kantuak abesten dituen koroa eta euskal liburutegia ere badu.

2013 urteko  ENE Sari honetara 14 elkarte aurkeztu dira, geografikoki Euskal Herritik urrun diren baina euskararen eta euskal kulturaren alde lan egiten duten elkarteak. Epaimahaiak aurkeztu diren elkarte kopurua eta islatu duten maila azpimarratu eta euren lanarekin aurrera egitera animatu ditu, denek baitute saria jasotzeko kalitatea eta merezimendua.  

ENE Sariaren irabazleak errekonozimendu publikoaz gain, Nestor Basterretxeak 2005ean diseinatutako ENE anagramaren erreprodukzio eskulturikoa jasoko du. 

 

ENE kanpaina

Bestalde, 2013 Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta Eusko Ikaskuntzak “Euskara pil-pilean” kanpaina jarri zuen abian iragan den urrian. Kanpaina honen helburua mundu osoan barreiaturak diren eta euskara maila desberdina duten pertsonei, euren hizketa gaitasunak hobetzeko aukera ematea izan da, horretarako Internet erabiliz.  

Kanpaina honi esker, euskara maila altua duten pertsonen izen ematea altuagoa izan da (bidelagunak), euren denbora eta ezagutza ikasi nahi dutenekin (bidelariekin) partekatzeko prest eta gogotsu direlarik. Ezagutza maila altua duten pertsonen izen emate gehiago izatea Eusko Ikaskuntzako izaera eta bazkidegoaren ezaugarriekin bat dator, izan ere, Elkarteak bere herriaren maitale eta kultura eta hizkuntzarekin konprometituak dauden pertsonak batzen baititu. 

Datu deigarri eta azpimarrgarria izan da Sare Sozialetan kanpainak izan duen harrera ona. 

Parte hartzaile guztiek opari bat jasoko dute eta euren izenak Mintzanet proiektura batuko dira. 

 

 


Kalifikatu:
http://www.euskosare.org/euskara/euskaltzaleak_8_ene_sariaren_irabazle/eks_newsitem_view